Nortasuna erakutsita menderatu Realak Ajax
Berebiziko garrantzia daukan garaipena lortu du Realak, Anoetan. Hamasei partida zeramatzan Ajaxek galdu gabe, eta lehen zatian txuri-urdinak baino hobeak izan diren arren, esku hutsik itzuliko dira etxera. Take Kubo izan da Realaren izarra: hark eman dio Barrenetxeari lehen golaren pasea, eta berea izan da 2-0ekoa. Zazpi puntu ditu orain Realak, eta hiru puntura dauka zortzigarren postua. Realak gogotsu ekin dio lehiari. Imanol Alguacilenek argi zuten partidako plana: presioa oso goian egitea eta Ajaxi baloiaren jabetza kentzea. Baina Ajaxek berehala erakutsi du txuri-urdinen akats bakoitza zigortzeko asmoa, eta donostiarren alarma guztiak piztu ditu lehen hamar minutuetan. Brobbeyk bi aldiz barkatu du ate aurrean. Lehen aukeran oso gaizki aukeratu du Remiroren aurrean bi baten aurka gelditu diren unean. Eta bigarrenean, zutoinera bidali du baloia dena alde zuela. Akats larria egin du Sucicek baloia jokatzerako unean, eta bakar bakarrik gelditu da aurrelaria Remiroren atean. Une horretatik aurrera, partidari neurria hartu ezinda aritu da Reala. Ajax erosoago aritu da lehen zatian, eta arriskuarekin iritsi da Remiroren area ingurura. Reala, berriz, tantaka-tantaka gerturatu da beste areara; hegaletatik ahalegindu da gehienbat, Take Kuborekin eta Beckerrekin. Baina hegalekoen erdiraketek ez dute errematatzailerik aurkitu. Gainerakoan, baloia bereganatu bai, baina Ajaxen defentsako lerroak gainditu ezinda ibili da Reala. Amsterdameko taldeak presio ona egin du, eta Zubimendiri ez diote partidan sartzen utzi. Hargatik aritu da noraezean Imanolen taldea, iparrorratza aurkitu ezinda. Ajaxek bereari eutsi dio, eta beste hainbat aldiz iritsi da Remiroren ate ingurura. Hala ere, markagailuan aurreratzeko aukera paregabea izan du Realak atsedenaldia iritsi aurretik. Ondo ulertu dute elkar Kubok eta Beckerrek, eta Surinamekoaren erdiraketa Oiartzabali iritsi zaio, area txikian. Eskuinarekin egin beharreko errematea zen, baina ezkerrez egin nahi izan du Eibarko aurrelariak, eta kanpora joan zaio baloia. Kuboren errebeldia Atsedenalditik bueltan hobera egin du txuri-urdinek. Take Kubo izan dute itsasargi, japoniarraren buruz-buruko jokaldietan topatu baitute min egiteko bidea. Haren ekinak Anoetako harmaila ere piztu du, eta taldeak nabaritu egin du. Azkenean, haren erdiraketa baten ostean iritsi da lehen gola; bat-bikoa egin du Arambururekin, eta japoniarraren erdiraketa Barrenetxeak bidali du sareetara. Zelairatu berria zen donostiarra. Kubok desorekatu du balantza txuri-urdinen alde, baina aldaketek ere izan dute zerikusirik. Imanolek Turrientes, Aramburu eta Barrenetxea zelairatu ditu, eta hirurak izan dira garrantzitsuak txuri-urdinen hobekuntzan; azken biak batez ere. Ajaxek, berriz, behera egin du aldaketekin. Zenbait jokalari Amsterdamen gelditu dira, ondoezik, eta Brobbey aurrelariak min hartu du lehen zatian. Hala, minutu gutxiago jokatzen dituzten jokalariak zelairatu ditu Fariolik. Kuboren erakustaldiak, ordea, ezin zuen golik egin gabe amaitu. Buruz-buruko jokaldi bikaina egin du eskuin hegalean eta bi aurkari atzean utzi ostean egin du errematea. Aurkari baten gorputzean jo ondoren sartu da baloia Pasveerren atean, eta zoramena piztu da Anoetan. Hurrengo jokaldian aldatu du Imanolek, eta zutik agurtu dute zaleek, txalo zaparrada batekin. REALA-AJAX Reala. Remiro; Aritz (Aramburu, 45. min.), Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Brais Mendez, Sucic (Turrientes, 45. min.); Becker (Barrenetxea, 65. min.), Take Kubo (Sergio Gomez, 86. min.) eta Oiartzabal (Sadiq, 87. min.). Ajax. Pasveer; Rensch, Sutalo, Youri Baas, Jorrel Hato (Wijndal, 74. min.), Berghius (Van den Boomen, 65. min.), Henderson; Kian Fitz-Jon (Hlynsson, 74. min.), Chuba Akpom, Bertrand Traore (Jaydon Banel, 65. min.), Brobbey (Rasmussen, 34. min.). Golak. 1-0. Barrenetxeak (68. min.). 2-0. Take Kubok (85. min.).



