Iruñeko hilketarekin lotuta atxilotutako gizona espetxean sartzeko agindu du…
Herenegun goizaldean 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sandulezai auzoan, etxe bateko hirugarren solairutik amilduta. Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen, emakume horrengandik urruntzeko ezarria zioten agindua urratzeagatik. Gaur eraman dute epaitegira, eta Iruñeko Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak ebatzi du gizona espetxeratzea, urruntze agindua urratu eta emakumea legez kanpo atxikitzeagatik. Epaileak erran duenez, emakumearen etxebizitza berean bizi zen lekuko batek baieztatu egin du emaztekia etxetik ateratzen saiatu zela baina gizonak ez ziola utzi, eta indarrez atxiki zuela. Euskal Herriko mugimendu feministak eta Itaiak hilketa matxista salatu dute Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Hain zuzen, mugimendu feministak Sanduzelai auzoan bertan egin du elkarretaratzea gaur iluntzean: «Nazkatuta eta amorratuta gaude, hamar egunetan Euskal Herrian bi erailketa matxista eta beste erailketa saiakera bat izan dira. Aski da! Noiz arte iraungo du honek? Euskal Herrian indarkeria matxistak emakumeak* emakume* izate hutsagatik erailtzen ditu!». Hain zuzen, hilaren 3an gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Basaurin (Bizkaia), emakume bat hiltzea egotzita; Bilboko Guardiako Epaitegiak aske utzi zuen biharamunean. Igandean, baina, gizona espetxeratu egin zuten, indarkeria erabiliz lapurreta bat egitea egotzita. Joan den astean, berriz, Ertzaintzak 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Berrizen (Bizkaia), labana batekin bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Emakumea larri eraman zuten Gurutzetako ospitalera. Indarkeria egiturazkoa dela salatu dute elkarretaratzean, eta «sistema zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala» dagoela horren gibelean. Gogoratu dute, halaber, indarkeria matxistak ez dituela gorputz guztiak modu berean gurutzatzen, eta arrazakeriak indarkeria areagotzen duela, «emakume*, migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe uztera arte». «Erregularizazioaren menpekotasuna, eta baliabideetarako sarbiderako oztopoak ez dira kasualitatea: politika arrazisten ondorio zuzena dira», erran dute. Instituzioen «erantzukizun falta» seinalatu dute, eta erran horien ardura dela emakumeak artatzea, baliabideak beren esku jartzea eta kasuen jarraipena egitea; «emakumeak* haien erasotzaileekin bakarrik uztea arduragabekeria da». Gizonak ere interpelatu dituzte eta horiek duten erantzukizuna gogora ekarri: «Noiz arte jarraituko duzue beste alde batera begira?». Hala, bortizkeria matxista egiturazko arazoa dela jakinda ere, horrekin akitzeko gizonek anaitasun eta konplizitate sareekin apurtzea beharrezkotzat jo dute, horiek direlako «egitura sostengatzen duten piezak». «Zuen matxismoak hiltzen du, zuen arduragabekeriak hiltzen du, zuen konplizitateak hiltzen du eta gu nazkaturik gaude. Horregatik, beste behin ere, ozen esaten dugu: feministok autodefentsan jarraituko dugu», borobildu dute. Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, berriz, atzo egin zituen elkarretaratzeak Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Baionan bihar eginen dute mobilizazioa: 18:30ean. Antolakundeak dei egin du «matxismoaren aurkako borrokara» batzeko eta erailketaren kontra kalera ateratzeko: «Eraso orori aurre egin, eraso egin dieten emakumeek beren bizimoduan jarraitzeko kalitatezko bizi baldintzak izatearen alde egin, eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatu, gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatu dadin». Are, matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei aurre egin beharra azpimarratu zuten, diskurtso horiek baitira, Itaiaren erranetan, «indarkeria matxista normalizatzeko testuingurua» sortzen dutenak, eta, hala, «emakumeen aurka egiteko erasotzaileen inpunitatea areagotzen» dutenak. 136 emakume Iruñekoa zenbatuta, 2003az geroztik 136 andre eta hamahiru haur hil dituzte gizonek. Haietatik lau aurten: otsailean, Tatiana Rodriguez hil zuen haren bikotekideak, Sarrigurenen (Nafarroa); 28 urte zituen, eta lau seme-alaba. Bikotea banatzeko prozesuan zen, eta, eztabaida batean, gizonak labanaz eraso zion Rodriguezi; erasotzaileak bere ama ere zauritu zuen, hura erraina babesteko ahaleginean ari zela. Martxoaren 21ean, berriz, Irungo (Gipuzkoa) emakume bat hil zuen bikotekideak Espainian, Zaragozan zehazki; han bizi zen aspalditik. Gizona andrearen lantokira joan zen, eta kalean tiro egin zion; gero, erasotzaileak bere buruaz bertze egin zuen. Emakumeak 49 urte zituen, eta bi ume, horietako bat adingabea. Iaz, berriz, zazpi emakume eta adingabe bat hil zituen indarkeria matxistak. Gainera, 2024ko ekainaz geroztik desagertuta dago Laure Zacchello urruñarra (Lapurdi), eta haren bikotekide Alexis Juret atxilo hartua dute ordutik. Hain justu, kasua daraman prokuradoreak ez du pistarik baztertu nahi, baina ezkor dago Zacchelloren zoriari buruz, eta hura hil eta desagerrarazi izana egozten dio Jureti, hain zuzen. Behin-behineko atxiloaldian dago Mont-de-Marsango espetxean, Landetan (Okzitania). Akusatuaren defentsak bi aldiz galdegin du gizona aske uztea, baina ezezkoa eman diote birritan.