Espainiak irabazi du Eurokopa, Ingalaterra menderatuta
Kroazia, Italia, Alemania, Frantzia eta, azkenik, Ingalaterra. Eurokopako selekzio handienak banan-bana menderatuta irabazi du Espainiak Eurokopa. Gainera, jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu. Finalean 2-1 hartu du mendean Ingalaterra, eta bi euskal herritarrek sartu dituzte golak. Nico Williamsek egin du lehena, eta Mikel Oiartzabalek egin du garaipenarena. Finaletan ohikoa izaten den bezala, joko gutxi erakutsi dute bi taldeek lehen zatian. Ingalaterrak ez du inolako arriskurik hartu nahi izan, eta pase luzeen bidez ahalegindu da aurrera egiten. Bestela, geldikako jokaldiak probesten ahalegindu da, eta gertu izan du gola lehen zatia amaitzear zela. Luke Shawren erdiraketak atzelari baten soinean jo du, eta Phil Fodeni iritsi zaio baloia, area barruan. Ez du nahi bezala errematatu, ordea, eta arazo handiegirik gabe gelditu du baloia Unai Simonek. Espainia, aldiz, baloia atzetik jokatzen saiatu da, baina zailtasun ugari izan ditu lan horretan. Southgatek kate motzean lotu nahi izan du Rodri, espainiarren euskarria, eta horrek lana zaildu dio Luis de la Fuenteren taldeari. Gainera, min hartu du Rodrik, eta atsedenaldian aldatu behar izan dute. Zubimendi sartu da haren ordez. Zelai erdiko jokoan zeuzkaten trabak tarteko, hegaleko jokaldi batean iritsi da espainiarren lehen gola. Hegaletatik egin du min gehien Espainiak txapelketa osoan zehar. Lamine Yamal eta Nico Williams oso jokalari jaioak dira buruz buruko jokaldietan, eta haiek izan dira Espainiako selekzioaren jokalari arriskutsuenak finalera bidean. Lehen zatian bikain zaindu ditu Ingalaterrak. Shawk eta Kyle Walkerrek ez diete metro erdia ere utzi, eta sendo aritu dira buruz-buruko lehia horietan. Hala ere, bigarren zatia hasi eta berehala aldatu da hori. Yamalen bakarrik utzi du Williams barnekaldi baten ostean, eta nafarrak, ezkerrez, sareetara bidali du baloia. 1-0, 47. minutuan. Golak min handia egin dio Ingalaterrari, eta Espainiak aurrerapausoa eman du ondorengo minutuetan, bigarren golaren bila. Aukera argiak izan dituzte Williamsek zein Moratak, baina ez batak, ez besteak, ez dute asmatu. Ingalaterra bikain aritu da defentsan lehen zatian, baina bigarren zatiaren lehen ordu laurdenean ezin izan dute Yamalen erauntsiarekin. Katalunian jaiotako hegalekoak 17 urte bete ditu asteon, eta partidako jokalari arriskutsuena izan da. Bere partidari ginga jartzeko aukera ere izan du, baina haren erremateari bikain erantzun dio Jordan Pickford atezainak. Espainiak nahi zuen tokian zeukan partida. Baina halako batean berdindu egin du partida Ingalaterrak, 70. minutuan. Ezer gutxi egiten ari zen Southgaten taldea, baina Palmer zelairatu du, eta bi minutu beranduago gol ederra egin du Chealseko jokalariak. Trantsizio azkar batean Palmerri iritsi zaio baloia aldaratze baten ostean, eta area kanpotik erremate ezinhobea egin du. Gola eta balio bera duen jokaldia Espainiak ez bezala, Ingalaterrak hainbat metro egin ditu atzera gola sartu ostean. Indarrak orekatuta zeuden, eta lehia bizia izan dute bi taldeek zelai erdian. Espainia, hala ere, gehiago saiatu da, eta azkenean saria ere lortu du. Yamalek izan du lehen aukera, baina gola eragotzi du Pickfordek. Baina, 87. minutuan, Oiartzabalek ez du barkatu. Cucurellaren erdiraketa bikaina izan da, zehatza eta indar handikoa. Realeko kapitainak lurrera bota du bere burua errematea egin ahal izateko, eta Pickfordek ezin izan du ezer egin. Finala haiena zen. Hala ere, golak izan duen garrantzia bera izan du Dani Olmok egindakoak. Declan Ricen erremate bat Unai Simonek atera du, eta aldaratzea Marc Guehik errematatu du, buruz. Sareetara zihoan, baina Olmok atepetik atera du, azken unean. Gol bat sartu izan balu bezala ospatu dute kataluniarrak eta taldekideek. Hala amaitu da partida. Espainiak Eurokopa irabazi du hamabi urteren ostean, eta Ingalaterrak, aldiz, bigarren aldiz jarraian galdu du finala.
