Ormuzen kudeaketak ardaztu du AEBen eta Iranen arteko aurrez…
Pakistan bitartekari zela, Islamabaden eseri dira AEBak eta Iran, eta ez nolanahi, gainera, aurrez aurre batzartu baitira gaur, iazko udaberriko eta urte hasierako zeharkako negoziazioetan ez bezala. Datozen orduetan negoziatzen jarraitzekoak dira aldeak, eta, lehen saioa amaituta, Teheranek ohartarazi du ez direla ados jarri Ormuzko itsasartearen kudeaketaren inguruan. Hori esan du Tasnim Irango berri agentziak, iturri ofizialak aipatuta. Teheranek zera nahi du, finean: aitor diezaiotela pasabidearen gaineko kontrola. Bide batez, egotzi die AEBei bileran «eskaera bitxiak» egitea. Ezin zaio, baina, gaurko saioari garrantzirik ukatu, Washingtonek eta Teheranek 1979ko Irango Iraultzaz geroztik egin dituzten bileren artean maila gorenekoa izan baita. Israelek Libanon gaur goizaldean beste hamahiru pertsona hil eta ordu batzuetara hasi dituzte elkarrizketak Pakistango hiriburuan. Iranen ordezkaritzaren buruak, Mohamad Baqer Qalibaf parlamentuko presidenteak, bi baldintza jarri zituen atzo negoziazioei ekiteko: Washingtonek zigor ekonomikoak kentzea Teherani, eta Israelek Libanoren kontrako erasoaldia etetea. Ez bata ez bestea ez dira bete, ordea. AEBetako ordezkaritzaren burua JD Vance izan da, eta alboan eduki ditu Donald Trump presidenteak Ukrainako eta Gazako gatazkak konponbidean jartzeko egindako bileretara ere bidali ohi dituen negoziatzaileak: Steve Witkoff, iazko urtarrilean Etxe Zurira iritsi arte higiezinen sektorean jardundakoa; eta Jared Kushner, presidentearen suhia. Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik ere bilkuran parte hartu du. Washingtonek eta Teheranek bi asterako tregoa bat adostu zuten asteazkenean —otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik Trumpek Teherani amore emateko egindako bosgarren ultimatumaren epemuga betetzeko oso denbora gutxi falta zenean—, eta epe horrek negoziatzeko behar luke. Trumpen esanetan, su eten bat ezartzea ez ezik, Ormuzko itsasartea irekitzea ere adostu zuten bi aldeek. Baina Iranek kontrolatutako pasabide horretatik tantaka ari dira pasatzen itsasontziak azkeneko egunetan. Espezializatutako webguneen arabera, dozena bat ere ez egunero; eta kontuan hartu behar da erasoaldiaren aurretik 140 inguruk zeharkatzen zutela —handik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru—. Menia indarrean sartu eta ordu bakan batzuetara, Teheranek jakinarazi zuen trafikoa berriro blokeatu zuela, argudiatuta Israelek ez zituela eten Libanoren kontrako erasoak. Horiek horrela, elkarrizketen inguruko iturriak aipatuz hainbat hedabidek argitaratu dutenez, behin gaur ordezkaritzen buruek bilera egin eta gero, bi aldeetako batzordeetako kideek hitz egiten segituko dute. Emakume bat gaur Teheranen, AEBen eta Iranen arteko bilera bat irudikatzen duen horma irudi baten aurretik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE Pakistan ari da bitartekari, eta, bost izarreko hotel batean hiruko bilera hasi aurretik, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroa, anfitrioia, aldeekin bildu da, banaka: aurrena Qalibaf Iranen ordezkaritzaren buruarekin, eta gero Vancerekin. Artean hiruko bilera hasi gabe zegoenean, zenbait komunikabidek argitaratu dute, Teherango iturriak aipatuz, AEBek oniritzia eman diotela Qatarren eta nazioarteko beste banku batzuetan Iranek dituen funtsak desblokeatzeri, «borondate oneko keinu gisa». Handik gutxira, hori «gezurra» dela esan die AEBetako goi kargudun batek Etxe Zuriarekin batera Islamabadera bidaiatu duten kazetariei. TRUMPEk esan du ORMUZEN MINAK KENTZEN hasi direla aeb-ak Iranek Ormuzko itsasartean jarritako pertsonen kontrako minak kentzen hasi dira AEBak. Hori idatzi du Donald Trump AEBetako presidenteak gaur Truth Social bere sare sozialean. Etxe Zuriko maizterraren arabera, «mundu guztiari mesede bat egiten» ari dira modu horretan. «Txinak, Japoniak, Hego Koreak, Frantziak, Alemaniak eta beste askok, harrigarriki, ez dute ez adorerik ez borondaterik lan hori beren kabuz egiteko». Ordu batzuk geroago AEBetako armadak ohar batean adierazi duenez, hori egiteko «baldintzak ezartzeko» operazio bat hasi dute. Iranek ez du pasabidea guztiz ireki azken egunetan, ezin izan dituelako mina guztiak bilatu, eta ez duelako gaitasunik horiek kentzeko. Hori kaleratu du gaur The New York Times egunkariak, AEBetako funtzionarioak aipatuz. Informazio horren arabera, Iranek minak jarri zituen itsasartean aurreko hilabetean, Israelek eta Iranek haren kontrako erasoaldia hasi eta gutxira. Trumpen hitzetan, Iranek horretarako erabilitako ontziak «itsas hondoan» daude. Tregoa bat indarrean egonagatik, gerra informatiboarekin segitzen dute aldeek. Izan ere, Axios hedabideak Pentagonoko iturriak aipatuz argitaratu duenez, AEBetako armadako hainbat ontzik Ormuzko pasabidea zeharkatu dute gaur. Ordu batzuk geroago, informazio hori gezurtatu du Tasnim Irango berri agentziak, baina AEBetako armadaren buruzagitzak X sare sozialean idatzi du ondoren baietz, bi gerraontzik gurutzatu dutela, eta «misio bat» zutela: han pertsonen kontrako minarik ez dagoela ziurtatzea. Asteartean, Washingtonen Hiruko bileraren eten batean, NNA Libanoko berri agentziak plazaratu du albistea: Israelek arratsaldean ere jo duela Libano hegoaldea, hainbat drone jaurtita. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa prest dago Libanorekin hizketan hasteko Hezbollah milizia xiita armagabetzeari buruz; hori esan du, bai, baina, aldi berean, iparraldeko bizilagunari eraso egiten segituko duela ere nabarmendu du. Otsailaren 28az geroztik 2.000 pertsona baino gehiago hil ditu Israelen erasoak Libanon. [articles:2156576] Haaretz Israelgo komunikabideak gaur kaleratu duenez, Trumpek zera eskatu dio Netanyahuri: Libanoko hiriburu Beiruten kontrako erasoak eteteko gutxienez —300 pertsonatik gora hil zituen Israelek han asteazkenean, AEBek eta Iranek su etena adostu zuten egunean—, eta Libanoko ordezkariekin hitz egiteko. Joseph Aoun hango presidenteak atzo gauean iragarri zuenez, bi aldeak Washingtonen bilduko dira datorren asteartean.