Herritarrek kalera jo dute azken hilketa matxista salatzeko. Ostiralean, 84 urteko emakume bat hil zuten Barakaldon (Bizkaia), eta haren semea atxilotu zuten, hiltzailea zelakoan. 2025eko lehen hilketa matxista eta orobat emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpide guztiak gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte Barakaldon bertan eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta. Barakaldon, Bide Onera plazan egin dute elkarretaratzea. Justizia jauregiaren aurrean, bi pankarta zabaldu dituzte, Erasorik ez erantzunik gabe eta Indarkeria matxistak milaka aurpegi esaldiekin, eta herritarrak haien atzean paratu dira, «Erasorik ez», «Autodefentsa feminista» eta antzeko oihuak egiten zituzten bitartean. Zirta Barakaldoko feminista gazteen taldeak ere beste pankarta bat zabaldu du, Maite zaituenak ez zaitu erailtzen leloarekin. Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun diputatua, Trinidad L. Vicente Berdintasun zuzendaria, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea eta Barakaldoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zenbait zinegotzi ere egon dira protestaldian. «Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude», azaldu du Barakaldoko mugimendu feministak, protestaldiaren amaieran irakurritako agirian. «Indarkeria matxistak ez du etenik, eta mugimendu feministan kalera irteten jarraitu besterik ezin dugu egin». Gogorarazi dute 2025eko lehen hilketa matxista izan dela Barakaldokoa, baina 2024an beste sei izan zirela. Arazo soziala Barakaldoko mugimendu feministaren aburuz, indarkeria matxista «egiturazko arazoa» da, eta emakumeek pairatzen dituzten «desberdintasun eta diskriminazioen ondorio zuzena» da. «Ez da arazo indibiduala, ezta pribatua ere», zehaztu dute; «arazo soziala da, eta modu kolektiboan erantzuteko erantzukizuna dugu». Feministek nabarmendu dute indarkeria matxistak «mila aurpegi» dituela, eta gizonek bikotekideen edo bikotekide ohien kontra eragindako bortxaz gain badaudela beste indarkeria matxista batzuk, «ikusezinagoak» baina besteak bezain larriak: «Indarkeria matxista senitartekoek ere eragin dezakete; horrek askoz zailago egiten die hura pairatzen duten emakumeei indarkeria hori identifikatzea eta horretaz jabetzea». Bereziki larria begitantzen zaie adineko emakumeen kasua, haien «kalteberatasuna eta mendekotasuna» dela eta. Azaldu dutenez, askok «urteak eta urteak» ematen dituzte abusuak eta tratu txarrak pairatzen, salatzeko aukerarik izan gabe. Feministen iritziz, Barakaldon izandako hilketak agerian utzi ditu biktimei arreta emateko sistemaren gabeziak: «Non daude prebentzio, babes, laguntza edo koordinazio eraginkorreko baliabide eta neurriak?», galdetu dute, eta eskatu protokolo, neurri eta baliabide guztiak «sakon eta zorrotz» aztertzeko, benetan eraginkorrak izan daitezen eta ez «marketin instituzionalaren parte». Erakunde eta administrazio publikoei interpelazioa egiteaz gain, «kaleko presio sozialaren eta salaketa publikoaren garrantzia» ere nabarmendu dute feministek, eta euren «erantzukizuna eta konpromisoa» berretsi dituzte, indarkeria matxista kalean salatzen jarraitu eta «bizitza duin eta indarkeriarik gabekoak» exijitzeko. Elkarretaratzea hasi aurretik, Argitan Barakaldoko aholku etxeko kide Mireia Saizek adierazpenak egin ditu. Hilketa gaitzesteaz gain, gogorarazi du familia esparruan adineko emakumeen kontra egindakoa dela «indarkeria matxistaren molderik ikusezinenetako bat», eta arazo hori azaleratzeko beharra nabarmendu du. Halaber, erakunde eta administrazio publikoei «autokritika» egin eta euren jardunbidea zorrotz aztertzeko eskatu die: «Argi dago gaur egun indarrean dauden protokoloek ez dutela funtzionatzen, eta horrek babesik gabe uzten ditu emakumeak». Bilbon, Arriaga antzokiaren aurrean egin dute elkarretaratzea; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan; Donostian, Bulebarrean; eta Iruñean, berriz, Udaletxe plazan.
Jean-Marie Le Pen FN Fronte Nazionala Frantziako eskuin muturreko alderdiaren liderra eta sortzailea izandakoa hil da. 96 urte zituen. Jada egun batzuk zeramatzan osasun etxe batean. Haren senideek jakinarazi dute hil dela, ohar baten bidez. Politikari ultraeskuindarrak zeresan handiko ibilbidea izan du, hein handi batean jendaurrean egindako adierazpen arrazista eta antisemitengatik. Are, hainbatetan leporatu zioten gizadiaren aurkako krimenak ukatzea eta Holokaustoaren apologia egitea. Duela 50 urte pasa sortu zuen alderdia, 1972an, eta, besteak beste, Frantziako Asanblea Nazionalean diputatua izan zen (1959-1962 eta 1986-1988), baita Europako Parlamentuko parlamentaria ere (1984-2003 eta 2004-2019). Le Penenen adierazpenek zeresana eman ohi zuten. Holokaustoa hizpide hartuta, adibidez, adierazi zuen Bigarren Mundu Gerrako «xehetasun bat» baino ez zela izan. Gainera, sasoi hartan Vichyko gobernu kolaborazionistak izandako jarrera defendatu zuen. Hainbatetan zigortu zuten gizadiaren aurkako krimenak ukatzeagatik. Horrekin lotuta, 2014an iradoki zuen ebola izurritearen hedapena irtenbide bat izan zitekeela «munduko arazo demografikoari» aurre egiteko. Marine Le Pen alaba bezalaxe, hura ere epaitzen ari ziren, Europako Parlamentuak emandako funtsak desbideratzea egotzita. Marine Le Pen da, hain zuzen, RN Batasun Nazionala alderdi ultraren liderra ——Fronte Nazionala zen 2018ra arte—. Osasun arrazoiak zirela medio, Le Pen aitak baimena zuen prozesu judizial horretan epaileen aurrean ez agertzeko. Jean-Marie eta Marine Le Pen aita-alabak, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT / EFE Alderdi ultraeskuindarraren buru izan zen 39 urtez, 1972tik 2011ra. Urte hartan, haren alabak hartu zuen alderdiaren presidentetza, eta segida eman zion aitaren ibilbide politikoari. 2011n bertan, Jean-Marie izendatu zuten Fronte Nazionaleko ohorezko presidente. Baina zazpi urte geroago, 2018an, alderdiaren estatutuak aldatu zituzten, eta ohorezko presidente kargua kendu zioten Le Pen aitari, Holokaustoaren inguruan egindako adierazpen polemikoen harira. Horrez gain, alderdiaren izena aldatu zuten, itxura moderatuagoa emate aldera. Lider ultraeskuindarra bost aldiz aurkeztu da Frantziako presidente izateko hautagai. 2002an izan zuen presidentetza gertuen: hauteskundeen lehen itzulian, aurrea hartu zion presidentegai sozialista Lionel Jospini; bigarren itzulian, ordea, Jacques Chirac kontserbadorea alde handiarekin gailendu zen. Politikan murgildu baino lehen, bestalde, Frantziako armadan egon zen, atzerriko legioaren paraxutisten erregimentuan. Besteak beste, parte hartu zuen Aljeriako Independentzia Gerran (1954-1962). Garai horretan atxilo hartutakoak torturatzea leporatu izan diote. Adierazpen polemikoak Politikaren lehen lerroan egon zen urteetan, adierazpen polemikoak egin zituen Jean-Marie Le Penek. Aljeriako Gerrako torturekin lotutako akusazioen harira, hauxe esan zuen 1962ko azaroaren 9an, Combat egunkarian argitaratutako zutabe batean: «Torturatu egin nuen, egin behar zelako». Urte batzuk geroago, diskoetxe bat sortu zuen. Haren bidez, eduki politikoa zuten diskoak ekoitzi eta zabaldu zituen. Besteak beste, Hirugarren Reichari buruzko disko bat sortu zuen, zeinak garai hartako kantuak eta diskurtsoak jasotzen zituen. Tartean, mezu hau aipatzen zen: «Adolf Hitler eta Alderdi Nazionalsozialista boterera heltzeko bidea, masen mugimendu indartsu bat ezaugarri zuena, erabat popularra eta demokratikoa izan zen azken finean». Politikaren lehen lerroa utzi zuen garaian ere, 2010ean, hau esan zuen Parisko CFJ Kazetaritzan Prestatzeko Zentroko ikasleen aurrean: «Nazionalsozialismoan sozialismoa egon zen. Eduki sozialista nabarmena zuen programa horrek, eta Alemaniako gizartea eraldatzea lortu zuen». Bide beretik, behin baino gehiagotan aitortu zuen ez zuela sinisten «arrazen arteko berdintasunean». Adibidez, hau esan zuen 1996. urtean, Frantziako hedabide batean egindako elkarrizketa batean: «Agerikoa da. Historiak erakusten du. Arraza guztiek ez dauzkate gaitasun berak, ezta garapen maila bera ere». Erreakzio katea Frantziako alderdi ultraeskuindarreko sortzailearen heriotzak erreakzio kate bat eragin du han. Gaur egun Batasun Nazionaleko presidente dena, hau da, Jordan Bardella izan da haren inguruan hitz egin duten aurrenekoetako bat: «Jean-Marie Le Penek beti egin du lan Frantziaren alde, beti defendatu ditu herrialdearen identitatea eta subiranotasuna». Antzerako mezua zabaldu du alderdiak, komunikatu baten bidez: «Batasun Nazionalarentzat, beti izango da ekaitz betean borrokan jarraitu duen politikaria, eta hari zor diogu gure alderdiaren bilakaera indartsua». Frantziako beste goi kargudun batzuek ere hitz egin dute hari buruz; kasurako, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta François Bayrou lehen ministro izendatu berriak. Nolanahi ere, biek ala biek nabarmendu dute zer-nolako ibilbide polemikoa izan zuen. «Eskuin muturreko figura historiko bat da, eta rol nabarmena izan zuen herrialde honetako politikan ia 70 urtez. Orain, historiak epaituko du», esan du Macronek. LFI Frantzia Intsumisoko lider Jean-Luc Melenchonek gogorrago hitz egin du: «Errespetatzen ditut haren senideen mina eta dolua, baina horrek ez ditu ezabatzen hark egindakoak. Jean-Marie Le Penen ekintzak barkaezinak dira. Gizonaren aurkako borroka bukatu da, baina gorrotoaren, arrazismoaren, islamofobiaren eta antisemitismoaren aurkako borrokak bere hartan dirau».
«Nafarroa Arenako Mitoaroa amaituta zer, Pello?». Larunbateko Iruñeko kontzertuko azken akordea eman eta berehala aurkeztu zuten hurrengo erronka Zetak taldeko kideek. Iruñeko bi emanaldietan leporaino bete zuen aretoa Pello Reparazek gidatutako taldeak, eta, larunbatean, bideo bidez eta Aaztiyen diskoaren mundu sinbolikoa osatzen duten izakietako baten ahotsean iragarri zuten irailaren 6an Donostiako Illunben ikuskizuna eskaintzeko asmoa. Baina hori ere labur geratu zaio. Ordu gutxian saldu dituzte lehen emanaldi horretako sarrera guztiak. Bigarren data bat ere iragarri dute orduan: irailaren 5ean, eta baita, gero, hirugarren bat ere: irailaren 7koa. Saio horietarako sarreren salmenta ere ziztuan joan da, eta 14:30etik aurrera, jada, azken emanaldi horretarako ticketak baino ez daude eskuragarri. Sarrerak Mitosarrerak.eus webgunean eskuratu daitezke. [articles:2135652] «Ezin sinetsita gaude jaso dugun erantzunarekin». Mitoaroa-n izan ziren ikusleek gaur 08:00etan izan dute sarrerak aurresalmentan erosteko aukera, eta 10:00etan hasi dute salmenta orokorra. Handik ordubete eskasera, data berria iragarri dute, erosketa ilara birtualak hainbat ordukoak direla ikusita. «Badakigu asko eta asko arazoak izaten ari zaretela webgunearekin, eta benetan sentitzen ditugu eragozpenak». «Eskaera kopurua astakeria bat da; ez dugu sekula halakorik ikusi» PELLO REPARAZ Musikaria Baina bigarren hori ere labur geratu zaie. Kontzertu horren sarrera gehienak ere ziztuan saldu dira. Ia-ia amaituta egon dira 13:00etan, eta sarrerak eskuratzeko webgunean hirugarren kontzertu baterako sarrerak erosteko aukera ere zabaldu dute orduan. Irailaren 7an da hirugarren saio hori, Illunben bertan. Hortik ordu eta erdira jakinarazi dute ostiraleko kontzertuko sarrera guztiak amaitu direla, eta igandeko saioko pistako sarrera guztiak ere salduak izan dituzte ordurako. Harmailetako sarrerak baino ez dira geratzen, beraz, irailaren 7rako. Barkamena eta eskerrak «Barkatu, barkatu, barkatu eta barkatu mila aldiz». Eguerdian hitz horiekin hasten den bideo bat zabaldu du Pello Reparazek taldearen Instagram kontuan, eta emanaldien eta sarreren erosketari buruzko nondik norakoen berri ere eman du. «Eskaera kopurua astakeria bat da; ez dugu sekula halakorik ikusi», aitortu du. Webgunea erortzeko arriskua ikusita, itxaron ilara motelago bat jarri behar izan dute martxan, eta hortik itxaronaldiak. Harrera jendetsu hori alde batetik «polita» dela onartuta ere, «etsigarria» ere badela onartu du musikariak. «Ez gara multinazional batekin ari; ticketera independente batekin ari gara», azaldu du Reparazek. «Gurea bezalako lantalde batentzat oso-oso-oso zaila da halako mobida bat kudeatzea». «Lasai ‘fomo’-arekin, ze ez da kontzertu esklusibo bat; lanean ari gara denok geure lekua izateko» PELLO REPARAZ Musikaria Eskerrak ere eman dizkie zaleei, eta lasaitasunerako deia egin du. «Lasai fomo-arekin, ze ez da kontzertu esklusibo bat; lanean ari gara denok geure lekua izateko». Donostian egingo duen ikuskizuna Mitoaroa-n ikusitakoaren antzekoa izango dela iragarri du musikariaren lantaldeak. Euskal Herri osoko inauteriak biltzeko asmoa dutela da nobedadea. Zehaztu dutenez, Lapurdiko kutilun, Abanto-Zierbenako hartza, Zuberoako zamaltzain, Altsasuko maskaritak, Lantzeko Mielotxin eta Ziripot, Lizarrako palokia izango dira oholtzan, besteak beste. View this post on Instagram A post shared by ZETAK (@zetak_org)
Zuzendaritzak “normaltasunez” lan egiteko eskatu die, baina multinazionalak lantegia ekainean itxi nahi duela jakinda, “ezinezkoa” dela diote beharginek. Ostiralean aldeen arteko bilera deitu du Lan Ministerioak. Alemaniako zuzendaritzak bertan izango dela baieztatu du.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak jakinarazi du, halaber, abonuen % 50eko deskontua mantenduko dela urteko lehen seihilekoan, eta uztailetik aurrera % 40koa izango dela bidaia anitzeko abonuetan eta % 50ekoa 26 urtetik beherakoetan.
Errege egunean ohikoa da familia eta lagunak mahaiaren bueltan elkartzea. Bada, gaur, frontoiak elkartu ditu bi lagun handi: Unai Laso eta Jon Mariezkurrena. Elkarren aurka aritu dira Binakako Txapelketan; Martxel Iztueta izan du bizkartzain lehenengoak, eta Beñat Senar izan da bigarrenaren aurrelaria. Partida hotza izan da, pilotariek nekea pilatuta baitaukate jada, eta sailkapenaren goiko postuetan daudenak nagusitu dira: Laso eta Iztueta, 22-16. Urrats handia egin dute hurrengo faserako zuzenean sailkatzeko. Egun gutxian partida asko jokatu dituzte pilotariek Binakako Txapelketan, eta gaur nekea nabaritu zaie lau pilotariei. Horren erakusgarri izan da galdutako pilota kopurua. Bederatzi galdu dituzte gorriek —hiru Lasok eta sei Iztuetak—, eta hamasei urdinek —zortzi Senarrek eta zortzi Mariezkurrenak—. Hotza izan da partida, eta ez du ordubete ere iraun. Ahal handiko atzelariak tartean izaki, piloteo luzeko partida espero zen gaur Eibarko Astelenan (Gipuzkoa). Partida gogorra eta ikusgarria izango zelakoan joango ziren zaleetako asko pilotalekura, baina ez batak eta besteak ere ez dute egunik onena izan. 4-1 aurreratu dira Laso eta Iztueta, baina berehala berdindu dute partida urdinek: 4-4 eta 6-6. Atzeko koadroetan jokatu da partida lehen tanto horietan, eta Iztuetak galdutako bost pilotak eman die bidea urdinei lehen sei tantoetako bost egiteko. Tolosarra gau txarra igarota joan da partidara, eta kosta egin zaio neurketan sartzea. Lan erdietatik aurrera, baina, gora egin du. Senarrek bigarren partida jokatu du txapelketa honetan. Iñaki Artola min hartuta dago oraindik ere, eta, lehen aukeran ondo erantzun ostean, Senarrek beste aukera bat merezi zuela iritzi zion enpresak. Ataundarrak seguru hasi du partida, eta urdinen zazpigarren tantoa ederra egin du. Errestoarekin nagusi izan da, eta ezker gantxo ikusgarri bat eginda Eibarko zaleen txalo zaparrada jaso du. Aurrerago ere egin ditu tanto eder askoak —sei egin ditu guztira—, baina beste pilota erraz batzuk ere galdu ditu lehen koadroetan errematea egin nahian. Laso izan da seguruena Pixkanaka-pixkanaka, ordea, Lasok ezarri du partidaren erritmoa. Lau pilotarien artean, Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelaria nabarmendu da gehien. Bi atzelariek pilota dezente galdu dituzte, eta lau eta erdiko txapeldunak beste hiru tanto egin ditu lan erdietara iritsi direnerako. Bost tanto jarraian eginda, gorriak alde ederrarekin joan dira aldagelara: 12-7. Etenaldi luzearen ostean, urdinek hiru tanto egin dituzte jarraian. Lasok galdu du horietako bat, eta Senarrek txokoan utzi du beste bat. Horrek bete-betean sartu ditu urdinak partidan. Piloteo motzeko tantoak izan dira ondorengoak. Batzuek eta besteek eramatekoak ziren pilotak galdu dituzte, atzelariek batez ere, eta giroa berotu ezinda jarraitu dute: 14-12. Hurrengo tantoetan partida apurtzeko bidea hartu dute Lasok eta Iztuetak. Aurrelariak asmatu egin du sake-errematean, eta Senarren huts pare batek bost tantoren aldea eman die gorriei, berriro ere. Hala ere, Senarren bi tanto ikusgarrik aldea txikitu dute (18-16). Dena zegoen erabakitzeko, baina gorriak ez dira urduri jarri, eta erakutsi dute zergatik dauden sailkapeneko lehen postuan. Orduan jokatu dute seguruen. Urdinak, berriz, zirt edo zart egin beharrean ziren neurketan bete-betean sartzeko, baina opariak bata bestearen atzetik egin dituzte, eta Laso eta Iztueta zuzenean joan dira 18tik 22ra.
Sarek larunbaterako antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu du EH Baik. Behin betiko lelopean egingo da, Bilbon. Bada, hain zuzen, EH Baik uste du mobilizatzen segitu beharra dagoela euskal presoak etxeratzeko eta konponbide integrala lortzeko. Gogoratu du izan dela aurrerapenik, hala nola 7/2014 salbuespen legearen indargabetzea eta sakabanaketa amaitzea. EH Bairen irudiko, «garaipen horiek euskal gizartearen mobilizazioa zabalari» esker lortu dira. Salbuespen egoera batzuek bere hartan irauten dutela ere salatu dute. Zehazki, sektore politiko eta judizial batzuen «jarrera mendekatzailea» kritikatu dute oharrean, uste baitute joera hori ez datorrela bat Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak konponbidearen alde hartu dituen konpromisoekin.
Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944) larunbatean pausatu zen, 80 urte bete berriak zituela. Euskara eta euskal kultura akuilatu ditu sutsuki bizi guzian. Gauza anitzen sortzaile eta bultzatzaile izan da Hirigoien, bereziki euskararen alde eta kultura arloan. Euskarari eta Euskal Herriari atxikia zitzaien azkarki. Langile akiezina eta umila izan da ibilbide guzian. Herri Urratsen, Seaskaren Iparraldeko ikastolen besta handiaren sortzaileetan zen Hirigoien. Funtsean, Herri Urrats sortzeko ideia Marijo Iriarte emazteak eta hark ukan zuten, 1984an, Durangon (Bizkaia), Ibilaldia jaialdian izan ondoan. Herri Urratsen sortzeko lehenbiziko bilkurak haien etxean egin ziren, Larresoroko Gaxienean. Herri Urrats izena bera haren proposamenetik jin zen. Hastapenean, Herriaren Urratsa proposatu zuen Hirigoienek. Hondarrean, laburrago egiteko, Herri Urrats hautatzea trenkatu zuten. Besta egiteko leku bila ere ibili zen hastapenetako taldearekin: Ainhoan, Kanbon… eta, azkenean, Senpereko aintziraren mentura agertu zitzaien. Ez zen oraingo itxurakoa aintzira hura, orduan larre eta pentzez inguratua baitzen, eta etxe bakarra zen. Lehen urteetan, Gaxienea Herri Urratseko puska anitzen biltegia ere izan zen. Hirigoienek berak aitortu izan du lehen urtetik gaindituak izan zirela Herri Urratsek bildu arrakastarekin. 5.000 lagun espero zituzten, baina aise gehiago agertu ziren. Beti azpimarratu izan du lehen urte horietan zer munta handikoa izan zitzaien euskal iheslarien laguntza bai muntaketa lanen egiteko eta bai biharamunean aintzira inguruen altxatzeko. Ikastolekin historia lehenagotik hasia zitzaien Hirigoien eta Iriarte senar-emazteei, lehenbiziko burasoetarik baitziren. Iñaki eta Arantxa seme-alabak dudatu gabe ikastolan ezarri zituzten. Hortaz, Kanboko ikastolaren sortzailetan zen Robert Hirigoien. Xalbador kolegioaren altxatze lanetan ere ibili zen. Lapurtarren Biltzarra Kultur arloan ere elkarte eta ekitaldi sustatzaile izan da Hirigoien. Hala nola Uztaritzeko Lapurtarren Biltzarraren sortzailetan zen. Larresoron, Ote Lore elkartea sortu zuten duela berrogei urte, eta Hirigoien barne zen, hastetik. Funtsean, hark zuen Ote Lore izena proposatu. Orduan ez zen baitezpada giroa alde Larresoron, baina euskal kulturaren berriz piztea zuten xede. Hala piztu zituzten Jondoni Martinen bestak, azaroan, eta harrizko zubiko bestak ere bai. Elkarte horrek berrogei urte bete zituen iaz, eta euskal kulturaren biziarazteko xedearekin jarraitzen du. Segida ontsa bermaturik utzi zuen Hirigoienek. Hirigoienek gazterik jada argi zuen herriaren eta hizkuntzaren aldeko borrokak loturik egin behar zirela. Bisitak Kanboko hil etxean egiten ahal dira, astearte arratsalde honetatik goiti. Ostegunean eginen diote azken agurra Hirigoieni, 10:00etan, Larresoroko elizan.