Arau gutxiago eta betetzeko errazagoak izatea. Burokrazia gutxitzea da, labur batean esanda, Bruselak Europako Batasunaren lehiakortasun arazoei aurre egiteko proposatzen duen neurri nagusia. Era berean, Europako Batasunean biltzen den aurrezkia, 1,4 bilioi euro urtero, bertan inbertitzeko erraztasunak ere eman nahi ditu Europako Batzordeak. Urte hasiera pneumoniak jota igaro ondoren, bere bigarren agintaldiari benetako hasiera eman dio gaur Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak. Stephane Sejourne Ongizaterako eta Industria Estrategirako lehendakariordearen laguntzarekin, Von der Leyenek hurrengo urteetarako helburu nagusiari heldu dio: EBk azken urteetan galdutako lehiakortasuna berreskuratzeko bide orria aurkeztu du, Lehiakortasunaren Iparrorratza izen ponpoxoarekin. Berak eskatuta Mario Draghik egindako txostena gida gisa hartu du batzordeak bere proposamena osatzeko. Europako Banku Zentraleko presidente izandakoak ziurtatu du EB «agonia luze batean» erortzeko bidean dagoela, eta erreformak egin ezean ezingo duela aurrerantzean AEBekin eta Txinarekin lehiatu. Konponbide gisa, produktibitatea hobetzeko, ekonomia digitalizatzeko eta deskarbonizatzeko eta defentsa gaitasuna izateko urtero 800.000 milioi euro inbertitzeko proposatu zuen Draghik. Bruselaren planak ez du halako kopururik ematen, azken finean hurrengo urteetan egingo dituen proposamenak biltzen dituen aterki bat delako. Hiru helburu dituen aterki bat. Honako hauek: 1 Lehiakortasuna berreskuratzea Von der Leyenek onartu du EBko ekonomikoa «estatikoegia» dela eta ez dela nahiko enpresa berritzaile azaltzen. Arazoa ez dago ideietan —patente kopuruan paretsu dabil AEBekin eta Txinarekin—, baizik eta ideia horien herenak baizik ez direla gero enpresa bihurtzen. Hori konpontze aldera, start-up-en sorrera errazteko bi estrategia jarriko ditu indarrean, eta haiengana kapitala iristea bultzatuko du. EBko merkatu bakarra 27 estatukideen arau propioekin funtzionatu duenez, beste erregimen bat sortu nahi du, 28.a, nahi duenak «EB osorako balioko duen arau sinple eta bakar bat» eskura izan dezan. Gainera, adimen artifizialean inbertsio handiak egin nahi ditu EBk, bai gigafaktoriak eraikitzeko, bai AA garatzeko eta hura enpresetan aplikatzeko, eta sektore batzuetan indarra jarriko du: material aurreratuak, bioteknologia, teknologia kuantikoa, robotika eta espazioa. 2 Deskarbonizazioa Von der Leyenek argi utzi nahi izan du arazoak arazo EBk ez diela uko egingo bere ekonomia deskarbonizatzeko helburuei. Horrela, 2030erako gas kutsagarrien emisio garbia 1990ekoa baino %55 txikiagoa izatea eta 2050erako zerora jaisteko xedeari eutsiko dio, «harrian zizelkatuta daudelako». Adierazi du epe horiek betetzea ona dela bai planetarentzat eta bai enpresentzat, inbertsioak egiteko testuinguru bat ematen dielako. Baina onartu du trantsizio energetikoak arazoak ere sortzen dituela, eta horietako bat dela energiaren prezioa «oraindik oso handia dela». Aste gutxi barru Industria Garbiaren Araua aurkeztuko du Bruselak, lehiakortasunean oinarritutako deskarbonizazio estrategia. Prezioak jaisteko neurriak eta trantsizioan dauden industrientzat baimenak bizkor emateko beste plan bat ere aurkeztuko ditu. EBko industriaren gaur egungo euskarriek —altzairua, autogintza eta kimika industria— beren plan propioak izango dituzte. Hain zuzen ere, bihar bilduko da Von der Leyen auto industriako ordezkariekin, eta ez dute baztertzen orduan iragartzea bertan behera geratuko direla CO2 emisio muga berriak aurten betetzen ez dituzten autogileentzat. 3 Menpekotasunak txikitzea Von der Leyenek gogorarazi du EB lehena dela beste batzuekin merkataritza itunak egiten —76 herrialderekin ditu gaur egun— eta horretan jarraituko dute, «hori baita menpekotasunak txikitzeko modurik onena». Beste akordio mota berri bat proposatuko du orain, «lehengaien, energia garbiaren, erregai jasangarrien eta teknologia garbiaren hornidura bermatzeko». Baina, aldi berean, protekzionistatzat jo daitekeen neurri bat ere proposatuko du: sektore eta teknologia kritikoetan EBko produktuei lehentasuna ematea lehiaketa publikoetan. Hori da, hain zuzen ere, EBko industria eolikoak eskatzen duena, ez gertatzeko fotovoltaikoari gertatutakoa —praktikoki Txinaren menpe geratu da—. Lehiakortasunerako tresnak AEBetatik datorren haizea baliatuta, EBn ere araudiak sinplifikatzeko eskatzen ari dira azkenaldian enpresa handiak. Presio horrek fruitua eman du: Europako Batzordearen asmoa da tramite burokratikoak %25 arintzea enpresa handientzat, eta %35 gutxienez txikientzat. Datorren hilean aurkeztuko du proposamena. Inbertsioak egiteko kapital publikoa izango da, baina Bruselaren asmoa da kapital pribatua ere erakartzea; Von der Leyenen arabera, egon badagoelako. «Ez zaigu kapitala falta. Urtean 1,4 bilioi euroren aurrezkia pilatzen da EBn, baina finantza merkatu eraginkor bat behar da aurrezki horren zati bat inbertsioetara bideratzeko». EB osorako balio duten aurrezki eta inbertsio produktu berriak aurkeztuko ditu Batzordeak. Merkatu bakarrari jartzen zaizkien barne trabak kentzeko estrategia bat izango da. Gaur egun EBk funts asko ditu, eta Von der Leyenek aitortu du enpresentzat zaila dela jakitea nora joan behar duten beren inbertsiorako laguntza eskatzeko. Horregatik, funts horietako batzuk Lehiakortasun Funtsa izenekoarekin ordezkatuko dituzte.
Maccabi Tel Avivi Israelgo saskibaloi taldeak Baskoniaren aurka jokatzekoa da otsailaren 7an, Gasteizen. Euroligako partida hori bertan behera uzteko eskatu dute, ordea, dozenaka eragile eta kirolarik. Gaur, ohar bidez zein ekitaldi batean, Palestinaren aldeko elkartasuna adierazi dute, eta Israelgo «erregimen koloniala» salatu. 195 lagun baino gehiagoren sinadurak bildu dituztela nabarmendu dute. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Montserrat Brotons Araskiko jokalaria, Naia Zubiaga Lointek Gernikako jokalaria, Mikel Aranburu Realeko jokalari ohia eta Alex Txikon alpinista. Adierazi dutenez, Tel Aviveko taldeak Israelgo armadaren kanpainetan «rol garrantzitsua» du, hura zurituz. Gainera, otsailaren 7an jokatuko den partida bezalako ekimenek Israeli nazioartean «normaltasun irudia» helarazteko balio diola gaitzetsi dute. Hori dela eta, manifestazio nazionalera deitu dute partida egunerako, Gasteizen. Israelen aurpegi garbiketari ez: Maccabi kanpora lelopean egingo dute manifestazioa. Palestinarekin Elkartasuna plataformak sustatu du ekimena; eta haren iritziz, Maccabi Tel Aviven aurkako partida bertan behar uztea bezalako ekimenek «erregimen israeldarra presionatu dezakete genozidioa gelditzeko». Ez da lehen aldia Baskoniaren eta Maccabi Tel Aviven arteko partida batek harrabotsa eragiten duela. Iaz, adibidez, otsailaren 1ean jokatu zuten norgehiagoka. Hango hartan ere egin zuten manifestazioa Gasteizen, eta Baskoniako hainbat zalek Palestinaren aldeko aldarriak egin zituzten Buesa Arenan.
Urtarrileko pentsioan ez ezik, aurrerakoetan ere %2,8ko igoera izango dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek. Espainiako Kongresuak atzera bota zuen neurri hori zekarren dekretua joan den astean, baina ezezkoa nagusitzea eragin zuen taldeak —JxC Junts per Catalunyak— aldeko botoa emango du orain, Madrilgo gobernuarekin akordioa lortu ondoren. Kongresuan ezezkoa jasotzeak min handia egin zion Espainiako Gobernuari, haren ahultasuna agerian geratu baitzen berriro, eta auzitan jarri baitzen legealdian aurrera jarraitzeko gaitasuna. Gauzak horrela, JxCrekin negoziatzeari ekin zion, haren botoak ezinbestekoak ditu eta. Izan ere, PPk eta Voxek ia sistematikoki ematen diote ezezkoa gobernuaren edozein proposameni. Negoziazio horrek gaur eman ditu fruituak, eta ministroen kontseiluaren ordutegia aldatzea ekarri dute. Amaieran azaldu da Pedro Sanchez gobernuburua, eta jakinarazi du 29 neurri batzen dituen dekretu bat onartu dutela, «aurrekoaren neurri ia guztiak» jasotzen dituena. Horien artean daude pentsioak eguneratzea, garraiorako deskontuak, argindarraren bonu soziala, etxegabetzeak zailtzeko neurriak eta Valentziako uholdeen biktimei laguntzak ematea. Dekretuaren aldeko botoaren truke, Sanchezek jakinarazi du PSOEk ez diola trabarik jarriko JxCk Kongresuan aurkeztu nahi duen konfiantza moziorako eskaerari. Baina gauza bat da tramitea abiatzea, eta beste bat Sanchezek bere kargua diputatuen esku utziko lukeen bozketa bat egitea. Izan ere, presidenteak argitu du mozio hori eztabaidatzea ala ez erabaki behar duela; «eta aurreratu nahi dizuet gobernuak ez duela haren beharrik ikusten». PPren eta Voxen gezurrak JxCri buruz ari zela, Sanchezek eskerrak eman dizkie «urruneko posizioetatik» neurriak negoziatu dituztenei, eta gogor kritikatu du «PPren eta Voxen arteko koalizio negatibista». Sanchezen arabera, azken asteetan neurriei buruzko gezurrak esan dituzte eskuineko alderdiek, hala nola, dekretuak elikagaien BEZa eta argindarra garestituko zituela. Era berean, ukatu egin du EAJri Parisko egoitza itzultzea «opari» bat dela: «Ez dugu ezer oparitu; jauregia haren legezko jabeari itzuli diogu, frankismoak lapurtutako hainbat eta hainbat eraikinekin aurretik egin bezala». Bere gobernuaren lana nabarmendu du. «Gutxiengoa izan arren, akordioen gobernua gara, eta bake sozialaren alde egiten dugu. Azkeneraino borrokatzen gara, eta ez dugu amore ematen». Dekretutik kanpo geratu dira, besteak beste, zergei buruzko neurri batzuk, industria elektrointentsiborako laguntzak eta «Kataluniaren eskuduntzak urratzen zituzten neurri batzuk». EAJren ikuspegia EAJren taldeak txalotu egin du joan den astean atzera botatako neurri gehienak jasotzea dekretuan. Taldeko iturriek nabarmendu dutenez, onartutako neurrien artean dago Lagun Aroko pentsio eredu mistoa berriro indarrean jartzea. Hala zehaztu zuten Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioan, eta omnibus dekretuan zehaztu. Omnibus dekretuan ez zen zehaztu etxe alokairuetarako berme sistema publiko bat ezarriko dela. EAJri deigarria egin zaio estatuak bere gain hartzea ordaindu gabe geratzen diren alokairu errenten zorra. Maizterren «okupazio mota hori» kritikatu du, eta ohartarazi du hura amaitzeko lan egingo dutela. Parisko eraikina itzultzeari buruz, EAJk esan du ez zela beharrezkoa hori dekretuan sartzea. Jeltzaleek diote hain justu neurri hori ez zela atzera bota aurreko astean, eta itzultzeko prozesua, hortaz, ez zegoela arriskuan. Akordioa eta dekretua Akordioaren arabera, dekretu berriak 29 neurri jasoko ditu. Horietako asko joan den astean Espainiako Kongresuan atzera botatako omnibus dekretuan zeuden: Pentsioen igoera. Pentsioak %2,8 igoko dira, iragan abenduko Espainiako KPIaren arabera. Nafarroan, batez beste, urtean 597 euro igoko dira, eta EAEn, 651 euro. Garraio publikoa. 2022an ezarritako baldintza bereziek ekainera arte iraungo dute: Renferen hurbileko eta distantzia ertaineko bidaiak doan izango dira, eta %50eko beherapenak izango dira hiri barruko eta hiriarteko autobus zerbitzuetan. Babes neurri sozialak. Erabiltzaile zaurgarriei ur, argindar eta gas kontsumoa mozteko debekua, urte osoan. Bonu soziala dutenei dagokienez, 2022an ezarritako salbuespen egoerari eutsiko zaio. Kaltetuentzako laguntzak. Iazko urriaren 29an Valentzian izandako uholdeetan kaltetutakoei maileguak luzatuko zaizkie. Halaber, 2021eko La Palma uharteko 2021eko sumendi erupzioaren harira, berreraikitzeko neurriak luzatuko dira. Etxebizitza. Egoera zailean diren familien etxe kanporatzeak etengo dira aurten. Gainera, legez kanpoko okupazioen kasuetan, etxe jabeentzako eta maizterrentzako bermeen sistema publiko bat ezarriko da. Inbertsioen ezkutua. Sektore estrategikoetako enpresen gainean beste herrialdeetako enpresek egindako eskaintza publikoen aurka egiteko aukera beste bi urtez luzatuko da.
Espainiako Gobernuak JxC Junts Per Catalunyarekin adostu du kutsu sozialeko hainbat neurri biltzen dituen dekretu bat egitea. Trukean, Kataluniako alderdi independentista horrek planteatu bezala, PSOEk konpromisoa hartu du Kongresuak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari buruzko konfiantza mozio bat tramitatu dezan. Horrek ez du esan nahi, ordea, azkenean konfiantza mozio batera deituko dutenik, soilik gobernuburuak baitu hori egiteko ahalmena. Ministroen Kontseilua egin du gaur Espainiako Gobernuak, eta Sanchez hedabideen aurrean mintzatu da ondoren. «Aurreratu diezazueket gobernuak orain ez duela beharrezkotzat jotzen konfiantza mozio bat», azpimarratu du. Duela aste batzuk, argudiatuta PSOE ez dela ari betetzen bi aldeek 2023ko azaroan sinatutako legegintzaldirako ituna, JxCk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Kongresuko Mahaian: Sanchezi eskatu zion konfiantza mozio batera aurkezteko. Kongresuko Mahaiak, baina, bi aldiz atzeratu du auzi horri buruzko erabakia; alegia, legez besteko proposamena tramitatuko duen ala ez. Gaur adostutako akordioak bidea irekiko lioke Kongresuan bertan konfiantza mozioaz eztabaidatzeari. JxCren iturriak aipatuz Espainiako eta Kataluniako zenbait hedabidek kaleratu dutenez, ñabardura juridikoak egingo dizkiote legez besteko proposamenari, eta neurri batean berria izango den testu bat aurkeztuko dute Kongresuako Mahaian. Aintzat hartu behar da joan den asteazkenean Espainiako Kongresuak atzera bota zuela gobernuak planteatutako omnibus dekretu bat. Barne hartzen zuen, besteak beste, pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerak igotzea, garraio publikorako deskontuak ezartzea, argindarra ordaintzeko bonu sozialak jartzea, eta tanta hotzak kalte egindakoentzako laguntzak martxan jartzea. JxCk dekretuaren kontra bozkatu zuen urtarrilaren 22an. Egun batzuk lehenago, hilaren 17an, Carles Puigdemont JxCren liderrak iragarri zuen eten egin zituztela Espainiako aurrekontuetarako negoziazioak, eta beste kontu batzuei buruz izaten ari ziren aldebiko negoziazioak ere bertan behera utzi zituztela. JxCk gaur jakinarazi du berriro helduko dietela negoziazio horiei.
Enpresako jabeek jakinarazi dute lantegia itxi eta inbertsio gehiago ez egiteko behin betiko erabakia hartu dutela, labearen matxura larria izan dela argudiatuta. Eusko Jaurlaritzak teknikari talde bat bidaliko du labearen benetako egoera egiaztatzeko eta hozketaren jarraipena egiteko.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak alokairura bideratutako 120 eta 177 etxebizitza eraikiko ditu Zabalganan eta Larreinen. Halaber, beste 84 bizitoki egingo ditu Loiolako Erriberan.
Bigarren garaipena erreskadan lortu nahi zuen Alavesek, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan du, banakoarekin amaitu baita Celtaren aurkako partida. Neurketa hasi eta berehala markagailuan aurretik jarri da etxeko taldea, baina partida kontrolpean zuela zirudienean, gola sartu du Pablo Duranek, eta hotz utzi du Mendizorrotza. 12. jardunalditik etxean irabazi gabe dago Alaves. Hala ere, ondo eutsi dio gero berdinketari. Aurkariaren opari batekin hasi du partida Alavesek, penalti inozo bat egin baitu Celtak. Fran Beltranek, baloia buruarekin urrundu nahi zuela, besoarekin jo du, eta VAR sistema erabilita penaltia adierazi du epaileak. Ederki aprobetxatu du Kike Garciak, nork bestela, eta gola sartu du 6. minutuan. Sasoiko dago Alaveseko aurrelaria; bederatzi gol egin ditu denboraldi honetan, eta sei aldiz astindu du sarea azken sei jardunaldietan. Margalaikuan aurretik jarrita, lehen zatian ondo baino hobeto jakin du Eduardo Coudetek zuzendutako taldeak errentari eusten, batere sufritu gabe. Celta saiatu da baloia izan eta alde batetik bestera mugitzen, baina argitasunik gabe. Zelaian ondo kokatu dira Alaveseko jokalariak, eta ez dute zirrikiturik utzi. Horren erakusgarri, Celtak jaurtiketa bat ere egin ez izana. Presioan, gainera, fin aritu dira gasteiztarrak: asmatu dute noiz egin aurrera, Celta baloia luze jotzera behartzeko, eta noiz itxaron metro batzuk atzerago. Alaves ere apenas hurbildu da aurkariaren ate ingurura, baina zailena eginda zuen ordurako: gola sartzea. Bestelako gidoia Lehen 45 minutuetan ikusitakoa ez zaio batere gustatu Celtako entrenatzaileari, eta azkar mugitu du aulkia: aldaketa bikoitza egin du atsedenaldian. Eta hain justu, Williot zelairatu berriak izan du Celtaren lehen aukera, bigarren zatiari ekin eta hiru minutura. Geldiketa ona egin du Owonok. Segidan erantzun du Alavesek, eta eskura izan du bigarren gola. Carlos Vicentek ziztu bizian egin du ihes ezker hegaletik, eta pase ona ema dio Guridiri. Azpeitiarrak, ordea, baloiari lehen kolpean jo beharrean, kontrola egitea erabaki du, eta galdutako segundu horietan aurkaria gainera etorri zaio. Barkatu egin du Alavesek, baina partida kontrolpean izaten segitu du hurrengo minutuetan. Harik eta Celtak zaplastekoa eman dion arte: 66. minutuan, area kanpotik jaurtiketa indartsua egin du Pablo Duranek, eta sareetan bukatu du. Ukitu du Owonok baloia, baina indarrik gabe, ez da gai izan norabidez aldatzeko. Hortik aurrera, erabat aldatu da neurketaren gidoia. Banakoaren ostean, jokoari neurria galdu dio Alavesek. Celta erosoago egon da zelaian, nahiz eta arrisku handirik ez sortu. Partida korapilatzen joan da, eta tentsioa areagotzen. Ez da egon, ordea, aparteko aukerarik, eta beraz, ez da gehiago mugitu markagailua. Luzapenean haserre joan da aulkira Alaveseko goleatzailea. Hiru puntuak nahi zituen taldeak, baina okerragoa izan zitekeen. Puntuak pilatzen segitzen du, behintzat. Guridi eta Tenaglia jokalariek 100. partida jokatu dute Alavesen elastikoarekin, eta neurketa hasi aurretik omenaldia egin diete. Alaves-Celta Alaves. Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Gebara, Protesoni (Villalibre, 71. min.), Carlos Vicente, Guridi, Conechny (Carlos Martin, 71. min.); eta Kike Garcia (Toni Martinez, 91. min.). Celta. Guaita; Yoel Lago (Javi Rodriguez, 45. min.), Starfelt, Marcos Alonso; Carreira, Fran Beltran, Moriba, Mihailo Ristic (Alvarez, 75. min.); Cervi (Williot, 45. min.), Borja Iglesias (Douvikas, 63. min.) eta Pablo Duran (Fer Lopez, 85. min.). Golak. 1-0: Kike Garciak, penaltiz (6. min.). 1-1: Pablo Duranek (66. min.).
Lan iturriek adierazi dutenez, Ekonomia Sailak onartu egin du azkenean Yolanda Diazek eta CCOO eta UGT sindikatuek adostutako testua, aldaketarik gabe.