Athleticzaleek poster berri bat dute haien logelak atontzeko. Aurki eskegiko dute lo hartu aurretik ikusi eta gurtuko duten argazki berria. Dani, Zubizarreta, Endika eta enparauei atsedena emateko iritsi da; hemendik aurrera Williamstarrak, Sancet eta Muniain izango dira Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herria osoko milaka pertsonaren ametsen zaindari. Aurpegiak berriak izango dira, baina eszenaratzea duela berrogei urteko bera izango da: Athleticeko jokalariak gabarran saltoka eta milioi bat pertsona itsasadarrean pilatuta. Eszenaratzea berdina izango da, baina paisaia ezberdina. Duela berrogei urte ugerra eta industria nagusi ziren ibai bazterretan egun titaniozko idoloak baitaude. Titaniozkoak eta hezur haragizkoak, Athleticeko lehen taldeko jokalariek eromena eraman baitute itsasadarrera. Getxotik Bilbora arteko ibilbideko zentimetro guztiak estali dituzte, eta pozez gainezka egin du Ibaizabalek. Bilbo ezin da ulertu itsasadarrik gabe. Bizi, aberastasun, tristura eta poz iturri izan baita. Uholde txarrak ezagutu ditu uriak, baina zoriona eta poza iritsi da, gaur, ibaian gora. Egun osoan sumatu da poza, ospakizunak hiria kolapsatu baitu goizeko lehen ordutik. Kaleetan barrena mugitzea oso zaila izan da, are gehiago eguerditik aurrera, udalak hainbat zubi itxi ondoren. Zale gehienak garraio publikoz gerturatu dira, eta metro zein tren geltokiek etengabeko jende jarioa izan dute egun osoan. [galleries:horizontal:38] Eguneko protagonista, baina, gabarra zen. Arratsaldera arteko orduak urduri eta luzeak izan dira. Zale gehienek eguzkipean pasa dituzte, baina zintzurra freskatzekorik ez zaie falta izan. Gabarra bere orduan atera da Getxoko kirol portutik, eta bidea egin ahala mundu oso batek txalotu du. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eguerdirako esana zuen horrelako jendetzarik inoiz bildu gabea zela ekitaldi publiko batean, eta segurtasun dispositibo berezia beharko zuela. Ehunka mila izan dira bildu direnak, eta patxadaz aztertu beharko dira irudiak milioira iritsi diren jakiteko. Loreak San Mamesen Segurtasun dispositibo erraldoia ezinbestekoa zen. Getxoko, Santurtziko, Erandioko, Sestaoko… kaleak ezin ziren ikusi ere egin. Hala ere, zorionez lan gutxi izan dute, jendearen jarrera txalotzekoa izan baita, eta ez zen gertakari larririk egon. Bilborako bideko une hunkigarrienetako bat San Mames parean bizi da. Jokalariek lore petaloak bota dituzte uretara azken urteetan hildako jokalari eta zaleen omenez. Bilbora iritsi arte hiru edo lau pertsonako jende ilarak ikusi dira, behin hiriburuan, baina, kopurua handitu egin da. Olabeagatik hasi eta udaletxeraino zubi guztiak eroriko zirela zirudien. Festak udaletxera iristean jo du gaina. Gabarra hiru ordu laurden berandu iritsi da, baina inork ez die errietarik egin jokalariei. Dotore iritsi dira gainera, marra zuri-gorri oso findun alkandorekin. Duela berrogei urteko txapeldunek jantzi zituzten atorrei eginiko keinua izan da. Gabarra, 40 urte eta gero Iker Muniain eta Oskar De Marcos taldeko kapitainek hartu dute Espainiako Kopa gabarratik atera eta hura udaletxera eramateko ardura. Desfile osoan garagardoz blaituko trofeoak distira egin du udaletxeko eskaileretan. Festaren hasiera zen, eta eraikineko balkoi nagusian jarraitu du. Vesgaren aitormena Muniainek hartu du mikrofonoa lehenbizi, eta zeremonia maisu bilakatu zen. Zintzo onartu zuen titulu hau irabazi izana «zama handi bat» kentzea izan dela berarentzat, urteen poderioz ardura erraldoi bilakatu baitzen. Era berean, Athleticen filosofia goratu du: «Kopak arrazoia ematen digu, eta norabide zuzenean goazela erakutsi». Jokalari guztiek hartu dute hitza, baina haien aurretik Jon Uriarte eta Ernesto Valverde mintzatu dira. Uriartek «anbizioa» onartu du eta guztien helburua udaletxeko balkoira itzultzea dela esan. Valverdek, aldiz, umoretik jo du, eta Athleticeko zaleak munduko onenak direla esan du, «baita ospatzen ere». Jokalarien mintzaldietan euskara gutxi entzun da, gaztelania baino dezentez gutxiago. Asier Villalibrek, hala ere, onartu du oso gustuko duela zaleak euskaraz abesten entzutea, eta mezu bat bidali dio Athletic familia osoari: «Gazte askorengan eragina daukagu, eta ez dugu ahaztu behar euskara Athleticen oinarria dela». Mikel Vesgak ere mintzaldi osoa euskaraz egin du, eta zaleak Hertzainak taldearen Aitormena abesten jarri ditu. Muniainek banaka aurkeztu ditu kide guztiak, eta asko zirikatu ditu. Abesti ugari entzun dira, San Mamesen ohikoak diren gehienak. Azkena, baina, partidetako usadioari jarraiki, Txoriak txori izan da. Udaletxetik ateratzean jokalariek autobusa hartu dute aldundira joateko. Bilbon, askorentzat oso luzea izango den gau baten hasiera izan da, urte askoan oroituko duten egun baten segida gozoa.
Imanol Pradalesek Errenterian (Gipuzkoa) zuen arratsaldean hauteskunde kanpainako ekitaldia, baina aurrez gabarraren alboan arraunean aritu da Soterako arraunlariekin batera. «Bederatzi urterekin aitarekin lagundu ahal izan nion gabarrari. Berrogei urte geroago, Soterako traineru maitearekin gertakari historiko hau jarraitzeko ohorea izan dut berriro», adierazi du EAJko lehendakarigaiak. Errenterian, aldiz, etxebizitzaren auzia eta enplegua izan ditu hizpide. EAJren lehendakarigaiak adierazi du «zintzotasun osoz» egin duela kanpaina orain arte, jendeari entzunez eta proposamenak aurkeztuz, baina nabarmendu du jendea «konbentzitzea» falta zaiela orain. «Gipuzkoan partida dago», ohartarazi du Pradalesek, eta gogorarazi zalantzan daudenak %30 direla herrialde horretan, inkesten arabera. «Benetako kanpaina orain hasten da». Pradalesek gogorarazi du gazteen emantzipazioa errazteko hainbat neurri proposatu dituela EAJk hauteskunde programan. Horien artean daude, besteak beste, 200 milioi euroko abal publikoen lerro bat eratzea, alokairurako laguntzak jasotzeko diru sarreren muga 30.000 euroraino handitzea edo kenkari fiskalei eustea. Azken neurri horri begira, jarrera indartu nahi izan du, hain zuzen ere. «Jendearen patrikak defendatuko ditugu», ohartarazi du Pradalesek, eta zera erantsi: «Ez dugu onartuko EH Bilduk eskua sartzea herri honetako langile klasearen diru zorroan». Enpleguaz ere hitz egin du EAJren lehendakarigaiak, eta adierazi du jeltzaleen lehentasuna dela kalitatezko enplegua sustatzea, batez ere gazteei begira. Ildo horretan, azpimarratu du inoiz baino gutxiago direla atzerrira lan egitera joan behar duten gazteen kopurua. Haren hitzetan, hamar urtean hamar puntu egin du behera, eta hori jeltzaleei esker izan da, haren hitzetan. Baina ezinbestekotzat jo du, halaber, «talentua erakartzea». Horretarako, iragarri du agentzia bat sortuko duela, euskal enpresek dituzten hutsuneak betetzeko. EH Bildu ziur da «itxaropenaren eta ilusioaren blokea» nabarmen handituko direla bozen ostean (ID_17128654515405) (/EZEZAGUNA) EH Bilduren ekitaldia Irunen Arnaldo Otegik baikor begiratzen die datorren apirilaren 21eko bozei, eta gertu ikusten du garaipena: «Orain sei urte esan izan banu hiru herrialde hauetan irabaziko genuela, inork ez zuen sinistuko». EH Bilduko koordinatzaile nagusiak bilkideei dei egin die «konfort eremuetatik atera» eta kanpaina amaitzeko geratzen diren egunetan lan egin dezaten «ilusioaren bozkak indartzeko». Nerea Kortajerena Gipuzkoako zerrendaburuarekin Irunen egindako ekitaldian, Otegik gogorarazi du duela lau urte EH Bilduk «oso emaitza onak» lortu zituela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. «Baina 2.000 boto eskasengatik ez genituen hiru eserleku gehiago lortu», zehaztu du. Itxaropenari eusten dio, dena den, eta ziurtatu du, «orain ere» aldaketa politikoa eragitea EH Bilduren esku egongo dela. EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan «beldurrak ez du geldituko aldaketa politikoak eragin nahi dituzten herritarren itxaropena eta ilusioa», eta ziur da «itxaropenaren eta ilusioaren blokea» nabarmen indartuko dela datorren legealdian, Eusko Legebiltzarrean. Ilusioa hartu du ahotan Nerea Kortajarenak ere. «Ilusio berri bat zabaltzen ari da Euskal Herri luze zabalean», nabarmendu du, eta zehaztu ilusio hori «aniztasuna oinarri duten hiri eta herrietatik» ari dela hedatzen. Kortajarenaren arabera, hori ez da «kasualitatea»; aitzitik, EH Bildu Gipuzkoako 51 udaletan egiten ari diren lanaren «ondorioa» baizik. Testuinguru horretan, nabarmendu du osasuna «lehentasuna» dela EH Bildurentzat, eta, horregatik, Osakidetza «zutik jartzeko» lan egingo dutela. «Bide horretan argi geratu da zein garrantzitsua den lankidetza, herritarren eta gizarte eragileen zeregina osasun publikoaren defentsan». Anduezak dio beren etxebizitza politikek gazteen emantzipazioa «erraztuko» dutela Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaiak ere gazteak izan ditu mintzagai, eta haien emantzipazioa «erraztu» eginen dutela erran du. Zehaztu du ezen, etxebizitza politikak sozialisten esku baldin badaude, gazteak izanen direla neurri horien helburu nagusia: «Gizarte moderno batek aukerak eman behar dizkie gazteei, beren potentzial guztia aprobetxatu ahal izateko». Eneko Andueza gaurko ekitaldian. AMAYA DIAZ EMPARANZA Zumarragan (Gipuzkoa) egin du gaurko agerraldia, eta programan bildu dituzten bertze hainbat neurri ere aipatu ditu Anduezak: alokairu sozialeko 5.000 etxebizitza berri jartzea, 1.500 etxebizitza parke publikora sartzeko 200 milioi euroko inbertsioa egitea eta alokairu babestuko etxebizitza publikorako lurzoru erreserba bat sortzea. Gehitu du sozialistek arlo horretarako neurriak aurkezten jarraituko dutela, etxea «eskubide bat» delako. Denis Itxaso Gipuzkoako zerrendaburua eta Mikel Serrano bertako alkatea ere ekitaldian izan dira. Itxasok nabarmendu du nolako garrantzia duten udalek etxebizitza politikak egiteko orduan, tentsio handiko eremuak ezartzean, adibidez. Ezkerra batzeko eskatu du etxebizitza politikak babeste aldera, eskuinak «merkantzia» bat balitz bezala tratatzen duelako. EH Bilduk salatu du gazteendako «ezinezkoa» dela beren «bizitza proiektuak modu independentean garatzea» Eraitz Saez de Egilaz, EH Bilduko Gipuzkoako hautagaia, gaurko ekitalidan. EH BILDU Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko Gipuzkoako hautagaiak salatu du gazteendako «ezinezkoa» dela gaur egun beren «bizitza proiektuak modu independentean garatzea». Zehaztu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez bertze, gazteak 29,7 urterekin emantzipatzen direla: «Azken hamarkadan gazteok pairatzen ditugun arazoak areagotzen eta azkartzen ari dira, eta horren erakusgarri dira etxe duina eskuratzeko ditugun arazo larriak eta enplegu duin egonkorrak lortzeko ezintasun sistematikoak». Erran du erakundeek bermatu beharko luketela emantzipazioa, baina Eusko Jaurlaritzak kontrakoa egin duela, erakundeek hartutako erabakien emaitza delako egungo egoera. «Etxe eskubidea bermatu eta etxebizitza politika ausartak egin beharrean, etxebizitza negozio iturri bilakatu da azken hamarkadan, eta ez da erabaki ausartik hartu horren inguruan. Adibide nagusia alokairuko etxebizitzen prezioen gorakada da, eta, gainera, gazteen batez besteko soldata 150 euro murriztu da 2011tik 2021erako tartean. Etxebizitza prezio altuen eta diru sarrera baxuen ondorioz, gazteentzat ezinezkoa da egunerokoa moldatzea, eta horrek emantzipazioa oztopatu eta nabarmen atzeratzen du», salatu du. Saez de Egilazendako emantzipazioak esan nahi du «independentzia ekonomiko eta soziala eskuratzea», eta, hori bermatzeko, EH Bilduk etxebizitza eta enplegu arloetan eraginen duela. Batetik, «muga» jarriko diete alokairu pribatuei, eta parke publikoa hazteko neurriak hartuko dituzte. Bertzetik, «kalitatezko enpleguaren aldeko apustu irmoa» eginen dute, gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izan dadin, erraterako. «Ezinbestekoa da politika publiko zehatzak aplikatzea etxe eskubidea negozio iturri bilakatu nahi dutenen aurrean, baita, gazteen miseriazko soldatak ikusirik, gutxieneko soldata gure errealitate sozioekonomikora egokitzea ere», gehitu du. Trantsizio energetikoa «industriaren eskutik» egitea proposatu du Pradalesek Trantsizio energetikoa beharrezkoa dela erran du Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiak, baina «ongi» egin behar dela: «Industriaren eskutik, industria arloko enplegua mantenduz eta antsietaterik gabe; pausoz pauso, anbizioarekin eta errealismoarekin». Bide horretatik, erran du Mercedes Benz enpresak jakinarazi duela 1.000 milioi euro inbertituko dituela Gasteizko plantan, furgoneta elektrikoak ekoizteko. Horrek bertan lan egiten duten 5.000 pertsonen lanpostuak ziurtatuko ditu. Gogoratu du «EAJk zuzendutako instituzioen elkarlanari esker» lortu dela hori. Imanol Pradales gaur, Gasteizen. EAJ Deskarbonizazioari lotutako neurri gehiago badituztela adierazi du, baina horren oinarria «energia mix bat» izan behar dela: energia berriztagarrien, hidrogeno berdearen, bioerregaien eta elektrifikazioaren arteko nahasketa bat. Gehitu du arlo horretan aurrera egiteko beharrezkoa dela «kluster berri bat martxan jartzea, herrialde honetako erreferentziazko industria handiekin eta energia kontsumitzaileekin batera, deskarbonizazio horretan aurrera egiteko». PSE-EEk eta EAJk etorkizuna «energia enpresen esku» utzi izana kritikatu du Larreak Andeka Larrea Arrigorriagan egin duen ekitaldian, gaur. SUMAR Trantsizio Energetikorako Legearen «anbizio falta» kritikatu du Andeka Larreak, Sumarreko Gipuzkoako zerrendaburuak. «PSE-EEk eta EAJk energia enpresen esku utzi dute Euskadiren etorkizuna, herritarren interesak lehenetsi ordez». Koalizioak Petronor eta Iberdrola bezalako enpresen «interesen mende ez dagoen» politika bat proposatu du. «Irtenbide teknologikoek energia komunitateen, autokontsumoaren eta emisioen kontsumoa eta inpaktuak murrizteko irtenbideen aldeko apustua egiteko aukera ematen diguten honetan, PSE-EAJ koalizioko hautagaiek nahiago dute energia enpresa handien irabazien kontua elikatzen jarraitu, guztiona dena oparituz: kudeaketa eta subiranotasun energetikoa». Koalizioak Arrigorriagan (Bizkaia) egin du agerraldia. Larreak gogoratu du trantsizio energetikoak «bidezkoa» izan behar duela, ezin dela emisioen murrizketan bakarrik jarri arreta, arlo sozial eta ekonomikoak ere aztertu behar direla. «Trantsizio energetikoak justizia sozialarekin eta enplegua sorrerarekin batera joan behar du», borobildu du. Elkarrekin Podemosek «tren sozial publikoaren» alde egin du, abiadura handiko trenaren aurrean «Tren sozial publikoa» ezartzeko proposatu du Elkarrekin Podemosek. Juantxo Lopez de Uralde koalizioaren Arabako zerrendaburuak egin ditu adierazpen horiek, gehituta hori dela «aukera onena lurraldea egituratzeko, eta eragin gutxien duena». Gainera, salatu du abiadura handiko trenaren azpiegituran inbertitu dela funts publiko gehien azken urteetan, eta inbertsio horrek ez diela «herritarren interesei erantzuten», eta ingurumenean «eragin handia» duela. Lopez de Uraldek azaldu du beren proposamena «jasangarriagoa» dela, «jada existitzen den azpiegitura aprobetxatzeko aukera» ematen duelako. Bide horretatik, gaurko agerraldia Ribabellosan (Araba) egin dute, salatzeko bertan bidezubi bat eraikiko dela, udalerriaren erdia zeharkatuko duena abiadura handiko trena ibil dadin. Arabako Errioxako ardoa bereiztearen alde agertu da Andueza, baina Errioxa sor-markaren barruan betiere Eneko Andueza Bastidako ekitaldian. BERRIA Lehen sektorea «estrategikoa» dela eta «protagonismo handiagoa» behar duela uste du Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaiak. Hala adierazi du arratsaldean, lehen sektoreari buruzko proposamenak aurkezteko ekitaldian. Anduezak azaldu du nekazarien eta gizartearen artean «aliantza bat» eratzea duela helburu, «ingurunea kontserbatzeko, kalitatezko eta hurbileko elikagaiak ekoizteko eta landa eremuan biztanleria ainguratzeko» egiten duten lana aitor dadin. Bastidan, Arabako Errioxan, egin dute ekitaldia sozialistek; eta, nola ez, ardoa ere izan du hizpide Anduezak. «Izena eta abizena duen ardoa behar dugu: Arabako Errioxa», esan du lehendakarigaiak, baina ziurtatu du PSEk ez duela Arabako Mahastiak sor-marka babestuko. Anduezak esan du nahiago duela Errioxa deituraren babespean legokeen marka bereizi bat sortzea: «Alderdi Sozialistak uste dute ezinbestekoa dela kontsumitzaileak nahastuko dituen mezurik ez ematea». Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak ere parte hartu du ekitaldian, eta hitzeman du Arabako nekazariek ekoitzitako produktuak «errentagarriak» izan daitezen eta emakumea lehen sektorean duten presentzia areagotzeko lan egingo dutela.
Sukar zuri-gorri batek hartu ditu gaur arratsaldean Bilboko kaleak, gabarra Ibaizabal zeharkatzen ari zela. Amaieran, Athleticeko jokalariak udaletxeko balkoira irten dira, eta hitza hartu dute zaleen aurrean. Apenas entzun den euskararik futbolarien ahotan, baina Asier Villalibre aurrelari gernikarra izan da salbuespenetako bat. Hizkuntza hautuaz harago, euskararen aldeko aldarria egin du: «Ez dizuet txapa handia sartu nahi. Eskerrik asko denoi etortzeagatik. Hainbeste jende zaudete hemen, hainbeste gazte; beti esaten da guk influentzia handia dugula. Gura dizuet esan ez ahazteko inoiz Athleticen oinarri garrantzitsuenetariko bat: hori euskara da. Ez dakizue benetan zer polita den zuei denoi euskaraz entzutea San Mamesen, Bilbon, kaletik, edonondik. Gazteei: segi euskaraz berba egiten; nagusiei: segi euskaraz irakasten. Segi dezagun gure oinarrietako bat bizitza osoan eroaten. Gora Euskal Herria».
Erakundeko Gobernu Batzordea ostegun honetan bildu da Frankfurten eta, baieztatu du, inflazioak beheraka jarraitu eta diru-politikek sendo jarraitzen badute, ekaineko ebaluazioan akaso jaitsi egingo lituzkeela interes tipoak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina betean izango lanuztea, eta sindikatuek ohartarazi dute, ez dutela baztertzen mobilizazio gehiago deitzea, “bizi duten egoera kezkagarria bideratzeko”.
Espero den jendetza dela eta, bi erakundeok erabiltzaileei eskatu diete garraio publikoan egin asmo dituzten joan-etorriak aurrez antolatzeko eta Barik txartela kargatuta eramateko.
Jose Antonio Ardanza lehendakariaren aldeko hiletak erakarri du arreta politikoa, eta behin-behinean ostenduta utzi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpaina. EAJk bertan behera utzi ditu bere ekitaldiak. Gainerako alderdiek kanpainari eutsi diote, eta zenbait agerraldi egin dituzte. Burujabetzan «jauzi bat egitea» jarri du EH Bilduk xedetzat Gernikako Juntetxeraino joan da EH Bildu, estatus politikoari buruzko bere jarrera azaltzeko, eta han, Gipuzkoako hautagai Arkaitz Rodriguezek esan du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «jauzi bat» egin behar dutela burujabetzaren eta autogobernuaren arloan: «Estatus politiko berri bat behar dugu, gizarte gisa, komunitate nazional gisa eta herri gisa ditugun erronkei berme guztiekin aurre egin ahal izateko; izan ere, zenbat eta autogobernu eta burujabetza handiagoa, orduan eta ongizate handiagoa izango dugu». Horretarako, autogobernuaren inguruan Eusko Legebiltzarrean 2018an landutako oinarri eta printzipioen akordioa berreskuratzea proposatu du Rodriguezek, «akordio haren letra eta espirituarekin bat etorriko den testu artikulatu bat adosteko». EH Bilduk hitzeman du legebiltzarra abian jarri eta hurrengo hiru hilabeteetan berriro jarriko dutela martxan Autogobernu Batzordea, eta helburua izango dela urtebetean testu artikulatu hori ixtea. Horretarako, «marra gorririk» ez jartzeko eskatu die gainerako indar politikoei, bai eta «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren borondatea errespetatzeko ere». Arratsaldean, berriz, Rodriguez Sestaon egon da, 50. eta 60. hamarkadetan Espainiatik etorritakoei eskerrak emateko, haien «lan eskergarengatik» Euskal Herria eraikitzeko. Rodriguezek bere «abuela» gogoratu du, dula bi aste zendua, eta gogoratu du Ezker Abertzaleak beti esan duela euskal herritarra dela lan eta bizi den guztia Euskal Herrian; «eta beti ez dute izan hori hain argi beste batzuek», erantsi du. EAJri erreparatuz, baina siglarik aipatu gabe, galdetu du ea «nork jarriko duen zutik Osakidetza orain»; «pribatizatu eta ahuldu dutenak urte askoan?», gaineratu du. Galderekin jarraitu du: «Nork emango dio soluzioa etxebizitzaren arazoari, alokairuen prezioak jaisteko legeari helegitea jarri diotenak?». Ondoren, garbi utzi du EH Bildu «gobernatzeko prest» dagoela, eta unea heldu dela. «Unea da orain» errepikatu du hiru aldiz, erantsita euskal gizarteak ez duela gehiago itxarongo. Rodrigez hizketan hasi aurrretik, Kataluniako Generalitateko lehendakariorde Laura Vilagrak hartu du hitza, eta Sestaoko ekitaldira gerturatutakoei esan die ezkerrak «pertsona zaurgarriak» jartzen dituela «politiken erdian», eta eskuinak «justu aurkakoa» egiten duela. EH Bilduren barruan «ilusioa eta indarra» ikusten ditu Vilagrak, baina «solbentzia» ere bai «gobernatzeko», ERCk Katalunia gobernatzen duen moduan. Azken legealdietan eratu diren Eusko Jaurlaritzen «eredua agortua» dagoela uste du, eta EH Bilduren garaia heldu dela sinetsita dago. Garraio publiko «irisgarri, eraginkor eta integrala» bultzatu nahi du PSE-EEk PSE-EEren hauteskunde programan garraioari buruz proposatzen diren neurriak aurkeztu ditu Eneko Andueza lehendakarigai sozialistak, Bizkaiko foru diputatu Sonia Perezekin batera. «Garraio publiko, irisgarri, eraginkor, integrala eta lurraldea egituratuko duena» defendatu du Anduezak: «Leku batetik bestera joateko moduak jasangarriak izatea erabateko lehentasuntzat dugu». Trenbidearen 4. linearen proposamena aletu du Anduezak. Linea horrek Bilboko Matiko eta Zorrotza auzoak lotuko lituzke, beste zenbait auzotatik igaroz, eta Basurtun lotura egingo luke Balmasedaraino doan trenbidearekin: «Horrek aukera emango luke bidaiari batek trena Balmasedan hartu, eta Hendaiaraino iristeko, trenetik jaitsi gabe. Hori da lurraldea egituratzea». Anduezaren esanetan, alor horretan EAJk egiten duen proposamenak bost milioi bidaiariri emango lieke zerbitzua, eta sozialistenak, berriz, hamazazpi milioiri: «Gure proposamena da egingarriena, logikoena, eta herritar gehienei mesede egingo liekeena». Eneko Andueza eta Sonia Perez, Bilbon. AMAYA DIAZ ENPARANTZA Beste zenbait proposamen ere egin dituzte sozialistek: Zorrotzatik igarotzen den trena lurperatzeko lan egitea, Karrantza eta Aranguren (Bizkaia) lotzeko aldirietako trenbidea sortzea, beste horrenbeste egitea Miranda de Ebro (Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) konektatzeko, eta abar. Tarifa sistema integratu eta progresiboa ezarri izana goraipatu dute, eta hori sozialisten lorpena izan dela defendatu du Perezek: «Gure helburua da garraio publikoa herritarrentzat erakargarriagoa izatea, eta gehien bidaiatzen dutenek eta diru sarrera gutxien dutenek abantailak izatea». Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako zerrendaburu Denis Itxasok azaldu du «ezkerarren zati bat banaturik» dagoela, eta horien botoak «zakarrontzira» joango direla. Beraz, Sumar eta Elkarrekin Podemos koalizioen siglak aipatu gabe, horien aldeko botoa emateko asmoa dutenei hitz egin die, haien bozka eskatzeko «baliagarria den ezker bakarrarentzat»; hau da, PSE-EErentzat, haren arabera. Errenterian (Gipuzkoa) egindako ekitaldi politikoan, Itxasok ziurtatu du PSE dela «berme bakarra» Eusko Jaurlaritzan kudeakerta on bat egon dadin: «Benetan eragingo duen ezkerra egon dadin gobernuan, baliagarria, eta politika aurrerakoiak egia bihurtzeko gai dena». Horregatik, ezkerreko espazioan dagoen «overbookingaz» aritu da, PSErekin «obsesioa» dutenei buruz eta «eserleku bat bera ere» aterako ez dutenei buruz. Ohartarazi die boto asko «zakarrontzira» joango direla, eta galdetu du nola den posible «PSEri eraso egitea Etxebizitza Legea elkarrekin onartu eta gero». Elkarrekin Podemosek «talka-plan bat» dauka «talentuaren ihesari buelta emateko» David Soto eta Miren Eetxebeste koalizioko hautagaiek «Euskadik behar duen eraldaketa digitalari ekiteko» hauteskunde programaren ildo nagusiak azaldu dituzte Elgoibarren (Gipuzkoa), eta zientzia eta teknologiako inbertsio publikoa %10 handitzeko premia helarazi dute, besteak beste. Hurrengo legegintzaldian, BPGaren % 3ra iristeko nahi du EPk hazkunde hori; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ikerketa eta garapeneko inbertsioa %2,3koa da orain. Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako zerrendaburu Sotok «talka-plan» bati buruz hitz egin du esparru zientifikorako, talentuaren ihesa gerarazteko: «EHUrekin lankidetzan, beharrezkoa da finantzaketaz hornitzea beharrezko ekosistema bat sortzeko, beren lanbide-eremua trantsizio digital eta zientifikoaren munduan garatzen duten gazteek gure lurraldea utz ez dezaten, lan baldintza eskasen ondorioz». Elkarrekin Podemoseko hautagai Soto eta Etxebeste (ezkerrean eta erdian), gaur, Elgoibarrren. EP Halaber, zerga arloari heldu dio Sotok, «industriako roboten eta automatizazioaren erabilera arautzea» ezinbestekoa ikusten baitu ezkerreko koalizioak. Zerga tasa berri bat sortu nahi du Elkarrekin Podemosek «automatizazio eta robotizazio mekanismoen erabilera zergapetzeko»; sektore batzuetako enplegu galera zerga berri horiek «konpentsatzea» proposatzen dute moreek. Era berean, adimen artifiziala hartu dute ahotan EPko hautagaiek, «lan erreformaren garapenean, kontuan hartu behar baita adimen artifiziala dela zergapetu beharreko gaietako bat». Hezkuntzaren esparruan, berriz, Lanbide Heziketan «finantzaketa talka-plan bat» proposatu dute, askoz plaza gehiago egon daitezen, «egiteke dauden trantsizioekin lotutako LHko esparru guztiei dagokienez». Lanbide Heziketak «zuzkidura handiagoa» izatea nahi dute, finean, «eremu horretan ikasle gehiago egon daitezen, produkzio-sarean enplegua sortzeko aukera bat baita». «Berdintasuneko sailburu emakume bat» jarriko du Sumarrek, «Politika Feministetarako Sail espezifikoan» Carmen Muñoz Sumarren Bizkaiko hautagaiak iragarri du koalizio horrek «Berdintasunerako eta Politika Feministetarako Sail espezifiko bat» sortuko duela, eta «Berdintasun sailburu gisa» emakume bat ariko dela. Sopelan (Bizkaia) egindako ekitaldi batean, hautagaiak adierazi du Sumarrek feminismoa «indar eraldatzailetzat» hartzen duela, agenda politikoaren «erdigunean zaintzarekin batera» egon behar duelako, haren arabera. Ezkerreko koalizio horrek «berdintasun politiketara bideratutako aurrekontua handitzeko konpromisoa» hartu du. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu guztiak «genero ikuspegiarekin eta ikuspegi feminista eta intersekzionalarekin egiteko» konpromisoa da zehazki. «EAJren eta PSEren programetan, beren orrialdeetan feminismo hitza ia ez da agertzen, baina korporatibista dei genezakeen moduan agertzen denean, sartu egiten dute, inork kontrakoa lepora ez diezaien, baina ez dute sinesten», esan du Muñozek. Carmen Muñoz Sumarreko hautagaia, gaur. SUMAR Gainera, «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko», Sumarrel indarkeria matxisten eremuan esku hartzen duten eragileen arteko koordinazio mekanismoak eta protokoloak bultzatuko ditu, eta beste sektore batzuk inplikatuko ditu, «hala nola hezkuntza, osasuna eta kazetaritza», kaltea errepika ez dadin «aitorpena, ordaina eta bermea ziurtatzeko».
Frantziako Gobernuak uko egin dio suizidio lagundua eta eutanasia kontzeptuak erabiltzeari. Hiltzen laguntzea kontzeptua erabili du, indar eta zama handiagoa duten beste kontzeptuak saihesteko, nahiz eta praktikan, ñabardurak ñabardura, haiei buruz ari den. Gaixotasun larriren bat dutenei hiltzen laguntzeko lege proiektu bat prestatu du. Ministroen Kontseiluak gaur aurkeztu du testua. Lege proiektuak bi zati ditu: lagundutako heriotzari buruzkoa bata, zainketa aringarriei buruzkoa bestea. «Zergatik ez dugu eutanasiari buruz hitz egiten?», galdetu du Catherine Vautrin Lan eta Osasun ministroak. «Eutanasia norbait hiltzea delako, bere baimenarekin edo baimenik gabe. Testu honetan, jakina, erabateko baimena dago». Gaixo batzuek hiltzen laguntzeko eskatu ahalko diote «mediku bati, erizain bati edo boluntario bati». Gaixoak ezin badu, haiek egingo dute gaixoaren heriotza eragingo duen ekintza. Heriotza eragiten duen substantzia baten bitartez egingo da. Hiltzen laguntzea eskatzeko, baldintza jakin batzuk bete beharko dira: gaixotasun sendaezin bat eduki beharko du, «epe motzean edo ertainean» heriotza eragingo diona. Irizpide hori lausoa da, eta zehaztu egin beharko dute epe horien iraupena. Hiltzen laguntzeko eskatu ahal izateko, tratamenduek ezingo dute sufrimendua arindu, edo sufrimenduak «jasanezina» izan behar du tratamendurik jasotzen ez duenean. Lege proiektuak aintzat hartzen du sufrimendu psikologikoa (lege proiektuaren aurreko testu batek ez). Gaixoek gai izan beharko dute beren gogoaren edo asmoaren berri emateko. Baldintza horrekin, ez dute hiltzen laguntzeko eskatzeko aukerarik izango alzheimerra edo bestelako dementziak dituztenek. Baita dementziak erasan aurretik adierazi baldin badute ere egoera jakin batean hiltzen laguntzea nahi dutela. Iritzi eske Prozesua abiatu nahi duenak aholkua eskatu beharko dio mediku bati. Medikua ezingo da izan gaixoaren senidea. Medikuak zainketa aringarriak eskainiko dizkio, baina, gaixoak hiltzen laguntzea nahi badu, medikuak beste bi pertsonaren iritzia jaso beharko du: gaitz horretan espezialista den mediku batena —gaixoa ezagutzen ez duena— eta gaixoaren zaintzaile batena. Iritzia jaso eta gero, medikuak hamabost egun izango ditu erabakia hartzeko: hiltzen laguntzea onartzea edo ez. Onartuz gero, gaixoak bi egun izango ditu bere aukera baieztatzeko, eta gero hiru hilabete prozesua bukatzeko. Zainketa aringarriei dagokienez, Frantziako Gobernuak hamar urteko plan bat aurkeztu du zainketa aringarriak zabaltzeko. Zainketa aringarriei eskainitako dirua emendatuko du. Maiatzaren 27an hasiko dira lege proiektua eztabaidatzen Asanblea Nazionalean.
Zortzi urte iraun duten eztabaiden eta negoziazioen ostean, EB Europako Batasuneko migrazio politika aldatzeko eta, batez ere, gogortzeko hitzarmena urratsik zailenaren aurrean zegoen asteazken honetan: Europako Parlamentuko bozketa. Eurodiputatuek Asilo eta Migrazio Itunaren alde bozkatu dute, azkenean. Akordioaren sustatzaileak baikor ziren arren, horien adierazpenek agerian utzi zuten ziurtasuna ez zutela erabatekoa. Zenbait alderdik eta ganberako diputatuk zalantzak eta kritikak egin dituzte, eta abstenitzeko edota kontra egiteko prest agertu ziren. Bozka iragan aurretik protestariak agertu dira parlamentuko publikoan, This pact kills! Vote no! (Itun hori hiltzailea da! Bozkatu: ez!) aldarrikapena oihukatuz eta idatzirik agertuz. Papertxoak ere bota dituzte eurodiputatuei buruz. Parlamentu buruak saioa geldiarazi du une labur batez bozka egin aitzin. Hitzarmenak, praktikan, gogortu egingo lituzke EBn sartzeko baldintzak. Neurri sorta bat da, hamar araudiz osaturikoa, eta talde komunitarioaren migrazio politika bateratzea, eguneratzea eta «hobetzea» du helburu, Europako Batzordeak urteotan hainbatetan argudiatu duenez —2015etik iaz arte negoziatu dute—. Besteak beste, asilo eskariak onartzeko edo ukatzeko prozesua azkartuko luke —hamabi astera—, eta «elkartasun mekanismoa» deiturikoa jarriko lukete indarrean. [articles:2118209] Azken hori da eztabaidarik handiena eragin duen neurrietako bat; bai kritikoen artean, baita EBko estatu kideen artean ere. Hautazko elkartasun moduko bat litzateke; migratzaileei eta asilo eskatzaileei erantzuteko betebeharra izango lukete herrialdeek, baina hori egiteko bi aukera izango lituzkete: kontinentera iristen diren asilo eskatzaile guztietatik herrialde bakoitzak urtean 30.000 pertsona jasotzea, eta, bestela, ukatuko luketen iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaintzea. Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioaren arabera, hitzarmenak eskuin muturrari «argudioak kentzen» dizkio, atzo egindako agerraldi batean adierazi zuenez: «Proposamen onargarri bat da, eta talde politiko handien eta estatu kide gehienen babesa du». Baina kritikoek —besteak beste, eurodiputatu batzuek eta gobernuz kanpoko erakundeek— kontrakoa uste dute, eta bide horretatik jo dute argudiatzeko, hain justu, ultraeskuinaren ideiak jasotzen dituela. Eskuin muturra, kontra Edonola ere, asteotako adierazpenak aintzat hartuz gero, eskuin muturreko alderdiak kontra agertu ziren aurretik, uste baitute itunaren edukia ez dela «nahikoa». Eta ezkerreko eurodiputatuek ere antzera egin dute, baita Europako Alderdi Popularreko eta Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistako talde parlamentarioko zenbaitek ere. Europako Parlamentuak araudi sorta onarturik, EBko estatu kideen baiezkoa falta da, orain, prozesua amaitzeko. Zehazki, negoziaketa bat hasiko da Europako Kontseiluarekin. Azken horretan ez da arazorik espero; hortaz, Migrazio eta Asilo Ituna 2026an sartuko litzateke indarrean. Iaz, talde komunitarioan, Norvegian eta Suitzan 1,1 milioi asilo eskaera egin zituzten; kopururik handiena da 2017tik, EBko Asilo Agentziaren arabera. Eta 380.000 bat lagun iritsi ziren estatu kide batera «modu irregularrean», 2016tik joan den urtera arte izandako gehien. Erresuma Batuak udaberrirako nahi du lehen deportazio hegaldia Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunak eta Ruandako presidente Paul Kagame atzo batzartu ziren deportazio planez aritzeko, eta bilkura horren ondoren Londresek jakinarazi zuen, atzo gauean, datorren udaberrirako antolatu nahi dutela migratzaileak Afrikako herrialde horretara kanporatzeko lehen hegaldia. Horren aurretik, baina, Erresuma Batuko Komunen Ganberak oniritzia eman behar dio Ruandarako deportazio planari buruzko lege proiektuari; datorren astelehenean itzuliko da behe ganberara.