Bi eredu «kontrajarriren» artean aukeratu beharko dela esanez abiatu…
Euzko Alderdi Jeltzalearen buruek, zerrendaburuek eta erakunde nagusietako arduradunek babestuta abiatu du kanpaina Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak, Gasteizen. Haren irudiko, «ongizatean aurrera edo atzera» egitearen artean aukeratu beharko da apirilaren 21ean, eta bertan bildutakoei eskatu die eredu jelkidea defendatzeko. «Bi aste dauzkagu gure mezua zabaltzeko. Bi aste kontrajarriak diren bi ereduren artean aukeratzeko». Inkestei kasurik ez egiteko eskatu du: «Benetako inkesta apirilaren 21ean izango dugu». Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak itxi du hitzaldia, «proba gaindituko» dutela baieztatuz, Gasteizi erreferentzia eginda. Izan ere, iazko udal eta foru hauteskundeetan EAJ Araban boto gehien jaso zituen indarra izan bazen ere, Gasteizen laugarren indarra izan zen bototan. Eta azken asteotako inkesten arabera, Araba erabakigarria izango da EAJren eta EH Bilduren arteko eserlekuen lehian. «Apirilaren 21eko benetako borroka hementxe izango da. Beraz, toki ona aukeratu dugu gaur elkartzeko. Toki benetan garrantzitsua!». Imanol Pradales lehendakarigaiaren arabera, «Euskadin ondo bizi gara». Soziometroaren inkesta aipatu du hori argudiatzeko, haren arabera bizi kalitateari buruz galdetuta hamarretik 7,5ek ongi edo oso ongi bizi direla esan dutelako. Hori EAJk egindako lanaren emaitza dela esan du, orain arte egindakoa defendatuz. Talde berritu batekin aurkezten dela azpimarratu du, eta hiru lehentasun jarri ditu lanerako: ongizatearen agenda berria, ekonomia eta etorkizuneko industria berria, eta agenda humanista berri bat «sortzen ari diren desberdintasunei» aurre egiteko. Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendaburuak belaunaldi berri baten izenean hartu du hitza. Eta hurrengo hamabost egunak programan jaso dituzten neurriak azaltzen emango dituela adierazi du, «ahotsik gabe geratu arte». Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak EAJren eredua defendatzen egin du indar. «Bi aukera daude: PNV edo EH Bildu». EH Bilduren kontra egin du: «Trabak jarri eta eraikitakoa suntsitzen saiatu dira. Eta ez naiz ari duela hamarkada batzuk gertatzen ari zenaz solik, azken legegintzaldi honetan pairatu dugunaz ere bai». Mezu horretan sakondu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere: «Gaur adostasunez eta gobernantza kolaboratiboaz hitz egiten dutenen oztopoen gainetik egin du aurrera Euskadik». «Egunean ziurgabe bat» Ortuzarrek itxi du hitzaldia. Ez du ukatu erronka bat dutenik. «Baina badakizue zer egiten duen EAJk erronka bat duenean: lortu eta gainditu». Eta erronka hori gainditzeko lana egin beharko dela esan du. Abstentzioari egin dio erreferentzia berriz ere. Uste du abstentzioan gera litekeen boto hori mobilizatzea izango dela giltza, eta horiek mobilizatzeko laguntza eskatu du mitinean: «Erronka bat proposatuko dizuet. Kanpainako hamabost egun ditugu. Ziurgabe bat bilatu eta EAJ bota dezan konbentzitu dezagun. Onartzen duzue erronka? Zaila eman dezake, baina ez da hainbesteraino. Asko ditugu inguruan. Auzokoak izan litezke, okindegian edo autobus geltokian topa ditzakegu».



