Epaileak artxibatu du Osakidetzaren 2016-17ko Lan Eskaintza Publikoaren ustezko filtrazioen auzia. Epaitegiko titularraren ustez, “ez dago legez kontrako delitua egin izanaren arrazoizko zantzurik”, bi ikertuen kasuan izan ezik, horien auzia behin-behinean artxibatu baita.
Osakidetzak 360 profesionalekin indartuko du Lehen Mailako Arreta. Halaber, 120 milioi inbertituko ditu osasun zentroetan, eta Lan-eskaintz publiko baterako deialdia egingo du, lehiaketa bidez, betetzeko zailak diren lanpostuetarako.
«Eusko Jaurlaritzari dagokio mugitzea; guk argi esan dugu zein den gure motibazioa: norabide politikoa aldatzea, eta herritarrak baldintzatzen dituzten arazoei konponbideak ematea». Horrela mintzatu da Nerea Kortajarena EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea aurrekontuen negoziazioez. Azaldu du biharko eguna «aukera paregabea» dela «herritarren beharrekin konektatzeko, konponbidea emateko etxebizitzaren arazoari, eta lana eta prekaritatea ez daitezen sinonimo izan». Hortaz, haren irudiko, Eusko Jaurlaritzari dagokio «akordio politikorik nahi duen erabakitzea». Izan ere, bihar 09:30etik aurrera 2025erako EAEko Aurrekontu Orokorrei buruzko legearen proiektuaren zuzenketa partzialen eztabaida eginen dute Eusko Legebiltzarrean. Kortajarenak erran duenez, mahai gainean egonen dira «herritarrekin konektatzea ahalbidetuko duten proposamenak», eta alderdiek aukera izanen dute horien alde bozkatzeko. Gehitu du Arabaren adibideak erakusten duela EH Bildu akordioetan egon daitekeela «borondate politikoa badago»; astelehenean lortu zuten oinarria, eta gaur berretsi dute oinarriek. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren gobernuak PPren edo EH Bilduren babesa behar zuen, EAJ eta PSE-EE gutxiengoan gobernatzen ari baitira. Erran du koalizio subiranistaren proposamenek etxebizitzaren eta lanaren alorretako arazoei erantzun nahi dietela, eta orain Jaurlaritzari dagokiola «mugitzea». «Gure akordiorako borondatea argi gelditu da». Negoziazio prozesu luzea Astearte honetan, PPk, Sumarrek eta Voxek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak atzera bota zituen Eusko Legebiltzarrak, eta EH Bilduk negoziatzen jarraitzeko bidea zabalik uzten zuelako mezua helarazi zuen. Aurrekontuen behin betiko bozketa hilaren 20an izango da, baina Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren lehen aurrekontuak ez dira kolokan egon inoiz ere, EAJren eta PSE-EEren artean gehiengoa baitute ganberan. «Gure abstentzioak bidea eman nahi du funtsezko akordioetara iristeko bi gai oso garrantzitsutan: etxebizitza eta gutxieneko soldata. EH Bildu mugitu egin da eztabaida honetan; orain, gobernuari tokatzen zaio». Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea oso argi aritu zen osoko bilkura hartan, koalizio subiranistaren eta gobernuaren arteko negoziazioaren pilota azken horren teilatuan zegoela helarazita. Halaber, negoziazio horietan aurrerapausoak eman direla adierazi zuen, Jaurlaritzako Ogasun Sailburu Noel D’Anjouk: «Bi aldeen jarrerak eta esfortzuak fruituak eman ditu». Urriaren 25ean aurkeztu zuen 2025eko aurrekontu proiektua Jaurlaritzak. Pradales lehendakariak azaldu zuen zerbitzu publikoak «indartzea» eta industriari bultzada ematea duela helburu. 5.728 milioi euroko aurrekontu proiektua da mahai gainean dagoena, iaz baino 703 milioi gehiago (+%4,7). Osasun Sailak 5.000 milioi baino gehiago izango ditu gastatzeko; horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar bakoitzeko osasun gastua 2.300 eurotik gorakoa izango da aurrenekoz. Proiektua aurkeztu eta negoziazioak abiatu zituen D’Anjou sailburuak oposizioko taldeekin. Baina lehen sorta baten ostean, negoziazio horiek emaitzarik gabe bukatu ziren PPren eta Sumarren kasuetan. Sumarrek 755 milioi euroren zuzenketak aurkeztu zituen hasieran, baina, gero, osoko zuzenketa iragarri zuen, baita PPk ere; biak ere baztertu egin dituzte astearte honetan, Gasteizko ganberan, eta EH Bildu geratu zen gobernuarekin akordioa egiteko aukera zuen oposizioko talde bakar gisa; alegia, ganberako legebiltzarkide gehien dituena, EAJren pare.
FIFAk berretsi du 2030eko Munduko Kopa Portugalek, Espainiak eta Marokok antolatuko dutela elkarrekin. Halaber, jakinarazi du Saudi Arabian jokatuko dela 2034koa. Oraindik ez dute argitu udan edo neguan jokatuko den. Baina litekeena da neguan jokatzea, Qatarren geratu bezala. Ia aho batez onartu dute izendapena FIFAko hautaketa batzordea osatzen duten 211 kideek. Norvegiako ordezkaria izan da aurka agertu den bakarra, Saudi Arabian gertatzen diren giza eskubideen urraketa tarteko. 2022an Qatarren jokatu zen Munduko Koparen aurka ere protestak izan ziren. Baina FIFAk izendapenari eutsi zion, eta txapelketan izan ziren protestak ere isilarazten saiatu zen. Besteak beste LGTBI kolektiboaren eskubideen alde egin ziren elkarretaratzeak isilarazi zituen. Gianni Infantino FIFAko presidenteak atzo adierazi zuen, kontuan hartzen zuela Norvegiaren kexua, eta bere garaian erantzungo diola. Baina oraingoan ere zail dirudi atzera egitea erabakitzea. Saudi Arabian jokatu den Munduko Kopan 48 selekzio arituko dira lehian, inoizko gehien. Hautagaitzak azaldu duenez, 15 estadiotan jokatuko da, eta horietatik 11 berriak izango dira. Egoitzak hauek izango dira: Riad, Jeddah, Khobar, Abha eta Neon. Azken hori Saudi Arabia herrialdearen ipar-ekialdean, Sinaiko penintsularen parean, eraikitzen ari den hiri ekonomiko-teknologiko berria da.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak jarraitzen du orekari jardunean, nahiz eta gero eta zailago zaion sokan irautea. Kongresuan behin eta berriz derrigorrezko du PPrenak eta Voxenak ez beste talde guztien botoak bereganatzea, eta, orain arte oztopo handienak gainditu baditu ere, badirudi mugarri bat iritsi dela energia konpainien gaineko zergapetzearekin. Gai hori izango ote da soka tenkatu eta Sanchezi sostengua kenduko diona? Giroa nahastu du, behintzat. Gaur arratsaldean, bilera egin dute Espainiako Ogasuneko ordezkari sozialistek, Sumarreko gobernukideek eta Sanchezen ezkerreko beste bazkideek: Podemosek, ERCk eta EH Bilduk. Han adostu dute, berriz ere, lege dekretu bidez luzatu egingo dutela energia konpainien gaineko tributu bereziaren indarraldia, zeina 2024. urtearekin iraungiko den. Hori bai, gauzak asko aldatzen ez badira, lege dekretuak ez du behar besteko babesik izango Kongresuan haren berrespena bozkatu behar denean, dagoeneko jakina baita EAJk eta Juntsek ezetz bozkatuko dutela. Bi alderdiak ez dira bileran izan. El PNV nunca dijo que iría a esa ‘comisión’. Esto dijo el PNV el 21-N. Pueden dar fe más de 170 periodistas que recibieron este mensaje a las 13:36 de ese día. Que digan ellos y ellas si miente @AITOR_ESTEBAN o si quien falta a la verdad (y al respeto) es @ionebelarra. https://t.co/9JJhWPHDEP pic.twitter.com/xg4rrHOjre — Grupo Vasco (EAJ-PNV) Congreso (@EAJPNV_Congreso) December 11, 2024 Bileraren aurretik, Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak adierazpenak egin ditu, Aitor Esteban jeltzaleari leporatuz Repsoleko Josu Jon Imazek ez diola utzi bilerara joaten, «horretarako konpromisoa hartu bazuen ere». EAJk gogor erantzun dio alderdiak inoiz ez duela esan negoziazio horretara joango zenik, eta gaineratu du Belarra ez zela egia esaten ari. Lehenago, Aitor Estebanek adierazi du bilera hori «plantak egiteko» zela, «batez ere Podemosek plantak egiteko». Kongresuko ika-mika puntualak gorabehera, gobernuak ia ezinezkoa izango du EAJ lege dekretuaren alde jartzea, besteak beste, lege dekretuaren bide horrek eragotzi egiten duelako zergaren kudeaketa hiru aldundietara eta Nafarroako Gobernura ekartzea. Eta bileran izan ez den beste alderdia, Junts, gero eta gogorrago ageri da gobernuaren aurka. Energia konpainien gaineko zergari buruz, lehen eta orain esan du ez duela onartuko enpresa horiek Katalunian egin asmo dituzten inbertsioak arriskuan jarriko dituen zergarik. Repsolek, adibidez, inbertsio handiak aurreikusi ditu Tarragonako portuan. Akordio bateraezinak Azaroan, Ogasun Ministerioak Juntsekin akordio bat egin zuen, non adosten zen zergapetzetik kanpo geratuko zirela energia enpresek deskarbonizazioan egiten zituzten inbertsioak —ERC, Bildu eta BNGrekin zergaren luzapena adostu ostean, eta Podemosekin negoziazio mahai bat osatzea hitzartu eta gero—. Deskarbonizazioaren baldintza hori izan daiteke Sanchezi gai honetan irtenbidea topatzeko geratzen zaion giltza. Eta bitartean, gobernuaren argudioa da tramitatzeko denbora gehiago eskatzen duen lege batean jaso asmo duela energia konpainien gaineko beste zerga bat, orain arteko tributua ordezkatzera etorriko litzatekeena. Edonola ere, eskuinetara eta ezkerretara gobernuaren sokari eusten dioten bazkideak gero eta urrunago ditu Pedro Sanchez orekariak.
COFIDES sozietateak enpresaren itxiera “eragiteko” hartutako erabakiari buruz EH Bilduk egindako galderari erantzunez, “epe luzerako plan bideragarria eta errealista” lortzeko deia egin du Ekonomia ministroak.
Segurtasunari buruzko gaiek garrantzi handia izan dute Realak gaur Donostiako Kursaal jauregian egin duen akziodunen batzar nagusian. Horren erakusle da Jokin Aperribai klubeko presidenteak gai horri buruz hizketan ekin diola batzarrari. «Pertsonen segurtasunari buruz hitz egin nahi dut lehenbizi. Haiek dira gure lehentasun nagusia. Azken urtean hartu ditugun neurriek pertsonen segurtasuna handitzea dute helburu», esan du haren hitzaldia hasi bezain laster. Istiluak izan dira Realak azkenaldian Anoeta estadioan jokatu dituen Europa ligako partidetan. Larrienak duela bi hilabete gertatu ziren, talde txuri-urdinak Anderlechten aurka jokatu zuen neurketan. Belgikako taldearen ultra batzuek eserlekuak, kristal zatiak eta beste hainbat gauza jaurti zituzten etxeko zaleen harmaila batera. Epaileak une batez geratu egin zuen neurketa, baina ez zuen erabat eteteko erabakirik hartu. Istiluen harira, bost belgikar atxilotu zituen Ertzaintzak. Aperribaik azaldu duenez, egun horretan gertatu zena izan zen Anderlechteko ultra horiek kanpoko taldeen zaleen eremuak duen metakrilatoa puskatu zutela, eta zuloa egin zutenean, handik aulki zatiak botatzen hasi zirela. Horrelakoak berriro ez gertatzeko, Realeko presidenteak azpimarratu du «gero eta segurtasun neurri gehiago» hartzen ari direla. Hala ere, zehaztu du Ertzaintzaren protokoloak «hobetu» egin behar direla. Hain zuzen, istilu horietako batean, Realak eta Paris Saint Germainek martxoaren 5ean Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian, buruan larri zauritu zuten Amaya Zabarte gipuzkoarra, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz. Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen ustez, eta, gainera, kaleratu diren pasarte horretako irudiek islatzen dute ertzain batek ostiko bat eman ziola 44 urteko emakumeari, lurrean zegoela, haren albotik igaro zenean. Zabarte sakelakoarentzako estaldura bila zebilen, Errondo pasealekuko errepide arteko lorategi estuan, inolako istilutan parte hartu gabe; baina ospitalean bukatu zuen, buruan kolpe latz batek eragindako zauri larriarengatik, eta haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion. Familiak jarritako salaketak ez zuen aurrera egin, ordea, eta Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuen. Familiaren abokatu Iker Sarriegik, orduan, helegitea jarri zuen, gerora ezagutu diren irudi argigarriak mahai gainean jarrita eta oldarraldia bertatik bertara ikusi zuten lekuko batzuen testigantzak aintzat hartzeko eskatuz. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak aintzat hartu zuen, eta auzibidea zabaltzeko agindu zuen. Gaur, Joseba Novoa haren senarrak hitz egin du galderen eta eskaeren txandan, eta esan du eskertu egiten duela Aperribaik familiari egindako telefono deiak, baina salatu egin du Realak ez duela publikoki kondenatu gertaera hori, eta ez duela kritikatu Ertzaintzak egun horretan egindakoa. «Dezepzioa hartu dugu, eta triste gaude, kluba maite dugulako eta bigarren mailako biktima sentitzen garelako. Ertzain baten ordez beste talde bateko ultra bat balitz berdin jokatuko zen? Bihotz-bihotzetik hau da sentitzen dudana», aitortu du. Aperribaik erantzun egin dio, eta esan du ez zutela sentitu komunikazio publiko bat egin behar zutela, «gertu egoteko beharra» baizik. «Egun horretan istilu gehiago izan ziren, baina ezin dira alderatu Amaiari gertatutakoarekin, harena oso larria izan baitzen. Ertzaintzarekin hitz egin dugu, eta erantzukizunak eskatu dizkiogu. Erantzungo digutela esan digute. Joseba seguru egon daiteke ez nituela nire hitzak neurtu esan nuenean gertaerak sentitzen nituela. Gure asmoa familarengandik gertu egotea eta Ertzaintzari egoera argitzeko eskatzea izan zen. Joseba seguru egon daiteke gertaerak argitzeko exijituko dugula». Amara Berri auzoko bizilagunak ere kexu dira Realaren partidek trabak eragiten dizkietelako, eta horren harira, Aperribaik azaldu du taldeari egiten dizkieten ongietorriak sustatu nahi dituztela, baina aldi berean horiek auzoan izan ditzaketen eragina zaindu nahi dutela. Hala, esan duenez, klubeko ordezkariak Amara Berriko auzo elkartearekin bildu ziren atzo, eta bilera horretan agindu zieten ongietorriak beste eremu batean egingo dituztela. Errondo pasealekutik etortzen zen orain arte taldearen autobusa, baina hemendik aurrera ospitaleen eremutik jaitsiko da, eta Anoetako instalakuntzetatik bira egin ondoren, taldeak sartzen diren atean geldituko da. «Uste dugu horrela inpaktu gutxiago izango duela Amaran», adierazi du Aperribaik. Anoeta handitu nahi dute Realak 38.836 bazkide ditu, eta estadioan 39.977 ikusle sartzen dira. 4.768 RS Fans eta 5.815 pertsona daude bazkide egiteko itxaron zerrendan. Presidenteak jakinarazi duenez, Gabonetan edo urte hasieran horietako batzuk bazkide izateko aukera izango dute. Horri lotuta, klubak asmoa du ikusle kopurua handitzeko: 2.070 gehiago sartuko lirateke; hau da, 42.247 lagunek izango lukete tokia. Horretarako,obra egingo lukete. Oraindik ez dute lizentzia, baina bai aurrekontua: 10,6 milioi euro. Diru kontuei dagokienez, akziodunek ia aho batez onartu dituzte bai aurreko denboraldiko kontuak —%99,87k eman dute baiezkoa—, baita denboraldi honetako aurrekontua ere —%99,84k—. Aurreko sasoian, klubak 181,8 milioi euro jaso zituen, inoiz baino gehiago. Txapeldunen Liga jokatu izanak zerikusi handia izan zuen horretan, 47 milioi euro jaso baitzituen parte hartzeagatik eta lehiaketan taldeak lortutako emaitzengatik. Aldiz, 180,6 milioi euro gastatu zituen. Soldatak ordaintzeko erabili zuen diru gehien: 103 milioi. Guztia kontuan hartuta, 1,2 milioi euroko irabazia izan zuen. Reala Europa ligan ari da denboraldi honetan, hau da, lehiaketa apalago batean, eta horren ondorioz, klubak diru gutxiago jasoko du, bai Europako lehiaketetan parte hartzeagatik —47 milioi beharrean, 22—, baita telebista eskubideengatik ere —78 beharrean, 69—. Hala, aurrekontu txikiagoa izango du sasoi honetarako: 149,6 milioi eurokoa, iaz baino 32,2 milioi gutxiago. Hala ere, klubak irabazia aurreikusi du: 1,5 milioi eurokoa. Iaz, klubak kuotak igo zizkien bazkideei. Aurten, aldiz, eutsi egingo die. Kirol arloaz, berriz, esan du klubak «europarra izateko eta tituluak irabazteko ilusioa» duela. Roberto Olabe futbol zuzendariaren eta Imanol Alguacil entrenatzailearen lana goraipatu du. «Haiek iritsi direnetik taldea gai da hiru egunetan behin lehiatzeko». Adierazi duenez, ez daki zein postutan bukatuko duten denboraldia, eta ez dio gehiegi axola, baina «ilusioari, anbizioari eta exijentziari» eutsi behar diote. «Horiek eman behar digute indarra». espainiako kopako partiden datak zehaztu dituzte Osasunak, Realak eta Athleticek badakite noiz jokatuko dituzten Espainiako Kopako final-hamaseirenetako partidak. Gorritxoak urtarrilaren 4an ariko dira Teneriferen zelaian, 16:30ean. Txuri-urdinek eta zuri-gorriek, berriz, urtarrilaren 5ean jokatuko dute: Reala 15:30ean ariko da Ponferradinaren zelaian, eta, Athletic, 21:00etan, Logroñesenean.