Bigarren ateak zapuztu du Chourrauten ametsa
Finalean egotearekin konformatu behar. Azken hiru Olinpiar Jokoetan domina lortu eta gero, Maialen Chourrautek ez du balentria hori errepikatuko Parisen. Ez, behintzat, eslalomean. Finalera ozta-ozta sailkatu ostean, jaitsiera erabakigarrian indartsu hasi da, baina berriro ere bigarren atea trabatu zaio. Atzokoan ate hori bera jo zuen bigarren jaitsieran, eta bi segundoren zigorra jaso zuen. Oraingo honetan, ez du ate hori pasatu, eta zigorra handiagoa izan da: 50 segundokoa. Jaitsiera hasi bezain laster zapuztu zaio, beraz, domina lortzeko aukera. Gainera, bidean beste ate bat ere jo du, zortzigarrena, eta beste bi segundorekin zigortu dute. Azkenean 157.67 izan da haren denbora, eta urruti geratu da dominengandik, azkena izan baita finalean. Baina amaieran zaleen aldetik jasotako txaloek agerian utzi dute Chourraut txapeldun handi bat dela. Hiru olinpiar dominak ditu, eta gaurkoarekin laugarren finala zuen jarraian Olinpiar Joko batzuetan. Gutxiren esku dago halako zerbait lortzea. Halaber, oraindik ere bizirik dirau laugarren domina olinpikoa lortzeko ametsak. Izan ere, kayak kross modalitatean ere lehiatutako da. Hain zuzen ere, horixe izan da Chourrauten beste motibazioetako da Jokoetan egoteko. Amaieran hausnarketa hau egin du Chourrautek egin duen lanaz. «Berriro ere jaitsieraz-jaitsiera joan nahi izan dut. Baina beste behin bigarren atea trabatu egin zait. Egia esan, ez da ate konplikatua, baina gurutzatu egin zait. Ez bakarrik lehiaketan, entrenamenduetan ere hala izaten zen. Horri buelta emango niola uste nuen, baina ez da posible izan. Bizkor joatekoa gustatzen zait, eta ez dut lortu. Ezin izan dut nire onena eman. Pena da, baina kirola horrelakoa da». Azken egunetan esana zuen, domina lortzen ez bazuen ere, ondo lehiatuz gero gustura itzuliko zela etxera. Baina bi egun hauetan ez du lortu. «Ez zen ate konplikatua, baina trabatu egin zait; ez bakarrik lehiaketan, baita entrenamenduetan ere. Pena da, baina kirola horrelakoa da» MAIALEN CHOURRAUT Piraguista Eskertuta mintzatu da, amaieran zaleen aldetik jaso duen babesarengatik. «Oso harro nago piraguismoaren familiako parte izateagatik, eta halako ikuskizuna eman duten kirolari batzuekin buruz buru lehiatzeagatik». Euskal Herrian haren jarduna jarraitzen aritu direnak ere izan ditu gogoan: «Batez ere urte hauetan guztietan hor egoteagatik, eta nik hainbeste maite dudan kirola, piraguismoa, jarraitzeagatik». Orain, atseden hartu, eta kayak krossa prestatzeari ekingo dio. Aurreikuspenak betez, Jesicca Fox australiarrak zintzilikatu du urrea (96.08); Klaudia Zwolinska poloniarrak eskuratu du zilarra (97.53), eta Kimberley Woods britaniarrak brontzea. (98.94) Bada datu azpimarragarri bat, Tokion urrea eskuratu zuen Ricarda Funkek, Chourrautek bezala, ez du ate bat gainditu. Kasu honetan hogeigarrena izan da, eta azken aurrekoa izan da finalean. Finalera ozta-ozta Ibilbide osoa izan da korapilatsua, atzo ere ez baitzen fin ibili Chourraut. Berak aitortu zuen bi jaitsieretan ez zela onenean aritu, eta artista puntu bat ateratzea falta izan zitzaiola. Hamahirugarren sailkatu zen, 96.33ko denborarekin, Foxengandik 4 segundora. Gaurkoan ere zirkuitu zaila egokitu zaie piraguistei, eta oraingoan ere trabatuta ibili dira asko, batez ere hamalaugarren atetik aurrera. Chourraut hamaikagarren sailkatu da finalerdietan, eta hamabi sailkatzen ziren. 106.21eko denbora egin du. Kasu honetan ere bigarren atea gainditzeko arazoak izan ditu, eta erdialdean ondo nabigatu duen arren, amaieran berriro ere kontrakarrean aritu da. Erdialde horretan egin du Chourrautek lanik onena. Baina atzetik zetozen hiru piraguistak huts egitea behar zuen finalean egoteko. Hala izan da. Finalerdien amaieran Chourrauten entrenatzaileak berak, Xabier Etxanizek, onartu du zirkuituaren konplexutasuna. «Baina Maialen lehiatzera eta jolastera irtengo da, beti egiten duen moduan. Final batean edozer gauza gerta daiteke». Ahalegindu da, baina ez da posible izan.
