Realak hutsean berdindu du Getafen
Ez dira asko izango Getaferen eta Realaren arteko gaurko partidaz gozatu duten zaleak. Txuri-urdinek puntu bat eskuratu dute Alfonso Perez Coliseumean, joko eskasa eginda eta, neurketako zenbait unetan, sufrituta. Imanol Alguacilen taldeak baditu etxeko lanak bi asteko etenaldirako. Hamaikakoan berrikuntza nagusia Jon Mikel Aranburu izan da. Gainontzean esperotakoak zelairatu ditu Alguacilek, baina partidan zehar arazo fisikoengatik aldatu behar izan ditu Brais Mendez eta Hamari Traore. Igor Zubeldiak ere lehen zatia soilik jokatu du. Itzuli dira lesioenatuta izan diren Ander Barrenetxea eta Aihen Muñoz, eta debuta egin du Orri Oskarssonek, Realaren azken fitxaketetako batek. Bestea, Nayed Aguerd, ez da deialdian sartu arazo burokratikoengatik. Partidaren inguruan, kontatzeko gutxi. Pase gehien egin dituen Realeko jokalaria Alex Remiro izan da, txuri-urdinek oso gutxitan lortu baitute Getaferen areara gerturatzea. Aukerarik onena Umar Sadiqek izan du lehen minutuetan, baina ez du errematatu Sergio Gomezen erdiraketa ona. Kataluniarra izan da donostiarren taldeko onena. Getafek sortu ditu arrisku egoerak, bereziki bigarren zatian, baina Alex Remirok ez du lan askorik izan. Irailaren 14an Real Madril jasoko du Realak Reale Arenan. Gauzak hobeto egin beharko ditu punturen bat eskuratu nahi badu.
