Espazioratu dute ‘Lur-1’, osorik Euskal Herrian egindako lehen satelitea
Luze itxaron ostean, Lur-1 satelitea jaurti dute: 20:56an espazioratu dute osorik Euskal Herrian egindako lehen satelitea. Kaliforniatik (Ameriketako Estatu Batuak) bota dute, Elon Musk enpresari estatubatuarraren SpaceX enpresaren Falcon 9 suziri batean –guztira, 116 satelite eramango ditu–. Liftoff of Transporter-11! pic.twitter.com/R7UoMknxRk — SpaceX (@SpaceX) August 16, 2024 Jaurtiketa AEBetako Indar Espazialak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik egin dute. Hasiera batean, jaurtiketa 20:19etarako zegoen aurreikusita, baina ia hiru ordu laurden atzeratu dute sateliteak hedatzerako orduan «talka arriskua txikiagotzeko». Handik minutu gutxira, 20:59an satelitea eta suziria banandu egin dira, eta suziria itzuli da lurrera, abiatu den toki berera. Ezustekorik ezean, 15 minuturen buruan helduko da Lur-1 helmugara, hots, lurrazaletik 511 kilometroko garaierara. Ordu eta erdi igaro ostean, lehenengo komunikazioak bidaliko ditu Euskal Herrira. Stage separation confirmed. Falcon 9’s first stage will now return to Earth, creating a brief sonic boom prior to landing at the landing zone → https://t.co/25MrsXiVQM pic.twitter.com/0Q2qKtDJLV — SpaceX (@SpaceX) August 16, 2024 %100 Euskal Herrikoa, nolatan? AVS Added Value Solutions enpresaren azkeneko misioa da Lur-1. Elgoibarren (Gipuzkoa) sortutako enpresa bat da, baina egoitza nagusia Gasteizen du 2021etik, Arabako Parke Teknologikoan, hain zuzen ere. Bertan diseinatu eta muntatu dute satelitea, osorik. Behin espazioan, enpresak bere gain hartuko du satelitaren kontrola, eta 24 orduz jarraituko dute. Guztira, AVSko hogei bat kide aritu dira proiektu horretan, hiru urte baino gehiago. Zortzi milloi euroko inbertsioa jaso dute; horren %40, publikoa. Uztailean ziren satelitea jaurtitzekoak; Falcon 9-ak motorrean izandako arazo bat zela medio, ordea, atzeratu egin zuten espazioratzea, gaur arte. Gasteizko enpresak espaziora jaurti nahi dituen lau sateliteetako bat da Lur-1. Horren ondoren, beste bi espazioratuko ditu heldu den urteko otsailean, eta azkena, berriz, uztailean. Zerk egiten du berezi, baina, Lur-1? Harrigarria da, gero, gailuaren itxura. 57 kilogramo pisatzen du, eta hainbat antena ditu, baita beso zabalgarri bat ere, eguzki panelez hornitua. Haren helburua Lurrari behatzea da, Hego Euskal Herriko geografia izanik ardatz, printzipioz. Horretarako, Lurraren inguruan egingo du orbita, segundoko 7 kilometroko abiaduran. Bereizgarri nagusia zera da, Lurreko argazkiak oso kalitate onarekin ateratzeko gai dela. Horrez gain, Lur-1-ek txertatuta dauka MICE gailua —Arabako konpainiak garatu du, Europako Espazio Agentziarentzat—, zeinak orbitatik irteteko aukera emango dion sateliteari, hala behar izanez gero. Horren helburua da misioa amaitutakoan satelitea espazioan ez geratzea, espazioko zabor bihurtuta. Aurreikusi dute bost urtez egongo dela martxan Lur-1. Satelitea Euskal Herrikoa izanik guztiz, «euskal espazio industriari ikusgaitasuna emateko modua da, euskal teknologia munduan eta espazioan kokatzeko aukera». Halaxe nabarmendu zuen Iñigo Urkulluk duela hamar hilabete, AVSren egoitzari bisita egin zionean. Euskal Herriko beste satelite bat Gaurkoa ez da Euskal Herriko satelite bat espaziora jaurtizen den lehen aldia: lehengoa, Urdaneta-Armsat1, 2022. urtean espazioratu zuen Satlantis taldeak —EHUk Leioan duen parke teknologikoan du egoitza—. Hori, baina, ez zen guztiz Euskal Herrian egina: Europako zenbait talderen laguntzarekin eraiki zen; beraz, Lur-1 aitzindaria da alde horretatik. AVS Elgoibarren sortu zen, 2006. urtean. Gaur egun, 200 langile baino gehiago ditu, eta haietatik 25ek parte hartu dute proiektu honetan. NASAren Marte 2020 misioko Perseverance ibilgailuak dituen bi osagai ere garatu ditu enpresak: MEDA meteorologia neurtzeko gailua eta Super Cam kamera sistema bat; azken hori, ibilgailuaren mastaren goialdean kokatutakoa.



