Garaipenen marka historikoak itxaron egin beharko du. Aurtengo denboraldian hamabi garaipen daramatza Urdaibaik, eta TKE ligako garaipenen markatik bakarrera dago. Atzo lortu zuten hamabigarrena, eta gaur Zarauzko Ikurrina astinduta hautsi nahi zituzten erregistroak. Donostiarra sartu da, ordea, tartean. Torrekua II-k estropada gogoangarria egin du, eta atzo galdutako denbora berreskuratuta, bi jardunaldietako denborarik onena lortu du. Eurentzat izan da beraz, ikurrina. Ez da edozein ikurrina, Eusko Label Ligako preziatuena baita Zarauzkoa. Asteburuan gertatutakoak, gainera, agerian utzi du Kontxako Banderan ere edozer gerta daitekeela. Atzokoaren moduan, gaurko estropada ere ikusgarria izan da. Itsasoa lasaiago egon da bigarren jardunaldian. 400 metroren faltan Bou Bizkaia bi segundo eskasera gerturatu zaio Donostiarrari, baina azken txanpan sekulako lana eginda zazpi segundora zabaldu du tartea irabazleak. Atzetik, Hondarribia izan da hirugarren, atzo baino hobeto aritu den Orio laugarren eta Lekittarra bosgarren. Ligako bigarren sailkatua, Zierbena, zazpigarren izan da gaur. Datorren larunbatean Ondarroan (Bizkaia) izango dira traineruak.
Bai baina ez. Errekor historikoa lortu du Arraun Lagunakek aurtengo denboraldian, emakumezkoetan zein gizonezkoetan inork egin gabea zuena eginda: denboraldiko ikurrina guztiak astindu ditu Andrea Astudillo patroiak, 15etik 15. Azkena, gaur: atzoko eta gaurko estropadetako denborak batuta onena izan denez, Arraun Lagunakentzat izan da Zarauzko Ikurrina ere. Gaurkoak, ordea, disdira pixka bat kendu dio errekorrari: Tolosaldearena izan da ontzirik azkarrena bigarren jardunaldian eta, beraz, Lugañenenek ez ditu ligako estropada guztiak irabazi, gaur bigarren izan baita. Era batera edo bestera, izugarria da Juan Mari Etxaberen kuadrillak jarri berri duen marka. Emaitza horri esker, Tolosaldeak bigarren postua eskuratu du sailkapen nagusian. Denboraldi osoan lehia estua izan da Ramon Erostarberen nesken, Orioren eta Donostiarraren artean, eta horren erakusle da amaierako sailkapena. Lau puntu eskasekoa izan da hiruren arteko tartea: Tolosaldea bigarren izan da 96 punturekin, Orio hirugarren 94rekin eta Donostiarra laugarren 92rekin. Urrun, Arraun Lagunak txapeldunak 127rekin eta Hondarribia, bosgarrena, 69rekin. Denboraldiko azken estropada lehiatua izan da. Ohorezko txandan indartsu hasi da atzo bigarren izan zen Orio, baina minutuak pasa ahala indarra ahitu zaie horiei. Ziabogan, gainera, gaur lehen txandan aritu den Tolosaldearena zen markarik onena. Itzulerako luzean atzean geratu da Orio, eta nor baino nor aritu dira Donostiako bi traineruak. Ohiko moduan, Arraun Lagunak izan da indartsuena, baina gaurkoan ez du lortu Tolosaldearen denbora hobetzea. 11:15eko denbora egin du Tolosaldeak, 11:18 Arraun Lagunakek eta 11:20 Donostiarrak. Gainontzean, Hibaikak beste urtebetez Euskotren Ligan jarraituko duela berretsi du, Cabo da Cruzen play-offa jokatu beharko du mailari eusteko eta Tiran ez da onenen artean izango datorren denboraldian. Denboraldiko erronka handienerako prestatu beharko dute orain arraunlariek: Kontxako Banderarako.
Gaizki hasi du denboraldia Realak. Uda nahasia izan da Donostian; taldea utzi du Robin Le Normandek, datozen egunetan Arsenalera joango da Mikel Merino, Martin Zubimendi ozta-ozta ez da Liverpoolera joan; eta hori gutxi balitz, txuri-urdinen zortzi jokalari aritu dira Eurokopan eta Olinpiar Jokoetan. Horrek guztiak eragina izan du prestakuntzan eta, testuinguru horretan, azken astean gutxi hitz egin da gaurko partidaz. Gutxiegi, ziurrenik. Printzipioz, irabazi beharrekoa zen. Realak Rayo jaso du Anoetan, ustez, mailari eusteko borrokan ibiliko den taldea. Imanol Alguacilek ezusteko pare bat txertatu ditu hamaikakoan, Urko Gonzalez de Zarate eta Sheraldo Becker zelairatuta. Aulkian hasi du partida Zubimendik. Hamargarren segundurako lehen abisua jaso dute txuri-urdinek, baina Ratiuk rabonaz egin duen errematea ondo desbideratu du Pachecok. Hamabosgarren minutuaren inguruan egin da Reala baloiaren jabe, eta gol aukera on pare bat ere izan ditu: Turrientesek area kanpotik egindako jaurtiketa bat eta Elustondok buruz errematatutako bat. Atsedenaldian, 0-0. Kolpea Imanolek Zubimendi atera du bigarren zatirako, baina dinamika ez da askorik aldatu. Realari asko kosta zaio gol aukera argiak sortzea, eta min egin dio Rayoren presio altuak. Muminek berreskuratutako baloi batean heldu da gola, 67. minutuan. De Frutosi pasa dio atzelariak, eta hegaleko jokalariak Javi Lopez debutariari izkin egin eta gol bikaina sartu du. Sekulako kolpea izan da Realarentzat. Sergio Gomez eta Barrenetxea atera dira zelaira, baina arriskua sortu ezinda segi dute etxekoek. Debuta egin du Luka Sucicek ere, baina bere lehen jokaldian gaizki ulertu da Lopezekin, baloia berreskuratu du Cissek eta Remiroren aurrean, bakarrik, ez du huts egin Camellok. Bigarren golak mutu utzi du Anoeta. Luzapeneko azken minutuan egin du ohorearen gola Zubimendik, Sucic, Brais eta hiruren artean egindako jokaldi eder batean. Badago zer hobetua.
Eusko Label ligako oilarrek enbataren mehatxua izan dute Zarauzko estropadaren lehen jardunaldian. Lehen txandan, izan ere, eguraldia nabarmen gogortu da, baina estropadak aurrera egin ahala atertu egin du, arraunlarien mesederako. Urdaibaik eman du Zarauzko Ikurrina irabazteko lehen pausoa, Donostiarrari ia bost segundo aterata. Gainera, hamabi garaipenetan jarri dira, TKE ligako garaipenen markatik bakarrera. Estropada erdia ikusgarria egin dute ohorezko txandako lau traineruek. Urdaibai eta Zierbena jarri dira hasieratik buruan, baina Hondarribia eta Donostiarra gertu izan dituzte. Bigarren luze bikaina eginda, bi ontzi gipuzkoarrak bizkaitarren parean jarri dira lan erditan. Hasieran sinestezina zirudien arren, lau segundoan sartu dira lau ontziak, eta bigarren maniobra ia parean egin dute denek. Handik Bizkaiko bi ontziak atera dira buruan, baina galipoek espero ez zuten arazo bati egin behar izan diote aurre estropada buruan zirela. Ziabogan arrauna puskatu zaio arraunlari bati, eta ordezkoa ezin izan du atera, ondoren beste taldekide batek berea eman dion arte. Begirada guztiak Zierbenako eskifaian zeuden bitartean, erasoa jo du Donostiarrak, eta Urdaibairi branka sartu dio estropada buruan jartzeko. Atzetik Hondarribia eta Zierbena etorri dira, sei segundoren aldearekin. Dena erabakitzeko zegoen azken luzerako, eta azken maniobrak ere berebiziko garrantzia zuen buruan zihoazen bi ontzientzat. Donostiarra behin baino gehiagotan iritsi da Urdaibairen parean azken luzera, baina Bou Bizkaiak beti egiten die ihes. Gaur, ordea, olatu gainean edozer zen posible. Hirugarren kaletik zihoazen bi ontziak, parez pare, eta epailea, atzetik. Urdaibai Donostiarraren kaletik sartu da, eta abisua jaso du bere norabidea aldatzeko. Mugara eraman du Gorka Aranberrik gaurko lehia, baina beste behin asmatu egin du Zarauzko patroiak. Behin eta berriz aritu dira erasoa jotzen, baina azken 100 metroetan momentu gozoa izan du Urdaibaik, eta olatu gainean egin du helmugarako bidea. Donostiarra, sekulako estropada osatuta, ia bost segundoren aldean sartu da helmugara. Ez da diferentzia handia biharko jardunaldirako, baina Urdaibaik beste estropada garaipen bat gozatzeko aukera dauka. Hirugarren Hondarribia izan da, hamabi segundora, eta aurpegi ona erakutsiz. Zierbena, izan duen arazo horrekin arrastaka, hamabost segundora iritsi da. Horien aurretik, bigarren txandako lau patroiek zailtasunak izan dituzte estatxa heltzeko, eta kostata eman dute hasiera. Hala eta guztiz ere, estropada bikaina eskaini dute, eta ez dute hutsik egin. Itsasoan bikain moldatzen diren traineruak direla frogatu dute. Lehendabiziko bi kaleetatik bizkor atera dira Orio eta Getaria, eta haiek egin dute txanda irabazteko lehen saiakera. Oriok asmatu egin du bere arraunketan, eta lehen luzean errenta polita atera die txandakideei. Lehen balizara heldu orduko, lau segundoren errenta zuen Ondarroarekin, bost Getariarekin, eta hamar Isuntzarekin. Osertz Aldairen eskifaia trebea da itsasoko estropadetan, baina gaur normalean baina arazo handiagoak izan ditu estropada burura hurbiltzeko. Bigarren luzean indarrak parekatu egin dira, eta olatu baten aldean aritu dira Ondarroa, Orio, eta Getaria. Oilarren pare aritu dira elkarri mokoka, Getariak olatu handi bat hartu eta lehiakideekin zuloa handitu duen arte. Esperantzak hamar segundoko tartea ireki du, eta ez du abantaila askatu nahi izan amaieraraino. Unax Eizagirre patroiak bikain asmatu du bere eskifaiaren norabidearekin, eta ziabogako maniobrak ere zorrotzak izan dira. Surflarien antzera aritu da patroi getariarra, bere taldeak etxekoa izango balitz bezala sentitzen duen estropadan. Pazientzia galdu gabe, Oriok ez du amore eman, eta azken luzeraino Getaria gainditzeko aukerekin iritsi da. Hamaika segundoren aldea bazuen azken ziabogan, minutu gutxian bost segundora gerturatu ere egin da. Beste olatu batekin Getariaren gainean jarri da, baina batak hartu duen olatua besteak hartzen zuen. Lehia ikusgarria eskaini dute bi ontziek azken 500 metroetan, olatu gainean barrurantz. Getaria izan da helmugara iristen lehena, Orio baino hiru segundo azkarrago. Ondarroa izan da hirugarren, 26 segundora, eta Isuntza, 30era. Kaiku sartu da bigarren txandan Ontzi apalen txandak ere izan du zeresana. Gizonezkoek jokatu duten txandarik gogorrena izan da, baldintza meteorologikoen arabera, baina hori ez dute oztopo izan estropada polit bat osatzeko. Kaikuk estropada bikaina egin du, eta bigarren txandan arituko da bihar, Isuntzak baino lau segundo gutxiagoan egin baitu estropada. Bigarren Bueu izan da, bere denboraldiko estropadarik onena osatuta alde nabarmenarekin. Hirugarren Cabo iritsi da; atzean aritu arren, ondo amaitzen jakin du. Azkenik, San Pedro iritsi da; estropada kaskarra egin dute, Libiako arraunlarien etsipenerako.
Gizonezkoen eta emakumezkoen goi mailako historian inork lortu ez duen markaren bila beste pauso handi bat eman du gaur Arraun Lagunak-ek. Jokatutako bandera guztiak irabazi dituzte Juan Mari Etxaberen arraunlariek, eta Zarauzko Ikurrin preziatua altxatzeko lehian zortzi segundoren aldea atera dio bigarren izan den Oriori. Bihar lortu dezakete Ikurrina, eta denboraldi osoan bila ibili den errekor historikoa. Ohorezkoan ez ezik, lehenean ere lehia bizia dago ligako azken asteburu honetan. Hibaikak gaur lortu zezakeen hurrengo denboraldian Euskotren ligan jarraitzea, baina, horretarako, bi punturen tartea atera behar zion Cabori. Orain arteko estropadetan, nekez lortu dute bi traineruek ontzi bat sartzea elkarren artean, eta gaur ere ez dute lortu. Hondarribiak ez zuen ezer jokatzen sailkapenari dagokionez, baina Iker Cortesen arraunlariek beti egiten dute beren txanda irabazteko apustua. Horren bila, ziztu bizian atera dira semaforo berdea ikusi orduko, eta atzean utzi dituzte lehiakideak. Kanporaketak saihesteko lehian, Cabok hartu du aurrea hasieran, baina Madalen ez da atzean geratu, eta gertutik jarraitu du aurkaria lehen luze osoan. Ziabogatik aterata, Ama Guadalupekoa-k oraindik gehiago handitu du tartea, eta lehia bakarra Cabo eta Hibaikaren artekoa zen, Tiran oso urrun geratu baita. Hiru segundoren tartea zegoen bi ontzien artean luze erdian, baina azken txanparako utzi dute euren onena. Helmugarako 500 metro falta zirela, segundo bakarrera gerturatu dira Iñaki Mendizabalenak, baina Galiziako taldeak azeleragailua sakatu du, sailkapenen nagusian hiru puntura gerturatzeko. Hondarribiak, erlojupeko proba pertsonala eginda, 11.24ko denbora markatu du helmugan, ohorezko txandakoek kontuan hartu beharrekoa. Cabo izan da hurrena, hamabost segundora, eta Hibaikak hemeretzi segundo gehiagoan amaitu ditu lanak. Tiran, atzerapen handiarekin, 52 segundora heldu da helmugara. Estropada amaitzean, Hondarribiako patroiak, Miren Garmendiak, ez du ezkutatu haren poza, baina azken metroetan egindako lanarekin ez da oso gustura geratu, onartu duenez. Berak ere ziur ez zekiela, baina, azkenean, gainditzeko zaila zen denbora markatu du bere ontziak. Ohorezkoan, oso bizi atera dira lau ontziak, branka sartzen lehenak izateko asmotan. Gutxi iraun die erritmo horrek Tolosaldeari eta Donostiarrari; izan ere, hiru segundo atzera izan dira laster. Oriok, ordea, txapelketako garaileari segundoko tartea ireki dio luzeko lehen erdian. Lehen luzeko bigarren erdian, ordea, Arraun Lagunak-ek momentu gozoa izaten du normalean, eta gaur ere nabarmen igo dute arraunketa. Balizak moztu die erritmoa, eta lehen txandako erreferentziekin ere, ziur eman dute kolpea. Hondarribiak hiru segundoren abantaila zuen lan erdietan. Azken luzean erabaki da Hondarribiak lehen txandan eginiko denbora oztopo zuen Arraun Lagunak-ek, baina txandakide zuen Oriok ere marka historikoa zapuztu nahi zien. Ziabogan, tartean zituzten sei segundoetatik batera eta bira pasatu dira, eta Donostiarra ere ziztu bizian zetorren atzetik. Baina txapeldunek erakusten duten sendotasun hori atera du Arraun Lagunak-ek, eta gainean zituen erasoak danbateko batekin uxatu ditu. Oriori koska atera dio helmugarako 500 metro falta zirela, eta olatu gainean joan da azken minutuetan, Hondarribiaren denbora gainditzeko. 11.13ko denbora markatu dute helmugan, Hondarribiaren lana hamaika segundoan hobetuta. Azkenean, Oriok ere lehen txandako garailearen denbora hobetzea lortu du, Arraun Lagunak-ekoengandik zortzi segundora sartu baita helmugara (11.21). Ondoren, Donostiarra izan da, hamabost segundora. Txandako azkena Tolosaldea izan da, ziabogan luze joan baita, eta Arraun Lagunak baino hogei segundo gehiago behar izan ditu helmugara iristeko. Bihar lehen txandan arituko dira.
Mendiko maillota bereganatzeko helburuarekin abiatu da Justine Ghekierek (Soudal) gaur Frantziako Tourreko seigarren etapan, eta aitzakia hori baliatu du ihesaldian bakarrik gelditu, eta etapa irabazteko. 80 kilometro baino gehiago egin ditu sei laguneko taldetxo batean ihesean, eta Le Grand-Bornanden, azken mendatean, bakar-bakarrik gelditu da. Faboritoak berandu mugitu dira, eta ez dira harengana iritsi. Demi Volleringek (Sd Worx) lau segundo murriztu du Katarzyna Niewiadoma (Canyon) liderrarekin daukan aldea. Croix de la Serra mendatea igo du tropelak etapa hasieran, aurtengo Frantziako Tourrak izango duen lehenengo mailako mendate bakarra. Baina bertatik jaitsi arte ez dira ihesaldia sortzeko lehen erasoak iritsi. Sei txirrindularik egin dute aurrera; tartean, Ghekiere bera eta Marianne Vose (Visma). Herbehereetakoak erregulartasunaren maillot berdea ziurtatu du, gainera, tarteko helmugan lehena izan baita. Iheslariek ziztu bizian egin dituzte hurrengo bi mendateak: Bois d’Arlod eta Cercier. Eta bost minututik gorako aldea lortu dute azken 40 kilometroetan sartzean. Hori ikusita, Sd Worx, Canyon eta FDJ txirrindulariek lanari ekin behar izan diote, iheslarien eta tropelaren arteko aldea oso gutxi ari baitzen murrizten. Aldea jaistea lortu dute, bai. Baina berandu zen jada; berehala ikusi da etapa ihesean ari zirenak lehiatuko zirela garaipeneraino. Eta horien artean, aise nagusitu da mendiko maillotaren jabea. Banaka-banaka gelditu dira atzean iheskideak, eta Ghekiere, erasorik jo gabe eta bere erritmoari eutsita, bakarrik heldu da helmugara. Alboan inor ez zuela egin du azken igoera osoa, eta lortutakoa sinetsi ezinda gurutzatu du helmuga. Tropelean faboritoak bakarrik gelditu dira. Txirrindulari bakoitzak atera behar izan ditu bere babak eltzetik, eta markaketa zorrotza egin diote elkarri. Horrela, azken mendatera arte itxaron behar izan dute zaleek su festa ikusteko. Hainbatek egin dute saiakera Le Grand-Bornanden: Vollering hautagai nagusiak lehendabizi, eta Gaia Realinik (Lidl) eta Niewiadomak ondoren. Liderraren erasoa izan da denetan gogorrena. Lehendabizi, ondo erantzun dio Vollering aurkari nagusiari, eta maillot horiaren jabeak garesti saldu du bere larrua. Azken kilometroan sartu denean erasoa jo du, eta Volleringek bakarrik erantzun dio. Buruz buruko lehia izan da azken metroetan, lau segundoren gainsaria baitzegoen jokoan. Azken metroetan bizitu du erritmoa Volleringek, eta gehitxo izan da liderrarentzat. Segidan iritsi dira gainerako faboritoak, aleka-aleka. Gaurkoaren ostean, Niewiadoma iritsiko da azken etapara liderraren maillotarekin. Bertan erabakiko da Tourra, inoizko etaparik gogorrenetariko batean. Puck Pieterse (Fenix) da orain bigarrena, 27 segundora, eta Cedrine Kerbaol (Ceratizit) hirugarrena, 37ra. Aurkari zuzena, ordea, Vollering da. Herbehereetako izarrak 1.15 segundoko galera dauka, eta bihar izango du azken aukera Frantziako Tourra bigarren urtez jarraian irabazteko.
LUR-1 euskal satelitearekin konexioa ezarri du AVSk. Atzo Space X konpainiaren Falcon 9 kohetean espazioratu ostean, 12:39ean Euskal Herrian osorik garatutako satelitearekin bat egin du Added Value Solutions Arabako konpainiak.
Huts egin du LUR-1 euskal satelitearekin konektatzeko lehen ahaleginak. Space X konpainiaren Falcon 9 kohetean espazioratu dute ostiralean, gauerdian egin dute harekin konektatzeko lehen saiakera, eta eguerditik aurrera beste bi ahalegin egingo dituzte.
Barkatzen duenak garesti ordaintzen du. Hala dio futbolaren inguruan esan ohi diren esapideetako batek. Eta ederki laburbiltzen du Alavesen eta Celtaren arteko neurketa. Markagailuan aurreratu arren, esku hutsik itzuliko da etxera Gasteizko taldea. Bigarren zatia hasi eta berehala berdindu du partida Celtak, baina Alavesek bigarren gola egiteko hiru aukera garbi izan ditu. Ez du asmatu, eta Celtak, ordea, bai. Iago Aspasek garaipena eman dio Celtari 85. minutuan. Polemikarekin abiatu da neurketa, 5. minutuan Iago Aspasek Antonio Blancori eraso egin baitio: besoarekin aurpegian jo du, nahita. Alejandro Quintero Gonzalez epaileak txartel gorria erakutsi dio Celtako aurrelariari, baina VAR-eko epaileak jokaldia pantailatxoan ikustera joateko gomendatu dio. Jokaldia kamera geldoan ikusi ostean, txartel gorria baliogabetu, eta horia erakutsi dio Aspasi. Alaveseko jokalarien zein entrenatzaile taldearen haserrea handia izan da, ez baitute epailearen erabakia ulertu. Horrekin itsutu beharrean, ordea, gora egin du taldeak, eta gola egin du berehala. Blancok berak egin du erdiraketa, eta Kike Garciak ez du huts egin denboraldiko lehen aukera garbian. Jokaldi horretan erraztasun handiak utzi dizkio Celtaren atzeko lerroak Alavesi. Golaren ostean Celta baloiaren jabetza eskuratzen ahalegindu da, baina oso joko laua egin du. Atzelariek ez dituzte zelai erdiko jokalariak aurkitu, ez behintzat abantailarekin biratzeko moduan. Horretan lan ona egin du Alavesek, jende asko pilatu baitu joko zelaiaren erdialdean. Hori ikusita, hegaletatik aurrera egiten ahalegindu da Celta, eta Jonathan Bambaren aurreneko barneraldian gola egin du Aspasek, lehen zatiaren hondarrean. Baina VAR-ak balio gabe utzi du jokaldia, Celtako aurrelarietako bat jokoz kanpo baitzegoen. Espainiako Ligan ezarri berri duten jokoz kanpoko erdiautomatikoa erabili du epaile taldeak gola baliorik gabe uzteko. Jokoa ahalik eta gutxien gelditzeko ezarri dute gailua, baina ia hiru minutu luze behar izan dituzte. Bigarren zatian hiru aldaketa egin ditu Celtak. Claudio Giraldez teknikariari ez zaio lehen zatian ikusitakoa gustatu, eta ez du gehiago itxaron nahi izan partidaren norabidea aldatzeko. Teknikariaren nahia bete egin da, gainera, eta galiziarrek aginte makila hartu dute. Gogotsu ekin dio etxeko taldeak partidaren bigarren erdiari, sakonean jokatu nahian, eta berehala izan du lehen aukera Anastasios Douvikas aurrelariak. Azti aritu da desmarkean, baina azken unean oztopatu du errematea Abdelkabir Abqarrek, bere burua lurrera botata. Ekinaren ekinez Celtak temati jarraitu du, partida irauli nahian, eta 65. minutuan berdinketa lortu du, ekinaren ekinez. Williot Swedberg izan da Antonio Siveraren atea zulatu duena, oinaren kanpoaldearekin egindako erremate bortitz bat baliatuta. Aurrez, bi aukera izan dituzte Aspasek eta Oscar Minguezak, baina Siverak sarraila itxi die. Hirugarrenean, ordea, ezinezkoa izan zaio gola ekiditea. Gola jaso ostean izan ditu Alavesek minuturik onenak. Luis Rioja eta Hugo Novoa zelairatu ditu Luis Garcia Plazak, hegalak freskatzeko asmoarekin, eta hiru aukera garbi izan ditu bigarrena egiteko. Baina ez Kike Garciak, ez Novoak, ezta Asier Villalibrek ere, ez dute ate aurrean asmatu. Barkatu egin du Alavesek, eta garesti ordaindu du. Swedbergek Aspas aurkitu du atzelarien artean, eta bakarrik gelditu da Siveraren aurrean. Moañako aurrelariak maisuki gainditu du Sivera, baloia alde batetik bestera gurutzatuta. Bere horretan amaitu da partida, eta bigarren jardunaldira arte itxaron beharko du, behintzat, Alavesek, lehen puntuak batzeko.