Petrolioaren eta gasaren prezioa amildu egin da
Gerrako frontera ez ezik, merkatuetakora ere iritsi da su etena. Petrolioaren eta gasaren prezioa behera egiten ari da gaur, Irango Gobernuak iragarri baitu hurrengo bi asteetan itsasontziek «bidea libre» izango dutela Ormuzko itsasartetik igarotzeko. Hala baldin bada, Persiar golkoko uretan blokeatuta dauden petroliontziak eta gasontziak helmugako portuetara iritsi ahal izango dira hurrengo egunotan eta asteetan, eta erregaien eskasia arindu egingo da. Guztira zortziehun ontzi daude harrapatuta, baina haietako batzuk kargaontzi arruntak dira. Ormuzko itsasartetik igarotzen dira munduan kontsumitutako petrolioaren eta haren eratorrien %20 inguru. Horren parte bat oliobideetatik atera ahal izan dute Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek, baina 175 milioi upel daude itsasontzietan kargatuta, abiatzeko zain. AEBek eta Iranek egindako akordioaren ondorioz, Brent upela hamalau dolar merkatzen ari da, eta 95 dolarrean salerosten ari da. Jaitsiera handia da, baina oraindik urrun dabil Iranen aurkako erasoa hasi zeneko preziotik, orduan 70 dolar balio baitzituen upel bakoitzak. 44 Zenbat zentimo garestitu den gasolioa. Gerraren aurretik, gasolioak batez beste 1,47 euro balio zituen litroko Euskal Herrian, baina atzo 44 zentimo garestiago zegoen, 1,99 euroan hain zuzen ere. Alde handia dago, ordea, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, Espainiako Gobernuak energiaren gaineko zergak apaldu baititu eta Frantziakoak ez, defizit publiko handiak estututa. Horrela, Hegoaldean 1,86 euroan salerosten da diesela, eta 2,20an Iparraldean; gasolina, berriz, 1,92 euroan Iparraldean, eta 1,56an Hegoaldean. Hurrengo egunotan prezio horiek apaltzea espero da, baina ez gerraren aurreko mailaraino. Halaber merkatu da gasa. Europako erreferentziazko merkatuan, Herbehereetako TFFn, megawatt-ordua 45 euroan dago, su etena iragarri aurretik baino %15 merkeago. AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoa hasi aurretik, berriz, 30 euro balio zituen. Epeak luzatuko dira Analistek ez dute espero prezioak gerraren aurrekoetara berehalakoan hurbilduko direnik, batzuen eta besteen bonbek, misilek eta droneek azpiegituraren parte bat txikitu dutelako —findegiak, oliobideak, gasa likidotzeko plantak, biltegiak…—, eta ekoizpena murriztu egingo delako konponketak egin arte. Kasu batzuetan, asteak beharko dira ekoizpena berreskuratzeko, baina hilabeteak eta urteak beharko dira gehien kaltetutako azpiegituretan. Ras Laffan da horren adibide bat: Qatarren dago, eta gas naturala likidotzeko lantegi nagusia da munduan, baina martxo hasieratik geldirik dago, Iranen eraso baten ondoren. Wood Mackenzie azterketa etxeak kalkulatu duenez, Qatarrek maiatzean Ras Laffan berriro martxan jarriko balu, abuztu bukaera arte ez litzateke modurik izango bete-betean jarduteko. Beste arazo bat da nola geratu diren gas eta petrolio hobiak. Hobi horietan ekoizpena aldi baterako etetea nahikoa izan daiteke dena hondatzeko, ura eta gasa sartu ohi direlako. Gainera, su etena soilik hamabost egunerako izateak tentsioa eta urduritasuna piztuko ditu merkatuan, eta pentsatzekoa da inportatzaileak ahalik eta petrolio eta erregai gehien pilatzen saiatuko direla hurrengo bi asteetan, erreserbak bete ahal izateko, eta horrek lehia handia eragingo du eragileen artean. Erregaiak inoiz baino garestiago egon dira Europako herrialde batzuetan. Irudian, Belgikako gasolindegi bat. OLIVIER HOSLET / EFE Bada zalantza batzuk sortzen dituen beste faktore bat ere. Iranek esan du bidesaria kobratu nahi diela Ormuzko itsasartea igaro nahi duten itsasontziei. «Iranek kontrolatu egin nahi du zer sartzen den itsasartetik, egiaztatzeko ez dela armarik sartuko», adierazi dio Financial Times egunkariari Hamid Hosseinik, Irango hidrokarburoen esportatzaileen erakundeko bozeramaileak. Haren arabera, itsasartea igaro nahi dutenek garraiatzen dutenari buruzko informazioa eman beharko diote Teherango gobernuari, eta hark horren arabera erabakiko du zer bidesari ezarriko dion. Petrolio upel bakoitzeko dolar bateko tarifa aipatu du Hosseinek. Ordainketa bitcoin kriptodiruan egitea nahi du Iranek. Burtsak, gora Mundu osoko burtsak, berriz, gora egiten ari dira. Asiakoek %3 eta %5 arteko igoerekin ospatu dute bonbardaketen etena, eta maila horretara iritsi da Europakoen igoera ere. Baina igoera horretan bada salbuespen bat: energia konpainiena. Gerrak izugarri igoarazi du haien akzioen balioa, irabazi handiak pilatu baitituzte gerra dela medio, baina gaur indarra galtzen ari dira. Repsolen akzioak, esaterako, bere balioaren %9 galdu du, eta Total Energiesenak, berriz, %3,5. Azken konpainia horrek erregaien prezioari muga jarri zion joan den astean, eta horrek bezero andana ekarri zizkion, zenbait gasolindegitan eskasia eragiteraino. Baina iragarri du Pazko asteburua amaituta modua izan duela biltegiak berriro betetzeko. Espainiak bez-aren murrizketari eutsiko dio Europako Batzordeak errieta egin die energiaren garestitzea leuntzeko haren gaineko BEZa jaitsi duten gobernuei, haren ustez erabaki hori Europako Batasunaren arauen aurkakoa baita. Espainiako Gobernua izan da neurri hori hartu dutenetako bat —BEZa %21etik %10era jaitsi zuen martxoaren erdialdean—, eta Bruselari erantzun dio ez duela atzera egingo. Nabarmendu du neurria aldi baterakoa bakarrik dela, eta ekainaren 30ean dela amaitzekoa. «Gobernuaren lehentasuna da familiak, autonomoak eta enpresak laguntzea, inoiz piztu behar ez zen gatazka beliko baten harira», azaldu du.