Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileek greba egitera deitu dituzte martxoaren 19an, gidarien aurkako erasoak salatzeko. Eraso fisikoak eta hitzezkoak behin eta berriz jasaten dituztela salatu dute. Guztira, 2.500 langile baino gehiago deitu dituzte mobilizatzera.
Milaka lagunek egin dute bat kulturgileen deiarekin. Gaur, Donostian egindako manifestazioan, Palestinari elkartasuna adierazi diote eta «genozidioa» eteteko eskatu dute. Euskal Herriko 250 kulturgilek baino gehiagok egin dute bat Kulturatik genozidioari stop egitasmoarekin, baita hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta gizarte mugimenduk ere. Gaurko ekintzak nazioartean zeresana eman dezakeela uste dute antolatzaileek, deitu dutenen erreferentzialtasunagatik eta manifestazioaren ikusgarritasunagatik. Alderdi Ederretik abiatu da, eta Haizearen Orrazian amaitu. Genozidioa Stop zioen protestaren aurrealdeko pankartak, eta ibilbidean zehar zenbait oihu entzun dira. Esaterako: «Israeli boikot, Palestina askatu», «Estatu sionista, Estatu terrorista» edo «ez da gerra bat, genozidio bat da». Manifestazioaren amaiera, gaur, Donostian. MARISOL RAMIREZ / FOKU Dozenaka esku hartze artistiko ere izan dira, formatu txikian, kaleko artisten gisa ia-ia. Hona hemen parte hartu duten batzuk: Olatz Salvador, Petti, El Drogas eta Mikel Urdangarin abeslariak, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio bertsolariak, Malmo eta Maitane Azurmendi ilustratzaileak, eta Noe Viana eta Leire Otamendi dantzariak. Martxaren bukaeran giza irudi erraldoi bat osatu dute, manifestariak lurrean etzanda, Haizearen Orrazitik Ondarretaraino, Gazan hildakoak irudikatzeko. Palestinan Israel egiten ari den genozidioa salatzeko manifestazioaren amaierako irudia; jendea lurrean etzanda Haizearen Orrazirako bide guztian, heriotza eta mina irudikatzen ahalegintzeko. #Palestina @berria pic.twitter.com/oDEYxVOaNZ — Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) March 17, 2024 Hortaz gain, bidean zehar ikusi ahal izan dira gaurko manifestaziorako propio egindako 23 artelan. Datozen asteetan herriz herri erakusteko asmoa dute antolatzaileek, erakusketa ibiltari batean. Beste urrats bat Ostiralean egindako aurkezpenean salatu zutenez, «ikaragarria da Israel Gazan egiten ari den suntsiketa, eta bizitzarekiko erakusten ari den mespretxua». Gogorarazi zuten 13.000 adingabe baino gehiago hil dituela jada, eta hori «beste urrats bat» dela Palestinan egiten ari den genozidioan. Manifestazioan esku hartzeak egin dituztenez gain, hauek dira protestarekin bat egin duten 250 kulturgile edo sortzaileetako batzuk: Fernando Bernues zinema eta antzerki zuzendaria, Aitziber Garmendia aktorea, Jon Maia dantzaria, Eneko Sagardoi aktorea, Harkaitz Cano idazlea, Itziar Ituño aktorea eta Alauda Ruiz de Azua zinema zuzendaria. Han izan dira Borja Cobeaga zuzendaria, Gorka Otxoa aktorea edota Fermin Muguruza musikaria ere. Deia babestu duten alderdi politikoak ere denetarikoak dira: EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Sumar, Ezker Anitza eta EH Bai. EAJko ordezkariak ere manifestazioan izan dira, adibidez, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun nagusia. Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua edota Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusia ere han izan dira. ELA, LAB, Steilas, UGT, CCOO eta Etxalde sindikatuek bat egin dute deialdiarekin, eta, gizarte mugimenduei dagokienez, hauek nabarmentzen dira: Gernika Palestina Herri Ekimena, Yala Nafarroa plataforma eta Sanitarioak Palestinarekin. [articles:2122321]
Gazteleraz daude idatzita herrien izenak, eta gazteleraz daude «oinezkoak» dabiltzalako mantsoago joateko eskatzen duten Foruzaingoen kotxeen kartelak. Nafarroako Euskararen Legea dela eta, eremu ez-euskaldunean dago Erribera, euskara ukatua eta baztertua den eremu horretan. Bertan igaro du eguna gaur Korrikak. Milaka herritarrek erakutsi dute eremu ez-euskalduntzat duten horretan ere badirela euskaldunak eta euskaltzaleak, badela herri bat harro dagoena euskaldun izateaz. Eta badute eskaera bat, Korrikan behin eta berriz oihukatu duten bezala: euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan. Lur lehorra da Erriberakoa, baina ernatua da fruitua, Korrikan argi geratu den bezala. Erriberako landa zabal eta errepide luzeetan, kilometrotik kilometrora tropela bat zaio Korrikari, familiak eta lagun taldeak gehienbat. Eta lehertu egin da Tuteran: milaka euskaltzalek egin dute korrika, eta furgonetatik ez zen ikusten korrikalariak non bukatzen ziren ere. Euskara ereiten Tuteran eta inguruetan euskara zabaldu izanaren erantzuleetako bat Argia ikastola da. Herri bat euskaldundu nahi bada, ezinbestekoa da haurrak euskalduntzea, euskaldun eta euskaltzale egitea. Horretan ari da Argia azken 39 urteetan. Garikoitz Urbizu zuzendariak azaldu duenez, 173 ikasle dituzte egun, familia erdaldunetakoak gehienak: «Lautik hiruk behintzat gaztelera dute ama hizkuntza». Baina horri buelta ematen saiatzen dira. Horrenbestez, ezinbestekoa iruditzen zaio Urbizuri ikastolaren lana: «Argia ikastolak badauka inguru zabal bat, eta inguru horretan ez dago beste inor D eredua eskaintzen duenik; D eredua behar-beharrezkoa dugu». Eta lorpenak badituzte: «Ikastolak datorren ikasturtean 40 urte egingo ditu Erribera euskalduntzeko ahaleginetan, eta uste dut derrigorrezkoa dela konturatzea hemen gero eta euskaldun gehiago dagoela. Orain dela urte batzuk ez zeuden egoerak daude orain. Gaur egun, denda batean ezagutzen baduzu nor dagoen, aukera izan dezakezu euskaraz egiteko; orain dela urte batzuk ezinezkoa zen». «Argia ikastolak badauka inguru zabal bat, eta inguru horretan ez dago beste inor D eredua eskaintzen duenik; D eredua behar-beharrekoa dugu». GARIKOITZ URBIZU Argia ikastolako zuzendaria Argia ikastola ez da Erriberan euskararen alde ekinean ari den eragile bakarra. Errigorako kidea da Haizea Lizarbe. Errigora zer den azaltzen hasi da: «Herri mugimendu bat da, hiru zutabe dituena: Nafarroa erdian eta hegoaldean euskara sustatzea, zonalde horretako produktuak Euskal Herrira zabaltzea, elikadura burujabetza helburu izanik; eta auzolana». Eta zer egiten dute?: «Produktu horiek saltzen ditugu, eta irabaziak euskara laguntzeko, sustatzeko eta mugitzeko erabiltzen ditugu». Hamar urte daramatzate lanean. Lizarbek aitortzen du ez dela erraza euskaraz bizitzea Nafarroaren eremu horretan. Esaterako, Soziolinguistika Klusterrak 2021ean Tuteraldean egin zuen kale neurketan, ez zuten euskararik entzun —ikerketan zehaztutako dago lagina oso txikia dela eta akatsak egon daitezkeela—. Baina Lizarbek uste du eragileak egiten ari diren lan eskerga nabaritzen ari dela eta herritarrak gero eta euskaldunagoak eta euskaltzaleagoak direla: «Euskararen egoera ez da nahiko genukeena, baina ikusten dugu ilusioa, etorkizunerako bide bat badagoela; gero eta elkarte gehiago dira euskaltzaleak, gero eta gutxiago ikusten dira euskararen kontrako jarrerak…». «Euskararen egoera ez da nahiko genukeena, baina ikusten dugu ilusioa, etorkizuneko bide bat badagoela». HAIZEA LIZARBE Errigorako kidea Askotariko lagunentzako bilgunea Tuteran lehertu da Korrika, baina ehunka izan dira inguruko herrietan batu direnak ere: Castejonen, Cascanten, Cadreitan, Alesbesen… Kilometro batzuk bereziki hunkigarriak izan dira. Esaterako, Murchantetik Cascantera bidean, Nafarroako kilometro trabestia antolatu dute. Aldarrikapena nagusitu da furgonetako esatariaren ahotik: «Askotariko Euskal Herria nahi dugu, euskaraz biziko den askotariko herria; gorputz, kolore eta izate guztian nahi ditugulako, guztiak behar ditugulako euskaraz, horrela baino ez garelako izango askotariko herri euskalduna». Eta Tuteratik Arguedasera bidean, BERRIA egunkariko langileek hartu dute Korrikaren lekukoa. Tuterako eta inguruetako bideak urratuta, Lodosara iritsi da Korrika. Bihar ere segituko du askotariko pertsonen bilgune izaten. Lizarratik igaroko da goizaldean, eta Trebiñura iritsiko da eguerdirako; arratsaldean, berriz, Arabako hiriburuan ibiliko da, Gasteizen.
Erabaki da: Peio Etxeberria-Zabaleta Altuna III.a-Martija izango da Binakako Txapelketako finala. Une bikainean dauden bi bikote, Aspeko bi bikote, parez pare. Altunak eta Martijak gaur erakutsi dute sasoiko daudela, neurketa erabakigarrian 22-9 irabazi baitiete Artolari eta Imazi. Hasieratik izan dira nagusi markagailuan. Faboritoa zen Aspeko bikotea, baina kantxan erakutsi behar da hori. Onartu dute erronka. Altunak sekulako erakustaldia eman du; pilota guztiak ongi jo ditu, sekulako abiada eman die, eta une bakoitzean jakin du partidak zer behar zuen. Denera, hamalau tanto egin ditu. Ezin izan dute ezer egin Artolak eta Imazek. Lagundu du Martijak ere; geroz eta hobeto dago atzelaria, berak aitortu duen moduan. Norgehiagoka ez da ikusgarria izan. Dena den, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekua bete duten (1.100 lagun) pilotazaleek egindako txapelketa ederra aitortu diete galtzaileei. Sendotasun handia erakutsi dute Artolak eta Imazek. Gaur, ordea, erabakigarria izan da Altunaren eta Martijaren esperientzia. Finala Nafarroa Arenan izango da, Iruñean, bi aste barru. Altuna eta Martija han izan ziren txapeldun 2022an. Atzo, Zabalak eta Zabaletak erraz irabazi zieten Jaka eta Eskirozi, Labriten: 22-13.
Bilbobuseko langileek egun osoko greba egingo dute astelehen honetan lan-hitzarmen berriaren alde. 24 orduko lehen greba eguna izango da, atzetik beste hiru etorriko baitira hilaren 20an, 25ean eta 27an. Apirilaren 9an, berriz, greba mugagabeari ekingo diote.
Hego Euskal Herriko nekazariek “manifestazio handia” deitu dute astearterako, Gasteizen. Familia Nekazaritzari buruzko VIII. Mundu Konferentzia dela eta elkartuko dituzte traktoreak, “nekazaritza esplotazioentzat etorkizun egonkor eta duina ahalbidetuko duten premiazko neurriak” eskatzeko.
Etxean geratu da Athleticen eta Alavesen arteko derbia. Halako partida batean espero den maila emanda hasi dute partida bi taldeek, Alavesek batez ere. Erasora joateko borondatea erakutsi dute hasieratik babazorroek, eta lehen aukera onenak haienak izan dira, aldeko penalti bat jaso arte. 0-1eko markagailuaren ametsarekin amaitu dute Unai Simonen eskuek, sendo geratu baitu Luis Riojaren jaurtiketa, eta kontraerasoan Athleticen gola iritsi da. Ukaezina da Athleticeko hegalariek, Iñaki eta Nico Williams anaiek, taldeari ematen diotena. Azkar baino azkarragoak dira, eta aurrelariarentzat, Gorka Guruzetarentzat, aukerak sortzeko makinak dira. Bada, hala izan dira bi golak. Lehenean, ezker hegaletik iritsi da Nicoren pasea. Bigarrenean, ederki desmarkatu da Iñaki Williams, eta kontrola atzean geratu bazaio ere, Guruzetak baloia jaso eta sareratu egin du. Alaves erasokor hasi bada ere, Athleticek erakutsi du Txapeldunen Liga jokatzeko mailako taldea dela, bi kolpe zehatzetan irauli baitu partida, sei minutu eskasean. Hortik aurrera, babazorroak baloiarekin jokatu ezin ibili dira, eta lehen zatiaren amaiera eta bigarren zati osoa Alavesenak izan dira. Baloia aldez alde mugitu dute zurigorriek, eta aukera asko sortu dituzte, nahiz eta arrisku handi-handikorik ez den egon. Muniainek altu bota du jaurtiketa bat, eta Nicok behin baino gehiagotan egin du jokaldi bera: ezker hegaletik arearen ertzera gerturatu, barrura sartu eta jaurti. Denak kanpora joan zaizkio baina. 2-0eko markagailuarekin ziur ikusi dute haien burua Athleticeko jokalariek, eta lasaiago hartu dute jarduna. Hiru puntu horiekin, Txapeldunen Ligara sailkatzeko postuetan da Ernesto Valverderen taldea. Laugarren dira ligan, naiz eta Atletico Madrilek oraidik bere partida jokatu behar duen. 56 puntu ditu Athleticek, eta 55 Atleticok. Hala, bihar galduz gero, gauzak berdin geratuko liratezke; Atleticok berdinduko balu, 56na puntu izango dituzte, eta irabaziko balu, 5. postura jaitsiko liratezke bilbotarrak. Hala ere, zaila izango dute madrildarrek, Bartzelona jasoko baitute etxean. Xavi Hernandezen taldea hirugarren da ligan, eta azken partidetan maila ona ari da erakusten, bai ligan bai Txapeldunen Ligan. Unai Simon, erabakigarri Murgiako atezainaren maila ona ezinbestekoa izan da Athleticentzat, markagailua 0-0 zegoenean geldiketa bikain eta garrantzitsuak egin baititu. Partida hasi bezain laster egin behar izan du lehen gelditua, nahiz eta ez den oso zaila izan, urrutitik eta atearen erdira egindako jaurtiketa bigun bat izan baita. Hamabostgarren minutuan iritsi da lehen gelditu erabakigarria. Alavesek ezker hegaletik egin du eraso, eta Carlos Vicentek erdiraketa indartsu bat egin du areara. Hor zegoen Jon Guridi, eta behera eta indartsu egin du errematea. Unai Simonen hankatartetik igarota sareratuko zela zirudien, baina bi hanketan jota markagailua bere horretan mantentzea lortu du atezainak. 29. minutuan iritsi da Nico Williamsek egindako penaltia. Luis Riojak Unai Simonen ezkerraldera indartsu bota du baloia, baina ez oso zokoratua, eta erraz atera du murgiarrak. Jokaldi berean sartu du Athleticek, eta hortik aurrera lasaiago jokatu dute zurigorriek, markagailuaren presiorik gabe.
Azkenekoz 2019an zapaldu zuen Printzipal antzokia Arabako Bertsolari Txapelketak. 2022an Europa Biltzar Etxean egin eta gero bueltatu dira bertsolariak bertara txapelketaren 40. urteurrenean. Sei bertsolariak dira aurretik finalean aritutakoak, eta seitik lau txapeldun izanak. Saioan askotariko apustuak entzun dira bertaratutako 700etik gora bertsozaleen artean. Azkenean Aroa Arrizubietak irabazi du txapela, buruz burukoa Manex Agirrerekin jokatu ondoren, puntu bakarreko aldeaz gailendu da gasteiztarra. Atzetik sailkatu dira Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Asier Otamendi eta Iñaki Viñaspre, hurrenez hurren. Puntu gutxiren artean sailkatu dira aurreneko bost bertsolariak, eta buruz burukorako lehia ere estua izan da. Aretoa beteta eta pankartaz apainduta zegoen saioa hasterako, eta 17:30 pasatxoan agertu da Nieves del Alamo aurkezlea oholtzara. Ondoren, Oier Suarez gai emailearen atzetik sartu dira sei bertsolariak. Hasierako agurretan, ohi bezala, bakoitzak bere gorputzaldiaren berri eman du, eta zortziko handiko ofizioekin ekin diote saio puntuagarriari. Arrizubieta eta Abarrategiren artekoa eta Agirre eta Amilbururen artekoa izan dira borobilenak. Aurreneko biak AHTaren obrei begira dauden bi adineko izan dira, trena pasatzen sekula ikusiko ez dutela elkarrekin komentatzen, hala ekin dio ofizioari txapeldunak: «abiadura handiko trena/ deituko dute agian/ baina ez doa dirudienez/ hain abiada handian». Zorrotz erantzun dio Abarrategik trena ez baina dena nola izorratu duten ikusi dutela esanaz honako hau ere esan du gero: «eta jakizu urte askotan/ antzeratsu du segiko/ susmoa daukat ilobek ere/ ez dutela ikusiko». 26 urtez elkarrekin egon ostean banandu egin diren bikotea izan dira Agirre eta Amilburu. Dibortzioaren papera sinatu eta elkar besarkatu dute. Halaxe hasi zuen ofizioa Agirrek: «ez nuen uste zu sentitzea/ gaur ahalik eta gertuen/ besarkada hau gogorra izan da/ baina Paula behar nuen». Eta elkarrizketa sakona eta gero hala amaitu du Amilburuk: «bizitzan gauzak noizbehinka horrela/ direlako beharbada/ gonbidapena jasoko duzu/ nire hurrengo ezkontzara». Hamarreko txikiak dirdira askorik gabe igaro dira, baina seiko motzean jo du goia saioak. Umorezko ofizioak egin dituzte hiru bikoteek, gai emaileak jarritako gai fantastikoetatik abiatuta. Asterix eta Obelix izan dira Arrizubieta eta Agirre; Mari Errauskin eta Edurne Zuri Abarrategi eta Viñaspre; eta Barbie eta Ken Amilburu eta Otamendi. Azken hori izan da bereziki txalotua, Amilbururen ariketa onena izan dela ere esan daiteke. Barbie eta Ken Azkenaldiko gehiegizko ospearekin nazkatuta, elkarrekin Barbieren karabanan joan dira egun batzuetarako, eta, antza denez, intimitatean ez dute horren bizitza perfektua. Kamiseta ezin badu Ken komeriak izango dituztela esan du Amilburuk saioa hasteko, eta erantzun hau eman dio Otamendik: «Barbie usaina ardi usaina/ bihurtu da hemen». Honako bertsoa bota du Amilburuk, gero: «Usainezko nire pussy/ ardi usaina nagusi/ ta zurea zer? enbalautako/ ai txitxi burduntzi/ ni ibiltzeari utzi/ hau ez indar ez luizi/ egin zintuzten bizkar gehiegi/ eta gerri gutxi». «Lasai Barbie ni beti izango naiz/ zure bizkarroia» erantzun dio Otamendik eta horrela biribildu du ariketa aramaikoak: «gizona egin dituzte eta/ behar zara landu/ orain behar zaitut saldu/ Barbieak Barbie berhar du/ bollerismoa probatzekotan/ ez da inoiz berandu». Ofizio bien artean bina puntu erantzun kantatu behar izan dituzte bertsolariek. Aktualitateko gaiak izan dira nagusi erronda horretan: Hauteskundeak, Osakidetzaren egoera, Martxoaren 3a… Puntu bakarrean txapela Bakarkakoen txanda izan da gero: abiapuntu bana eman diete bertsolariei, eta bi bertsotan bakoitzak berea sortu du. Ariketa politak egin dituzte oro har. «Bizitza antzerki bat da. Egoera batzuetan daramazun maskara aldatu nahi duzu» izan da Arrizubietari jarri diote gaia eta honako bukaera biak kantatu ditu: «besteentzako ez dudalako/ sekula aurpegi txarrik/ eta ondoren negar egiten/ dut nere gelan bakarrik» eta «ispilu aurrean jarri/ nire beste ni delako hori/ nire aurrera ekarri/ sentitzen dugun guztia esan/ diezaiogun elkarri». Viñaspreri gai hau jarri diote, eta berau izan da bere ariketarik biribilena: «Gaur aspaldiko partez pilularik hartu gabe lo ein ahal izan duzu» apaiz eskolan abusuak sufritutako pertsona baten lekuan kokatu du bere burua eta hala bukatu du lehen bertsoa: «bart bere eskela aurkitu nuen/ egunkarian barrena/ lo egiteko segurtasuna/ da botikarik onena». Eta hala amaitu du bere azken bertso puntuagarria: «Pena bakarra daukat barruan/ ez sufritzea gehiago/ ta infernuan aurkituko da/ zerurik baldin badago». Lehenengo zatia amaituta hasi da buruz burukoa. Aroa Arrizubieta eta Manex Agirre sailkatu dira, eta Iparragirre abila dela doinuan egin dute ofizioa haur eskola bateko bi panpinaren lekutik. Ganbarakoaren txanda izan da gero, «Bizitzak bigarren aukera eman dizu» izan da jarri zieten gaia. Bere buruaz beste egiten ahalegindu da pertsonaren lekutik kantatu du Arrizubietak, eta Korrikarekin batera Santiago zubia igaro duen migrantearen paperetik Agirrek. Ariketa puntuagarriak amaituta, agurren txanda izan da emozioz betetakoa. Agirrek bere azken txapelketa izan dela iragarri du puntu hauen bidez: «nik txapelketa hemen uzten dut/ badu zati bat tristetik/ baina zuek lasai enaiz egongo/ isilik ta ahapetik/ gauza ederrenak beti irteten/ dira itzalen artetik». Bertso eskolen sortzailea izan den eta 1984ko lehen txapelketa hartan bertsotan aritu da Xabier Ricok jantzi dio txapela Arrizubietari.
Aurreikuspenak guztiz bete dira gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan. Besteak beste, binakako txapelketako finalerdietako ligaxka hasi bezala bukatu baitute bi bikoteek. Zabalak —Peio Etxeberriaren ordezkoak— eta Zabaletak irabaziz, eta Jakak eta Eskirozek galduz—Mariezkurrena II.aren ordezkoak— . Jokoan ezer erabakigarririk egon ez, baina serio eta distiratsu aritu da Aspeko bikotea, eta ez die aurkariei ezertarako aukerarik eman. Hasieran hotz hasi dira Zabala eta Zabaleta, baina motorrak berotu dituzte gerora, eta bakoitzak bere esparruan erakustaldia egin dute. Jaka eta Eskiroz gogotik ahalegindu dira neurketaren dinamika aldatzen, eta lan duina egin dute, baina ez dira ezustea emateko gai izan. Zabalak jarraipena eman dio azkenaldiko bolada onari, eta Zabaletak berretsi du garai bikainean dagoela. Ezbairik gabe, nafarra konfiantzaz gainezka iritsiko da binakako finalera, bi aste barru. Emozioa soilik lehen tantoetan izan du norgehiagokak. Lehiaren zama bere gain hartu du Jakak, eta ederki nahasi du jokoa aurreko koadroetan. Inspiratuta aritu da, eta Baikoko bikotea aurretik ipini da hasieratik: 3-0 eta 5-1. Eskiroz bera ere oso sendo ageri da atzeko koadroetan, eta lagunaren sendotasuna ederki baliatu du Jakak. Era guztietako tantoak egin ditu. Hots, pozak ez die askorik iraun gorriei. Saskitik pilota bizixeago bat aterata, pilota gogotik astintzen hasi dira Zabala eta Zabaleta, eta indar erakustaldia eskaini dute biek. Eskirozek zazpigarren koadrotik atera ditu oinak etengabe, eta nahiko lan izan du aurkarien erasoaldia baretzen. Jaka, berriz, jokoan sartu nahi eta ezin ibili da etengabe. Hala, partidako lehen berdinketa zazpinakoa izan da. Hortik aurrera hasi da Aspeko bikotearen erakustaldirik handiena. Pilota astintzearekin aski ez eta, tantoak amaitzeko arriskatzen hasi da Zabala, eta, aspaldian bezala, egun biribila tokatu zaio. Abiadura bizian ibili du pilota ezker-eskuin, eta gozatu egin du kantxan. Bere joari fintasuna erantsiz gero, puntako pilotaria dela berretsi du. Lehen atsedenaldi luzera 12-8 aurretik iritsi da Aspeko bikotea, eta handik bueltan ere ez dira kontuak askorik aldatu. Bere horretan jarraitu du errioxarrak, eta Zabaletak behetik gora egin du. Pilota bakar bat ez galtzeaz gain, frontisetik oso urrun edukiarazi ditu aurkariak. Jokatu dituen baldintzak aintzat hartuta, Jakak berak zenbaki onak lortu ditu partida amaierarako, bederatzi tanto egin baititu aurrean. Hori bai, Zabalak eta Zabaletak ez dute inoiz arriskuan ikusi garaipena. Bigarren atsedenaldi luzera 18-11 iritsi dira aurretik, baina azken txanparako izan dute sorpresaren bat gordea. Lehenbizi, Zabalak pare bat erremate ikusgarri eskaini ditu, bata ezkerrez bikain zabalduta bestea horma bikoz. Guztira hamabi tanto egin ditu errioxarrak. Bada, Zabaletak berak ere zutik jarri ditu pilotazaleak, birritan ia boterik egin gabe jo baitu errebotea. Tanto guztiak konfiantza hartzeko baliatu ditu nafarrak, eta gorputzaldi bikainarekin iritsiko da bi aste barru jokatuko den finalera. Denak, Eibarrera begira Etxeko lanak bikain eginda, finalean aurkari nor izango duten jakitea falta zaie Peio Etxeberria eta Zabaletari. Bada, Eibarko Astelenak emango du epaia bihar (17:00, ETB1), nor baino nor gehiago ariko baitira Altuna III.a-Martija eta Artola-Imaz. Faborito garbi aterako da Aspeko bikotea, baina partida pronostikoek diotena baino irekiagoa dagoela uste dute pilotazale askok. Sendotasun handia erakutsi dute txapelketan zehar Artolak eta Imazek, eta guztiaren beharra izango dute Aspeko bikotea menderatu nahi badute. Izan ere, tentsio handiko uneak kudeatzen oso ohituta daude Altuna III.a eta Martija.