Inteligentzia Artifizialeko Lengoaia Sortzeko Eredu Handi bat sortuko dutela iragarri du Espainiako presidenteak bai gaztelaniaz baita Estatuko gainerako hizkuntza koofizialetan ere (euskara, galiziera eta katalana) “berariaz” entrenatuta, kode “ireki eta garden” batekin.
Osasunak ontzat eman dezake gaur Kanaria Uharteetan eskuratu duen puntua. Jagoba Arrasateren taldeak ez du arrisku gehiegirik sortu, baina markagailuan aurrea hartzea lortu du eta arazo handiegirik gabe eutsi dio berdinketari. Bost atzelarirekin zelairatu dira nafarrak, eta etxekoena izan da baloiaren jabetza: lehen zatiaren une batzuetan ia %90. Kontraerasoren bat baliatzea zen bisitarien asmoa, eta minutuek aurrera egin ahala berdindu egin da lehia. Bi taldeek izan dituzte aukerak, baina gutxi. Bigarren zatiaren hasiera zoroa izan da neurketako une azpimarragarriena. Korner baten aldaratzea jaso, eta Mojicak hegaletik egin du jokaldia. Jarraian gertatu denak zur eta lur utzi ditu zale gorritxoak: area barruan, Unai Garcia atzelariak aurrelari onenen gisara jo du baloia, boleaz, eta zuzenean bidali du sareetara. Ikusgarria izan da. Eta pozak tentelduta edo, ohartzerako jaso du gola Osasunak. Kirianek egin du berdinketarena, hark ere area barrutik eta boleaz. Ez sinestekoa. Zoramen minutu horien ostean, berriz ere baretu dira urak. Orduan ere aukerak bientzat, baina gutxi. Sailkapenaren erdialdean eroso dabiltzan bi taldeek berdinketa ontzat ematen zutela zirudien. Eta horrelaxe amaitu da partida.
Bigarren aukeran lortu dute, eta nola gainera. Iñaki Artolak eta Ander Imazek Binakako Txapelketako finalaurrekoetako ligaxka jokatuko dute, Peña II.a-Albisuri 22-20 irabazita. Gogotik borrokatu, eta Bilboko Bizkaia pilotalekuko markagailua irauli dute, 9-17 eta 17-20 atzetik joan ostean. Biderik zailena egin da, saria eskuratzear izan dira Peña eta Albisu. Ostiralean 22-15 irabazi zieten Elordi-Rezustari, eta gutxi falta izan zaie bigarren kanporaketa ere gainditzeko. Galdu dituzten 17 pilotek kondenatu dituzte, ordea. Hasieran, Imaz izan da normalean baino akats gehiago egin dituena, eta Artola ere tantoa amaitu ezinda ibili da aurreko koadroetan (0-6). Pasa den ostiraleko garaipenak hauspotuta, berriz, sendo zebiltzan Peña-Albisu. Gorriek lanean jarraitu dute, eta, denboraren poderioz, urdinak desegin dira. Akats ugari egin dituzte, eta aurkariak adi ibili dira horiek baliatzeko. Imaz, bereziki; Artolak tanto bakarra egin du norgehiagoka osoan, eta irabazteko nahikoa izan da. Irabazleek astebete izango dute finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia prestatzeko. Larunbatean Iruñeako Labriten jokatuko dute Jaka-Mariezkurrenaren aurka; igandean, berriz, Peio Etxeberria-Zabaleta Altuna-Martijaren aurka ariko dira Gasteizko Ogetan.
Ahazteko moduko arratsaldea izan da. Azkenaldian bikain dabil Athletic, taldearen inguruan poztasuna eta itxaropena dira nagusi, baina gaurkoa ez da zuri-gorrien eguna izan: Europan postu bat eskuratzeko lehian dabilen Betisen zelaian 3-1 galdu dute. Azken 22 partidetan galdu duten bigarrena da. Etxekoek euren aukerak baliatzen jakin dute, eta neurketa baldintzatu dute Yurik bere atean sartutako golak eta, batez ere, Nico Williamsek taldea bat gutxiagorekin utzi izanak 40. minutuan. Ostegunean Errege Kopako finalaurrekoetako itzulerako neurketa du Ernesto Valverderen taldeak, baina gaurkoa ere partida garrantzitsua zen. Sailkapenean Atletico Madrilekin berdintzeko aukera zuten, eta Betis oso urrun uztekoa. Horren jakitun, dituen jokalari onenak zelairatu ditu prestatzaileak, baina ez da nahikoa izan. Nicoren eta Sanceten itzulerak izan dira berrikuntza nagusiak. Ohartzerako, lehia maldan gora jarri zaio Athletici. Euskal taldeetan ibilitako bi jokalarik ekoitzi dute Betisen lehen gola: zelai erdian baloia jaso du Willian Josek, pase zoragarri bat bidali dio Chimy Avilari, eta Osasunako aurrelari ohiak ez du barkatu. Ostegunera begira Ezinean zebilen Athletic, eta Fekirrek hegaletik egindako erdiraketa batean bigarrena jaso du: Willian Josek errematatu du baloia, Unai Simonek aldendu du, baina Yuriri jo eta sareetan amaitu du. Zarauztarrak, gainera, zelaia utzi behar izan du min hartuta. Hiru minutu geroago heldu da Nicoren txartel gorria. Protesta egiteagatik jaso du bigarren txartel horia, eta taldeari mesederik, behintzat, ez dio egin. Atsedenaldia heltzear zela iritsi da arratsaldeko eguzki izpi bakarra, Guruzetak korner batean buruz egin duen golean. Ez du askorako balio izan, zoritxarrez. Bigarren zatiari ez dio gaizki ekin Athleticek, Berenguerrek berdintzeko aukera bat ere izan du, baina Johnnyk 68. minutuan area kanpotik egindako gol ikusgarriak erabakita utzi du norgehiagoka. Ordutik daude zuri-gorriak osteguneko partidara begira.
sailkapena Manex Agirre Arriolabengoa (372,0 puntu) Peru Abarrategi Sarrionandia (365,5) Iñaki Viñaspre Simon (354,0) Unai Anda Delika (337,0) Eli Zaldua Barquin (331,5) Ekaitz Samaniego Curiel (305) Kultur etxeko aretoa goraino beteta ekin diote 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdiei, Aramaion. Manex Agirrek lortu du, saioa irabazita, martxoaren 16an Gasteizko Printzipal antzokian jokatuko den finalerako lehen txartela. Haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Unai Anda, Eli Zaldua eta Ekaitz Samaniego. Kanpoko giro hotz eta elurtuari erantzun beroa eman diote sei bertsolariek, baita saioa entzutera joandako entzuleek ere: bete-beteta zegoen aretoa. Etxaun Otaño gai jartzailearen atzetik igo dira sei bertsolariak oholtzara, eta, ohi bezala, agurrekin ekin diote saioari. Bakoitzak bere helburuen berri emateaz gain, besteak beste, lehen sektorearen aldeko, Araba euskaldunaren aldeko eta eolikoen kontrako aldarriak egiteko baliatu dute lehendabiziko bertso sorta. Zortziko handiaren txanda izan da gero. Andaluziatik gaztetan etorritako 80 urteko bi pertsona izan dira Eli Zaldua eta Unai Anda, orain beraiek zaintzeko etorkin bana kontratatu dutenak. Iñaki Viñaspre eta Ekaitz Samaniego bikoteak, berriz, harreran hartzekoa den umea ezagutzeko lehen zita izan du. Eta Manex Agirre eta Peru Abarrategi bi etxegabe izan dira, lo egiteko erabiltzen duten lekutik Poliziak kanporatuak. Osoena Agirre eta Abarrategiren artekoa izan da, baina ariketa horri erantzun diote, akaso, bertsolari guztiek egokien. Hortaz, konfiantzaz jarraitu ahal izan dute saioan aurrera. Barre egiteko garaia izan da zortziko txikiak kantatu dituztenekoa. Bertsoaldi guztietan egon da barre egiteko motiborik, baina Anda eta Viñasprerena izan da arrakastatsuena. Erretzeari uzteko apustua egin duten bi pisukide izan dira; Anda, etxera sartu orduko tabako usaina aditu, eta kontu eske joan zaio Viñaspreri. «Harrapatu egin zaitut/ egon zaitez adi/ ta ez ez begiratu/ aizu txakurrari», zorrotz ekin dio Andak ofizioari. Gezurra dela esan dio Viñasprek, bizitzan horrenbeste erre eta gero usaimena zeharo galdua duela esanez. Azkenean, berriz erretzen hastea erabaki dute biek, eta hala amaitu du ofizioa Viñasprek: «bale, erreko dugu/ ezin zen bestela/ baina oroitu zure/ errua izan dela». Tonu serioagoa hartu du saioak berriz hamarreko txikian. Ale onak izan dira hor ere. Rol hauek hartu dituzte bertsolariek: nagusiarekin bazkaldu ala ez erabakitzen ari diren langileena, banatutako gurasoen bikotekide berriekin harreman gatazkatsua duten anai-arrebena, eta bideo dei baten bidez elkar bisitatzeko zita non jarri erabakitzen ari diren lagunena. Gaien atzeko gaiei begira egon dira bertsolariak. Ganbarakoaren txanda etorri da gero. Klima larrialdiari buruzkoak izan dira erantzun beharreko hiru puntuak. Lekuan lekuko problemei erantzuten eta egoera orokorrari begira jardun dute bertsolariek. Etxean azkenean Hau izan da bertsolariek bakarka bi bertso kantatzeko gaia: «Etxera bueltatu zara azkenean. Ez da izan espero zenuen moduan». Askotariko erantzunak aditu dira aretoan. Nepalen urtebete egon eta gero, gurasoak elkarrekin haserretuta aurkitu ditu Zalduak; psikiatrikotik etxera bueltatutako pertsona bat izan da Anda; preso egon eta gero etxera itzuli diren bi pertsona izan dira Viñaspre eta Samaniego; Gazan lanean egon, eta espero ez zuen esperientzia izanda itzuli da Agirre kazetaria; eta etxera itzuli eta bikotekidea ohean beste batekin topatu du Abarrategik. Abarrategik «gu gara Barbie eta Ken» kantatu duenean irri txiki asko agertu badira ere, Samaniegoren ariketa eskertu du publikoak gehien. Barru-barrutik ateratako bertsoaldi hau egin du: «Zortzi urtez preso egon eta/ ireki dute atea/ berriz ere naiz itxuraz/ lehen nintzen bezain askea/ etxea berriz ikusi/ ta txikitako parkea…/ nahi nuen buelta ederra, ideala izatea./ Baina hortxe hasi egin zen/ laguntasunen eskea/ hutsik zegoen nire ondoko/ konpainiaren partea/ eta horrela dihoa/ zailtxo lehenengo urtea/ ez da erreza izaten/ espektatibak jaustea». «Errealitatea izaten/ da noizbait horren krudela/ betea non egunero/ jaki goxoez sabela/ eta goraino zihoan/ hutsunearen nibela,/ baina hori ez zen izan/ nire buruaren eskela./ Jaso dut lagun berrien/ laguntza oso epela/ denbora eman behar zitzaion/ ta ezin zen izan bestela/ orain pozik esango dut/ sentitzen dudan bezela/ bizitza berreraikitzen/ oso pozik nabilela». Lehen finalerdia amaituta zabaldu dira finaleko ateak. Bost aulki daude libre. Datorren asteko Dulantziko saioan erabakiko da finaleko seikotea.
Bukaera zoroa izan du Alavesek Mallorcaren kontra jokatu duen partidak. Lehia itxia eta lakarra izan da, baina eztanda egin du amaiera gerturatu ahala. Kaos horretan lasaitu handia hartzear izan dira arabarrak: 1-0 jarri dira aurretik, eta, hala, eskuetan izan dute erabakigarritzat jo zitekeen garaipena. Hiru puntuak patrikaratuta, beste poltsikoan salbazioa sartzeko moduan izango ziren. Bakarra lortu dute, ordea. Erdizka gelditu dira. Oso gaizki defendatutako jokaldi batek izan du errua. Arean erremateak kateatzen utzi diote aurkariari, eta baloia ate barrura joan da azkenean. Luzapena ate joka zegoela sartu du Nastasicek banako gola. Aurrez, gasteiztarren golak galarazteaz arduratu da. Neurketako izarra izan da Mallorcako atzelaria; ondo erakusten du horrek nolako partida izan den. Hamaikakoa osatzean, bere buruari galdera erretorikoa egiten dio Luis Garcia Plazak: «Zertarako aldatu, ondo badago?». Jokalari multzo finko bat dauka neurketak abiatzeko, eta oso aldaketa gutxi ari da egiten astetik astera. Normala da, apustu horrek emaitzen bermea baitu. Gaur erabili duen hamaikakoa, hain zuzen, duela bi aste etxean Vila-realen aurka zelairatu zuen berbera izan da. Eta aurreko partidatik aldaketa bakarra egin du: Javi Lopez Duarteren ordez, defentsako ezker alboan. Javier Aguirrek, ordea, txandakatzeak egin ditu, Kopan Realaren kontra jokatu behar duten neurketa gogoan. Aldaketa sortak ez dio kalte egin Mallorcari; areago, bipil zelairatu da, Alaves kikildu nahian. Espero baino aurrerago ezarri ditu presio lerroak. Atzeratu egin ditu jarraian, eta arabarrak, bien bitartean, partidari neurria hartu ezinik zebiltzan. Eraso azkarretan sortzen dute arriskurik handiena, baina, horretarako, hutsuneak behar dira, eta nekez aurkitu dituzte. Halaber, sakontasuna falta izan zaie hegaletan: erdiraketa bakarra egin dute lehen hogei minutuetan. Hortaz, errematatzeko oso aukera gutxi izan du Samuk; gainera, motzean lotu du Nastasicek. Arazoak areagotu egin zaizkio Alavesi, defentsan sufritzen hasi baita. Lehen gola hartzeko zorian izan da 20. minutuan: Radonjicek langara bidali du baloia, Morlanesen pase bikaina jaso ondotik. Jaurtiketa loratua egin du Mallorcako jokalariak, eta Siverak doi-doi desbideratu du. Radonjicen abiadurarekin asko sufritu dute Alaveseko atzelariek; serbiarrak, ordea, erabaki txarrak hartu ditu jokaldiak finitzeko orduan. Estutzen segitu du Mallorcak, eta 30. minutuan Gorosabelek gola burutik kendu dio Muriqiri, Darderrek bigarren zutoinera erdiratu eta gero. Atsedena hurbildu ahala, suspertzera egin dute gasteiztarrek. Gehiagotan zapaldu dute hondoko arrastoa, eta erdiraketa on batzuk ere egin dituzte; hala nola Javi Lopezek Samuri egin diona. Aurrelariak, baina, ezin izan du taxuzko errematerik egin. Atera behin ere jaurti gabe bukatu du Alavesek lehen zatia. Gola, klarionez marraztua Bigarren zatian are atzerago sartu da Mallorca, eta Alavesek ezinbestean izan du ekimena. Baloia eduki bai, baina ezin izan du toki arriskutsuetara bidali. Asko kostatu zaio erasoko jokoa bizkortzea. Halako egoeretan, funtsezkoak izaten dira estrategia jokaldiak. Eta Alavesek ondo islatu du arbelean klarionez marraztutakoa. Lehenik, Alex Sola gol ikusgarria egitear izan da, ezker hegaletik ateratako falta batean. Intentzio guztiarekin jaurti du, eta baloia zutoina miazkatuz atera da. Sarera bidali du, aldiz, Benavidezek, korner bat baliatuta. Irten berria zen zelaira, eta Riojaren erdiraketa neurtua baliatu du Alaves aurretik jartzeko. Ordu laurdena besterik ez zen gelditzen partida bukatzeko. Golaren ostean, Mallorcak ez du estuegi hartu Alaves. Garaipenak ia ziurra zirudien. Salbazioak ere bai. Alabaina, Nastasicen golak esnarazi egin du. Larinek ere asmatu du gero, baina baloia eskuarekin ukitu ondoren. Lortutako puntua kontsolazio saria izan da arabarrentzat.
Bi urte pasatu dira Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuenetik. 2022ko otsailaren 24 hartan, bazirudien gerra denbora gutxiko kontua izango zela, baina ez da oraindik amaitu, eta, gatazkaren gainean kezka erakuste aldera, elkarretaratzeak egin dituzte gaur Euskal Herriko hainbat tokitan. Batetik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna eta Gerrarik Ez mugimendua Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan batu dira; gerra amaitzeko eskatu dute, eta gastu militarra ere gaitzetsi dute. Zehaztu dute gastu hori %23 handitu dela urteotan. «Mendebaldeko gobernuak gerra luzatzeko egiten ari diren apustua onartezina» iruditzen zaie, eta «moral bikoitza» leporatu diete, Israel Palestinan «genozidioa» egiten ari bada ere hura ez dutelako zigortu. Gerrak Europara ekarri dituen arazoez ere ohartarazi dute: «Inflazio prozesuak eta gastu sozialen murrizketa militarismoaren beste aldea dira». Bilbon, Iruñean eta Baionan, bestalde, Ukrainaren aldeko elkarteek deitutako elkarretaratzeak egin dituzte, eta hainbat herritar eta ordezkari instituzionalak ere batu dira horietara. Gerratik ihesi datozen familiak oraindik ere «egunero» heltzen direla gogorarazi dute. Bilboko protesta propio Ukrania SOS-Euskrania taldeak eta Ekialde fundazioak antolatu dute. Nahigabea azaldu dute Ukrainako herritarrak pairatzen ari diren «oinazearengatik». Protesta horretan, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu diputatu Teresa Laespada izan da, eta «harreraren» alde solastatu da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.200 sendik Ukrainan gerratik ihesi datozenei harrera egin dietela nabarmendu du, eta txalotu egin du haien ekarpena. Instituzioetatik ere iheslariei arta emateko bideak dituztela gogoratu du: «Etxebizitzak aurkitzen dizkiegu, euskara eta gaztelania ikasteko eskolak ematen dizkiegu, eta lana lortzen ere laguntzen diegu». Iruñeko protestara propio Ukrainako komunitateak deitu du. Errusiaren «zigorgabetasuna» amaitzeko eskatu dute, eta Putinen aurkako neurriak hartzeko eskea egin diote nazioarteko komunitateari. Baionan ere egin dute elkarretaratzea. 50 bat lagun elkartu dira, ukrainar zenbait tartean, eta minutu bateko isilunea gorde dute.
Ez da erronka handi bati aurre egiteko modurik onena aurreko partida galtzea. Bada, egoera zail horretan egingo dio aurre Realak datorren asteartean Anoetan Mallorcaren aurka jokatuko duen Espainiako Kopako finalerdietako itzuliko neurketa erabakigarriari. Talde txuri-urdinak galdu egin du gaur gauean Vila-realen aurka, Anoetan, Espainiako Lehen Mailako 26. jardunaldian: 1-3. Sei partida daramatza etxean irabazi gabe, duela ia hiru hilabete Sevillari irabazi zionetik. «Vila-realen aurka hasi behar gara Kopako finalerdia irabazten», esan zuen Imanol Alguacilek atzo, neurketa jokatu bezperan. Bada, gaizki hasi dira lan horretan txuri-urdinak. Partida txarra jokatu dute, eta ez dute nahikoa lan egin punturen bat lortzeko. Vila-real ez da distiratsu aritu, baina bai, ordea, oso eraginkor. Ezin hobeto baliatu ditu etxekoek egin dituzten hutsak, eta merezita irabazi du. Kopako norgehiagoka erabakigarrian burua izan arren, Imanolek ez ditu aldaketa asko egin; bi besterik ez: Pacheco Zubeldiaren ordez aritu da, eta Zakharian, Merinoren ordez. Bestelakoan, ohiko taldea zelairatu du Realeko entrenatzaileak; talde lehiakorra zen. Zelaian ez da izan aldaketa handirik. Bai, ordea, harmailetan. Aurretik iragarri zuen bezala, Bultzada Realaren jarraitzaile taldea ez da sartu estadiora, «azken egunetan sufritu duen errepresioa salatzeko». Kontzentrazioa egin dute Bultzadako kideek estadioaren kanpoaldean. Horren ondorioz, zale asko falta izan dira Aitor Zabaleta harmailan, eta ohi baino giro gutxiago egon da partida osoan. Bultzadaren bultzada falta izan zaio taldeari. Giro gutxiago egonagatik ere, Reala gogotsu zelairatu da. Hala ere, berehala jaso du kolpea: Barrenetxeak min hartu du gerrialdean, eta zelaia utzi behar izan du zazpigarren minutuan. Olasagastik ordezkatu du. Baina zailtasunei aurre egin, eta arriskua sortzen hasi dira txuri-urdinak, batez ere, Kubori esker. Hala, hamalaugarren minutuan, japoniarrak korner bat bota du, Brais Mendezek buruz errematatu du, eta Capouek atearen azpitik atera du baloia. Lehen abisua izan da. Vila-realek ere eman du abisua, bi minutu geroago, etxekoen huts bat baliatuta. Baina Remirok geldiketa ona egin dio Guedesi, eta kornerrera bota du baloia. Kornerrean, ordea, huts larria egin du Realeko atezainak. Comesañarekin lehian ari zela, lurrera erori da, baloia Ruben Albiolek ukitu du buruz, eta haren pasea buruz errematatu du Comesañak sareetara. Realeko jokalarien ustez, Comesañak falta egin dio Remirori, baina ez zelaiko epaileak, ez VAR-ekoak, ez du legez kanpoko ezer ikusi. 0-1. Hamazazpigarren minutua zen. Gola jasotzea kolpea izan da etxekoentzat, baina ez dira jota geratu, eta ahalegin betean jarraitu dute. Baina saiatu arren, ez dute gol aukera garbi-garbirik sortu. Zakharianek izan du garbiena, 48. minutuan. Urrutitik jaurti du falta bat, eta baloiak langaren goialdea ukitu du. 0-1ekoarekin amaitu da lehen zatia. Bigarren zatian saiatu beharra zuen Realak. Baina bigarren zatiaren hasieran bi kolpe jaso ditu: batetik, Traorek min hartu du, eta Aramburuk ekin dio bigarren zatiari; bestetik, lehen minutuan, huts egin dute atzelari txuri-urdinek, eta Comesañak berriro aprobetxatu du gola sartzeko. 0-2. Hasi orduko oso maldan gora jarri zaio partida Realari. Gol batek partidan sar zezakeen etxeko taldea. Imanolek aldaketak egin ditu, eta Merino, Sadiq eta Becker zelairatu ditu, Brais Mendezen, Andre Silvaren eta Zakharianen ordez. Azken horrek min hartu du ere bai, sorbaldan. 86. minutuan sartu du gola Realak. Merinok egin du, jokaldi nahasi batean. Golak itxaropena eragin du, baina txuri-urdinak ez dira gai izan susperraldia gauzatzeko. Hori gutxi ez, eta Realeko jokalari ohi batek, Sorlothek, azkena eman die etxekoei 96. minutuan, Vila-realen hirugarren gola sartuta. Burumakur bukatu dute partida jokalari txuri-urdinek, baina egindako hutsez hausnartu eta burua altxatu beharra dute. Partida ezin garrantzitsuagoa dute ate joka.
Hirutik bi. Bere agintaldi amaierarako aldiriko trenen zerbitzuak, atzerriko tituluen homologazioa eta migrazioaren eskualdatzeak nahi zituela iragarri zuen urtarril amaieran Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak. Hiru eskumen horien eskualdatzea aztertzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lantaldeak bildu dira arratsaldean, telematikoki. Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak iragarri du aldiriko trenen eta tituluen homologazioaren inguruko akordioa lortu dutela. Transferentzien Batzorde Mistoan sinatu behar da akordioa, baina oraingoz «ez dago datarik». Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioaren barruan, EAJk PSOErekin hitzartu zuen «hiru hilabeteren buruan» egingo zela hiru eskumenen eskualdatzea. Garamendiren arabera, nahi izan balute edukirik gabeko akordio bat egin zezaketen lehenago: «Herritarren interesak jarri nahi izan ditugu aukera politikoaren aurretik». Urkulluk hauteskundeetara deitu duen astean etorri da albistea. Garamendik gaineratu du «intentsitate handiko lana» egin dutela, «ahalik eta akordiorik onena» lortzeko. Aldiriko trenen akordioa Hala, Renferen egungo Bilboko eta Donostiako aldirietako trenen zerbitzua bere gain hartuko du Eusko Jaurlaritzak. Araban gaur egun ez dago halako zerbitzurik, baina, Garamendiren arabera, etorkizunean zerbitzu hori izateko aukeraren «atea ireki da». Gainera, Bilboko Portura sartzeko linea bere gain hartuko du behin hegoaldeko tren saihesbidearen lanak amaitutakoan. Bilbo eta Karrantza arteko trenbide estuko zerbitzua ere bere gain hartuko du Euskotrenek. Aldiriko trenen eskualdatzearen kostua 92,7 milioi eurokoa izango da, eta 400 milioi euroko inbertsio plana izango du: ehun jarduera egitea espero da. Inbertsioen kasuan, Garamendik azpimarratu du beharrezkoa dela makineria eta azpiegiturak berritzea. «Beharrezkoa zen, eta tinko aritu garelako lortu dugu azkenean. Akordioan azpiegitura batzuk jasotzea ere beharrezkoa zen, eta, pazientziaz, lortu dugu». Garamendik adierazi du ez dela soilik zerbitzua eskuz aldatzea: «Gure herrialdearen lurralde garapenari eta kohesioari aurre egiteko gure ahalmenaren aitortza ere bada». Tituluen homologazioa Aldiriko trenez gain, atzerriko tituluen homologazioa eskualdatzeko akordioa lortu dute bi aldeek. Hala, atzerriko unibertsitate titulu ofizialak homologatzeaz arduratuko da Hezkuntza Saila. Garamendiren arabera, akordio horrek «garrantzi berezia» du, hainbat sektoretan profesionalen «behar handia» dagoelako. Jaurlaritzaren arabera, funtzio hori kudeatuko duen «autonomia erkidego bakarra» izango da. Homologazioak balioko du estatuko tituluen eragin bera izateko kasuan kasuko lanbideetan aritzeko —medikuntzan, arkitekturan edo abokatutzan, kasurako—. Espezialitate jakin batean, medikuntzako tituluaz gain dagokion espezialitatea egiaztatu beharko da. Espezialitatea atzerriko unibertsitate batekoa bada, baina, haren titulua Osasun Ministerioak aitortuko du aurrerantzean ere.