‘Arabako Mahastiak’ sor-markari EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak joan astean atea itxi ondoren, ABRA elkarteak gaur esan du oraindik ez dutela erabaki helegitea jarriko duten edo ez.
Gaur, azaroaren 11n albiste izango dira: Noel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua Sumar eta PP alderdiekin elkartuko da arratsaldean, COP29 goi bilera hasiko da Azerbayango Baku hiriburuan eta azaroaren 25eko kanpainaren aurkezpena egingo dute.
Valladolid: Hein; Luis Perez, Juma Bah, Javi Sanchez, David Torres; Raul Moro (Comert, 88. min.), Juric (Meseguer, 88. min.), Anuar (Ivan Sanchez, 61. min.), Lucas Rosa; Kike Perez (Mario Martin, 75. min.) eta Sylla (Marcos Andre, 61. min.). Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Yeray, Paredes, Adama; Jauregizar (Ruiz de Galarreta, 46. min.), Prados (Vesga, 46. min.); Nico Serrano (Marton, 80. min.), Unai Gomez (Djalo, 46. min.), Williams Jr; eta Berenguer (Guruzeta, 63. min.). Golak: 1-0, Raul Morok (79. min). 1-1, Guruzetak (93. min). Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horiak Valladolideko Anuar (19. min.), David Torres (72. min.), Mario Martin (78. min.) eta Comerti (89. min.) eta Athleticeko Jauregizar (26. min.), Prados (39. min.), Vesga (65. min.) eta Martoni (89. min.). Ozta-ozta, baina Athletic beste puntu batekin itzuli da Valladolidetik (Espainia). Zuri-gorriek bana amaitu dute Valladoliden aurka jokatu duten partida, eta sailkapenaren zuloan dagoen aurkari bat izanagatik, gustura egoteko moduan dira. Izan ere, partidaren azken minutuetan lortu du berdinketa Bizkaiko taldeak, eta partida ikusita, ez da sari txikia. Ezin da esan Ernesto Valverderen jokalariek ez dute partida ona jokatu dutenik. Azkenaurreko taldea da Valladolid sailkapenean, eta Athleticek partidaren kontrola izan badu ere, zenbait unetan espainiarrak gehiago izan dira zelaian, eta gol aukera gehiago izan dituzte. Gol bakarra egin du, ordea, 79. minutuan. Athleticek, berriz, ez du gol aukera garbirik sortu. Iñaki Williams eta Oihan Sancet Bilbon geratu dira, eta Valladolidek jokalari asko pilatu ditu bere atearen aurrean, kontraerasora jokatzeok helburu argiarekin. Zorionez, atzelari zuri-gorriak sendo aritu dira atzean, eta Julen Agirrezabala erabakigarria izan da zenbait unetan: lehen zatian gol aukera egundoko geldiketa egin du Lucas Rosak boleaz egin duen jaurtiketa geratzeko. Atsedenaldiaren atarian, epaileak txartel gorria atera dio Pradosi, baina VAReko epaileak ohartarazi egin du, eta jokaldia berriro ikusi ondoren, baliogabetu egin du, eta txartel horia erakutsi dio. Bigarren zatian Ruiz de Galarreta, Vesga eta Djalo atera dira lehenik, eta ondoren Guruzeta zelairatu du Valverdek, Berenguerrek min hartu ostean. Aldaketa horren ostean iritsi da Valladoliden gola: Ivan Sanchezek Vesgaren huts egite bat baliatu du baloia jaso eta erdiratzeko, eta Raul Morok sartu du Agirrezabalaren sarean. Athleticek, ordea, ez du amore eman. Epaileak bost minutuz luzatu du partida, eta 94.ean, falta jaurtiketa batetik egindako erdiraketa errematatu du Guruzetak berak, modu ikusgarrian. Valladolideko atezainak baloia ukitu du, baina ez desbideratzeko bezain beste.
Bera Berak 23-19 galdu du Lublinen aurka Europa Ligako kanporaketa. Txapelketan aurrera jokatu nahi badu, beraz, datorren asteburuan jokatuko den partida irabazi eta lau goleko aldea irauli beharko du. Igandean jokatuko da itzuliko partida, 12:00etan. Gaur ondo jokatu du, eta nagusi izan da partidaren hainbat unetan, baina azken bost minutuetan egin dio ihes garaipenak. Carmen Arroyo eta Elke Karsten izan da partida hasieran Bera Berako jokalari onenak. Poloniako taldea partida hausten saiatu da, baina Gipuzkoako taldea bikain aritu da defentsan eta Prades atezaina erne egon da. Erasoan lan handia egin dute jokalariek Lublinen defentsa mugiarazteko. Bi horiek izan dira Bera Berak jokatu duen partida onaren oinarriak. Bigarren zatian, Lublin gora Atsedenaldiara aurretik joan da markagailuan Bera Bera (11-12), Elba Alvarezen gidaritzapean azken minutuan Arrojeriak lortu duen gol bati esker. Zailena, ordea, egiteke zegoen: bigarren zatian poloniarren bultzadari eustea. Izan ere, bigarren zatian, bere zaleak hauspotuta, indartsu aritu da Lublin. Bera Berak eutsi egin dio defentsan, nahiz eta Pradesek alimaleko ahalegina egin behar izan. Baina erasoan makalago aritu dira Bera Berako jokalariak: Karstenek min hartu du lehen zatian eta bigarrenean ez du jokatu. Alvarezek eta Arrojeriak hartu dute orduan erasoaren ardura osoa, baina hori ez da nahikoa izan. Azkenean lau gol azpitik amaitu du partida Bera Berak, eta datorren astean alde horri buelta ematen ahalegindu beharko du.
Sindikatuetako buruak Espainiako Lan Ministerioarekin ere biltzekoak ziren, baina bertan behera gelditu da goi-geruzetako depresio isolatuak eragindako txikizioaren ondorioz.
Jokin Altuna ez da aurten lau eta erdiko txapelketaren finalean izango. Unai Lasok finalerdietan irabazi dio, eta finaletik kanpo utzi du Amezketako pilotari handia; zortzi finaletan izan da jarraian, baina hurrengoa nafarren artekoa izango da, Lasok finalean Peio Etxeberria izango baitu aurkari. Ligaxkako bigarren jardunaldian elkarren aurka jokatu zuten bi horiek: partida gogorra izan zen, eta Etxeberriak irabazi zuen. Bi aste barru jokatuko da finala. Pozarren zen Laso partidaren ondoren. Ondo sentitu dela aitortu du, eta Altunak baino “pilotakada bat aurretik” izan dela esan du, “ezeroso sentiarazteko”. Konfiantzaz aritu dela gaineratu du, eta gakoa hor egon da bere iritziz. Altuna penatuta mintzatu da, baina lasai. Garrantzia kendu dio bederatzigarren finala jokatzeko aukera horri, eta azpimarratu du ez dela eroso sentitu. Sakez ez dela ondo aritu aitortu du, eta ezkerrarekin minik ez duela egin gaineratu du. Arrazoia? “Pilota partida bat da, eta batzuetan irabazi eta beste batzuetan galdu egiten da. Besteek ere jokatu egiten dute. Unai pilotari onenetako bat da”. Irabazlea zoriondu du. Igandean hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko du Zumarragan (Gipuzkoa), Jakaren aurka. Laso, hasieratik nagusi Lehen aldiz irabazi dio Lasok Altunari lau eta erdiko txapelketan. Indartsu hasi du partida, eta berehala 0-4koa jarri du markagailuan; 12 pilotakada besterik ez ditu behar izan lehen lau tanto horiek egiteko. Altuna ez da eroso aritu partida guztian, eta sufritu egin du Lasoren zartakoen aurrean. Sake zitalak egin ditu nafarrak, azpitik eta ezker paretatik itzuil beharrekoak. “Sartu paretan”, esan dio Jon Mariezkurrena botilleroak. Abiadura eman dio pilotari eta Altuna kokatu ezin aritu da. Oso aurrean jokatu dute partida hasieran bi pilotariek, aurkariari espazioa uzteko batere asmorik gabe. Aldea murriztu du gero Altunak, gero (2-6), baina Lasok erakutsi du gaur hobeto zegoela. Erritmo handiarekin jokatu du, eta Altunari kosta egin zaio bere tokia hartzea; Lasoren atzean jokatu behar izan du, eta txokotik zabalera ibili da, Lasok pilota nora botako asmatu nahian. Altunak, berriz, ez du sakearekin asmatu. Gainera tanto zenbait tanto galdu ditu: partida hasieran horretan, bat zabalean gehiegi gurutzatuta eta bestea pilota gehiegi harrotuta. Lasok ere akatsak egin ditu eta pilota txapara bidali du bitan, baina Altuna gehien hurbildu zaionean asmatu du, eta bizpahiru tantoko aldeari eutsi dio. Aipagarria 6-10ekoa egiteko sotamanoz egin du bipareta. Izan ditu aukerak Altunak gehiago hurbiltzeko, baina ez du erabat suspertzerik izan amezketarrak: ez da ondo aritu Lasok agindu duenean, eta bere txanda izan denean, ez du asmatu. Presiopean ere, Laso bikain Lehen etenaldia 6-12koarekin eskatu du Altunak, eta hobeto atera da. Bi tanto egin ditu atera eta berehala. Lasok, baina, eutsi egin dio. Hala behar du pilotariak Altunari irabazi nahi badio, eta behera etorri gabe partida osoa jokatu du, hasi eta buka. Bizkorra da Altuna, ez soilik oinekin, baina gaur, kantxan bere lekua aurkitu ezin izan duelako edo, ez ditu erabaki onenak hartu momentu erabakigarrienetan. Hala, Lasok 8-15ekoa egin duenen tantoan, zalantzati agertu da, eta partidan lehen aldiz zazpi tantoko aldea lortu du Bizkarreta-Gerendiaingoak. 8-16koarekin bi tanto egin ditu Altunak berriro, eta suspertzeko abagunea izan du. 10-16koarekin, baina, tanto oso gogorra jokatu dute bi pilotariek, boleaz asko, eta azkenean amezketarrak gora bota du pilota. Ika-mika txiki bat ere izan dute, Lasok Altunari kargu hartu dionean pilota jotzera zihoan batean aurrean gurutzatu zaiolako. Lasok gero garrantzia kendu dio horri. 10-17koarekin sakez egin du beste tanto bat Lasok, eta jauzi handia eman du finaleran sartzeko. Azken tantoak ere bereak izan dira. Partida amaieran ezker paretak ere egin du berea. Hiru tanto galdu dituzte bi pilotariek, pilota paretatik atera denean jo ezinda. Halakoa izan da Lasoren 18. tantoa, eta Altunaren 11.a. Partida amaieran, arriskatzeko esan dio botilleroak Altunari, eta orduan partidako susperraldirik handiena, partida galduta zuela zirudienean. Une erabakigarria izan da Lasorentzat; pasa ere egin du, eta lau tanto egin ditu segidan Altunak, 14.era arte. Presiopean jarri du une horretan Laso. 14-20koarekin, baina, eutsi dio Altunaren sakeari, eta Altunari berriro egin dio ihes pilotak ezker paretatik atera denean. Azken aurreko tantoa eginda txalo zaparrada handia jaso du Lasok, eta azken tantoa sakez egin du.
Ehunka lagun batu dira Altsasun Sunsundeguiren etorkizunerako alternatiba bat eskatzeko. Enpresa Batzordeak badaki negoziazioak abiatu dituztela Altsasuko lantegian, non 367 langilek egiten duten lan, bazkide inbertitzaileak bilatzeko.
Herriak hartu ditu gaur iluntzean Valentziako kaleak: milaka lagun bildu dira Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa eskatzera; hainbertze izan dira, ezen ia ordubetez ezinezkoa bihurtu baita ibilbideari jarraitzea. Jendea bere lekuan gelditu da, kartelak astindu eta «Mazon, dimititu» leloa oihukatuz. Herritarrak haserre daude; politikarien lana kritikatzen ari dira gehienak, ahopean. Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkaritzaren arabera, 13.000 lagun inguruk hartu dituzte hiriko kaleak. Menchu Ruiz hiru lagunekin etorri da, «nazkatuta» daudelako. Valentzia hiriburuan bizi dira, eta haien etxeek ez dute kalterik jasan. Halere, lankideetako anitz kaltetutako herrietan bizi direla azaldu du: «Denek autoa eta etxeko gauza gehienak galdu dituzte; lur jota daude fisikoki eta psikologikoki. Boluntarioen lanagatik ez balitz, ez dakit non egonen liratekeen. Gobernuak ez du deus ere egin, eta horregatik gaude hemen». Esaldia akitu bezala, sinkronizazio perfektuan, jendetza oihuka hasi da: «Mazon, dimititu». Txaloak ere ez dira falta izan. Manifestazioa ez zen mugitzen, eta jendea urduritzen hasi da. Badira kontzentrazio jendetsua alternatiba bezala ikusten dutenak, baina baita bertzela pentsatzen dutenak ere. Maia Tortosa Bartzelonatik dator, eta goiza inguruko herrietan pasatu du, boluntario, laguntzen: «Leher eginda nago; bart ez dugu ia lorik egin, eta goiza lanean eman dugu. Hau ez bada mugitzen, ni banoa». Bikotekideak pazientzia izateko eskatu dio, eta mugituko dela ziurtatu. Manifestazioa hastekoa zenetik ordu bat pasatu da dagoeneko. «Mazon, dimititu» Geldirik, baina jendeak oihuka eta txaloka jarraitzen du: «Mazon, dimititu». Bada tartea pankartak ateratzeko baliatu duenik ere, kazetariei beren aldarrikapenen berri emateko: Gabi Bruxa eta bertze dozena bat lagun Hego Amerikako hainbat herritatik datoz. Migratzaileekin eta pertsona arrazializatuekin lan egiten duten zenbait elkartetan egiten dute lan, eta pertsona horiek bizi duten egoera ere aintzat hartzekoa dela diote. «Pertsona horiek guztiek orain arte zailtasun ausarki ez, eta orain are okerragoa da haien egoera. Bizi diren lekuetako anitz urak hartu ditu, eta are egoera zaurgarriagoan daude orain», zehaztu du Bruxak. Ia ordubete pasatu da, eta jendetza mugitzen hasi da, motel. Giroa gogorra da dagoeneko, eta tentsio une batzuk ere izan dira; polizia dago nonahi. Hori ikusita, oihuka hasi dira zenbait lagun: «Polizia gutxiago, eta suhiltzaile gehiago». Hiriko kale meharretan barna doaz manifestariak, txaloka. Alfonso Mendez valentziarra da, eta erran du ez duela inoiz horrelakorik ikusi. 73 urte ditu, baina horrelakoetan kalera ateratzearen alde egin du. «Guk bozkatzen dugu, eta guk botako ditugu: Mazon, dimititu», erran du irmo. Iritsi da manifestazioaren adar nagusia Generalitateko plazara, eta jendez gainezka dago. Mobilizazio jendetsuaren antolatzaileak —Valentziako denetariko gizarte mugimenduak eta Herrialde Valentziarreko Ekintza Kulturala erakundea— manifestua irakurtzen hasi dira, baina nekez entzun daiteke deus, oihuak eta txaloak dira nagusi: «Mazon, dimititu». Manifestarien oihua hau izan da: «Mazon, dimititu». BIEL ALIÑO / EFE «Valentziako Gobernua ez dago herritarren interesak babesteko, enpresariei laguntzeko baizik», erran du Maite Fontanak, Nova Muixeranga d’Algemesi elkarteko kideak, gobernuak euriteen aitzinean izandako jarrerari aipamen eginez. «Herria abandonatu dute». Gehitu du boluntarioei esker egin ahal izan diotela egoerari aurre, eta pertsona horiek «baldintza tamalgarrietan» egin behar izan dutela lan. Horregatik guztiagatik, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa eskatu dute. Espainiako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute, erranez ez duela erakutsi egoerari aurre egiteko gaitasunik. Egoerari erantzuteko neurriak har daitezela eskatu dute, eta migratzaileak ere gogoan izan ditzatela. Txalo artean hartu dituzte hitzok, eta, jarraian, manifestazioa amaitu dela iragarri dute mikrofonoetatik. Baina neska batek mikrofonoa hartu du, bera eta bertze hainbat «zero eremutik» datozela eta kaltetu guztien izenean solastatu nahi zuela erranez. «Gobernua ez dago guri mesede egiteko», erran du irmo. Gizarte politiketan aldaketak egin behar direla aldarrikatu du, eta klima aldaketa kontuan hartzeko araudiak egiterakoan. Mazonen dimisioa eskatu dute, eta bermatu dadila kaltetu guztien etxebizitzarako eskubidea. Uholdeek hartzeko arriskua dagoen lekuetan etxerik ez eraikitzeko, eta hezkuntzan eta osasun arloetan inbertitzeko ere eskatu dute. «Mazon, dimititu» oihuka eta txaloka hartu dute bertaratuek diskurtsoa. «Herriak bakarrik salba dezake herria», diote manifestariek, plaza husten duten bitartean.