Salatu dute epaileak euskararen normalizazio prozesuaren «joko arau juridikoak»…
«Euskararen normalizazio prozesuaren joko arau juridikoak aldatzen ari dira epaileak». Irmo mintzatu da gaur arratsaldean Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartea, Donostian egin duten protestan. Hain zuzen, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagerak deituta, elkarretaratzea egin dute, hizkuntza eskakizunen aurka kaleratutako azken epaia salatzeko. Bat egin dute EAJk, EH Bilduk, ELAk, LABek eta Steilasek. Aste honetan, Donostiako Administrazioarekiko 3. Epaitegiak ebatzi du «diskriminatzailea» dela euskara maila jakin bat eskatzea Donostiako udaltzain izateko. Bageraren esanetan, ez da kasu bakan bat, «oldarraldi judizialaren» parte baizik: «Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta». Areago: «Euskararen normalizazio prozesua trabatzeko eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa da». Euskaltzaleen elkartearen arabera, udaltzain elebakarrak edukita ezin berma liteke euskaldunen hizkuntza eskubiderik: «Udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake». Lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak dira, kontrajarrita daude. Bageraren esanetan, premisa «faltsu» horrek lotzen ditu hizkuntza eskakizunen aurka epaileek azkenaldiak egin dituzten ebazpenak. Ez daude ados: «Elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira, hizkuntza eskubideak bizimoduko alor guztietan gauzatu daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne». Horrenbestez, uste dute administrazioa osorik elebiduna izatea dela herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko modu bakarra. Laudion, helegiterik ez Donostiakoa ez da hizkuntza eskakizunak zalantzan jarri dituen epai bakarra. Orain bi urte plazaratutako sententzia batean, Gasteizko auzitegi batek ebatzi zuen Laudioko Udaleko funtzionario bati, 45 urtetik gorakoa zenez, ezin zitzaiola eskatu euskara mailaren ziurtagiririk. Laudioko Udalak helegitea jarri zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duela helegite hori. Orain, Laudioko Udaleko gobernuak erabaki du helegiterik ez jartzea. Uste dute badaudela horretarako arrazoiak, baina ez dagoela baldintzarik. Gainera: «Euskararen aurkako jurisprudentzia sortzeko bidea erraztu dezakete». Horren aurrean, udalak ziurtatu du lanean jarraituko dutela herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.


