Suhiltzaileek ohartarazi dute Gasteizko Udaleko Segurtasuneko zinegotzi berriak, Cesar Fernandez de Landak, ez badie euren eskariei erantzuten, mobilizazioak gogortuko dituztela.
Gaur, 2024ko abenduaren 23an, albiste izango dira: Deskontuak garraio publikoan, 2024ko balantzea egingo du Imanol Pradales lehendakariak eta Olentzero eta Mari Domingi Bilbora iritsiko dira.
Sekulakoa egin dute Artolak eta Mariezkurrenak gaur Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Altuna eta Arangurenen aurka jokatu dute Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiko partida, baina, ikusitakoa ikusita, bi partida jokatu dituztela esan liteke. Izan ere, bi zati izan ditu gaurko lehiak argi eta garbi, zein baino zein, ikusgarriagoa. «Bi partida izan dira. Hasieran eurek jokatu dute, eta gero, guk», esan du Mariezkurrenak partida amaieran. Bera izan da partidako protagonistetako bat. Lehen zati horretan ez da batere ondo aritu, baina bigarrenean bikain aritu da, eta lau jokalarien artetik bera nabarmendu da partida amaieran: jo eta jo egin dio pilotari, ohi duenez, baina horrez gain, hiru tanto egin ditu bi pareta eginda eta azken tantoa txokoan pilota utziz egin du. «Zuloak ikusi ditut. Hemen bi pareta asko ateratzen da. Jokinek ez zuen espero», esan du. Ez Altunak ezta Uarkapen bildu diren pilotazaleek ere horrelakorik ikusiko zutenik. «Giro handia zegoela aitortu du Mariezkurrenak, eta horrek motibatu egin duela gaineratu du. Ikaragarria gaur bizi izan dugun partida Uarkapen. Altuna III.ak eta Arangurenek lehen zatian agindu dute, 17-4 irabazten, eta bigarrenean, Artolak eta Mariezkurrena II.ak partida irauli eta 22-19 irabazi #eskupilota — ASPE Pelota (@ASPEpelota) December 22, 2024 Datuek ez dute eztabaidarako tarterik uzten. Altuna eta Aranguren partidaren lehen zatian 18-4 jarri dira aurretik. Altunak nahieran ibili du pilota, bere bertsio onena emanda, eta Aranguren bikain aritu da, batere minik gabe. Artolak berak partida amaieran aitortu duenez, Altunari pilota ezin kendu jokatu dute: «Ez zuen hutsik egiten, eta arrastaka ibili gara. Baina segi egin dugu, eta saria izan dugu gaur». Izan ere, partida erabakita zegoela zirudienean, Artolak eta Mariezkurrenak irauli egin dute. Gipuzkoarra izan da pilotarekin asmatu eta lehen koadroetan Altuna aukerarik gabe utzi duena; oso zorrotz aritu da Artola. Hasieran tanto horiek markagailua itxuratzeko balioko zuela zirudien, baina bikote urdinak tantoak zenbatu ahala, aho bete hortz utzi ditu pilotazaleak. Hamabi tanto egin dituzte errenkadan oso denbora gutxian. Artolak eta Mariezkurrenak partida berdintzeko izan duten lehen aukeran, 17-16koarekin, berdinketa eragotzi du Altunak zorte apur batekin. Bigarren aukeran, baina, urdinek ez dute hutsik egin. 19. tantoa egin dute gorriek lehenik, eta hori izan da euren azkena. Mariezkurrenaren erakustaldia iritsi da orduan. Azkenerako 18-2ko emaitza partzial bat lortu dute berak eta Artolak, eta laugarren hirugarren puntua eskuratu dute sailkapenean. «Puntu horrek bi balio ditu. Sufritu egin dugu, baina buelta ematea eta irabaztea lortu dugu. Oso zaila da hori», adierazi du Mariezkurrenak. Laugarren dira sailkapenean. Altuna eta Aranguren, berriz, seigarren dira, puntu bakarrarekin.
Eskura izan du, baina hatzen artetik egin diote ihes Alavesi gaur jokoan zituen hiru puntuak. Partida nahasi bat izan da Valentziaren aurka jokatu duena, eta 88. minutuan penaltiz berriro aurreratu ostean, hamar minutu geroago puntu bakarrarekin konformatu behar izan du. Ez dira oso konforme egongo, baina; jaitsiera postuak hurbil dauzka, eta gaurko aurkari sailkapeneko azken postuan zen. Aukera paregabea galdu du, beraz, sailkapeneko postu arriskutsuetatik urruntzeko. Berandu hasi da partida. Valentzia krisian dago, eta ez soilik kirol arloan. Peter Lim presidenteak eta Pipo Baraja entrenatzaileak kontra dituzte zaleak, eta arazo tekniko batek eragindako bost minutuko atzerapena horiek kargua uzteko eskatzeko baliatu dute Valentziako zaleek. Zazpigarren minutuan are eta handiagoa izan da horien haserrea, Carlos Vicentek Luis Riojaren bizkarretik pasa ostean, balora erdiratu eta Carlos Martinek Alavesen lehen gola egin ostean. 0-1ekoarekin lasai aritu dira arabarrak. 15. minutuan Guridik min hartu du, eta Stoitxkovek ordezkatuko du. Valentziak ez du inor estutzeko jokorik egin, eta Eduardo Coudeten jokalariei ez die batere axola izan baloia aurkariaren hanketan uztea, atzean itxaroteko. Luis Rioja Alaveseko jokalari ohiaren erdiraketak ez ditu inork baliatu. 53. minutuan Hugo Duro Valentziako jokalariak Siveraren eskua jo du baloia errematatu nahian, eta Owonok zelairatu behar izan du atezain titularraren ordez. 67. minutuan, ordea, Diego Lopez bakarrik geratu da Owonoren aurrean, eta epaileak penaltia adierazi du, VARrak ohartarazita. Luis Riojak sartu du. Partida bukatzear zela, berriz, Alavesen aldeko penaltia adierazi du epaileak, eta Jordanek ondo bota du. Pozik ziren arabarrak 88. minutuan 1-2koarekin baina, luzapenean Dani Gomezek Diego Lopezen erdiraketa bat baliatu du binakakoa egin eta Alaves puntu bakarrarekin uzteko. Valentzia: Dimitrievski; Foulquier, Mosquera, Yarek, Rioja; Fran Perez (Sergi Canos, 44. min.), Guerra (Pepelu, 78. min.), Barrenechea (Dani Gomez, 78. min.), Diego Lopez; Andre Almeida eta Hugo Duro. Alaves: Sivera (Owono, 54. min.); Pica (Sedlar, 80. min.), Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Blanco, Jordan; Carlos Vicente, Carlos Martin (Tomas Conechny, 81. min.), Guridi (Stoitxkov, 17. min.; Guevara, 80. min.); eta Kike García. Golak: 0-1, Carlos Martinek (7. min.). 1-1, Riojak, penaltiz (70. min.). 1-2, Jordanek, penaltiz (88. min). 2-2, Dani Gomezek (88. min.). Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak Valentziako Mosquerari (87. min.) eta Pepeluro (102. min,) eta Alaveseko Carlos Martin (22. min.).
Sustoa hartu dut hasieran. Koxkorra, baina sustoa. Albistearen izenburuak hala zioen: «Espainiako Gobernuak erabaki du sei hilabeteren buruan enpresek eta autonomoek ordutegi-erregistroa abian jarri beharko dutela derrigor». Nola jakingo du Espainiako Gobernuak niri buruz neuk ez dakidana? Ordutan neur al liteke sortzailearen lana? Pantaila zuriari begira ematen dena ordutzat jotzen al da? Zergatik ez? Bidaian edo aparkaleku bila ematen direnak lanordu al dira? Eta bertso saio baten ostean antolatzaileekin hartzen den tragoxka ez al da lanordu? Neure burua irudikatu dut egun santu guztian zehar eskuetan kronometroa hartuta, orain kalka eta gero kalkatzeari utzi. Kalka eta utzi, kalka eta utzi. Betebehar gehiagoren zama handiegia litzaidakeela pentsatuta, albistea xeheago irakurtzen hasi naiz. Lasaitua hartu dut. «Enpleaturen bat duten autonomoei eskatuko zaie ordutegi-erregistroa». Eta lasaituaren ondoren, gogoeta. Geuretik baino ez dugu neurtzen mundua. Burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten enpleatuak dituen autonomoaren figura. Enpleatuak dituena eta haien ordutegiaren berri eman beharra duena ez al da enpresaria? Ez da izango. Baina hura autonomoa bada, ni ez naiz autonomoa. Independentea naiz, gutxienez. Eta ez dut orduen kontaduriarik eraman nahi. Are gutxiago Gobernuak jakin dezan…
«BSH ez itxi!». Oihua ozen aditu da gaur Iruñeko kaleetan. Milaka eta milaka pertsonak babesa adierazi diete BSHren Ezkirozko lantegiko beharginei (Nafarroa), argitara atera ostean Bosch multinazionalak planta ixteko asmoa duela. Manifestazioaren aurretik, BSHren Ezkirozko langile batzordeko buru Juanjo Hermoso de Mendozak esan du «enpresari atzera eginarazteko» esperantza dutela, eta esperantza horrekin bat egin dute deialdira batutako milaka lagunek —3.500, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren arabera—. Azkenerako, baina, lantegi bat ixtearen aurkako protesta zena sektore osoaren aldeko aldarri bihurtu da: alde batetik, manifestazioarekin bat egin dutelako beste hainbat lantegitako beharginek; eta bestetik, Ezkirozko langileek gogoan izan dituztelako egoera bertsuan diren fabriketako lankideak. Deslokalizazioak, itxierak eta kaleratzeak ohiko bihurtu diren garaiotan, «etorkizuna» galdegin dute bigarren sektorearentzat. Manifestazioa Golem zinema aretoen pareko plazan hasi da, mobilizazio handiek ohi duten legez. Hala izan da gaurkoa ere: jendetsua eta ozena. Protesta hasi baino dezente lehenagotik, lepo beteta ageri ziren plazaren inguruko bazterrak, eta peto laranjako beharginak hasiak ziren giroa berotzen. Petardoak, txilibituak eta bozgorailuek ozendutako sirena hotsak. Burrunba horren erdian, kostata mintzatu da BSHko langile batzordeko presidentea, manifestazioa abiatu aurretik: «Protestaren helburu nagusia da enpresak atzera egin dezala lantegia ixteko erabakian, baina, aintzat hartuta egungo egoera sozioekonomikoa, Nafarroako industriaren aldeko aldarria ere bada». Hermoso de Mendozak gogorarazi du Ezkirozko plantaren itxierak 655 langileri eraginen liekeela zuzenean, baina albo kalteak «askoz handiagoak» izan daitezkeela: «Zientoka dira BSHrentzat lan egiten duten enpresak; hortaz, Ezkirozko lantegiaren itxiera gauzatuko balitz, mila langileri baino gehiagori eraginen lieke». Pertsona horientzat guztientzat, Alemaniako zuzendaritzaren erabakia «kolpe animiko izugarria» izan da: «Shock egoeran gaude oraindik, ezinegonak janda. Gutako askok ez dugu lorik egin astelehenetik». Lantaldearen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa dela gogorarazi du batzordeko buruak, eta «konponbide bat» galdegin du denentzat. Elkartasuna eman eta jaso Ezkirozko langileen egoera salatzeaz harago, baina, Hermoso de Mendozak gogoan izan ditu «egoera bertsuan diren beste hainbat lankide»; besteak beste, Sunsundegui, Tenerias Omega eta Gamesa enpresetako beharginak. Elkartasun mezua helarazi die, halaber, Gasteizko SDA Factory lantegiko 55 langileei: «Aste honetan bertan jakinarazi diete lantegia itxiko dietela, eta, gainera, BB Trends enpresaren tratu miserablea sufritu behar izan dute lau urtez». BSH-Ezkirozko lantaldeak adierazitako babes hori bueltan ere jaso dute gaur eguerdiko manifestazioan: protestarekin bat egin dute Nafarroako beste hainbat enpresatako langile batzordeek, baita Superser, Agni eta Ufesa fabrika zaharretan aritutako behargin erretiratuek ere, pankarta propioarekin. Elkartasun keinuek, bestalde, ez dute etenik izan ibilbide osoan: besarkadak, ukabil goratuak, ikusleen txaloak eta aldamenetik igarotzen ziren autoen klaxonak. Baiona etorbidea atzean utzita, Armadaren etorbidean gora joan dira manifestariak, eta Bakearen plazan ezkerrera eginda, Sarasate pasealekuan amaitu da protesta, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean. Manifestazioa amaitzeko, hitza hartu du berriz Ezkirozko lantegiko batzordeko buruak, eta eskerrak eman dizkie azken egunetan babesa adierazi dieten norbanako eta erakunde guztiei. «Elkartasun adierazpen pila bat jaso ditugu: BSHko beste lantegietako komiteak, beste enpresa batzuetako langileak, udalak, kontzejuak, erakundeak, gizarte eragileak, norbanakoak… Mila esker horiei denei, baita gaur hona etorri zareten guztioi ere», esan du Hermoso de Mendozak. BSHko zuzendaritzaren «krudelkeria eta gizatasunik eza» kritikatu ditu langile batzordeak, manifestazio bukaerako idazkian: «Urtero bezala, Eguberriak zoriontzeko txartela jaso genuen, eta egun batzuk geroago, zigilu bera zeraman beste gutun bat, gure kaleratzearen eta lantegiaren itxieraren berri emanez». Gobernuarekin lankidetza Hermoso de Mendozak eskertu egin du Nafarroako Gobernuaren «inplikazioa», eta esan du «konfiantza» eskaini diotela, enpresako buruzagiekin konponbide bat negozia dezan. «Haiekin lankidetzan ari gara, baina, ziurrenik, beste erakunde publiko batzuen konplizitatea ere beharko dugu», adierazi du. Azkenik, esan du erakundeek «ekintzen bidez» erantzun beharko diotela langileek emaniko konfiantzari.
Binakako Txapelketako bikote sendoenak direla berretsi dute bai Ezkurdiak eta Rezustak eta bai Elordik eta Zabaletak. Lehenbizikoek 22-14 hartu dituzte mendean Peña II.a eta Albisu, eta partidarik galdu gabe daude. Elordik eta Zabaletak, berriz, lehenengoa galdu zuten, baina hurrengo hirurak irabazi dituzte. Ez dute nolanahiko garaipena lortu gaur, tanto baten aldeaz irabazi baitiete artean neurketarik galdu gabe zeuden Lasori eta Iztuetari: 22-21. Ezkurdiak eta Rezustak nagusitasunez irabazi dute. Aurrelariak ondo baliatu ditu aurreko koadroetan izandako aukerak, eta argi izan du noiz amaitu tantoa. Atzelaria, berriz, nagusi izan da. Hala, 3-0 aurreratu dira. Peña II.ak eta Albisuk, berriz, ez dituzte aprobetxatu partidan sartzeko izan dituzten aukerak, zalantzati jardun dute, eta irabazleak aldea handituz joan dira: 7-2. Partida gogortu egin da hortik aurrera, baina hor ere hobeto moldatu dira Ezkurdia eta Rezusta. Bai kolpez, bai fisikoki freskoago zeudela nabaritu zaie, eta garaipena bideratzen jarraitu dute. Arriskatuz eta bizi jokatuz saiatu dira aldea apaltzen galtzaileak, batez ere Peña II.a. Baina ez dute lortu. Ezkurdiaren eta Rezustaren nagusitasunaren seinale, 13-5ekoarekin pilota bakarra zuten galdua. Aurkariek ondo mugitzen jarraitu dute, eta errenta ondo kudeatzen. 16-6koarekin lortu dute ordu arteko alderik handiena. Azken txanpan, Peña II.ak eta Albisuk emaitza txukuntzea lortu dute. Lehia estuagoa izan da Elordiren eta Zabaletaren eta Lasoren eta Iztuetaren artekoa. Hasiera parekatu baten ostean, lehen etenera 11-9 iritsi dira aurretik Elordi eta Zabaleta. Baina, gero, galtzaileek buelta eman diote partidari, eta 15-19koarekin, bazirudien partida ondo bideratua zutela. Elordik eta Zabaletak, ordea, ondo eutsi diote, eta hortzak estututa buelta eman diote partidari. Gaur jokatuko dute jardunaldiko azken partida Altuna III.ak eta Arangurenek, Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra, Arrasaten (18:00, ETB1). Lehia estu batekin abiatu da Ados pilotaren Binakako Txapelketa ere. Aranburuk eta Mujikak 22-19 irabazi diete Oskozi eta Agirreri. Lau pilotariak ondo aritu dira.
Erabat aldarte ezberdinean iritsiko dira Gabonetara Osasuna eta Athletic. Urrezko hiru puntu izan dituzte jokoan Sadarren, eta zuri-gorriek poltsikoratu dituzte. Emaitza iraulita, gainera. Azken bost partidak jarraian berdindu ondoren, joera aldatzeko derbia aproposa zela esana zuten gorritxoek, eta kanbiatu dute joera: okerrerako, ordea. Partida kaskarra jokatu dute, atzean opari gehitxo eginda, baina jokoan ere Athletic gehiago izan da. Epailearen erabaki batzuekin lehen zatian haserre agertu arren, odol hotzari eutsi diote zuri-gorriek, eta merezita eskuratu dituzte hiru puntuak. Hala, sailkapenaren erdialdean amaituko du urtea Osasunak, eta laugarren postuan Athleticek. Txapeldunen Ligako postuetan sendo, alegia. Oso bizi ekin diote lehiari bi taldeek, derbietan ohikoa den moduan. Batetik bestera joan-etorrian ibili dira jokalariak, eta zaleentzat erakargarriak izan dira lehen minutuak. Ez, ordea, bi entrenatzaileentzat: Vicente Morenorentzat eta Ernesto Valverderentzat. Jokoaren kontrola lortzea izan dute xede. Gol aukerak batean zein bestean izan dira hastapenean, baina inork ez du asmatu. Minutuek aurrera egin ahala, Athleticek gehiago izan du baloia, eta gertu izan du lehen gola 15. minutuan, Iñaki Williamsen bidez. Sergio Herrerak atepetik atera dio baloia. Bazirudien gertuago zegoela bisitarien gola, baina, hutsetik, 1-0ekoa iritsi da, 20. minutuan. Epailea bilakatu da protagonista. Williamsen jaurtiketa batek Herrandoren eskua jo ondoren, Athleticen aldeko penalti garbia egon zitekeela azaldu dute irudiek, baina jokaldi guztia aztertu ondoren, aurrez Osasunaren aldeko falta bat egon dela erabaki du epaileak. Falta garbia izan da. Ordea, ez da horretan geratu auzia. Hurrengo jokaldian, Nico Williamsen falta bat adierazi du epaileak, eta hortik etorri da etxekoen gola. Hots, irudiek erakutsi dute Nico Williamsek ez duela inolako faltarik egin. Epailearen erabakia ederki baliatu du Osasunak, baloi geldian 1-0ekoa egin baitu Lucas Torrok. Sanceten lesioa Haserre eta sututa agertu dira Athleticeko jokalariak, baina odolari hotz eusten asmatu dute. Futbolean jokatzen jarraitzea izan dute helburu, eta merezita eskuratu dute banakoa, 31. minutuan. Goi mailako gola egin du buruz Guruzetak, Williamsen erdiraketa baliatuta, penalti puntutik. Golak min egin dio Osasunari, eta mesede Athletici. Erosoago sentitu dira zuri-gorriak, baina ez dute gaitasunik izan atsedenaldira aurretik iristeko. Egoera ikusita, bigarren zatirako aulkia astindu du Vicente Morenok, eta Pablo Ibañez zelairatu du Moncayolaren ordez. Zelai erdian sendotasuna irabazi dute gorritxoek. Athletici min egin diona, ordea, Sanceten lesioa izan da. Nafarrak zelaia utzi behar izan du 53. minutuan, eskuin orkatilan min hartuta. Hortik aurrera, geldoago jokatu dute bi taldeek. Etxekoek joko zuzena izan dute oinarri, eta bisitariak erasoan antzu ibili dira. Azken hogei minutuetan banakoarekin sartu dira bi taldeak, eta bistakoa zen puntu batek ez zuela inor asetzen. Bada, etxekoen opari batek erabaki du lehia. Baloia zuzen aldentzen ez du asmatu Torrok, Berenguerri eman baitio, eta hark ez du barkatu. Gol ona egin du ezkerrarekin, 71. minutuan. Osasunak ez du adorerik izan berdinketa lortzeko.
Ezkirozko BSH lantegiaren itxieraren aurkako manifestazioa gaur, Iruñean. Enpresa-batzordeak “Ezkirozko BSH ixtearen aurkako jarrera” azaldu du, eta irtenbideak bilatzearen alde agertu da, BSHko zuzendaritzak astelehenean langileei helarazi zien ixteko iragarpenari aurre egiteko.
Avanzan aurrera jarraituko dute abenduaren 21erako eta 22rako deitutako grebekin. PESA zenaren plantillak horixe erabaki du enpresaren azken proposamena jaso ostean. Ekialdebusek, berriz, bertan behera utzi ditu lanuzteak, Aldundiak eskaeretako batzuk onartu ostean.