OME Osasunaren Mundu Erakundeak osasun larrialdia ezarri du nazioartean, tximino baztangaren kasuek gora egin dutelako Afrikan. Hala, jarraipena eman diote Afrikako osasun erakunde publikoak hartutako erabakiari, hark atzo ezarri baitzuen larrialdi egoera kontinentean. Birusaren aldaera berri bat ere agertu da, eta hori ere izan da OMEk larrialdi egoera ezartzeko arrazoia. OMEk bi larrialdi egoera ezarri ditu bi urtean tximino baztangagatik: 2023ko maiatzean ezarri zuen azkena, orain urtebete eta hiru hilabete, eta 2022ko uztailean ere indarrean izan zen. Orain, berriro ere jarri du martxan. Urte hasieratik hona 15.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte Afrikan —iaz epe berean baino %160 gehiago—, eta ia 500 lagun hil dira birusak jota, Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroaren (CDC) Afrikako bulegoak argitaratutako datuen arabera. Erakunde horretako zuzendari Jean Kaseyak atzo eginiko prentsaurreko telematikoan eman zuen erabakiaren berri. Birusak kalte egindako afrikarren kopurua seguruenik handiagoa dela adierazi zuen, eta «azkar jokatzea eta ahal diren baliabide guztiak mobilizatzea» ezinbestekoa dela hemendik aurrera. «Tximino baztangak mugak gainditu ditu Afrikan, milaka pertsonari eragin die, eta izugarrizko mina eta sufrimendua eragin die milaka familiari», azaldu zuen prentsaurrekoan Kaseyak. Gainera, AB Afrikako Batasuna osatzen duten estatu kideei eskatu zien larrialdi egoera «ahalik eta azkarrena» ezartzeko euren herrialdeetan, eta azpimarratu zuen tximino baztangaren mehatxuaren aurka «erasokorrak» izan «beharra» dagoela «bizitza ugari salbatzeko». Atzerritik ere laguntza jasoko dute kontinenteko osasun zentroek: Europako Batzordeak birusaren aurkako txertoaren 215.000 dosi jarriko dituela iragarri du gaur, «osasun mehatxuek ahalegin global eta kolektibo bat» eskatzen dutela argudiatuta. Azkenengo aldiz abuztuaren 4an eguneratutako Afrikako CDCren datuek diotenez, 2022ko urtarrilaren 1etik 38.465 pertsonari egin die kalte tximino baztangak, eta 1.456 hildako eragin. Egungo agerraldiaren jatorri nagusia Kongoko Errepublika Demokratikoa izan da —2022ko agerraldian ere han jo zuen gaitzak gogorren—, eta geroztik inguruko herrialdeetara hedatu da birusa: Burundira, Kenyara, Ruandara eta Ugandara, besteak beste. OMEko talde teknikoaren buruak, Rosamund Lewisek, ohartarazi zuen tximino baztanga jatorrizko birusaren «aldaera» bat dela, 1b gisa izendatua. Soilik pertsonen artean transmititzen da; gaitza sexu harremanen bidez zabaltzen da batez ere, baina izan dira bestela kutsatu direnak ere. Haurrak kaltetuenak Gaitzaren sintomak leunak dira batzuetan —sukarra eta larruazaleko lesioak, esaterako—, baina haurrek jasan dituzte tximino baztanga hedatzearen kalte larrienak. Izan ere, OMEren arabera, Kongoko Errepublika Demokratikoan atzeman diren kasuen %70 hamabost urtez azpiko haurrak dira, eta %39, bost urtez azpikoak. Gainera, tximino baztangak jota hiltzeko aukerak lau aldiz handiagoak dira haurretan helduetan baino: iragan maiatzera arte herrialdean zenbatutako hildakoen %62 bost urte baino gutxiagoko haurrak izan ziren.
Lublingo Apelazio Auzitegiko fiskaltzak espioitza karguak aurkeztu ditu Pablo Gonzalezen kontra, EFE agentziak jakitera eman duenez. Atzo iragarri zuen kazetariaren kontrako ikerketa aurrera doala, eta, bi urte eta erdi kartzelan egon eta gero, «auzi iheslari izateagatik» epaitu dezaketela orain. Zehaztu zuten Gonzalez ez zutela formalki akusatu, baina ikerketa zabalik dagoela, eta litekeena dela epaiketa in absentia egitea —horrela deritze akusatua bertan egon gabe egiten diren epaiketei—. Ordea, Ser hedabideak jakinarazi duenez, bertzelakoa da egoera gaur: 2016tik 2022 bitarte Errusiako zerbitzu sekretuei informazioa igortzea leporatzen diote, Polonian bizi izan zen bitartean. Hortaz, herrialdeari «kalte zigorgarria» egitea egozten diote, zeinarengatik hiru eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorra bete beharko lukeen. Herrialdeko Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera ondoren, Moskun dago Gonzalez. 2022an atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek, espioitza egotzita. Iturri horren arabera, Fiskaltzak berak erran duenez, Gonzalezek informazioa «lortu eta transmititu, zabaldu eta aintzatespen operatiboak» egiten zituen. Akusazio horietaz mintzatu zen Gonzalez RT Errusiako telebistari eman zion elkarrizketan: «susmoak baizik» ez dizkiote egotzi, haren hitzetan. Kartzelan hogei kilo argaldu dela azaldu zuen, eta salatu «torturak» eta bestelako «presio» mota batzuk egin dizkiotela espetxealdi luze horretako lehen bederatzi hilabeteetan. Hilabete hasieran utzi zuten aske, Errusiaren eta Poloniaren arteko preso truke baten harira. Joan den astean, kazetaria ospitalean zegoela jakinarazi zuen haren bikotekide Oihana Goirienak. Azaldu zuenez, Moskuko ospitale batean osasun azterketa egin zioten, eta likidoa atzeman zioten biriketan. Gonzalezek Euskal Herrira itzuli nahi duela gehitu zuen, baina lehenbizi guztiz osatu nahi duela. Horrez gain, nortasun agiria eta pasaportea ere behar ditu, Poloniak ez baitizkio itzuli oraindik. Hortaz, eta gaurko akusazioen ostean, ez dago argi noiz itzuli ahalko den.
Zortzi egun, zortzi artelan. Ikusmina ugaritu da joan den astetik hona Londresko hiritarren artean. Izan ere, espezie ezberdinetako animalien grafitiak agertu dira egunez egun hiriko kaleetan. Katu beltz bat, uluka ari den otso bat, bi elefante eta tximu bat dira bildumaren ereduetako batzuk; Londresko zoologikoa izena jarri diote. Egunak argitu du gaur, eta, horrekin batera, beste obra bat ere agertu da: gorila bat oihal bat altxatzen, barruan ezkutatutako txoriak eta itsas txakur bat aske uzteko. Horrela, jarraipena eman dio artez eta iguripenez betetako bigarren asteari. Obraren egilea Banksy da, Bristolen (Erresuma Batua) jaiotako grafitigile ospetsua. Kaleko artistak berak baieztatu du bildumaren egiletza, Instagram bidez; hamahiru milioi jarraitzaile ditu han. Esanguratsua da kopuru hori, haren anonimotasunak oraindik ere sor dezakeen oihartzunaren erakusle. «Banksy aktibo egon da hiru egunez jarraian; zerbait masiboa ikusteko prestatu behar dugu geure burua», zen artistak asteazkenean argitaratutako argazki bateko iruzkinetako bat. Esan eta egin, bete da askok egindako iragarpena: bristoldarrak irudi deigarriak utzi ditu hiri osoan. Badirudi, gainera, erritmoari eusteko asmotan dela. [galleries:horizontal:66] Lehenengo artelanean —joan den asteko astelehenean agertutakoan— ahuntz bat agertzen da, Kew Green auzoan. Animalia erlaitz batean igota dago, eta haren mugimenduak zenbait harri lurrera erortzea eragiten du. Hori dena, horma horretan bertan dagoen egiazko segurtasun kamera bat lekuko dela. Hurrengo obrak, berriz, bi elefante irudikatzen ditu bi leihoren gainean, bata besteari begira. Badaude gehiago ere: katu beltz batek, antena paraboliko baten gainean ulu egiten duen otsoak, zubi batetik zintzilikatutako hiru tximinok, kotxe baten gainean igotzen ari den errinozeroak, fish and chips lokal baten gainean dagoen pelikano pare batek, pirañen arrainontzi bilakatutako polizia kabina batek eta, azkena, animaliak askatu nahi dituen gorilak. Bildumaren esanahia Hasieran, klima larrialdiaren inguruko salaketarekin lotu zuten askok Londresko zoologikoa. Izan ere, ikuspegi gero eta politikoagoa hartzen hasi da Banksy. Migrazioak eta gerrak oinarri dituzten hainbat lan egin ditu; horren erakusle dira Zisjordanian egindako grafitiak eta Ukraina eta Errusiaren arteko gerra salatzeko beste bat. Kaleko artistaren ingurukoek, baina, azkar ezeztatu dituzte publikoak bilduma berriari emandako esanahiaren inguruko teoriak. The Observer egunkariak aipatutako iturrien arabera, artelan horien helburua litzateke herritarren gogoa indartzea, «albiste negatiboz betetako mundu batean, berdintasunik ezaz betetako testuinguru sozial batean». Horiek horrela, kaleko artistak zera nahiko luke, entretenimendua bermatzea Londresen bizi direnentzat, baita «gizakiak duen ahalmena» nabarmentzea ere, «jokoaren bidez, sormena zabaltzeko». Hala eta guztiz ere, aurreko astetik hona hainbat izan dira artelan horien kontrako bandalismo saiakerak. Londres. Tres jóvenes de Jovenlandia roban una obra de arte callejera de Bansky, a plena luz del día. Estos son los talentos de Silvia Intxaurrondo. pic.twitter.com/afGU27QXbm — 3 M.C. (@tresmasciento) August 10, 2024 Azken bi asteetan egindako margolanen artean, hainbat arrazoi tarteko, gutxi batzuk dira bere lekuan eta ukitu gabe jarraitzen dutenak: bi elefanteetako bat gainetik margotu dute, errinozeroarena gizon batek hondatu du aerosolarekin; Peckham auzoan margotutako otsoa lapurtu egin dute; eta katu beltza, segurtasuna dela eta, erretiratu egin dute. Arte galeria bati emango diote azken hori. Banksyren ibilbidea Banksy ezizena besterik ez da. Egiazko izena misterio bat da oraindik ere, bere nortasuna isilean mantentzeko ahalegina egiten baitu artistak. Baina kaleko artistarik ospetsuenetakoa da, grafitian espezializatutakoa duela hainbat hamarkadatik hona. Pixkanaka, mezu politikoak txertatuz joan da bere artelanetan. Horien artean ezagunenetakoa Love is in the Air (2003) lana da, Betleemen (Palestina) egindako grafiti erraldoia, Zisjordaniako harresia eraiki ostean hura eraistea eskatzeko asmoz egina.
Iragarria zegoen iluntzerako, eta iritsi da ekaitza. Nafarroan eurite mardulak bota ditu. Eremu batzuetan, metro koadroko 30 litro baino gehiago bildu dituzte. Oraingoz, Lizarraldean, Iruñerrian eta Zangozako inguruan bota du gehien. Euriteek uholdeak eragin dituzte zenbait gunetan. Esaterako, Iratxen, hurrengo bideoan ikus daitekeen bezala. Problemas en algunos puntos de #Navarra con gran cantidad de agua acumulada tal y como vemos en #Iratxe. pic.twitter.com/56aMdQK8II — Davidd (@Noainmeteo) August 13, 2024 Errepide batzuk urak hartu ditu Lizarran, eta Iruñean ere bai. Trafiko arazoak ere sortu dira. Acceso al centro de Estella-Lizarra desde Iruña y Ayegui, cuidadín👌🏾@Noainmeteo @romaher19 @Navarrameteo @dut1977 @Meteonavarra_ @ana_ibarrola @meteodelnorte @Robocariz @Inakili @MutilvaMeteo @Armeteo @mamarru @jonielectric @navarmeteo_1411 pic.twitter.com/fveufOtyFb — josemari❤️💛💜 (@Jose15Josemari) August 13, 2024 La situación se complica en la Cuenca de Pamplona. Sigue la tormenta encima, en Mutilva se acumulan ya más de 30L y en el II Ensanche nos acercamos a los 20L ⛈️ pic.twitter.com/kSWlJfJ8aP — Meteo Navarra (@Meteonavarra_) August 13, 2024 Nafarroako Pirinioetan, berriz, kazkabarra bota du. Abodiko eta Nagoreko irudiak dira ondorengo hauek: Tormenta severa en #Abodi #PirineoNavarro, coches parados en diferentes zonas del puerto debido al granizo y puntualmente la piedra que esta dejando dicha tormenta. pic.twitter.com/AlD8KWS52W — Davidd (@Noainmeteo) August 13, 2024 Las primeras tormentas de la tarde afectan al Pirineo navarro, concretamente a Nagore donde ha granizado y de momento lleva acumulados 27 mm, en Gorraiz de Arce 19 mm. ⛈️⚡️ pic.twitter.com/sbkNK8VoHy — Meteo Navarra (@Meteonavarra_) August 13, 2024 Bizkaiko mendebaldean ere ekaitzak izan dira arratsalde amaieran. Kolpetik bota du. Sondikan, esaterako, 27,5 litro bildu dituzte ordu erdian, eta Bilbon, Zorrotza auzoan, 18 litro denbora tarte berean. Ondorioz, ur putzuak sortu dira zenbait eremutan. Esaterako, Bilboko Deustu auzoan. Ekaitza Bilbon. Deustuko Lehendakari Agirre kalean izugarrizko putzua.#ekaitza #euria 🟡 #AbisuHoria @Euskalmet pic.twitter.com/FsZoEiIf7y — Maialen Martija Diez (@MartijaMaialen) August 13, 2024 Euskal Herriko zazpi lurraldeak alerta horian dira gaur, eurite eta ekaitz arriskuagatik. Biharko prezipitazio gutxiago espero da, eta tenperaturek pixka bat behera egitea.
Ez du mendateak iritsi arte itxaron. Demi Vollering (Sd Worx) Frantziako Tourreko sailkapen nagusiko buruan da jada. Iazko Tourreko eta aurtengo Vueltako garailea hautagai nagusia zen aurten ere maillot horia irabazteko. Bada, oraingoz, bide onetik doa. Hirugarren etapa, erlojuaren aurkakoa, irabazi du Rotterdamen (Herbehereak), bere zaleen aurrean. Ibilbideko 6,3 kilometroak 7.25eko denboran osatu ditu, orduko ia 51 kilometroko abiaduran. Nagusitasun handiz gailendu da: bost segundo atera dizkio bigarren sailkatuari. Alde handia da, distantzia hain laburrerako; bigarren eta seigarren sailkatuen artean segundo bakarreko tartea egon da. Vollering bera harrituta mintzatu da telebistako kameren aurrean. Lehen hiru etapetan «bizirik irautea eta disfrutatzea» beste asmorik ez zuela adierazi du. Biharkoa bai, etapa hori begiz jota daukala esan du. Baina ez du biharkora arte itxaron. Loes Adegeestek (FDJ) jarri du kontuan hartzeko lehen denbora. Zazpi minutu eta 30 segundoan osatu ditu erlojupekoak zituen sei kilometro pasatxoak. Denbora luzez aurreneko postuan egon da. Bere taldekide Grace Brown txapeldun olinpikoak ezin izan du denbora hobetu. Gurpila zulatu zaio, bizikletaz aldatu behar izan du, eta garaipena lortzeko aukera guztiak galdu ditu. Gero iritsi da errepideko txapeldun olinpikoa, Kristen Faulkner estatubatuarra (Education First). Hark ere, gutxigatik izan bada ere, ezin izan du Adegeesten denbora gainditu. FDJko herbeheretarra ez da erlojuaren aurkako espezialista, baina proba bikaina osatu du gaur. Ana Henderson erlojuaren aurkako txapeldunorde olinpikoak ere (Visma) ezin izan du denbora hobetu. Baina munduko txapeldunaren txanda iritsi da, eta Chloe Dygertek (Canyon), gaur, Parisen aurretik izan zituenek baino azkarrago osatu du ibilbidea. Brontzea lortu zuen han, eta gaur bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Ehunen batzuengatik hobetu du Adegeesten denbora, baina mehatxu nagusia Vollering zen. Lehen puntu kronometratuan Dygerten denbora berdindu du Volleringek. Bada, azken zatian hegan egin du, eta helmugan bost segundo atera dizkio munduko txapeldunari. Bera izan da ibilbidea zazpi minutu eta 30 segundo baino gutxiagoan osatu ahal izan duen bakarra. Geroago irten diren artean zeuden Marianne Vos (Visma) eta Lorena Wiebes (Sd Worx), baina horiek ere ez dute Volleringen denbora hobetu. Irteten azkena Charlotte Kool (DSM) izan da: aurreko bi etapak irabazita —atzo eta gaur goizean—, hogei segundoren aldea zuen Volleringekiko. Ez dira nahikoa izan, ordea. Iazko Tourreko irabazleak 25 atera dizkio, eta horiz jantzita aterako da bihar. Gaurko bi etapen ostean, Laboral Kutxako txirrindularirik aurreratuena Usoa Ostolaza da. 76. postuan dago sailkapen nagusian, Volleringengandik 39 segundora. Ane Santesteban, bestalde, 51 segundora dago. Halere, euskal taldeak protagonista izaten jarraitzen du. Cristina Tonetti mendiko sailkapenaren buruan dago oraindik, eta bihar ere maillot berezia jantzita irtengo da. Laboral Kutxa taldeko Cristina Tonetti, mendiko liderraren elastikoarekin. LABORAL KUTXA Klasiko handien lurraldean Biharko etapan zeharkatuko dituzten errepideak ondo ezagutzen dituzte ziklistek. Beste urte sasoi batean ibili ohi dira muino horietan. Udaberriko klasikoetako biri egingo die keinua Tourrak biharko 123 kilometroetan: Amstel Gold Race eta Lieja-Bastogne-Lieja lasterketei. Valkenburgen abiatuko da etapa, Herbehereetan, Amstel klasikoaren helmuga den herrian. Eta lasterketa horretako bi muino nabarmenenak igoko dituzte: Bemelerberg eta Cauberg. Etaparen lehen zatian izango da hori. Gerora, txirrindulariak Belgikan sartuko dira, Liejako ibilbidean, eta hiri horretan bertan amaituko da etapa. Azken kilometroak udaberriko klasikoan egiten dituzten berberak izango dira. La Redoute igo beharko dute lehenik —1,6 kilometro eta %9,4ko pendiza—; ostean, Forges —1,3 kilometro eta %7,8—, eta, azkenik, Roche aux Faucons —1,3 kilometro eta %11ko pendiza—. Handik, hamahiru kilometro geratuko zaizkie helmugarako. Tourreko tropelean dira Liejako azken bi aldietako garaileak: Brown eta Vollering. Horietaz gainera, Amstel klasikoaren aurtengo garailea ere bertan da: Vos. Ihesaldiak biderik egin ezean, Vollering bera izango da biharko etapa irabazteko hautagai nagusia. Gainera, nagusien artean alde garrantzitsuak izan daitezkeen lehen etapa izango da aurtengo Tourrean. Sailkapenak HIRUGARREN ETAPA 1. Demi Vollering (Sd Worx), 7.25 2. Chloe Dygert (Canyon), 5era 3. Loes Adeegest (FDJ), 5era 4. Cedrine Kerbaol (Ceratizit), 5era 5. Kristen Faulkner (Education First), 6ra NAGUSIA 1. Demi Vollering (Sd Worx), 4.27.54 2. Lorena Wiebes (Sd Worx), 3ra 3. Chloe Dygert (Canyon), 5era 4. Loes Adegeest (FDJ), d.b. 5. Charlotte Kool (DSM), d.b. 6. Cedrine Kerbaol (Ceratizit), d.b. 7. Kristen Faulkner (Education First), 6ra 8. Ellen van Dijk (Lidl), d.b. 9. Mischa Bredewold (Sd Worx), 9ra 10. Emma Norsgaard (Movistar), 10era 76. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa), 39ra 107. Ane Santesteban (Laboral Kutxa), 51ra
Abuztuaren 13an albiste izango dira: Datu aurreratuaren arabera, uztaileko inflazioa % 2,8an kokatu zen, Ukrainako Armadak Errusiako Kursk eskualdeko kontrolpean hartu ditu, eta igande iluntzean piztu zen suteari aurre egin ezinik jarraitzen dute Grezian.
Ez du berehalakoan ahaztuko bere lehen aldia Charlotte Koolek (DSM). Aurreneko garaipena lortu du gaurkoan Frantziako Tourrean, lasterketaren aurreneko etapan. Esprintean gailendu da, bere dohaina duen horretan. Sd Worxek lan ona egin du egun osoan, baina kaosa nagusitu da azken metroetan, eta hori baliatu du Koolek garaipena eskuratzeko. Maillot horia jantzita ospatu du garaipena, bere jaioterritik 86 kilometro eskasera. Lehen aldiz abiatu da Emakumezkoen Frantziako Tourra Frantziatik kanpo. Herbehereetan izan du hasiera, Rotterdamen, eta herrialde horretan jokatuko dira lehen hiru etapak. Izan ere, Olinpiar Jokoak Parisen jokatu direla-eta, beharrezkoa izan da irteera handia herrialdez aldatzea. Etapari dagokionez, egun arriskutsua izan dute txirrindulariek. Tropeleko zenbait txirrindulari erori dira, eta batzuek hanka lurrean jarri behar izan dute ez erortzeko. Horietako bat izan da Gaia Realini Lidl-eko taldeburua. Eroriko baten ondorioz matxura bat izan du, eta bi minutu baino gehiago galdu ditu. Hala ere, taldekideen laguntzarekin tropelera itzultzea lortu du, eta ez du helmugan denborarik galdu. Euskal ordezkariei dagokienez, ondo baino hobeto aprobetxatu du lehen eguna Laboral Kutxak. Lehen aldiz ari da aurten Frantziako Tourrean, gonbidapena jaso ostean. Eta lan bikaina osatu du. Yurani Blanco izan da mugitzen lehena. Beste hiru txirrindularirekin batera saiatu da tropeletik ihes egiten, eta lortu ere egin dute. Baina berehala harrapatu ditu tropelak. Hala ere, lehiakorrenaren saria eskuratu du. Cristina Tonetti taldekidea ahalegindu da ondoren. Minutu baten aldea lortu du italiarrak, eta bakarrik iritsi da helmugatik 60 kilometrora zegoen eguneko mendate bakarraren gainera. Berehala harrapatu du tropelak, baina helburua beteta: mendiko maillota jantzi du. Azken 60 kilometro horietan, Sd Worxek hartu du aginte makila. Esprintean amaituko diren etapak eta lasterketa bera irabazteko bi faborito nagusiak ditu taldeak, eta kate motzean lotu ditu aurkariak. Haiek ezarri dute erritmoa tropelean, eta ez diote inori ihes egiten utzi. Tarteko helmugako esprintean soilik utzi diete aurkariei mugitzen, helmugatik 37 kilometrora, eta bertan Marianne Vos (Visma) izan da azkarrena, esprintean. Horren ostean, hainbat taldek ezarri dute erritmoa, denek tropel buruan tokia egiteko helburuarekin. Horien artean zeuden Sd Worx bera, Lidl, Canyon eta DSM. Erritmoa, ordea, helmugarako hamar kilometro gelditzen zirenean bizitu dute. Esprinta prestatzeko, abiadura bizian egin dituzte azken kilometro horiek; talde bakoitza bere txirrindulariak elkartzen ahalegindu da, eta bata bestearen atzean kokatu dira, esprinta ahalik eta ondoena bideratzeko. Esprintean, ordea, ez da faborito nagusia azaldu. Lorena Wiebesek (Sd Worx) ez du tokirik egitea lortu, eta taldeak garesti ordaindu du aurrez egindako lana. Hura jokoz kanpo zegoela ikusita, Koolek ez du aurkaririk izan. Aise nagusitu da esprintean, eta besoak altxatzeko astia ere izan du. Lan saio bikoitza. Etapa bakarrarekin nahikoa ez, eta bi etapa jokatuko dira bihar; goizean bata, eta arratsaldean bestea. Hori izango da lasterketaren beste berritasunetako bat. Goizeko etapak 67 kilometro izango ditu, eta bigarren aukera izango dute esprinterrek. Arratsaldean, berriz, 6,3 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute Rotterdamen.