Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Tolosan (Gipuzkoa), osteopata batek egindako sexu erasoak salatu dituzten emakumeei adierazteko sinesten dietela, haiekin daudela eta haiekin egongo direla. Orain arte, hamar emakumek salatu dituzte sexu erasoak. Tolosaldeko Mugimendu Feministak eta eskualdeko 23 udalek bat egin dute deialdian. Ez dutela inolako sexu erasorik onartuko nabarmendu dute. Nik sinisten dizut. Guk sinisten dizuegu leloa hautatu dute protestarako. Tolosako Emakumeon Plazan egin dute. Osteopata urtarrilaren 21ean atxilotu zuten, bi emakumezkok —horietako bat adingabea zen— haren aurkako salaketa jarri eta gero, baina karguekin aske utzi zuten ondoren. Hala ere, antzeko kasu gehiago egon zitezkeen susmoa hartuta, salaketa jartzeko era dagoela gogorarazi zuen Ertzaintzak. Eta halaxe izan zen: ondorengo egunetan beste lau andrazkok jo zuten Poliziarengana salaketa jartzera; guztira, seik. Biktimei entzun ostean, fiskalak gizona espetxeratzeko agindua eman zuen; «balizko zigorren larritasuna» nabarmendu zuen, eta ihes egiteko arriskua zegoela. Biktimek kontatu dute osteopatak ukituak egiten zizkiela, kontsultan harekin bakarrik egoten zirela baliatuta: gutxinaka, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iristen zen, horretarako inolako baimenik gabe. Aduna, Alkiza, Alegia, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkilgo udalek eta Tolosaldeko Mugimendu Feministak sostengatu dute gaurko mobilizazioa.
24 urteko mutil bat hil zuten Getxon larunbat gauean, labana sartuta. Bost adingabe atxilotu zituzten erasoarekin lotuta egotea egotzita. Ezinegona eta oinazea eragin ditu herrian gertaerak, eta elkarretaratze isil bat egin dute gaur arratsaldean, Getxoko Udalak antolatuta. Jendetsua izan da. Amaia Agirre alkatea elkarretaratzean izan da, eta udalbatzako talde politiko guztiek ere izan dute ordezkaritza. Herriko gazte elkarteetako kideak ere izan dira. Protestaren amaieran alkateak eta gazte erakundeetako ordezkariek lau kandela piztu dituzte. Algortako Satistegi plazaren inguruan izandako istiluetan hil zuten gizon gaztea. Odolez zikindutako bi labana topatu zituzten geroago ertzainek Algortako metroko zaborrontzi batean, bost adingabeak atxiki zituzten tokitik gertu. Hilketaren berri izan ostean, elkartasuna azaldu zion Getxoko Udalak hildako gaztearen familiari, eta halakoak eragozte aldera herrian segurtasun neurriak indartzeko asmoa azaldu zuen, bai eta «gizarte kohesioa» areagotzeko ere.
Ertzaintza Getxoko (Bizkaia) Europa ikastetxeko ingeleseko irakasle bat ikertzen ari da, zenbait ikasleri sexu abusuak egin ote dizkien jakiteko. Hain zuzen, 4 urteko lau ikasleren —laurak neskak— familiek salaketa jarri diote, beren umeei sexu abusuak egitea egotzita. Vocento taldeak eman du albistea. Hain zuzen, sexu askatasunaren aurkako delituak egin ote dituen ikertzen ari dira. Ikerketa zabalik dago, salaketa gehiago egon daitezkeelakoan. Komunikabideen arabera, joan den astean hasi zen guztia. Salaketa jarri duten ametako bat Gurutzetako ospitalera joan zen alabarekin, neskak mina zuelako gorputzeko atal intimoetan. Baieztatu zioten sexu erasoen zantzuak zituela. Umeak egunak zeramatzan eskolara joan nahi ez zuela, eta, gainera, bi egunetan barruko arroparik gabe itzuli zen etxera ikastetxetik. Amak eskolari jakinarazi zion, eta Ertzaintzan salaketa bat jarri zuen. Haren atzetik beste hiru salaketa etorri dira. Ingeleseko irakaslea 30 urte inguruko gizonezko bat da. Hiru ikasturtetan aritu da Europa ikastetxean lanean. Lehenengo bietan kasu jakin batzuetan bakarrik lan egiten zuen, murgiltze programetan aritzen baitzen, baina urritik modu erregularrean aritu da lanean. Orain, baztertu egin dute eskolatik. Europa ikastetxea laikoa eta itunpekoa da. Ikastetxeak ohar bat bidali die familiei. «Erabateko arduraz» jokatu dutela ziurtatu dute: hezkuntza ikuskariekin eta Poliziarekin koordinatzen aritu dira zantzuen berri izan duten «momentutik bertatik». Horretaz gainera, familiekin izandako jokabidearen berri ere eman dute. Eskolaren esanetan, «kaltetutako mailako familiak» behar bezala informatu dituzte, eta haien esku jarri dituzte dauzkaten «baliabide guztiak»: «Beharrezkoa balitz, baliabide gehiago jarriko genituzke behar den denborarako». Erantsi dute beren helburua beti izan dela ikasleak eta haien familiak babestea eta irekita dauden legezko prozesuetan ez eragitea. Bilera gurasoekin Eskolako zuzendaritzak bilera bat izan du Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoekin, azalpenak emateko. 15:30ean hasi da bilera, eta bi ordu inguru iraun du. Gurasoek ez dute adierazpenik egin bilerara sartzerakoan, ezta horren ostean ere; baten batek esan du «lasaiago» gelditu dela zuzendaritzaren azalpenak entzunda, baina, oro har, gurasoek nahiago izan dute kazetariekin berbarik ez egin, eta oso uzkur jokatu dute haiekin. Eskolara ikasleen bila joan diren gainerako gurasoei dagokienez, zuhurtzia izan da nagusi, eta gehienek ez dute adierazpenik egin: «Ni aitita naiz, eta bilobaren bila etorri naiz; ez dakit ezer horretaz», azaldu du gizonezko batek. «Auziaz zer pentsatzen dudan? Egia baldin bada, plaza erdian eskegi beharko luketela». Guraso batek esan du «harrituta» gelditu dela albistearen berri izan duenean, eta uste du eskolak «zuzen» jokatu duela: «Irakaslea lantokitik baztertu dute, eta informazioa eman dute. Jokabide egokia izan dutela iruditzen zait». Beste guraso batzuk ez daude hain pozik ikastetxeak izan duen jarrerarekin. EITBri egindako adierazpen batzuetan, guraso batek azaldu du joan den astean irakaslea lanean egon zela, ordurako ikastetxeak lehen salaketaren berri zeukan arren. Salaketa jarri duten gurasoetako batzuk, berriz, salatu dute ikastetxea «gertatutakoa estali nahian» aritu dela eta «eskolatik alde egiteko gonbita» egin ziela, El Correo egunkariari adierazi diotenez. Ohar baten bidez, Guraso Elkarteak «babesa eta elkartasuna» igorri die salaketa jarri duten gurasoei, eta «errespetua eta zuhurtzia» eskatu du. Nabarmendu du ikerketa zabalik dagoela eta auzia orain Ertzaintzaren eskuetan dagoela. Hedabideei eskatu diete «ez argitaratzeko kontrastatu gabeko informaziorik».
Europako funtsek “diru publikoa multinazionalen etekinak ziurtatzeko” erabiltzen direla salatu du ELAk. Mikel Lakuntza idazkari nagusiak adierazi du Next Generation funtsek diru publikoa enpresa handietara bideratzea dakartela, murrizketa sozialen truke.
Siemens Gamesak 430 lanpostu murriztuko ditu Espainiako Estatuan, langileen % 8 inguru. Oraingoz, ez dakigu neurriak nola eragingo dion Hego Euskal Herriko plantillari. Multinazionalak jakinarazi duenez, Espainiako Estatuan enplegua murrizteak ez du eraginik izango lantegietan.
Auzitegi Gorenak epaia kaleratu du bitarteko langileak automatikoak finko egitea baztertuz. Gorenaren arabera, hautaketa prozesu bat gainditu gabe langile finko bihurtzea “bateraezina” da Espainiako Administrazio Publikoa arautzen duen sistemarekin.
Ekainaren 9ko Europako hauteskundeetarako kanpainak laugarren eguna izan du gaur, eta alderdi nagusiek eskuin —«nahiz ezker»—muturreko indar politikoak gerarazteko botoa eskatu dute, iritzita bestelako Europa bat posible dela. Goizean egindako ekitaldietan, aldiz, hizkuntza eta kultur politikei, buruko osasunari edo lehen sektoreari buruzko proposamenak izan dituzte hautagaiek ahotan. EAJ: muturreko indarren aukera bakarra Ortuzar, Agirregoitia eta Bilbao, gaur, Zornotzan (Bizkaia). EAJ EAJk Gasteizen, Donostian eta Zornotzan (Bizkaia) egin ditu ekitaldiak gaur, eta muturreko indarren aurkako arbuio «argia» egin du. Zornotzako ekitaldian izan dira Oihane Agirregoitia EAJren zerrendaburua, Izaskun Bilbao eurodiputatua eta Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidentea. Ortuzarrek adierazi du ekainaren 9ko bozak «funtsezkoak» direla Europako Batasunarentzat, baina salatu du alderdiek beste gai batzuei buruz hitz egiteko ari direla baliatzen hauteskunde kanpaina. Buruzagi jeltzaleak PPri eta PSOEri egotzi die Espainiari eta nazioarteari begira jardutea, eta proposamenik ez egitea. EH Bilduri ere leporatu dio duela gutxira arte EB kritikatu egiten zuela orain europazalea dela esaten badu ere: «Errusiazaleak ziren, beste ezer baino gehiago». Horregatik, «eskuin eta ezker muturraren aurkako jarrera irmoa» aldarrikatu du Ortuzarrek. «Guk argi utzi dugu ez diogula utziko ezein ultrari ardurarik hartzen Europan, eta ez diogula eskuin muturrarekin akordioak dituen inori babesik emango. Ultrek aurrean izango gaituzte». Agirregoitiak, berriz, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun politikak izan zituen hizpide. Ohartarazi zuen arrakala agerikoa dela hala soldatetan, nola pentsioetan, eta «desoreka» horri aurre egiteko politikak eskatu zituen. Bada, adierazi zuen EBko kide guztiek Erromako Ituna bete dezatela eskatuko duela. Goizean, gizarte politiken aldeko aldarria egin zuen. Bereziki, azpimarra egin zuen buruko osasunari lotutako estrategian, eta adierazi zuen alor horretan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «aitzindariak» direla Europan, eta erreferente direla batasuneko gainerako herrialdeentzat. Agirregoitiak Donostiako Zubi Etxe zentroa bisitatu zuen goizean, eta esan zuen hura bezalako egoitzei bide ematen dieten politikak «eredu» direla Europako Batasuneko gainerako herrialdeentzat: «Esperientzien emaitzak arrakastatsuak izan dira. Eta hori dela eta, Europar Batasunak Zaintza HerriLab gomendatzen du estatu kideen politika publikoen diseinuetarako». EH Bildu: faxismoaren aurkako botoa Arnaldo Otegi, Iñigo Hernando eta Iurre Bideguren, gaur, Galdakaon (Bizkaia). EH BILDU EH Bilduk ere boto antifaxista eskatu du Donostian, Iruñean eta Galdakaon (Bizkaia) egindako ekitaldietan. Azken horretan izan da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Iurre Bideguren zerrendakidearekin batera, eta adierazi du ziur dela euskal herritarrek «abertzale, subiranista eta antifaxista» bozkatuko dutela ekainaren 9an: «Euskal nazio zaharrak berriz ere garaituko ditu eskuin muturrak». Izan ere, Otegik ohartarazi du EB eskuin muturrari lerratu dela, eta ez duela «ez proiektu estrategikorik, ez politikorik, ez eta ekonomikorik ere». Buruzagi subiranistaren ustetan, ordea, posible da ezker subiranistatik «bestelako Europa bat» eraikitzea: bakea, burujabetza eta antifaxismoa aldarrikatuko dituen «herrien eta langileen Europa», hain justu ere. Gainera, ziurtatu du EH Bilduren botoak «balio erantsia» duela, Euskal Herri osoa ordezkatzen duelako. Bidegurenek nabarmendu du Euskal Herriko bake prozesua Europako erakundeen «konpromisoarekin eta lankidetzarekin indartzen» jarraitu behar dela. «Hala ere, bakea ere bada, esaterako, Irungo edo Behobiako mugetako kontrol arrazistak geraraztea, eta bakea ere bada Euskal Herria harrera herria izatea», ohartarazi du. Goizean, berriz, euskara Europako hizkuntza ofiziala izan dadila eskatu du. Izan ere, Alex Aginagalde EH Bilduren hautagaiak adierazi duenez, hizkuntza gutxituek babes egitura handiagoak behar dituzte iraun dezaten bermatu ahal izateko: «Hori horrela izateko bermea izango da EH Bildu». Europako Batasuneko erakundeetan euskara hizkuntza ofiziala izan dadin lan egingo dutela hitzeman du Aginagaldek, Donostian egindako ekitaldian; izan ere, iritzi dio horri esker beste hizkuntza guztiek dituzten aukerak izango lituzketela euskarak eta euskal kulturak, dela diru laguntzetan, dela kultur sustapenean. «Euskara europar hizkuntza bat baita, eta euskaldunok ez baitugu beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituzten herritarrek baino eskubide gutxiago merezi». PSOE: lehen sektoreari laguntzeko prest Lehen sektorearen alde lan egiten jarraitzeko prest azaldu da Alderdi Sozialista. Errenterian (Gipuzkoa) eta Erandion (Bizkaia) egindako ekitaldietan, Idoia Mendia zerrendako bosgarrenak gogorarazi du sozialistei esker Hego Euskal Herriko nekazariek «inoiz baino diru gehiago» jaso zutela aurreko legealdian Europako laguntzetan. Bada, eredu hori indartzen jarraituko duela hitzeman du: «Datorren legegintzaldian, PSOEk Nekazaritza Politika Bateratu indartsu bat defendatzen jarraituko du». Horrez gain, erantsi du gazteak lehen sektorera hurbiltzeko eta burokrazia arintzeko neurriak hartuko dituztela. Edonola ere, horretarako berme bakarra Alderdi Sozialista dela hitzeman du, baita eskuin muturrari aurre egiteko ere. Elena Sancho hautagaia ere elikagaien sektoreko Erriberako enpresariekin bildu da goizean, eta sozialistek lehen sektorearekin duten konpromisoa berretsi die. Sanchok adierazi du Nafarroarentzat estrategikoak direla nekazaritza eta basogintza, eta gogorarazi du sozialisten babesik gabe sektoreak ez lituzkeela jasoko 16 milioi euro ESEPE bidezko diru laguntzetan. PP: bertako produktuak babesteko eskea Alderdi Popularrak ere lehen sektorea izan du ahotan, Kuartangon egin duten ekitaldian (Araba). Eta, hain justu ere, alor horretan lan egiten dutenei «aurreiritziak alde batera uzteko» eta datorren ekainaren 9ko hauteskundeetan Alderdi Popularrari botoa emateko eskatu die Javier de Andres EAEko PPko presidenteak. Adierazi du hura dela nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza «benetan babesten dituena». «Beti izan da, eta hala izaten jarraituko du», azpimarratu du. Halaber, Europako Batasunean ekoizten diren produktuak babesteko eskea ere egin du De Andresek; horretarako, EBz kanpoko produktuei bertakoei exijitzen zaizkien baldintza berberak eskatzea galdegin du, «lehia desleialik» ez sortzeko. SUMAR: Espainiako Gobernuaren «bihotz aurrerakoia» Sumarrek uste du Europaren etorkizuna eta Espainiako Gobernuarena arriskuan daudela, posible ikusten baitu PPk eta PSOEk Europan duten koalizio ituna Espainian ere egitea. Andeka Larrea zerrendakideak «kontraesanak» ikusten baititu sozialistengan: «Elkarrekin bozkatu dituzte asilo ituna eta murrizketa garaira itzultzen gaituzten arau fiskalak». Larreak adierazi du Sumarri botoa ematea dela horri aurre egiteko modurik onena, hura baita Espainiako Gobernuaren «bihotz aurrerakoia». Alba Garciak, berriz, beharrezkotzat jo du abortu publikoa eta doakoa bermatzea. Horretarako, Oinarrizko Eskubideen Europako Batasuneko Gutunean sartu eta Espainiako Konstituzioan blindatzea eskatu du, «sexu eta ugalketa eskubideak babesteko, indar politiko erreakzionarioen eta eskuin muturrekoen mehatxuaren aurrean».
Israel, berriz ere, nazioartearen gaitzespena jasotzen ari da Gazan haren armada egiten ari den hilketengatik. Gobernuak eta GKE gobernuz kanpoko erakundeak, denetariko talde eta instituzioak aritu dira, egun osoan, Tel Aviv kritikatzen Gaza hegoaldeko errefuxiatuen esparru baten kontrako azken erasoarengatik. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, esaterako, gaur adierazi du «ikaragarria» izan dela Rafahko errefuxiatu kanpaleku baten kontrako bonbardaketa hori, eta Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak gerora esan du zerrendan ez dagoela «toki segururik». Gazako Osasun Ministerioak gaur eguerdian jakinarazitako behin-behineko datuen arabera, gutxienez 45 dira hildakoak, eta 249 zaurituak. Rafahko erasoaldia «berehala» gelditzeko Nazioarteko Jusitizia Auzitegiaren agindua jaso eta bi egunera, hiri horren hegoaldeko iheslari kanpaleku bat bonbardatu zuen Israelgo armadak, atzo gauean. Militarren iturriek hasiera batean adierazi dutenaren arabera, «Hamasen instalazioak» suntsitu dituzte bonbardaketan; biktima gehienak, ordea, zibilak izan dira. Gertatutakoa «sarraski bat» izan dela salatu du Hamaseko bozeramaile Sami Abu Zuhrik, eta AEB Ameriketako Estatu Batuak jo ditu erantzuletzat. Horren ondoren, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, esaterako, esan du «suminduta» dagoela gertaturikoagatik, eta Belgikak eta Italiak —Israelen aliatuetako bat—, gainera, «onartezintzat» jo dute bonbardaketa. Organizazio palestinarrak Tel Aviven aurka jaurtitako suzirien ondorio izan da Rafahren aurkako erasoa; goizaldekoa izan da, gainera, joan den urtarrilaz geroztik Hamasek Israelen aurka egin duen halako lehen erasoa. Bestalde, Irlandako Errepublikak, Norvegiak eta Espainiak bihar dute onartzekoa Palestina estatu gisa. Hain zuzen ere, Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek gaur eskatu die EBko estatu kideei babes dezatela Nazioarteko Zigor Auzitegiaren azken eskaria, zeinean Israeli exijitzen dion eten dezala Rafahren aurkako erasoaldia. Irlandako Errepublikako Atzerri ministro Micheal Martinek ere bat egin du adierazpen horiekin: «Gaza eremu txikia da, eta jende asko biltzen du. Ezin da hura bonbardatu eta gero bazter utzi hildako errugabeen erantzukizuna». Erantzuna zehazki hori izan ez den arren, antzeko ildotik doa. 27 kideen kluba bloke bat legez jardun da, eta hori ikustea zaila zen azkenaldian Palestinako gatazkari dagokionez. 27 estatuen Atzerri ministroek Israelgo Atzerri ministro Israel Katz bilera batera deitu dute, EBk eta Israelek duten akordio komertziala berrikusteko. Argudiatu dutenaren arabera, akordioan Tel Avivek giza eskubideak bermatuko zituela adierazi baitzuen. «Gazan gertatzen ari denaz eztabaidatuko» dutela adierazi dute EBko ministroek. Borrellek taldea osatzen duten herrialde guztien jarrera txalotu du, eta argi utzi du erantzun «bateratuaren» xedea ez dela soilik Israel Katzekin biltzea: «Israelgo Gobernuari Europako justiziaren neurriak nola beteko dituen galdetuko diogu». Bertsio aldaketa Israelgo armadako buruzagitzak argudiatu du «doitasun munizioa erabiliz eta inteligentzia informazio zehatza oinarritzat hartuta» eta «eremu seguru bat» zelakoan egin duela bonbardaketa, eta gaineratu «bonbardaketaren ostean piztutako suteen» ondorioz hil direla zibilak. Modu horretan egin dio izkin hildakoen eta zaurituen gaineko erantzukizunari. Egun osoa eman du bertsio horrek, gau aldera Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk atzera egin eta Rafahn geratutakoa «ezbehar tragikoa» dela esan duen arte. Nazioarteak egun osoa darama gertatutakoa arbuiatzen, eta, lehen ministroak Israelgo Parlamentuan adierazi du «ezinbestekoa» dela Israelgo armadak «ahal den arreta guztia» jartzea gauzatzen dituen operazioetan. Hala ere, Netanyahuk ez du armada kritikatu; bere iritziz, «ahaleginik onenak egiten dituzte [gatazkan] parte hartzen ez dutenei kalterik ez egiteko». Palestinako talde armatuaren erasoak, ordea, giroa berotu du Israelen. Goizaldean, Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak, eskuin muturreko Itamar Ben-Gvirrek, honela idatzi du X sare sozialean: «Rafahra! Indar guztiz!». Harekin bat etorri da Benny Gantz ere, gobernuaren gerra kabineteko kidea: «Gaurko oldarraldiak argi utzi du armadak Hamasen aurka jo behar duela, hura edonon dela ere». Indarrak Rafahn biltzeko nahiak bestelako ondorioak izan ditzake. Egiptoko armadak gaur ohar bidez jakinarazi duenez, herrialdeko segurtasun indarretako kide bat hil dute, tiroz, Rafahko pasabidean. Nork sakatu duen katua esaten ez duten arren, Israelek jakinarazi du haren armadaren eta Egiptokoaren artean liskarrak egon direla pasabidetik gertu, eta hori ikertzen hasiko zirela. Egiptok eta Israelek bake akordioa sinatu zuten 1979an, eta hainbatetan jardun dute elkarlanean Gazarekin lotutako segurtasun politikei dagokienez. Oraingoan, baina, Egipto beldur da Israelek palestinarrak Gazatik Sinaira kanporatu nahi ote dituen; hasieratik aukera hori marra gorritzat ezarri izan du Egiptok. Badira bederatzi hilabete Israelek, milizia palestinarren erasoari erantzunez, Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuela, eta, tarte horretan, 35.000 palestinar hil dituzte, eta Gaza hiria ia erabat suntsitu. Erasoalditik ihesi, zerrendaren iparraldean bizi ziren milaka palestinarrek hegoaldera jo zuten, Rafahra, han seguruago egongo ziren itxaropenarekin. Baina azken asteetan zabaldu egin da Israelek Rafahren aurkako erasoaldia hasiko duen beldurra. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak berak behin baino gehiagotan esan du «beharrezkoa» dela hiria hartzea Hamas «erabat» suntsituko badute.