Ingalaterrak irabazi du, eta Espainiaren aurkaria izango da Eurokopako…
Behetik gora egin du Ingalaterrak Eurokopa honetan, eta Herbehereetako selekzioa 1-2 gainditu du final handira sailkatzeko. Xavi Simons nederlandarrak bere taldea aurreratu du zazpigarren minutuan gol itzel batekin, baina hamaika metroetatik berdinketa lortu du Harry Kane-ek. Bigarren zatian, Ingalaterraren garaipenaren gola Ollie Watkinsek egin du, 90. minutuan. Espainiaren aurka jokatuko du finala hiru lehoien selekzioak, igandean Berlinen (21:00, La1). Ingalaterrak noraezean eman ditu Eurokopako lehen partidak, jokamolde apropos baten bila txapelketa irabazteko hautagai bezala sendotzeko. Azkenean lortu du Gareth Southgate entrenatzaileak tekla aproposak sakatzen, eta azken bi partidatan irudi ona utzi du. Final laurdenetan fruituak eman zizkion presio oldarkorrak arerioaren zelaian, eta gaur ere horrela ito du Herbehereetako selekzioa. Horrek, Foden, eta Mainoo gazteen presentzia areagotzearekin batera, arrazoiak eman dizkio Ingalaterrari bere aukeretan sinesteko. Lehen minutuetatik aritu dira bi taldeak garaipenaren bila. Ingalaterrak baloiaren jabe izan nahi zuen, baina Herbehereek zigortu egin dute apenas bost minutuak igaro zirela. Xavi Simons herbeherearrak baloia lapurtu du area ertzean, eta ez du bitan pentsatu; Zartada batez Pickford atezainaren eskuadratik sartu du gola. Akats bakarra eta gola, markagailua altxatzeko beharrean utzi du Ingalaterra. Baina erori ordez altxatu egin da Ingalaterra, eta partidako minutu onenak izan ditu atzetik jarri denean. Harry Kane aurrelaria bi alditan saiatu da berdinketa jartzen, eta bigarren jaurtiketa horretan epaileak jokaldia berrikusi eta penaltia adierazi du. Hamaika metroetatik hutsezina da Bayern Municheko jokalaria, eta berdinketa jarri du markagailuan. Ingalaterrako jokalari guztiek ospatu dute Watkinsen gola (RONALD WITTEK / EFE). Minutu gutxira, Phil Foden gaztearen jaurtiketa ateko marra gainetik atera behar izan du Dumfries defentsak. Herbehereetako jokalari berberak langara jaurti du burukada bat korner batean. Eta minutu gutxira, berriro Fodenek jaurtiketa itzel bat zutoinaren aurka apurtu du. Itota amaitu du Ronald Koemanen taldeak lehen zatia, eta ongi etorri zaio lehen 45 minutuak amaitu izana. Atsedenalditik beste aurpegi batekin zelairatu da selekzio nederlandarra, eta indarrak berdintzea lortu du ingelesekin. Minutuek aurrera egin ahala, Ingalaterrak presioa egiteko gaitasuna galdu du, eta lehen zatian baina gehiago iritsi da Herbehereak aurkariaren atera. Hala ere sendo aritu dira defentsa ingelesak, herbeheretarren antzera. Ustekabeko heroia Berdinketa erabatekoa zen, baina Ingalaterrak abisua eman du. Bukayo Sakak gola egin du, baina pasea eman dion taldekidea jokoz kanpo zegoen eta baliogabetu egin du epaileak. Partida luzapenera iritsiko zela ematen zuen, eta gutxien espero zenean ustekabeko heroia agertu zaio Ingalaterrari. Txapelketa osoan hogei minutu besterik jokatuak zituen Ollie Watkins aurrelariak area barruan baloia jaso du, bira egin du defentsa paretik kentzeko, eta jaurtiketa gurutzatu batekin garaipenaren gola egin du. Herbehereetako selekzioak ez du erantzuteko denbora nahikorik izan, eta finalaren atarian geratu da. Ingalaterrak sendotasun handiagoa erakutsi du finalerdietan, eta horrela edo hobeto aritu beharko da igandean Espainiaren aurka, bere historiako lehen Eurokopa irabazi nahi badu.



