Facuak plataforma bat jarri du eskuragarri hegazkin konpainien irregulartasunengatik kaltetutakoentzat. Gainera, adi egongo direla “erabiltzaileei kalteak eragiten dizkieten balizko itunen” aurrean ohartarazi die konpainiei.
Euskal Eskola Publikoaren jaia egin dute gaur Ordizian (Gipuzkoa). Urdaneta eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta egitaratu oparoa prestatua dute han bildu direnenetzat. Jaia 11:00etan hasi da, eta eguraldiak hasieran lagundu ez badu ere, zer egin ez da falta izan. Goierriko Hitza-k jaso duenez, antolatzaileen arabera, ia 10.000 lagun elkartu dira festan parte hartzeko eta kalitatezko hezkuntza sistema publikoa, euskalduna eta inklusiboa aldarrikatzeko. «Ordizia Euskal Herriko beste herri, auzo eta eskola publikoaren isla da. Muturrera eramandako egoera baten isla», esan du Maria Albisu guraso elkarteko lehendakariak. Jatorriaren baitan, «egoera sozioekonomikoari dagokionez edo euskararen ezagutzan ikastetxeen arteko desorekak» daudela adierazi du. «Gaur euskara, aniztasuna, publikotasuna aldarrikatzeko eguna da, baina begietara begira esan nahi dizuet: politika eta erabaki ausartak eskatzen dizkizuegu», adierazi dute guraso elkarteko kideek hasiera ekitaldian izan diren agintarien aurrean. Han ziren, besteak beste, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako aldun nagusia eta Adur Ezenarro Ordiziako alkatea. Hainbat gune izan ditu jaiak. Hasiera ekitaldia Barrena parkean izan da. Ondoren, ekintza ezberdinak izan dira lau gunetan banatuta. Plaza Nagusiko gunean, magoen saioa, batukada feminista, Pirritx Porrotx eta Marimotots, puzgarriak eta perkusio tailerra izan dira. Barrena Parkeko gunean, berriz, antzerkiak, eskulanak, Oihan Vega DJ-a eta jolasak. Pilotaleku inguruko gunean, elikadura eskola, jolasak, photocall-a eta bazkari gunea; eta Barandiaran plazan, aldiz, kirolak: gimnasia erritmikoa, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, futbola eta txirrindularitza. Burrunbazale txaranga, Ordiziako erraldoiak eta musika eskola banda eta Ordiziako txistulariak kaleak girotzen aritu dira.
Eibarrek ez du lortu azkenean Espainiako Lehen Mailara zuzenean igotzea. Denboraldi bikaina egin dute eibartarrek, baina ez da nahikoa izan zuzenean igotzeko postuetan geratzeko, eta kanporaketa bat jokatu beharko du Lehen Mailara itzultzeko. Gaurko aurkari bera izango du aurkari: Oviedo. Eibarrek 4-2 irabazi du gaur Ipuruan. Espainiarrak jarri dira aurretik markagailuan partida hasi eta berehala. Aketxek penaltiz berdindu du partida bana, ordea, 25. minutuan, eta Sergio Leonek 2-1ekoa sartu du 39.ean. 80 minutuan Oviedok berriro berdin du partida, baina Eibarrek, Corpasen eta Stoitxkoven gol banarekin erabakita utzi du partida; Oviedok hirugarren sartu du 97. minutuan. Irabazteaz gain, baina, Leganesek galtzea behar zuen Eibarrek, eta horiek ez dute galdu: 2-0 gailendu zaizkio Elxeri. Ondorioz, Eibarrek hirugarren amaitu du denboraldia, eta seigarrenaren aurka jokatuko du igotzeko kanporaketa. Datorren astean jokatuko da joaneko partida, eta itzulikoa, berriz, ekainaren 12an edo 13an. Kanporaketa hori gainditzen badu, Sporting-Espanyolen arteko kanporaketako irabazlearen aurka jokatuko du igotzeko txartela, ekainaren 16an eta 23an, bi joan eta itzuliko beste kanporaketa batean. Amorebietak maila galdu du Amorebietak, berriz, 1-0 galdu du Mirandesen aurka, eta ondorioz hemeretzigarren sailkatu da eta Federazio Mailara jaitsiko da. Gabrik sartu du partidako gol bakarra, eta bizkaitarren irabaztea ezinbestekoa bazuten ere, ez dira gai izan Espainiako taldea mendean hartzeko.
Duela bi aste 30 orduko orientazio proba bat irabaztetik zetorren Mujika, baina astearen hasieran zenbait arazo sumatu zituen, eta lasterketan zehar ere halaxe ibili dela adierazi du. Oihana Azkorbebeitia eta biak zein baino zein aritu dira proba osoan, eta azken aldera aurreratu da Mujika. Sorpresa handia izan da zuretzat lasterketa eta Euskal Herriko Ultra Txapelketa irabaztea? Niretzat sorpresa izan da, bai. Arazo batzuekin etorri naiz Leitzara, eta azkenaldian kilometro dezente pilatuta nengoen, gainera. Ez nekarren konfiantza askorik, baina ikusteko zegoen lasterketak zein bilakaera izango zuen. Hala ere, esandakoa, oso konfiantza gutxi neukan nire buruarengan. IKUSI GEHIAGO Iñarra eta Mujika garaile Euskal Herriko Ultra Txapelketan Lasterketa askorik jokatu gabe zinen azkenaldian Leitzara iritsi aurretik. Ez nintzen Zegaman aritu, baina 30 orduko orientazio proba bat jokatu berri dut orain dela hamabost egun. Ondo etorri nintzen proba hartatik, baina astearen hasieran arazo batzuekin hasi nintzen. Lasterketa osoan ibili naiz arazoekin, eta amaieran jada minarekin amaitu dut. Lasterketa osoan zehar oso lehia estua izan duzue Oihana Azkorbebeitiak eta biok. Bai. Lasterketako momentu askotan ez dut ikusi ere egin, baina banekien une oro oso gertu zegoela. Amaierara arte ez dut aukera handirik izan haren parera iristeko, baina azken kilometroetan aurreratzeko gai izan naiz. Noiz ikusi duzu zeure burua garaile? Azkorbebeitia asko ezagutzen dut, eta ez da batere fidatzekoa (barrezka). Aldapa beherantz arazo batzuekin zihoala esan dit, eta, ni, aldiz, beherantz zerbait hobeto nindoan. Ni ere ez nindoan bera baino askoz gusturago, baina hortzak estutzea tokatu zait garaipena lortzeko. Lehen aldiz lortu duzu ultra distantziako Euskal Herriko txapelketa. Bai. Nire ibilbidea Goierriko Bi Handietan hasi nuen, eta, geroztik, urtero gustatu izan zait ultra distantziako lasterketa bat edo pare bat jokatzea. Aurtengorako ez neukan helburu zehatzik, eta ultra distantziako Euskal Herriko Kopa jokatzea erabaki nuen. Oraingoz dena bikain doa. Asko gozatzen ari naiz, eta gorputzak badirudi hein batean laguntzen duela. Hilabete eta erdira, berriro itzuliko zara Goierriko Bi Handietara. 2018an eguraldiagatik bertan behera gelditu zenetik, ez naiz itzuli Goierriko Bi Handiak lasterketara, eta gogo handiarekin nago berriro ere itzultzeko. Lasterketa horren oso oroitzapen onak dauzkat. Lasterketa horretan erabakiko da Euskal Herriko Ultra Distantziako Kopako irabazlea. Bai, bertan erabakiko da dena. Oihana Azkorbebeitiaren eta bion artean jokatuko dugu txapela. Han ere lehia estua izango dugula iruditzen zait. Hura amaituta, zein izango duzu aurrerantzeko egutegia? Uztailaren 12an Goierriko Bi Handietara joan aurretik, ekainaren 15ean Malagan (Andaluzia, Espainia) izango naiz Espainiako Kluben arteko txapelketan. Ondoren, orain bi aste jokatutako orientazio proba irabazi genuenez, Europako txapelketa daukagu Holandan. Egutegiarekin jarraitzeko, urrian, Legazpin (Gipuzkoa) jokatuko den Korosti Trail mendi lasterketan izango naiz.
Merkantzien zirkulazioa etengo dute mugan, asteleheneko 10:00etatik astearteko 10:00ak arte, eta, beraz, eragin handiak espero dira trafikoan, bi noranzkoetan. Ahal izanez gero, bertatik ez ibiltzeko gomendatu dute trafiko agintariek.
Barkatzen duenak ordaindu egiten du. Hala dio futbolaren patuak, eta hala gertatu da gaur ere, Wembley estadioan. Real Madrilek irabazi du Txapeldunen Liga, historian hamabosgarrenez. Borussia Dortmundek hankapean izan du lehen zatian, eta aukera ugari izan ditu markagailuan aurreratzeko. Espainiarrak galduta aritu dira lehen 45 minutuetan, baina aldageletatik bueltan hobera egin dute, eta korner batean aurreratu dira, Dani Carvajalen gol batekin. Handik hamar minutura egin du bigarrena Vinicius Juniorrek, eta hala amaitu da neurketa: 2-0. Lepo bete da Wembley egun handirako. Harmailetan horia eta zuria, erdibana. Animoetan, aldiz, alemaniarrak ziren nagusi. Kantuan aritu dira neurketa osoan zehar, haien jokalariak hauspotzea xede. Joko zelaian urduritasuna nagusitu da lehen minutuetan. Finaletan ez da ohikoa joko erakustaldiak ikustea. Bakoitzak bere aldera tinkatzen du soka, eta sokari zeinek gehiago eutsi, hala aritzen dira bi taldeak indarka-indarka. Real Madril eta Borussia Dortmund ere hala aritu dira, lehen minutuetan hanka sartzeak saihestuz. Baina pixkanaka-pixkanaka aurrerapausoa eman dute alemaniarrek. Real Madril ohituta dago horrelako finalak jokatzera, eta lasaitasun gehiago antzeman zitekeen haien jokalariengan. Hala ere, 12. minutuan lehen aukera izan du Dortumdek, eta hurrengo hamar minutuetan erauntsi horia izan da zurien arean. Trantsizioan azkar aritu dira alemaniarrak, eta azti ibili dira kideak lerro artean aurkitzerakoan. Karim Adeyemik bi aukera garbi izan ditu. Lehenengoan bakarrik gelditu da Thibaut Courtoisen aurrean, eta atezainari izkin egiten ahalegindu denean luzeegi joan zaio baloia, eta errematea egiteko aukera galdu du. Bigarrena beste trantsizio bizkor batean izan du. Toki txarrean egin du errematea, baina bikain egin du. Hala ere, Courtoisek ederki erantzun dio. Niclas Fuellkrugek ere izan du beste aukera bat; denetan garbiena, akaso. Lerro artean jaso du pasea, eta lurrera bota du bere burua errematea egin ahal izateko. Baina baloiak zutoina jo du, eta markagailuak 0-0 jarraitu du. Real Madril ahalegindu da aurrera egiten, baina bikain josi du armiarama sarea Alemaniako taldeak. Edin Terzicen helburua espainiarren zelai erdiko jokoa ezerezean uztea zen. Ondo zaindu dute lerro arteko joko hori, eta Real Madril hegaletik jokatzera behartu dute. Vinicius izan da ahalegin gehien egin dituena, baina Matt Humellsekin egin du topo brasildarrak. Gertutik zaindu du alemaniarren erdiko atzelariak. Dortmundek erauntsia igaro denean, partidaren kontrola bereganatzen ahalegindu da Ancelottiren taldea. Hala ere, zuriek baino arrisku gehiago sortu du Dortmundek kontraerasoan. Atsedenaldira hutsean joan da neurketa. Dena erabakitzeke zegoen. Esperientziaren balioa Aukerarik sortu gabe joan dira Real Madrileko jokalariak aldagelara, burumakur. Baina Txapeldunen Liga hamalau aldiz irabazi duenak badaki horrelako egoerak iraultzen, eta hala egin zuen Real Madrilek. Ordura arte sortu gabeko aukerak sortu ditu bigarren zatian. Hasieran, alemaniarren mamua zeukan bizkarrean. Lehen zatian ondo baino hobeto erakutsi baitu Dortmundek trantsizioetan daukan arriskua. Baina pixkanaka indarrik gabe gelditu dira horiak, eta aurrera egin dute espainiarrek. Gregor Kobel atezainak gogotik egin du lan atepean, baina 75. minutuan ezin izan du ezer egin. Toni Kroosek ateratako kornerra Carvajalek errematatu du, buruz, eta sareetara bidali du baloia. Eromena piztu da ordura arte isil-antzean zegoen espainiarren harmailan. Kolpe gogorra izan da Dortumdentzak, eta arerioa jokoz kanpo uzteko unea zuen Real Madrilek. Odola usaindu dute espainiarrek, eta beste bi aukera huts egin ostean, hirugarrenean, gola egin du Viniciusek. 2-0ekoarekin erantzun ezinda gelditu dira alemaniarrak, eta gol bat sartu badute ere, epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo baitzegoen Fuellkrugek. Hori zuen partidan sartzeko aukera Alemaniako taldeak, baina ezin izan du. Hala, Nacho Fernandezek altxa du Txapeldunen Ligako garaikurra. Kapitainak lehen aldiz, klubak, berriz, hamabosgarrenez.
Bera Berak lortu du helburua: hiru hortzeko koroa eskuratuta amaitu du denboraldia. Espainiako Kopan eta Superkopan nola, Donostiako taldea gailendu da Ohorezko Mailan ere, Elx finalean menderatuta. Joaneko partida irabazita eta itzulerakoa berdinduta (27-27), bere historiako bederatzigarren garaikurra eskuratu du ligan. Imanol Alvarezen taldea maldan gora aritu da, finalaren itzulerako neurketaren zatirik handienean. Aurkaria indartsu hasi da, eta aldea lortu du. Bera Berak tartea murriztu du partidak aurrera egin ahala, eta norgehiagoka irauli du gero. Azken minutuetan lehia orekatu arren, egoera kudeatuta dastatu du loria, berdinketa baliatuta (27-27). Joaneko partida irabazi izanak gipuzkoarren aldera bota du balantza. Golen aldea ez da aintzat hartu azken fasean, ezta finalean ere. Hortaz, azken minutuetara artean markagailua berdindu samar egoteak bizitu egin du emozioa. Gol bat gora-behera zegoen garaikurra arauzko denboran eskuratzea, edo luzapena jokatu beharra. Azkenerako, ez du halakorik behar izan. Hori bai, luze gabe azaldu da denbora gehigarriaren mamua. Elxek bizi ekin dio norgehiagokari, irabazteko premia gorria baitzuen. Arauzko denboran eta luzapenean nagusitzeak soilik balio zion. Hala, erritmo bizia ezarri dio neurketari, lerro artean bizi arituta, eta segituan lortu du abantaila markagailuan. Etxekoen jokoa erauntsi baten parekoa izan da lehen zatian; akatsik ez erasoan, eta sendo defentsan. Aldiz, Bera Berari kosta egin zaio kontrarioari neurria hartzea; Elx, zaleek hauspotuta, goseti atera da pistara, eta donostiarren jokoaren joskurak haustekotan izan dira zenbait unetan. Herrialde Katalanetakoek estu hartu du Bera Beraren atzeko lerroa. Lehen erdian, lanak izan ditu Maddi Aalla atezainak, zeina gerora funtsezkoa izan baita. Azken norgehiagoka zuen talde urdinarekin, beste zenbait jokalarik bezalaxe, eta funtsezko geldiketak egin ditu bigarren zatian. Partidak itxura eskasa hartu du Bera Berarentzat. Nahi baino gehiagotan galdu du baloia lehen zatian, lau alditan ihes egin dio baloiaren jabetzak. Halaber, etxekoen erasoko jokoak min egin dio, eta segituan zabaldu da bien arteko aldea. Elx lau golen aldearekin joan da atsedenaldira (15-11). Bigarren zatian, susperraldia Finalaren joaneko partidan nola, itzulerakoan ere bikaina izan da Bera Beraren bigarren zatia. Elxek aldea handitu du jokoa berrabirazi orduko, baina bost goleko tarte hori gutxika-gutxika murriztu dute Alvarezen jokalariek. Emma Boada, Mariane Fernandes, Lyndie Txaptxet… eta Maddi Aalla. Plentzitarraren jarduna ezinbestekoa izan da aurkariaren ekinaldiak ezerezteko. Horri eta jokalarien suspertzeari esker, Bera Berak estu hartu du Elx. Fernandesek berdintzeko bidean jarri ditu donostiarrek, 47. minutuan (23-21). Bidebietakoek ez dute amore eman; posible zen garaikurra arauzko denboran erdiestea. Zer esanik ez 51. minutuan gol bakarrera kokatzean, eta minutu bat geroago neurketa orekatzean. Aurrea ere hartu du Bera Berak. Ordea, ordutik amaierara artean lehia zabal-zabalik egon da; gol bat gora-behera, aukera guztiak ziren posible. Azkenerako, Alvarezen taldeak egindako esfortzuaren saria jaso du, eta, neurketa berdinduta, garaikurra altxatu du Alba Menendez kapitainak.
AHT abiadura handiko trenaren obrak direla eta, abuztuaren 3tik 25era bitarte itxita egongo da Donostia eta Irun arteko tren zerbitzua, Espainiako Garraio Ministerioak jakinarazi duenez. Irun eta Hernani arteko linean, gainera, mozketa gehiago ere egingo dituzte, nagusiki asteburuan; litekeena da lehena ekainean izatea. [articles:2124840] Ministerioaren arabera, obrak 2026ko lehen lauhilekoan amaitzea da asmoa, baina ordura arte zenbait eragin izango dituzte martxan dauden tren zerbitzuetan. Jose Antonio Santano Garraiorako estatu idazkariak El Diario Vasco egunkariari azaldu dionez, egungoak baino nabarmenagoak izango dira horiek, batez ere AHTa Astigarraga eta Irun artean igarotzeko egin beharreko lanen ondorioz. Zehaztu du are gehiago murriztuko dela zerbitzua; gutxi gorabehera, orduko tren bat noranzko bakoitzean. Eta datorren udan ere beste hiru asteko mozketa bat egin beharko dute Donostia eta Irun artean. Santanok bilkurak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko eta lanen eraginak pairatuko dituzten udaletako ordezkariekin. Halere, azaldu du trenek ohi baino bidaiari gehiago garraiatzeko gaitasuna izango dutela, «egunero egungo bidaiari kopuru bera garraiatzeko» helburuz, eta autobus zerbitzua ere egokituko dutela.