Bilboko Udalak ziurtatu du hiru hilabeteren buruan baliogabetuko duela enpresa emakidadunarekin duen kontratua, eta greba mugagabea bertan behera uzteko eskatu du. Langileen ordezkariek uko egin diote aukera horri.
Euroguneko inflazioa bi hamarren moteldu da martxoan, % 2,4ra arte. Beheranzko joera horrek erakusten du euroguneko inflazioa Europako Banku Zentralak lortu nahi duen % 2ko helburura hurbiltzen ari dela, eta interes-tasen lehen jaitsiera gerturatzen ari dela.
Jostailu bat haur baten eskuetan nola, hala erabili du Maccabik Baskonia. Lehen aukera zuen Baskoniak Euroligako final-laurdenetara sailkatzeko, eta huts egin du. Porrota bera baino mingarriagoa izan da nola galdu duen. Kantxan kolore bakarra ikusi da hasi eta buka: Maccabiren horia. Erasoan ideiarik gabe, eta defentsan zuloak edonon utzita, burumakur joan dira aldagelara. 113-85 amaitu da neurketa. Aterkirik gabe harrapatu du ekaitzak Baskonia. Orain, baina, ezin da marrantatu. Ostiralean izango du kanporaketetara sailkatzeko bigarren eta azken aukera, Buesa Arenan. Zaleak arduratu beharko dira giro hotz hori berotzeaz. Albiste txarrak bata bestearen atzetik jaso ditu Baskoniak. Lehenik, nola ez, erakutsitako joko eskasa eta markagailua. Baina, hala ere, are mingarriagoa izan da Chima Monekeren lesioa. Nigeriarrak min hartu du ezker orkatilean, eta aulkian eseri ostean ez du gehiago jokatu. Ikusiko da ostiralerako prest egongo den edo ez, baina ez dauka itxura onik. Belgrade Arenan jokatu da neurketa, Israelgo egoeragatik. Zalerik gabe jokatu ditu Maccabik orain arteko etxeko neurketak, baina gaurkoan ehun zale inguru izan dira harmailetan. Israelgo banderak eta Israelen aldeko leloak jasotzen zituzten oihalak edonon ikusgai. Giroa, baina, hotza zen, eta partida ere hala hasi du Baskoniak. Lehen hiru minutuetan hiru baloi galdu ditu –bost guztira lehen laurdenean–, eta Lorenzo Brown gidari hartuta, lehen abantaila lortu du Maccabik: 13-8. Alde hori, ordea, areagotuz joan da pixkanaka-pixkanaka. Baskoniak asko sufritu du defentsan. Galdutako baloiek trantsizio azkarrak egiteko aukera eman diote Maccabiri, eta, gainera, lan kaxkarra egin dute gasteiztarrek defentsako errebotean. Asko zigortu du hori Maccabik, Euroligan errebote gehien biltzen duen taldeak. Bere akatsen biktima izaten ari zen Dusko Ivanovicen taldea: 28-15 lehen laurdenaren amaieran. Nahi bezala jokatzen ari zen Maccabi, eta Baskonia, aldiz, ezinean, defentsan batez ere. Eta hutsak konpondu ez ezik, areagotu egin ditu. Bigarren laurdenaren hasieran eguzki izpi bat ikusi dute gasteiztarrek Nikos Rogkavopoulosen bi saskiratzerekin, eta berehala gelditu du partida Oded Kattash prestatzaile israeldarrak. Eguzki izpiaren ostean, baina, ekaitza beste behin: Etxekoek 12-0eko partziala egin, eta hogeita bi punturen aldea lortu dute. Atsedenaldira 55-36 joan da neurketa. Ameskeria Aldageletatik bueltan sentsazio positiboen bila kantxaratu da Baskonia. Buruz buruko jokaldiekin izan bada ere, asmatu egin dute lehen erasoetan, eta horrek hauspotu egin ditu arabarrak. Baina ameskeria hutsa izan da. Arriskatu beharra zeukaten defentsan, eta oldarkorrago aritu dira baloia zeukan jokalaria defendatzeko orduan, batez ere blokeo zuzenetan. Baina mantak ezin izaten du gorputz osoa tapatu, eta defentsa horrekin zuloak utzi dituzte kantxaren beste alde batzuetan. Patxadaz mugitu du baloia Maccabik, jaurtiketa erosoenaren bila, eta hiruko marratik gurutziltzatu du Ivanovicen taldea –19 hiruko sartu dituzte guztira–. 31 puntu sartu ditu Maccabik hirugarren laurdenean, eta 27 azkenekoan. Hainbeste puntu jasota, ezinezkoa da lehiatzea, aurkaria edozein dela ere. Zaparrada amaitu arte itxarotea, besterik ez zaio gelditu Baskoniari. Dolua azkar pasatu beharko du, ordea. Lehen aukera galduta, ostiralean izango baitu bigarren eta azken aukera kanporaketetan egon nahi badu. Zaleen bultzada izango du horretarako, Buesa Arenan jokatuko baitu.
Ezustekoa gertatu da EAJk Barakaldon antolatutako hauteskunde ekitaldian. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar izan da parte hartu duen azkena, eta, hitzaldiaren hasieran iragarri duenez, Imanol Pradales lehendakarigaiari piperbeltz esprai batekin eraso diote aipatutako ekitaldian parte hartu ondoren. Ohi ez bezala, Pradales izan da Barakaldoko ekitaldiko lehen hizlaria, ETB2ko eztabaida prestatu behar baitzuen. Pradalesen ostean, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu dute, eta, gero, Ortuzar oholtzara igo denean, esan du «albiste txar bat» eman behar zuela. Orduan adierazi du Pradalesi eraso egin diotela. Esan duenez, hautagai jeltzalea Gurutzetako ospitalera eraman dute, begiak garbitzeko. «Ez larritzeko» aholkatu die bertaratutakoei, eta gertatutakoa gaitzetsi du. «Ez dakigu zertara datorren hau», esan du Ortuzarrek, «baina honen moduko gertaerek eraman behar gaituzte gizarte gisa gogoeta egitera: tentsioa eragitea, banaketa eta amorrua sorraraztea, bidea ote den gurea bezalako gizarte batentzat. EAJren iritziz, hau ez da bidea, ez da gure bidea». EAJk jakinarazi du pertsona bat atxilotu dutela erasoaren harira. Erasoaren berri izan eta berehala iritsi dira gainerako hautagaien erreakzioak sare sozialetan. EH Bilduko Pello Otxandianok «elkartasuna» adierazi dio Pradalesi, Sumarreko Alba Garciak esan du demokrazian erasoak ez direla «onargarriak», PSE-EEko Eneko Anduezak adierazi du «edozein indarkeria ekintza gaitzesteak arau» izan beharko lukeela demokrazian, eta Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik erasoa salatu du.
Elkarteen elkarte bat da Bizipoza. Sare bat. Aldarrikapenak eta eskaerak elkarrekin egiteko tresna bat. Gaur egun, Euskal Herri luze-zabaleko haurren eta familien 38 elkartek osatzen dute. Askotariko gaiak lantzen dituzte: gaixotasunak, sindromeak, familia ereduak, kultur aniztasuna… Hala azaldu du Bizipozako koordinatzaile Leire Elizegik: «Guztiek izaera bereziko gaiak lantzen dituzte, eta oraindik hainbat eskubide betetzeko dituzten haurrek eta familiek osatzen dituzte». Gorriz margotuta daukate egun bat egutegian: Bizipoza jaia egingo dute hilaren 27an, Hernanin (Gipuzkoa). Gaur aurkeztu dituzte jaiaren xehetasunak, herrian bertan. Baina urte osoan aritzen dira lanean elkarteak. Elizegiren hitzetan, helburu bat dute ortzi mugan: «Denona eta denontzat behar lukeen Euskal Herri inklusiboa eraiki nahi dugu, euskaratik eta euskaraz». Eta batuta bakarrik baino indartsuago sentitzen dira, Joseba Labakaren hitzetan. Labaka SuperH elkarteko kidea eta Bizipozako lehendakaria da, eta nabarmendu du Bizipoza baliagarria dela, esaterako, dibulgaziorako eta bozgorailu lanak egiteko. «Jaia denok elkartzeko momentu bat da, eta gure errealitatea erakusteko aprobetxatzen dugu momentu hori». JOSEBA LABAKA Bizipozako lehendakaria Azkenaldian proiektu batean murgilduta ibili dira: Bizipoza eskola aurkeztu zuten 2023 amaieran. Hain zuzen, orain arte egindako lanak www.bizipozaeskola.eus webgunean batu dituzte. Hiru eremutara bideratutako materiala da: hezkuntza arautura, hezkuntza ez-arautura eta herrigintzara. «Gai hauek lantzeko materiala ez zegoen antolatua eta euskaraz, eta Bizipozatik urteetan sortutako guztia eta elkarteek urte hauetan guztietan sortu dutena batu dugu», azaldu du Elizegik. Horrek izan ditzakeen onuren adibide bat jarri du Labakak: «Ikastetxean esklerosia zeukan ume bat bazeukaten, irakasleek lan handia egin behar zuten materiala aurkitzeko. Zer egin dugun guk? Dena filtratu eta bildu». Jaiari begira Urte osoan komunikazio joria badute ere, Bizipozako elkarteek badute batzeko eta aldarrikatzeko egun bat: Bizipoza jaia. «Jaian protagonistak elkarteak dira, baina ez gara elkarteetara bakarrik mugatzen», azaldu du Markel Oiartzabal Bizipoza jaiaren arduradunak. Alegia, Hernaniko eragileak ere batuko dira festara: «Komunitateko jaialdi bat da. Egitarau oso aberatsa daukagu, bai Bizipozaren aldetik eta bai hernaniarron artetik». Jaia elkarteentzat bozgorailu bat dela nabarmendu du Labakak: «Denok elkartzeko momentu bat da, eta gure errealitatea erakusteko aprobetxatzen dugu momentu hori». Aurrera begirako bidea ere marraztuta dauka Bizipozak. Bi norabidetan eman nahi dituzte pausoak, eta eragitea izango dute xede. Batetik, Elizegik azaldu duenez, Bizipoza eskolaren bidez eragiten jarraitu nahi dute. Bestetik, «administrazio publikoaren eskutik helduta» ere eragin nahi dute. «Oraindik betetzeko dauden eskubideez hitz egiten ari gara». EGITARAUA ATSEGINDEGI PLAZA 10:30-14:30: Bizipozako elkarteen gunea. 10:30-14:30: Bizipoza jolasa. 10:30-14:30: Euskal tonbola, Dobera euskara elkarteak antolatuta. 11:00: Go!azen-en ikuskizuna. 11:30: Hernaniko erraldoien eta buruhandien konpartsa herrian. 11:45: Ttarla dantza taldearen dantza emanaldia. 12:30: Hernaniko musika eskolako trikitilariak herrian. 12:45: Bizipozako elkarteei eskertza eta aitortza ekitaldia. 13:30-15:30: Paella jatea, Pausoka elkartearen eskutik. 16:00: Zapotxinekin, Porrotxekin eta Marimotosekin irri, kantu eta dantza. 17:30: Merienda. 18:00: Itzal taldearen erromeria. URBIETA KALEA 10:30-14:30: Kanika aisialdi taldearen, Aratz ikastolaren eta gaztelekuaren tailerrak. 12:00: Hernaniko boleibol taldearen Hartubol erakustaldia. BITERIKO PLAZA 10:30-14:30: Bizipozako elkarteen tailerrak. 12:15-14:30: Hernani burujaberen altxorraren bila.
EAEk 1.091 atzerritar gehiago zenbatu ditu martxoan Gizarte Segurantzan afiliatuta; Nafarroak, ordea, 232 galdu ditu, Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioak emandako datuen arabera.
Osasunak atzerapausoa eman du zazpigarren postuan sailkatu eta Konferentzia liga jokatzeko helburuan. 0-1 galdu du gaur gauean Sadarren Valentziaren aurka. Gehiago merezi izan du, aurkaria baino gehiago izan baita. Baina ez du asmatu ate aurrean, eta garesti ordaindu du partidan egin duen huts bakarra. Hori gutxi ez, eta 97. minutuan aukera izan du gutxienez berdintzeko, baina Ante Budimirrek penaltia huts egin du. Gaur galdu eta gero, talde gorritxoari izugarri zaildu zaio liga zazpigarren postuan amaitzea. Zazpi jardunaldi falta direlarik, Valentzia dago postu horretan, 47 punturekin. Osasuna, berriz, 11. postuan dago, zortzi puntu gutxiagorekin: 39. Balentria handia egin beharko lukete nafarrek bigarren urtez jarraian Europarako sailkatzeko. Igarri egin da Osasunak hilabete zeramala Sadarren jokatu gabe, baita lehen partida zela etxean Jagoba Arrasatek sasoi amaieran kluba utziko duela jakinarazi zuenetik ere. Taldeak eta zaleek gogotsu ekin diote partidari. Baina, berehala, izan dute lehen sustoa, hamalaugarren minutuan. Sergio Herrera gaizki irten da, eta Hugo Duro bakarrik geratu da atearen aurrean hura hutsik zegoela. Gorritxoen zorionerako, Jorge Herrando oso azkar ibili da, eta baloia kendu dio Valentziako aurrelariari. Baina bisitariek ez dute barkatu handik gutxira, hemezortzigarren minutuan. Bizi irten dira kontraerasoan, Osasunako atzelariek huts egin dute, eta bakarrik utzi dute Andre Almeida, hark eskuinkada ederraz gola sar dezan. Golak jota utzi ditu etxekoak, eta garesti ordaintzekotan egon dira, Valentziak aukera bat baino gehiago izan baitu hurrengo minutuetan bigarren gola sartzeko. Baina, zaleen animoei esker, pixkanaka suspertu egin dira Arrasatek entrenatutakoak. Lehenbizi, aginte-makila hartu dute; eta, gero, lehen aldiz arriskua sortzen hasi dira. Moi Gomezek izan du aukerarik garbiena lehen zatian, 39. minutuan, baina haren jaurtiketak zutoina jo du baloiak Javi Guerra ukitu eta gero. Jokaldi horrek hauspotu egin ditu etxekoak, eta lehen zatia aurkaria estu hartzen bukatu dute. Hala ere, ez dute lortu gola sartzea. Ekinean jarraitu dute bigarren zatian, baina asmatu ezinik aritu dira. Budimirrek izan du lehen aukera, 64. minutuan, baina aurrelari kroaziarrak gaizki errematatu du Ruben Garciak eskuin hegaletik egindako erdiraketa. Budimirrek izan du beste gol aukera bat, 75. minutuan, baina haren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Herrando ere gola sartzear egon da, buruz, 88. minutuan. Eraso betean ari zen Osasuna, eta 93. minutuan, Hugo Guillamonek ostikoa eman dio Budimirri area barruan. Epaileak ez du ezer adierazi, baina penaltia adierazi du jokaldia telebistan ikusi eta gero. Budimir joan da botatzera, baina jaurtitzear zela, nahastu egin da, eta mantso eta Giorgi Mamardaxviliren eskuetara bota du baloia. 97. minutua zen. Ez da gehiagorako astirik izan. Modurik krudelenean amaitu da partida.