Siemens Gamesak Aratzurin duen lantegiko langileek greba egingo dute otsailaren 5etik aurrera, Nafarroako beste zentroetako baldintzekin pareka ditzatela eskatzeko.
71 urteko mendizale bat hil da gaur arratsaldean Harpea leizetik gertu, Ezterenzubin (Nafarroa Beherea). Burgosako harpea ere deitzen zaio. Taldean zihoan, eta 13:45 aldera 150 metroko alturatik erori da, eta bertan zendu. Donibane Garaziko Gendarmeria eta suhiltzaileak bertaratu dira, baina larrialdi zerbitzuek haren heriotza besterik ezin izan dute baieztatu.
Ertzaintzak 51 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiralean Erandion (Bizkaia), haur pornografiarekin lotutako delitu bat egotzita. Ondoren, Erandioko etxebizitza bat eta Bilboko lokal bat miatu zituzten, eta datuak biltegiratzeko material informatikoa eta gailuak konfiskatu; Ertzaintzaren Polizia Zientifikoa horietan den edukia ikertzen ari da. Gainera, estupefazienteak ere topatu zituzten miaketetan. Atxilotuak aurrekariak ditu sexu abusu, exhibizionismo eta adin txikikoen kontrako jazarpenagatik.
Bilbobuseko langileek 24 orduko beste greba egun bat egingo dute astelehen honetan, hilaren 5ean, hitzarmena berritzea eskatzeko antolatu duten mobilizazio egutegiaren barruan, eta ostegunean, hilak 8, 8 orduko lanuztea deitu dute.
Onetik eta txarretik izan du Realak gaur gauean Gironan (Herrialde Katalanak) hutsean berdindu duen partidak. Onetik, Imanol Alguacilek entrenatutako taldea nor baino nor gehiago aritu dela Espainiako Lehen Mailako bigarren sailkatuarekin. Haren zelaian egin du, gainera. Meritu handia du horrek. Emaitzan ez ezik, jokoaren beste zenbait alorretan berdindu dute. Biek izan dituzte oso aukera garbiak gola egiteko, baina ez dute asmatu atearen aurrean: Gironan, Yangel Herrerak; eta Realean, Brais Mendezek. Bietan atezainak bikain aritu dira. Biei ere gol bat baliogabetu diete jokoz kanpo egoteagatik: Gironan, Yangel Herrerari; eta, Realean, Oiartzabali. Azkenean, berdindu egin dute. Baina neurketak ere izan du txarretik Realarentzat, hiru jokalarik hartu baitute min: Odriozola hasi eta berehala lesionatu da; Becker, bigarren zatia hasi eta gutxira; eta, Oiartzabal, luzapenean. Hirurek utzi behar izan dute zelaia. Kezkagarria da, talde txuri-urdinak hiru egun eskas barru jokatuko baitu berriro. Gainera, oso neurketa garrantzitsua da: Mallorcan (Herrialde Katalanak) ariko da astearte gauean, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan. Ikusteko dago hiru jokalari horietatik zenbat osatuko diren norgehiagoka horretarako. Egoera ikusita, Imanolek izugarri eskertuko du gaur Afrikako eta Asiako kopetan gertatutakoa. Malik eta Japoniak agur esan dute final-laurdenetan; beraz, Realeko entrenatzaileak nahi izanez gero, Hamari Traorek eta Take Kubok Mallorcaren aurka joka dezakete. Berri oso ona da. Ikusteko dago zer-nolako sasoia duten, baina taldeak edozeinen laguntza eskertuko du.
Ez lehenengo aldiz, eta, ziurrenik, ezta azkenekoz ere. Hamaikagarrenez, gidoi bertsua duen pelikula ikustea egokitu zaie gaur Mendizorrotzako jarraitzaileei. Besteak beste, irabazteko merituak egin arren, galdu egin baitu Alavesek, Bartzelonaren aurka (1-3). Harmailak goraino beteak zirelarik, partida duina jokatu du Luis Garcia Plazaren taldeak, eta gutxienez puntu bat eskuratzeko moduko lana osatu du. Erritmo eta intentsitate izugarria oinarri hartuta, hustu egin dira etxeko jokalariak, baina ez dute aski izan Bartzelona ahaltsua garaitzeko. Lauzpabost aukera on izan dituzte, baina soilik behin asmatu dute ate aurrean, eta hortxe egon da aldea. Izan ere, Alavesen areara gerturatu bakoitzean gola sartu dute kataluniarrek. Kalitatea erabakigarri gertatu da, beraz. Hala, bolada ona amaitu zaie gasteiztarrei, ezin izan baitute laugarren garaipena jarraian lortu. Ideiak oso garbi zituela zelairatu da Alaves lehen zatian. Erritmo itogarria ezarri du lehen minututik, eta horri aurre egin ezinda ibili da Bartzelona. Presioa goi-goian egin du etxeko taldeak, eta baloi ugari berreskuratu ditu. Bere zelaian preso edukiarazi du Xavi Hernandezen taldea. Ondorioz, gol aukera bat baino gehiago izan ditu Alavesek, baina ez du asmatu. Bada, lehen ordu laurdena igarota parekatzen hasi dira kontuak. Oinetan gehiago izan du baloia Bartzelonak, eta eroso sentitu da aurkariaren zelaian jokatuta. Gero eta hobeto sentitzen hasi dira kataluniarrak, eta 22. minutuan jaso dute saria. Gundoganen pasea baliatuta, maisuki egin du 0-1ekoa Lewandowskik. Golaren ondoren, testuinguru egokia izan du Bartzelonak nahi zuen jokoa egiteko, eta minutu erosoak izan ditu gerora. Baloia batetik bestera mugitu du etengabe, eta lasterka ibili beste erremediorik ez dute izan etxekoek. Halere, sakontasunik gabe ibili dira kataluniarrak. Alaves bera ere ez zegoen hain deseroso egoera horretan, eta pixkanaka egoera iraultzen hasi da. Berriro ere presioa oinarri hartuta, behin eta berriz hurbildu da aurkariaren atera, eta 35.ean sekulako aukera huts egin du Guridik. Luis Riojaren erdiraketa buruz errematatu du azpeitiarrak, eta Iñaki Peña atezainak atepetik atera dio baloia. Itxaropenaren gola Bigarren zatiari berdintsu ekin diote bi taldeek, eta epaileak txistua jo orduko izan du lehen gol aukera garbia Alavesek. Luis Riojak kanpora bidali du baloia atezainaren aurrean bakarrik zela. Bada, hurrengo jokaldian iritsi da 0-2koa, kontraeraso moduko batean. Jokaldi polita osatu ondotik, gol ederra sartu du Gundoganek. Mendizorrotzako jarraitzaileak kolpe baten isildu dira golaren ondorioz, baina, ustekabean, hortik minutu batera itxaropenaren gola egin du Samuk. Alex Solak jokaldi distiratsua egin du eskuin hegaletik, eta haren erdiraketa ez du alferrik galdu aurrelariak. Jokalariak ez ezik, zaleak ere piztu dira ederki, baina minuturik zailenetan eskarmentua erakutsi du Bartzelonak. Lehentasuna eman dio baloia oinetan izateari, eta pixkanaka apalduz joan da etxekoen freskotasuna, nekearen ondorioz. Berriz ere intentsitatea ezartzeko asmoz, aldaketak goiz xamar egin ditu Alavesek, baina justu orduantxe iritsi da 1-3koa, Victor Roquek egina. Kolpe latza izan da gola etxekoentzat, eta horri buelta eman ezinda ibili dira gerora. Bartzelona hamar jokalarirekin geratu izana ere ez da pizgarri izan Luis Garcia Plazaren taldearentzat. Eta, azkenean, luze egin zaio lehia.
Bakoitza berean, baina borrokarako prest daude bai Iñaki Artola eta Ander Imaz, bai Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa. Baikokoak bete-betean ari dira lehian bigarren izateko eta finalerdietako ligaxkarako zuzenean sailkatzeko. Gaur, seigarrenez jarraian irabazi dute: 22-12 hartu dituzte mendean Aitor Elordi eta Beñat Rezusta, Idiazabalen (Gipuzkoa). Hirugarren dira sailkapenean, zortzi garaipenekin. Berdinduta daude Peio Etxeberriarekin eta Jose Javier Zabaletarekin, baina Aspekoak aurretik daude tanto aldeari esker. Sekulako lehia dute elkarren artean, eta buruz buruko hori amaieraraino luzatuko da, bi bikoteek elkarren aurka jokatuko baitute azken jardunaldian, Iruñean, Labriten. Lehen itzulian, Artola eta Imaz nagusitu ziren elkarren artekoan, Tolosan (Gipuzkoa): 22-21. Elkarren arteko borroka estuaren erakusgarri da. Konfiantzaz gainezka daude alegiarra eta oiartzuarra. Gaur, behetik gora eginda irabazi dute. Elordi eta Rezusta nagusi izan dira hasieran (6-3); lehia parekatu egin da gero (10-10); baina, hortik aurrera, Artola eta Imaz oso nagusi izan dira. Arnasa pixka bat Ezkurdiak eta Tolosak, berriz, azkeneraino borrokatu nahi dute. Gaur, laugarren garaipena lortu dute: 22-13 irabazi diete Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri, Labriten. Aspekoak hasi eta buka nagusitu dira. Sendo aritu dira, baina mesede handia egin die aurkariak ezinean aritu direla. Makina bat huts egin dituzte Peña II.ak eta Albisuk. Gaur irabazita, kanporaketarako sailkatzeko itxaropenari eusten diote arbizuarrak eta anoetarrak. Hiru bikote dituzte garaipen bakarrera: Peña II.a eta Albisu, Jokin Altuna eta Julen Martija —partida bat gutxiago jokatu dute—, eta Elordi eta Rezusta. Aurreneko biekin galdua dute tanto aldea. Aldiz, Elordik eta Rezustak baino hobea dute. Ataka estuan daude oraindik ere, partida guztiak irabazi beharrean, baina gaurko garaipenak arnasa pixka bat eman die. Bihar bukatuko da hamabigarren jardunaldia. Erik Jakak eta Iosu Eskirozek —Jon Mariezkurrena ordezkatuko du— Javier Zabalaren —Altuna III.a ordezkatuko du— eta Martijaren aurka jokatuko dute Donostian. Irabazten badute, Baikokoek lehen postua ziurtatuko dute. Aspekoek, berriz, lasaitasuna eman diezaiekeen garaipena lortu nahi dute.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, Ministroen Kontseiluak lanbide arteko gutxieneko soldata % 5 igotzea onartuko du datorren asteartean, hilean 1.134 euroraino, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak eta sindikatuek urtarrilean lortutako akordioaren ildotik.