Burua altxatu ezinik dabil Osasuna
Osasunako zaleei aspaldi apaldu zitzaien Espainiako Kopan San Mamesen Athletici irabazteak edo Espainiako Ligan Sadarren Real Madrilekin berdintzeak eragindako poza. Euren taldea eskas dabil aspaldian. Datuak argigarriak dira: ligan jokatu dituen azken hamasei partidetatik bakarra irabazi du. Beste hamabost partidetan ez da gai izan garaipena lortzeko: bederatzi berdindu ditu, eta sei galdu; azkenekoa, gaur gauean, Lluis Companys estadioan, Bartzelonaren aurka, 27. jardunaldiko atzeratutako norgehiagokan: 3-0 galdu du. Joera oso txarra da, jokoan egon diren azken 48 puntuetatik hamabi besterik ez baititu lortu. Oso uzta eskasa da, eta, bolada txar horrek ondorioak izan ditu sailkapenean. Duela ez asko talde gorritxoa bete-betean ari zen lehian Europarako sailkatzeko. Gaur egun, ordea, ia ezinezko du helburu hori lortzea. Are gehiago, gertuago ditu jaitsiera postuak, sei puntura, Europarako sailkatzekoak baino: zazpi puntura du zazpigarren sailkatua, eta 11 puntura seigarrena. Lehenbailehen suspertu beharra du, azken orduan mailari eusteko estu eta larri ibili nahi ez badu. Gaurko partida ez zen aproposena suspertzeko. Erronka oso zaila izan du Vicente Morenok entrenatutako taldeak: Bartzelonaren, lehen sailkatuaren zelaian jokatu du. Hansi Flickek zuzendutako taldeak ikusgarri ekin zion ligari, txakalaldia izan zuen gero, baina, aspaldian bikain ari da berriro: gaurko neurketa kontuan hartuta, ligan jokatu dituen azken zortzi partidak irabazi ditu, eta hiru gol baino gehiago sartu ditu neurketako. Horri esker, bakar-bakarrik geratu da sailkapenaren buruan. Gaur egun, erauntsia da Bartzelona. Eta erauntsi horren aurrean ezinean aritu da Osasuna gaur. Vicente Morenok, gainera, jokalari garrantzitsuak falta izan ditu: Boyomok eta Budimirrek aulkian hasi dute partida, Kamerunekin eta Kroaziarekin jokatu berri baitzuten. Bryan Zaragoza, berriz, Iruñean geratu da, min hartuta baitago. Bartzelona ezustean harrapatzea baldin bada, zer esanik ez Kataluniako taldea sasoi betean baldin badago, eta jokalari garrantzitsuak faltatuz gero. Horrela, ia ezinezkoa da. Eta ia ezinezkoa ez, ezinezkoa izan da. Etxeko taldeak, gainera, 21 minutu besterik ez ditu behar izan bi golen aldea lortu eta garaipena bideratuta uzteko. Ferran Torresek sartu du lehen gola, 11. minutuan, eta Dani Olmok bigarrena, penaltiz, 21.ean. Azken horrek bigarren ahaleginean sartu du gola. Aurrenekoan, Sergio Herrerak penaltia gelditu dio, baina epaileak berriro botatzeko agindu du, Moncayola behar baino lehenago area barruan sartu dela argudiatuta. Langarengatik ez balitz, hiru golen aldea izango lukete etxekoek atsedenaldian, baina Ferran Torresen ahaleginak ez zuen gutxigatik sareetan amaitu. Osasunari ez zaio ezer atera lehen zatian, eta, hori gutxi ez, eta Iker Muñozek min hartu du. Ruben Garciak ordezkatu du. Morenok Boyomo zelairatu du atsedenalditik bueltan Arnaizen ordez. Aldaketa horrek agerian utzi du zein helburu zuen Osasunako entrenatzaileak: atzealdea sendotzea, astindurik ez jasotzeko. Nahi, eta lortu, bigarren zatiaren hasieran Bartzelonari kosta egin baitzaio arriskua sortzea. Hori lortu eta gero, Morenok erabaki du aurrerapausoa emateko unea zela, eta, 61. minutuan Moi Gomez eta Budimir zelairatu diu, Aimarren eta Raul Garciaren ordez. Aldaketa fruitua ematear egon da, hurrengo jokaldian Moi Gomez gola sartzear egon baita. Baina Eric Garciak kornerrera desbideratu du. Lehen aldiz partidan, Osasuna gai izan da Bartzelonarekin nor baino nor gehiago aritzeko. Baina Bartzelonak edozein jokalditan gola sar dezaketen jokalariak ditu, eta, hala, 77. minutuan, Lewandowskik hirugarren gola sartu du, kontraerasoan. Aurrelari poloniarrak hamar minutu eskas zeramatzan zelaian, baina nahikoa izan du gola sartzeko eta neurketa erabakita uzteko. Sergio Herrerak etxekoen laugarren gola zapuztu du gero. Azkenean, 3-0. Badute lana Osasunan. BARTZELONA-OSASUNA Bartzelona. Szczesny; Kounde, Eric Garcia, Iñigo Martinez, Balde (Gerard Martin, 83. min.); Dani Olmo (Fermin, 28. min.), De Jong (Pablo Torre, 46. min.), Pedri (Pau Victor, 83. min.); Lamine Yamal, Ferran Torres (Lewandowski, 67. min.) eta Gavi. Osasuna. Sergio Herrera; Areso (Ruben Peña, 83. min.), Catena, Herrando, Juan Cruz; Moncayola, Ibañez, Iker Muñoz (Ruben Garcia, 34. min.), Arnaiz (Boyomo, 46. min.); Raul Garcia (Budimir, 67. min.) eta Aimar (Moi Gomez, 67. min.). Golak. 1-0: Ferran Torresek (11. min.). 2-0: Dani Olmok, penaltiz (21. min.). 3-0: Lewandowskik (77. min.).



