Amurrioko Udalak laguntza kendu dio Aiarako euskarazko komunikabide bakarrari
Aiaraldeko Komunikabideak jakinarazi du 6.000 euroko laguntza kendu diola Amurrioko Udalak. «Gertaera oso larria eta onartezina zaigu, eta egoera bideratzeko eskatzen diogu tokiko erakundeari», adierazi dute. Halaber, gaineratu dute udalak ez diola erantzun egoeraren larritasuna aztertzeko eginiko bilera eskaerari. Gogora ekarri du Aiara eskualdean euskarazko komunikabide bakarra direla, eta Laudio, Urduña, Aiara, Okondo, Artziniega, Orozko, Arrakundiaga-Zollo eta Arakaldoko udalen babesa jasotzen dutela. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako Foru Diputazioak sustatzen eta finantzatzen dute. Bi erakundeen plan estrategikoetan azpimarratzen da euskarazko komunikabideen garrantzia estrategikoa, baina Amurrioko Udalak hori kontuan ez duela izan azaldu dute. Komunikabidea «itotzeko saiakera» Euren esanetan, «inolako jakinarazpenik eman gabe» izan dute erabakiaren berri, eta euskarazko komunikabide bakarra «itotzeko saiakera» dela deritzote. «Euskara biziberritzearen aurka hartu dituen erabakien azken mugarria da», aipatu du komunikabideak eta aurrekariak zerrendatu ditu. Adibidez, iazko hauteskunde kanpainan Kontseiluarekin biltzeari muzin egin zion udalak euskalgintzaren erakundeak euskararen inguruko konpromisoak hartzeko proposamenaren aurrean. Uztailean euskararen teknikari lanpostua udal langileen zerrendatik kendu zuen. Urtarrilean, Amurriko kiroldegiko lizitazio publikoan bertako langileen euskararen profil derrigortasuna kendu zuen. 2016tik Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin hitzarmena «izoztuta dago»… Horren aurrean behar-beharrezkotzat jo dute komunikabidearen eta udalaren artean biltzea. Gainera, eskatu diote diru laguntza berrezartzeko «lehenbailehen». Euskararen aurkako eraso guztiak eten ditzala galdegin diote udalari. Euskararen biziberritzean oztopo izateari uzteko eskatu diote. Aiaraldea Komunikabidea duela hamalau urte abiatu zen. Herritarren hauspoa izan du hasieratik eta hari bultzada eman diote eskualdeko udalek eta alderdi politiko guztiek.



