Aurkeztu berri duten 2024-2027 Udal Etxebizitzen Plan Estrategikoak hurrengo lau urteetan alokairu sozialeko 200 etxebizitza berri sortuko dituztela ere jasotzen du.
Datu zehatzik eman ez badute ere, EAEko erakundeetako Ogasun arduradunek jada aurreratu dute mutualistei egindako itzulketek eragin zuzena izango dutela datorren urteko aurrekontuetan.
«Uste dut erantzuten dudan hamabigarren elkarrizketa dela», adierazi du barkamen tonuan Peio Dufauk (Donibane Lohizune, 1979), eman nahi zuen erantzunean behin eta berriz trabatu ondotik. Telefonoa jo eta jo ari zaio igande gauetik; dozenaka mezu ditu irakurri gabe. Pausatzeko denborarik gabe, Pariserako trena hartu du, bihar Frantziako Asanbleara aurkezteko. EH Baiko kidea Fronte Popular Berriko diputatua izanen da gutxienez urte baterako. Ahots nekatuarekin baina pozik, lanerako gogoz doala baieztatu du. Zer sentimendurekin zoaz Parisera? Determinazioarekin, eta arduraz beterik. Badakit zer garrantzia izanen duen nire lanak; badakit zenbat jendek dituen itxaropenak. Ikusten dut zer xantier dudan aitzinean, eta zer-nolako lana egin beharko dudan. Zer izanen da zure programa ondoko egunetan? Parisera iristean, pausatzeko tarte bat hartuko dut, azken asteetan biziki erritmo azkarrean ibili baikara denak. Bihar goizean Iñaki Etxanizekin eta Colette Capdeviellekin elkartuko gara asanblea aitzinean, eta elkarrekin sartuko gara. Niretzat garrantzitsua da, militantea izanik ere esperientzia gutxi baitut horretan. Paperak bete, eta behar diren gauza guziak kudeatuko ditugu. Ondoren, uztailaren 18an abiatuko da asanbleako aldi berria, eta abuztu hastapen arte lanean jarriko gara denak. EAJk jakinarazi zuen ez zinela Frantzia Intsumisoaren talde parlamentarioan sartuko. Ez da engaiamendurik izan, ez baitugu akordiorik egin EAJrekin. Ez dugu sekula engaiamendurik hartu, ez nik, ez EH Baik; egin duten komunikazioa okerra da. Nola eta zeren arabera hautatuko duzue zer taldetan sartu? Harremanen arabera jokatuko da. Jadanik hasi gara elkarrizketan, eta izan ditugu proposamenak talde batean edo bestean sartzeko. Baina guk askatasun osoa atxiki nahi dugu. Talde batean izatea garrantzitsua da, bestela biziki zaila izan baitaiteke hitza hartzeko eta lan egiteko. Argi dugu talde batean sartuko garela, zeinetan ez da oraindik finkatua; baina ez dugu baztertzen askatasunez aritzea, eta berdin, beste lurraldeetako batzuekin talde bat sortzea ondoko hilabete eta urteetan. Dena eraikitzekoa da. Parisen izanik lotuko ditugu harremanak. Frantziako Asanbleako gobernabidea ere zalantzazkoa da. Pentsatzen dut egingarria dela. Bada gehiengo zabal bat ezkerrean, nahiz eta gehiengo absoluturik ez den lortu. Orain ikusi beharko da nola lan egiten dugun elkarrekin, hori baita lehentasuna: lana, lana eta lana. Ezin dugu aukera hori huts egin. Hollandek huts egin zuen, geroztik Macron etorri zen, eta orain eskuin muturra hor dugu. Ez bada emaitzarik lortzen, hiru urteren buruan Marine Le Pen izanen dugu, eta gure errua izanen da. Baitezpada eraiki behar dugu elkarrekin, zatiketak alde batera utzi, eta bere buruarentzat ari direnak alde batera utzi. Komunean ditugun balio horien guzien inguruan eraikitzea, proposatzea eta jendartearen eguneroko bizitza hobetzea; hori da helburu bakarra. Nola ikusten duzu zure funtzioa diputatu gisa? Euskal Herriaren boza izan nahi dut Parisen, eta denena. Ez ezkerreko abertzaleena bakarrik, baizik eta ezker guziarena; nire alde bozkatu dutenena eta bozkatu ez dutenena, enpresena, laborariena, langileena… Hor naiz hautesbarrutiko herritar guzien boza eramateko. Garrantzitsua da, badelako haserre bat politikarien kontra; batzuek ez dute bere rola bete. Macronismoaren egiteko moldea zen Parisen erabakitzea eta lurraldeetan aplikatzea. Horrek Jaka Horiak sortu zituen. Ikusi genuen erretreten erreforma nola inposatu zuten ere, gehiengoaren kontra. Horrek du eskuin muturra indartu. Ez da denentzat plazer bat izanen ni diputatu izatea, ez dute denek bat eginen eramanen ditudan posizioekin. Baina posizioak lurraldeko jendeekin eraikiko ditut, ez Parisen. Zein izanen dira zuretzat lehentasunak ondoko aste eta hilabeteetan? Iñaki Etxanizen legea bertan behera gelditu zen asanblearen desegitearekin [proposatu zuen Airbnb-ren gisako bizitegi turistikoen gaineko zerga kenketen murriztea]. Hori berriz eraikitzekoa da; beharbada lehen baino indartsuago. Etxebizitzaren erronka horri erantzun behar diogu. Badira beste gai batzuk ere: laborarien egoera, euskara eta hizkuntza gutxituak, aitzinamendu sozialak… Fronte Popularraren programan diren gai horiek beharrezkoak dira, jendeak lan eginez ere ez baitu nahikoa dirurik bizitzeko gaur egun. Hauteskundeak iragarri zituztenean inor gutxik pariatuko zuen diputatu bilakatuko zinela. Nola interpretatzen dituzu igandeko emaitzak? Berezia da. Nik ez dut sekula eskatu horrelako posturik. Duela bi urte, EH Bai etorri zen niregana pentsatuz hautagai egokia nintzela; gogoeta eta elkarrizketa anitz izan nituen erantzun aitzin. Uste dut ezkerreko indarrak batu behar zirela; duela bi urte ere mezu hori zabaldu nuen. Garrantzitsua zitzaidan ezkerreko zatiketa hori gainditzea, eta gauzatu da. Ez da gure esku izan bakarrik, baina EH Baik lehen urratsa egin zuen erranez fronte popular horren sortzea zoriontzekoa zela, eta hori zela bidea. Elkarrizketak izan dira ikusteko hori nola eraiki, eta eraiki da. Harrigarria da emaitza: azkenean, Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak Fronte Popularrekoak izanen dira. Nehork ez zuen pentsatuko. Sindikalismoan izan dudan ibilbidea, Ziburuko herriko etxerako lortu genuen aliantza… Horrek erakusten du anitzek zuten beldurra gainditzen ahal dela, lan egiten dela, serioak garela, eta ardurak hartzen ditugula. Indar handia egin duzue kanpainan. Sekulakoa izan da. Uste dut laurehun pertsona inguru bildu direla egunerokoan afixak kolatzen, eskuorriak banatzen, jendeekin hitz egiten. Erokeria bat izan da: ez dut sekula horrelako mugimendurik ikusi. Gaindituak ginen. Larunbat batez sei merkatutan ginen, eta atez atekoarekin ere sekulako lana eraman dugu, Miarritzen, Kanbon, eta beste hainbat herritan. Horrela irabazi dugu. Oraindik badira ezinikusiak ezkerrean, eta Euskal Herria ukatzen duten frantses nazionalistak. Uste dut batzuek ez dutela lortzen arazo hori gainditzea, eta uste dut, aldi berean, nire rola izanen dela Parisen alderdi horietako buruzagiekin mintzatzea, azaltzeko zer den gure egoera, zer gertatzen den gure lurraldean, zergatik gure hizkuntza defendatu behar den. Orain arte, bitartekarien bidez hitz egin dugu haiekin, eta orain, parez pare mintzatzeko aukera izanen dugu. Ipar Euskal Herrian adostasuna bada euskararen alde, eta etxebizitzaren arazoari begira ere bai. Bada zerbait eraikitzeko Euskal Herrian bezala Parisen ere. Pentsatzen dut elkarrizketaren bidez lortuko dela urratsak egitea. Hori izanen da garrantzitsua: parlamentuan lan egitea, eta hautesbarrutian lan egitea.
Nahita ere, nekez izan liteke diskretua Euskarabenturuaren iritsiera Iruñean. Are gutxiago sanferminetan. Hiria jantzi zuri-gorriz josia denean, ezinbestean nabarmentzen dira, bizi-bizi, espedizioko kideen kamiseta koloretsuak: laranjak gehien-gehienak, 127 gazte parte hartzaileenak; urdinak beste batzuk, antolatzaileenak eta langileenak. San Fermin egunaren biharamunean ailegatu dira hirira, Zubiri (Nafarroa) atzean utzita, eta berekin ekarri dute tona bat ilusio eta umore. Hamaika azentu eta hizkera. Eta, batez ere, are eta euskaldunagoa egin dute Iruñea. Oinez Txokoan egin dute geldialdia, eta, bertan, Iruñeko Udalak harrera egin die, lehenbiziko aldiz. Alkate Joseba Asiron joatekoa zen, baina azkenerako ezin izan da azaldu, eta, ondorioz, Herritarren Partaidetza eta Euskara zinegotzi Aitziber Campionek helarazi dizkie haren mezuak gaztetxoei. Campionek nabarmendu du «ohorea» dela espedizioa «Hiri Buruzagian» izatea, noiz eta sanferminetan. «Ez duzue data txarra aukeratu!», esan die, umoretsu. Nafarroako Gobernuaren izenean, Ana Ollo lehendakariorde eta Oroimen eta Bizikidetza kontseilaria, eta Jabi Arakama Euskarabideko zuzendaria izan dira Euskarabenturakoekin. Ollok adierazi du «plazer bat» dela jizioquitarrekin hirian izatea, eta azpimarratu du, gainera, berezia dela hain justu ere uztailaren 8an heldu izana, German Rodriguezen hilketaren urteurrenean. Gogora ekarri du hura gertatu zen urtean –1978an– festak bertan behera gelditu zirela, halabeharrez, baina gaur egungo egoerarekin alderatzeko ekarri du akordura hori, batez ere: «Gaur egun, ospatu dezakegu bizikidetzaren hiria dela Iruñea, eta zuek ezagutu dezakezue hori», esan die gazteei. Konplizitateak agerian Izan ere, bistan da jendea ez ezik Euskal Herriko askotariko txokoak ezagutzeko parada dela Euskarabentura, eta, are gehiago, gazteen elkarrizketetan eta egiten dituzten galderetan aise sumatzen da jakin-mina. «Atzo neska bat bortxatu zuten hemen, ezta?», galdetu du neska batek, kezkatu samar, kazetaria haiekin eseri eta gutxira. Eta galdera horrek errenkadan ekarri ditu, segidan, urteotan sanferminetan sona handia izan duten zenbait erasoren kasuak elkarrizketara: hala nola Nagore Lafaggeren hilketa eta 2016ko talde bortxaketarena. Instituzioetako ordezkarien ekitaldiaren ondotik, bazkaltzeko ordua. Laster batean, taldeka eseri dira jizioquitarrak —horrela antolatzen dira gauza askotarako—, eta hasi da bokata joan-etorria. «Solomo gazta!», batek oihuka; «Errepikatzen ahalko da?», beste batek galdezka, irribarrez. Eta, bitarte horretan, bokatak noiz iritsiko zain, argi bistaratu da Euskarabenturako osagai nagusietako bat: josteta. Eta hori ere bada, aldi berean, astebetean dagoeneko sortu diren harreman eta konplizitateen isla zintzo bat. Hirura arte zenbatu, eta elkarri nork begiratzen dion da inportanteetan jolasetako batean; beste batean, biribilean eseri eta ekintza zoroak egitea. Edonola ere, irri algarekin amaitzen dira beti. Zortzi egun baizik ez dira Atharratzen (Zuberoa) espedizioa abiatu zutela —hurrengo bisita Irulegira eginen dute—, baina orain arteko hoberena zer izan den galdetuta, ziztuan erantzun dute batzuek: «Lagunak!». Kontu kuriosorik aipatu dituenik ere bada: «Dutxa!», «Larzabalen Altxalilik egin zuen ikuskizuna!», «Goizeko kanta; Neomaken Hor gaude jartzen digute altxatzeko!». Ohartarazpena egin diete antolatzaileek gazteei: goza dezatela bideaz, aurrerantzean «ziztu bizian» pasatuko baita esperientzia, eta ohartzerako Getxon (Bizkaia) izanen baitira, ibilbidea bukatuta. «Orduan etorriko dira negarrak, baina baita gureak ere», esan du Iholdi Urkiza begiraleak, Euskarabenturak guztiei utziko dielakoan arrastoa.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gutuna bidali dio Amaia Zabarteri, joan den martxoan Anoeta futbol zelaiaren kanpoaldean Ertzaintzaren oldarraldi batean larri zauritu zen emakumeari. Partidaren atarian, istiluak izan ziren, eta ustez Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen 44 urteko emakumea. Bada, gertatutakoagatik atsekabea agertu dio sailburu izendatu berriak, eta jakinarazi ikertzen ari direla egun hartan zehazki zer gertatu zen. Zabarteren familiak, ordea, hotz hartu du gutuna. Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, Zupiriak elkartasuna agertu dio Zabarteri, esanez sentitzen duela martxoaren 5eko gau hartatik jasaten ari dena. «Gogorra izan behar du kirol ikuskizun handi batez gozatzera joan eta jazo zirenen moduko gertakariak topatzea», dio gutunean. Era berean, baina, «hasieratik argitaratu diren eta gertatutakoari buruz ezer gutxi argitzen lagundu ez duten informazio nahasiak» ere deitoratu ditu sailburuak. Zupiriak gutunean dio ikertzen ari direla gau hartan zer gertatu zen. Zabarteri bidalitako gutunean dio Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen esku dagoela ikerketa, eta gertatutakoa «Poliziaren eta justiziaren ikerketak ahalik eta zehaztasun handienarekin eta lehenbailehen argitzea» espero duela. Zupiriak gutunean ez du baloraziorik egin Ertzaintzak gau hartan izan zuen jokabidez, baina esan du ertzainek beti ezarria duten moduan jokatu beharra dutela, hau da, Ertzaintzak pertsonen segurtasuna lehenesten duela beste edozein egoeraren aurrean. Espero duela «kasu honetan ere hala izan» izana, dio sailburuak Zabarteri bidalitako gutunean. Zabarteren senarrak sare sozialetan erantzun dio sailburuari, esanez «izotza bezain hotz» utzi dituela gutunak, eta Zupiriak ezin diela esan Ertzaintzak beti ezarritako protokoloen arabera jokatzea espero duela. «Ez al duzu ikusi, akaso, nire emazteari eman zioten ostikada?», itaundu dio senarrak Segurtasun sailburuari. Izan ere, duela egun batzuk zabaldutako bideoan ikusten da ertzain batek ostikada bat ematen diola Zabarteri, lurrean zaurituta zegoela.
Espainiako Lan Ministerioak lanandia murrizteko proposamen berri bat jarri du mahai gainean, aurrekoa baino malguagoa, CEOE eta Cepyme patronalen jarrerak hurbiltzeko asmoz. Zenbait sektoretan orduen banaketa irregularrak egiteko tarte handiagoa aurreikusten du proposamen berri horrek.
Garraio azpiegitura hau abian jarri zenetik martxan dauden trenak ordezkatuko dituzte. Bost bagoirekin osatutako tren digitalak izango dira, eta, beraz, edukiera % 12 handituko da. Trenez gain, aginte postu zentralizatua berrituko da eta horrek maiztasuna hobetzeko aukera emango du.
Aurreikuspenen arabera, Fronte Popular Berria nagusi litzateke gaur Frantziako Asanblearako eginiko bozetan. Bigarren postuan geratuko litzateke Emmanuel Macron presidentearen inguruko koalizioa, eta hirugarren eskuin muturra. Ustekabea da emaitza, RN ultraeskuindarra faboritoa zelako, lehen itzulian nagusi geratu ostean. Baina, badirudi ultraeskuinarekiko beldurrak eta hura gelditzeko deialdiak herritar asko abstentziotik atera dutela, eta espero gabeko garaipena eman diotela ezkerrari. Zundaketak ikusita, adierazpenak egin ditu Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruak: «Presidenteak Fronte Popular Berriari deitu behar dio gobernatzera». Sinbolikoki-edo, La Rotonde Stalingrad jatetxea aukeratu du Melenchonek lehen adierazpenak egiteko. «Gure herriak bere kalterako konponbidea baztertu du. RN gehiengo osotik urrun dago». Melenchonen arabera, milioika pertsona «arnasa» hartzen ari dira, «lasaitu ederra» hartuta. «Lehen ministroak alde egin behar du», esan du, gainera, Gabriel Attal aipatuta, eta ezkerreko frontea gobernatzeko prest dagoela gaineratu du. Baina ohartarazpen bat egin dio Macroni: fronteak «bere programa besterik ez du ezarriko, eta programa osoa». Irakurri gehiago Hauteskundeetako emaitzak, grafiko eta mapa interaktiboetan Astelehenean utziko du Attalek Melenchonen hitzek eragina izan dute, antza. Attal lehen ministroak iragarri du kargua utziko duela bihar, baina ohartarazi du jardunean jarraituko duela «betebeharrak eskatu bezain luze». Macronek 2017tik eduki duen laugarren lehen ministroa da Attal. Parlamentua sakabanatzeko eta bozak deitzeko Macronek harturiko erabakia deitoratu du Attalek. «Nik ez dut sakabanatzea aukeratu, eta ez dut hori zertan sufritu». Gehiengorik gabe, Frantziak «aurrekaririk gabeko egoera politikoa pairatzen» duela gaineratu du, eta Parisen aurki Olinpiar Jokoak jokatuko direla aipatu du, zehazteko dimisioa aurkeztu arren jarraituko duela jardunean. RNren porrota Eskuin muturreko RN taldeko Jordan Bardellak porrota onartu du. Ezkerreko taldeen batuketari «desohorearen aliantza» deitu dio, eta herritarrei «politika aldaketa galarazi» izana leporatu die. Marine Le Pen alderdiko buruak ohartarazi du RNren garaipena «atzeratu besterik» ez dela egin. Eskuin muturraren «itsasaldia igo egin da, baina ez da behar bezainbeste igo oraingoan; halere, jarraitzen du igotzen». Macronek ez du hitzaldirik egingo gaur, iragarri dutenez, baina Eliseoak adierazi du presidenteak itxarongo duela «Asanblea berregituratu arte», «hartu beharreko erabakiak hartzeko». Fronte Popularraren gobernua? Zundaketetan ateratako aurreikuspenak betez gero, lehia estuan dauden hiru blokeetako batek ere ez luke gehiengo osorik lortuko, baina aukera emango lukete ezkerraren eta Macronen aldekoen artean gobernatzeko koalizio sendo bat eratzeko. Melenchonek gobernua eskatu bezain pronto, baina, horren kontrako ahotsak altxatu dira Macronen aliatuen artean. MoDem zentroko alderdiko buru François Bayrourek esan du «irudikaezina» dela ezkerreko fronteak gobernatzeko gehiengo bat osatzea. «Inork ez du irabazi», gaineratu du, eta Fronte Popular Berriak gehiengo osorik ez duela nabarmendu du. Bide beretik jo du Edouard Philippe Horizons alderdiko ordezkariak. Bozekin egoera «argitu» behar bazen ere, emaitzek «indeterminazio handia» eragin dute, haren arabera. Zentroko indarrei eskatu die itun bat egiteko, egoera politikoa «egonkortzeko». Baina ohartarazi du itun hori ezin dela eraiki ez RNrekin, ezta Melenchonen intsumisoekin ere. Macronekin lehen ministro izan zen Philippe. Renaissance alderdiko buru Stephane Sejournek esan du «begi bistakoa» dela Melenchon eta haren aliatuek «ezin dutela Frantzia gobernatu». Philippek bezala, gehiengorik ez dagoela nabarmendu du, eta bere alderdiak baldintzak jarriko dituela edozein elkarrizketa hasteko. Baldintza horien artean jarri du Ukrainari Errusiaren aurka sostengua ematen jarraitzea.
Frantzia ez ezik, Euskal Herria eta Europa erdia arnasari kontu egiten aritu dira azkeneko lau asteotan, Emmanuel Macronek Frantziako Asanblea desegin eta hauteskundeetara deitu zuenetik. Macronen hanka sartzea galanta izan da, batez ere bere alderdiak eta presidenteak berak ordaindu duelako, lehenaz gainera gehiago zatituta bere aldekoak ere. RN Batasun Nazionalak Europako bozetan lortutako emaitza erreplikatu zuen ekainaren 30ean, Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian, eta aukera ikaragarriak zituen bigarren itzulian irabazteko, gehiengo absolutua ez bazen ere, behintzat irabazteko, eta lehen ministro bat aukeratzeko modua izateko. Horregatik, ezusteko handia izan da NFP ezkerreko frontearen emaitza, inork gutxik kalkulatzen baitzuen bigarren itzuli honetan irabaz zezakeela. Irakurri gehiago Hauteskundeetako emaitzak, grafiko eta mapa interaktiboetan Izan ere, pronostiko guztien kontra, eskuin muturraren kontrako fronte errepublikanoak funtzionatu egin du, eta hori da hauteskunde gau honetako lehen ondorioa. NFP Fronte Popular Berrian ezkerreko indarrak horren azkar eta horren modu eraginkorrean elkartzea harrigarria suertatu bada, izan da arriskuak eta izuak hartaratuta. Eta herritarrek ulertu dute botoa biltzeko aukera ona zela, aukera bakarra agian, ikusita Macronek zenbat ezadostasun eta haserre bildu dituen bere inguruan, agintean denetik. Eta eskuin tradizionaleko zein zentroko eragile ugarik NFPrekin —bereziki Frantzia Intsumisoarekin: askok RNren pareko jarri dute, eta, horretan bederen, Jordan Bardella RNko hautagaiaren diskurtsoa kopiatu du eskuin errepublikanoaren parte batek— hartu duten jokabidea ikusita, ez zen erraza asmatzea zer gertatuko zen gaur: eskuineko boto emaileek NFPri emango ote zioten botoa, RNri kontra egin behar zitzaion barrutietan? Azkeneko bi hamarkadetan, ezkerreko boto emaile gehienek eta alderdiek erakutsi dute eskuin muturraren kontra behar zenean behar zenari botoa emateko prestasuna. Baina zalantzak baziren kontrara ere berdin funtzionatuko ote zuen sistemak, eta gaurko emaitzak ikusita, esan liteke baietz. RNk askotan esaten du «herritarren gehiengoa» isilarazi nahi dela, eta «antinatura» koalizioak egiten direla eskuin muturrari atea ixteko, baina egia bestea da: askoz gehiago dira RNk agintzea nahi ez dutenak. «Herritarren gehiengoa» beste hori da, RNk onartu nahi ez duen hori. Gaurko gauak utzi duen bigarren ikaspena: eskuin muturraren mamuari esker ailegatu izan da Macron presidentetzara, parez pareko lehian eskuin muturra zuelako irabazi baititu hauteskunde presidentzialak, baina ez herritarren gehiengo baten babesa zuelako; gogorik gabe eta beste aukerarik ez zutelako eman dio botoa jende askok, eta ez du ematen Macronek hori ongi ulertu duenik, agintean daramatzan zazpi urteotan adiskideak galdu eta kontrarioak ugaldu baitzaizkio, hain justu kontrakoan ahalegindu behar zuenean. Ezkerrak aldarrikatu du hauteskundeak irabazi dituela, baina kontuz ibili beharko du, Macronen herren bera ez egiteko. Hauteskundeak irabazteak ez du esan nahi herritar guztien babesa dutenik, eta bi itzuliko sistema batean are gutxiago, herritar askok halabeharrez ematen baitute botoa, eta gero norberaren kontra itzul liteke hori. Politika egiteko eta agintzeko beste manera batzuk galdatzen ditu egoerak. Eta oreka ahul horiez kontziente izatea. Sentsibilitate gehiago. Eta elkar aditzea ere bai. Izan ere, eta hori da hirugarren ondorioa, zatitutako herrialde bat agertzen dute gaur gaueko emaitzek. Hiru bloke argi ikusten dira: erreforma sakonak nahiko lituzkeen ezker bat; gizartea hankaz gora jartzea nahiko ez lukeen zentro-eskuin bat; eta gizartearen parte bat Frantziatik bota nahiko lukeen eskuin mutur bat. Eta tartean, ezin da ahantzi, halako egoera larri eta muturrekoetan ere botorik ematen ez duten herritarren heren bat inguru. Gobernatzeko beste sentsibilitate eta modu batzuk eskatzen ditu egoerak eta garaiak. Egunotan teoria eta hipotesi mordoska bat haizatu dira, astelehenetik aurrera Frantzian gerta litekeenari buruz: kohabitazioa, dimisioak, Konstituzioaren erreformak, Asanblea ostera ere desegitea, presidenteak botere gehiago hartzea, «V. errepublika hil da», eta gisakoak. Eta Macronek izango du tentazioa, akaso, superrerreforma politikoren bat egiteko, baina agian beste galdera batzuei ere heldu behar zaie: posible ote den demokrazia langabeziarekin eta desberdintasun ekonomikoekin; ze eskalatako herrialdeak diren bideragarriak, herrialde handiegiek ez ote dituzten herritarren beharrak urrunegi ikusten; eskala txikiagoko aginteak ez ote diren hobeak herritarrentzako eta herritarrek kontrolatzeko; nola egin komunitateak berpizteko eta herritarrak beraien artean ostera ere konektatzeko, sareetako erradikalizazioetatik ateraz. Esate baterako. Ikuspegi murritzegia suerta liteke gobernabideari soilik begiratzea.