Israelen jardutea debekatu diote UNRWAri
Israelgo Parlamentuak (Knesset-ek) bi lege bat onartu ditu gaur UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari Israelen jardutea debekatzeko. Hortaz, NBE Nazio Batuen Agentzia horrek ezinen luke Gazako laguntza humanitarioaz arduratu, ezta zerbitzurik eman ere Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. Adnan Abu Hasna UNRWAren hedabideetarako aholkulariak Al-Jazeera kateari adierazi dio «aurrekaririk gabeko» erabaki bat dela, eta horren ondorioz Gazako «prozesu humanitarioa eraitsi» egingo duela Israelek. Juliette Touma UNRWAko bozeramaileak, berriz, AFP agentziari esan dio «onartezina» dela «Nazio Batuen kide den estatu batek lan egitea Nazio Batuetako agentzia bat desegiteko, eta, gainera, agentzia hori denean Gazan laguntza humanitario gehienaz arduratzen dena». 1967ko hitzarmena bertan behera UNRWA 1949an sortu zuen NBEren Batzar Orokorrak, Israelgo Estatuaren aldarrikapenak eragindako palestinarren exodoari erantzuna emateko. Israelek, berriz, 1967an egin zuen akordioa UNRWArekin, Sei Eguneko Gerran Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea okupatu ondotik, agentzia arduratu zedin palestinarrei oinarrizko zerbitzuak bermatzeaz. Orain, Knesset-ek bertan behera utzi du hitzarmen hori. Atzerritik Gazara edo Palestinako lurralde okupatuetara iristeko bide bakarra Israeletik joatea da. Knesset-ek onartu dituen legeekin, ordea, UNRWAko langileei bisak ukatuko dizkiete. Adalah Israelgo giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, hiru hilabeteko epean sartuko dira indarrean gaur onartu dituzten legeak. Hilabete honetan urtebete egin du Israelek Gazaren kontrako gerrari ekin zionetik, eta palestinarren genozidioa hasi. Hamasek eta beste milizia batzuek Gazatik atera eta Israelen egin zuten eraso bati eman zion erantzuna izan zen. 1.200 israeldar inguru hil zituzten miliziek iazko urriaren 7an; Israelek, berriz, ia 43.000 palestinar hil ditu Gazan orduz geroztik, eta lurraldeko azpiegitura zibil ia osoa suntsitu du. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak aspalditik begietan hartua du NBE, eta, bereziki, UNRWA, palestinarrei ematen dien laguntzarengatik —zuzenean Hamasi laguntzea leporatzen die Netanyahuk—. Agentziaren kontrako gurutzadan orain arte hartu duen neurririk larriena da gaurkoa.
