Nafarroako Gobernuak 5.986 milioi euroko gastu-mugarekin onartu du aurrekontuen aurreproiektua. Ekonomia eta Ogasun kontseilari Jose Luis Arastik aurreproiektu horren xehetasun esanguratsuenak azaldu ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoan eremu tentsionatu izendatzen dituzten udalerrietako udalei eskaera luzatuko die Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, besteak beste, etxebizitza hutsen gaineko kanona aplikatu dezaten.
Israelgo armada gero eta indar gehiago jartzen ari da Libanon, baina jarraitzen du, azken urtean egunero egin bezala, Gazari gupidarik gabe eraso egiten. Ohiko bihurtu ditu errefuxiatu eremuen aurkako bonbardaketak ere, eta, horietako batean, gutxienez 28 pertsona hil ditu gaur, eta 50etik gora zauritu, Gazako iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Zerrendaren erdialdean izan da, Deir al-Balah-n, Israelen setioaren ondorioz desplazatuentzako aterpe bihurtutako eskola batean. Eta Washingtonek Israeli belarrietatik tira egin eta ordu batzuetara heldu da erasoa. Linda Thomas-Greenfield AEBek Nazio Batuen Erakundean duten enbaxadoreak atzo azpimarratu zuen, erakundearen Segurtasun Kontseiluan, zibilak zerrendan pairatzen ari diren «egoera katastrofikoaz» arduratu behar duela Tel Avivek. «Duela hilabete batzuk aurreikusi zen, eta oraindik ez zaio heldu horri. Horrek berehala aldatu beharra dauka». Hain zuzen, Israelek aliatu ditu AEBak, eta haien babesarekin ari da egoera hori sortzen. Israelek berak gaur adierazi du, ohar batean, azken 24 orduetan 50 miliziano hil dituela Jabalian, zerrendaren iparraldean. Joan den igandean, eremu horren aurkako erasoaldia gogortu zuen, argudiatuta zerbitzu sekretuek baieztatu dutela Hamaseko kideak daudela han. Iazko urriaren 7an Israelek Gazako setioa hasi zuenetik, hirugarren aldiz ari da lurretik operazio militar bat egiten zerrendaren iparraldean. Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak atzo ohartarazi zuela han 400.000 palestinar inguru daudela harrapatuta. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuek diote hamar lagunetik bat desplazatua dela Gazan: 1,9 milioi herritar inguru. Azken urtean 42.000 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek han, Gazako iturri ofizialek diotenez. Min «ahalik eta txikiena» Libano hegoaldea eta ekialdea bonbardatzen segitzen du Israelek, eta eraso horiek gutxienez hamabi hildako eragin dituzte, Libanoko iturri ofizialek gaur adierazi dutenez. Gainera, arratsaldean, Beirut erdigunean ere egin du aire eraso bat Tel Avivek eta hartan, gutxienez, beste hemezortzi lagun hil dtuzte. Hezbollahk ohar baten bidez esan duenez, Israel iparraldean armadak dituen posizio batzuk bonbardatu ditu, horretarako suziriak baliatuta. AEBen ustez, Hezbollahri eraso egiteko zilegitasuna du Israelek. Hori bai, Etxe Zuriak ohar batean azpimarratu duenez, Joe Biden AEBetako presidenteak Benjamin Netanyahurekin hitz egin zuen atzo, telefonoz, eta adierazi zion «beharrezkoa» dela Libanoko «zibilei eragindako mina ahalik eta txikiena» izatea. Iranek babestutako talde bat da Hezbollah, eta Iranek 200 misil inguru jaurti zituen Israelera urriaren 1ean, Hassan Nasrallah talde horren liderraren hilketari erantzunez —Israelek hil zuen—. AEBek ontzat jotzen dute Tel Avivek eraso horri erantzutea, baina eskatu dute «mugatua» izan dadila erantzun hori. «Hilgarria eta zehatza» izango da, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak atzo gauean kaleratutako bideo batean ohartarazi zuenez, eta «ezustean» iritsiko da. Bestalde, Al-Jazeera telebista kateak Israeli egotzi dio nahita egitea kazetarien aurka. Qatarko hedabide horrek ohar bat kaleratu du, eta jakinarazi Israelgo soldaduek beren kameralari bat larri zauritu zutela atzo Jabalian, eta beste komunikabide bateko kazetari bat hil.
Austeritaterako urratsa egin du Frantziako Gobernuak. Haren aurrekontu proiektuaren muina da heldu den urtean 60.000 milioi euroren zuloa estali nahi duela, eta zergak handituko ditu eta gastu publiko gutxituko du horretarako. Defizit publikoa BPGaren % 5era jaitsita, finantza merkatuak baretu nahi ditu Parisek, azken asteetan urduri azaldu baitira Frantziaren kontu publikoen egoera txarrarekin. Iragan astean, Michel Barnier lehen ministroak ziurtatu zuen ahaleginaren bi heren etorriko zirela gastu murrizketatik eta beste herena zerga igoeretatik, baina HCFP Finantza Publikoen Kontseiluak, aurrekontua aztertu ondoren, beste kalkulu bat egin du: %70 ekarriko dute zergek, eta %30 gastu murrizketek. Urtean 250.000 eurotik gora irabazten duten zergapekoek —500.000 eurotik gora bikoteen kasuan— gehigarri bat ordaindu beharko dute errenta zergan hurrengo hiru urteetan. Enpresei dagokienez, 1.000 milioi eurotik gora fakturatzen duten 400 enpresa handienek tasa berezi bat ordainduko dute sozietate zergan, eta guztiek gizarte kotizazio handiagoak ordainduko dituzte. Zerga berri bat ere izango da, enpresek beren akzioak erosten dituztenean ordaindu beharrekoa. 2023az geroztik hala egiten dute AEBetan ere. Enpresek haien akziodunei irabazi gehiago banatzeko praktika bat da. Izan ere, erositako akzioak desagertzen direnez, beste akziodunei irabazien zati handiagoa dagokie, eta, gainera, akzioen balioak gora egin ohi du. Auto kutsagarrienek ordaintzen duten tasa handitu egingo da, baita hegaldien gaineko tasa ere. Erretreta hartuko duten langile publikoak ez ordezkatzea izango da gastua txikitzeko neurrietako bat. Urtebetean 2.200 gutxiago izango dira, eta, batez ere, hezkuntzan eta enplegu bulegoetan antzemango dute; armadan eta justizian, ordea, gora egingo dute. Neurri deigarriena, ordea, pentsioen eguneratzea sei hilabetez atzeratzea izango da, uztailaren 1eraino. Halaber, ministerioek diru gutxiago izango dute gastatzeko, eta tokiko erakundeen finantzaketa ere jaitsi egingo da. Gehiago etorriko dira Gerrikoa estutzeko lehen saioa izango da, baina ez azkena. Barnierrek agindu du 2029an iritsiko dela defizita Europako Egonkortasun Itunak finkatzen duen maila gorenera, %3ra. Aurreko gobernuak 2027rako egingo zuela esan zuen, baina azken bi urteetan zerga bilketak emaitza kaskarrak eman ditu, eta, murriztu beharrean, %7era iritsiko litzateke 2025ean ezer egin ezean. Lau puntuko jaitsiera, dirutan, 120.000 milioi euro dira. Dirutza da hori, batez ere kontuan hartuta Frantziako Errepublikaren kontu publikoen arazoa egiturazkoa dela: 1970eko hamarkadaz geroztik urtero izan du defizita. Azken urteetan, COVID-19aren pandemiari aurre egin behar izateko neurriek eta inflazio handiaren kaltea arintzeko hartutakoek puztu dute defizita, eta aurreko gobernuak izoztutako gastuek ez dute egoera onbideratu. Defizit hori zor publikora gehituz doa, eta hori eragiten ari da Frantzia izatea bere zor publikoa handitzen duen EBko kide bakanetakoa. Aurten BPGAren %113ra iristekoa da, eta %115era datorren urtean. Konparazioa egiteko, Espainiaren eta Frantziaren zorrak parekatuta zeuden 2022an, %111n, baina Espainiarena %100era gerturatuko da hurrengo urteetan, defizit txikiagoa espero delako —%3tik beherakoa aurten bertan— eta hazkunde ekonomiko handiagoa izango duelako. «Herrialdea zamatzen duen benetako Damoklesen ezpata haren zor publiko kolosala da», esan zuen Barnierrek joan den astean, bere gobernuaren politikaren ildo nagusiak aurkeztu zituenean. Merkatuen presioa zuen buruan Barnierrek adierazpen hori egin zuen egunean. Azken asteetan gora egin du arrisku sariak, inbertitzaileek gero eta zalantza gehiago dituztelako Frantziak bere zorra itzultzeko gaitasunari buruz. Inbertitzaile zuhurrenak Frantziaren zorra saltzen aritu dira, eta, horren ondorioz, %3tik gorako interesa ematen du Frantziako hamar urteko bonuak, eta Espainiakoaren pare jarri da. Oso ezohikoa da hori, historikoki Frantziak Espainiak baino gutxiago ordaindu duelako bere burua finantzatzeko, herrialde fidagarriagoa zelako merkatuentzat. %3ko interesak ordaindu behar izateak zailago egiten du zorra murrizteko dirua aurkitzea, baina neurri batean eramangarria da. Benetako arriskua beste bat da: urduritasuna hedatzea merkatuetan, eta Greziarekin eta beste batzuekin 2010eko hamarkadan gertatutakoa gertatzea, hots, kopuru neurrigabe batzuetara iristea. 49.3 artikulua Barnierren gobernuarentzat, kontu publikoak onbideratzea bezain lan zaila izango da bere neurrietarako babes politikoa lortzea. Ezkerrak ez dio arnasarik emango, Asanbleako talde nagusia izanik, legitimitatea ukatzen diolako Barnierri. Baina arazo nagusia etxe barruan du lehen ministroak: macronistak, gobernuaren babes nagusia izanagatik, egurra eman diote azken egunotan, argudiatzen baitute zerga igoerek kolokan jartzen dutela Emmanuel Macronen agintaldiaren ildo nagusia, hots, zergak jaistea jarduera ekonomikoa biziberritzeko. Gauzak horrela, oso litekeena da 2025erako aurrekontua aurrekoen bide beretik joatea eta Frantziako Konstituzioaren 49.3. artikuluaren bidez onartzea. Hau da, bozketarik gabe. Erabaki horrek zentsura mozioei atea irekiko die, baina hori gainditzeko nahiko babesa du Barnierrek, aste honetan bertan ikusi denez; RN eskuin muturrak ez du babestu ezkerraren zentsura mozioa.
Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea eginen du larunbat honetan, 11:00etan, Baionako herriko etxearen aitzinean. Izan ere, bi emazteren salaketa jaso dute, azalduz herriko etxean lan egiten duen gizon batek jazarri eta tratu txarrak sufriarazi dizkiela. «Babes osoa» azaldu diete gizonezkoaren bi biktimei, eta protestan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. «Ozen erran nahi dugu: Aski da! Eraso bakoitza gehiegizkoa da, eta horregatik erantzun kolektibo bat eman nahi diogu», adierazi dute ohar batean. Baionako Herriko Etxeak ez du oraingoz erantzun ofizialik eman nahi izan aferari buruz. BERRIAk jakin ahal izan duenez, urri hasieran epaitu zuten herriko etxeko langilea, haren bikotekide ohi batek emandako salaketaren ondorioz. Beste bikotekide ohi bat parte zibil gisa ezarri zen. Epaiketan, 2018 eta 2022 artean bikotekideari bortizkeria fisiko, psikologiko, sexual eta ekonomikoak jasanarazi izana leporatu zioten gizonezkoari. Epaileak erruduntzat jo zuen, eta bikotekidearenganako ohiko bortizkeriagatik hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion; horietarik bi, baldintzapekoak. Halaber, bi urtez proban ematea erabaki zuen. Urruntze agindua ezarri zion —bi emakumezkoen etxera joateko eta haiekin kontaktuan sartzeko debekua du—, artatzeko obligazioa du, eta hainbat mila euroko kalte ordainak eman beharko dizkio biktimetako bakoitzari. Herriko etxeko lan eremuan ere, izan hitzetan, izan jarreretan, gizonezko horrek erakutsi duen «bortizkeria» aipatzen duten lekukotasunak jaso ditu BERRIAk. Gizonezkoak erakutsi duen «mespretxua», inposatu izan duen «botere harremana» eta agertu duen «manipulazioa»; «jazarpen» jarrera, funtsean. BERRIAren informazioaren arabera, herriko etxeko zerbitzuak egoeraren jakitun daude. Haatik, prentsa zerbitzuak erran du giza baliabideetan ez dutela halako salaketa batzuen berri, eta ez dela prozedurarik engaiatua izan. Gizonezkoak Baionako Auzitegian jasotako zigorra azpimarratu du mugimendu feministak. «Gutxitan izaten dira halako kondenak», esplikatu du Aña Iriartek. «Hala ere, ez da aski. Gizarte aldaketa ezinbestekoa da». Larunbateko elkarretaratzean biktimei babesa adierazteaz gain, gizonezkoek gizartean duten rola galdekatzeko asmoa ere badutela erran du. «Gizon guziak dira erasotzaile potentzialak». Horrez gain, herriko etxeari ere dei eginen diote: «Galdera eginen diegu ea zer egiteko asmoa duten. Erakunde publikoek ere badute ardura gu babesteko». Bortizkeria gehiago Egunkari honek jasotako informazioen arabera, urri hasieran izandako epaiketa ez da aipatu gizonezkoak izan duen bortizkeria jarrera bakarra. Ikasturte hasieran iskanbila izan zuen Baionako haurtzaindegi batean, eta langileei oldartu zitzaien, adierazpen bortitzak izanez. Haurtzaindegiko arduradunek ez zuten salaketarik jarri, baina gertatutakoa seinalatu zioten Frantziako Poliziari.
Gipuzkoako taxi zerbitzua ez dela kalitatezkoa eta urtez urte arazoa areagotzen ari dela salatu dute, euren negozioen kaltetan. Besteak beste, arazoaren atzean taxi falta dagoela uste dute.
Estatuaren indarkeriaren biktimak Gogora institutuko zuzendaritza kontseilutik kanpo geratu dira. Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Instituturako bost kide independente izendatu berri dituzte, eta hautagai bat bazterrean geratu da