Lasok eta Albisuk olatuaren gainean segitzen dute
Lehen fasean onenak izan ziren, eta berdin hasi dute finalaurrekoetako ligaxka ere. Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk lehen puntua lortu dute Erik Jakari eta Martxel Iztuetari irabazita (13-22). Partida gogorra izan da Nafarroa Arenan jokatu dutena, baina hobeak izan dira urdinak, eta pauso garrantzitsua eman dute Binakako Txapelketako finalera sailkatzeko. Indartsu atera dira kantxara Laso eta Albisu (1-5) baina neurketaren erdialdera arte parekatua izan da lehia (9-11). Orduan, ordea, Albisu gehiago gozatzen hasi da, Lasok asmatu du tantoak amaitzen, eta errenta zabaldu dute (9-19). Hamabi tanto egin ditu Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak. 13-20raino gerturatu dira gorriak, baina norgehiagoka maldan gora zuten ordurako. Datorren astean, lehen jardunaldiko galtzaileak nor baino nor ariko dira larunbatean, Donostian: Elordi eta Zabaleta Jakaren eta Iztuetaren aurka. Igandean Gasteizko Ogeta pilotalekuan, berriz, bi bikote irabazleek neurtuko dituzte indarrak: Altuna III.a eta Ezkurdia Lasoren eta Albisuren kontra. [articles:2154776]