Alaves txarrena, aurkaririk onenaren aurka
Gol-zaparrada jaso du Alavesek (3-0), Espainiako Lehen Mailako liderra den Gironaren aurka. Michel Sanchezek gidatzen duen taldeak menderaezin jarraitzen du, eta hasieratik bukaerara arte erraztasun handiak izan ditu Alavesekin nahi zuena egiteko. Dovbyken bi golek, eta Porturen gol batek eman diote garaipena etxeko taldeari. Jokatutako 51 puntuetatik 44 lortu ditu Gironak, eta Alavesek etxetik kanpo ez du garaipen bat ere lortu, beraz, emaitzak bi taldeen boladak berretsi ditu. Lehen zatia zuri-gorrien bakarrizketa bat izan da hasieratik, Michelen apustu oso erasokorrarekin: Yan Couto eta Miguel Gutiérrez, lanbidez eskuin alboko defentsak, Ivan Martinen eta Aleix Garciaren parean aritu dira, baita gorago ere. Horrek, Alavesen bi hegalen altuerak jaistera behartu ditu, eta Gorosabel eta Rioja defentsa lanetan aritu dira. Nagusitasuna erabatekoa eta ukaezina izan da, Gironaren baloi jabetza % 75eraino iritsi den punturaino. Alaves, baloia borrokatzeko aukerarik gabe, Samu Omorodionen indarra aprobetxatzeko zain zegoen, kontraerasoan min egiteko. Baina baloiak segundo gutxi batzuk besterik ez dio iraun, eta burua bakarrik defentsan zuten Luis Garcia Plazaren jokalariek. Lehenik eman zuen abisua Dobyk aurrelariak zortzigarren minutuan, baina bigarrenean ez du huts egin. 23. minutuan, Antonio Siverak Coutoren jaurtiketa aldaratu du, baina Dovbykek aldaratzea area txikian bakarrik harrapatu, eta buruz sartu du baloia atean. Alaves aurrerapausoa ematen saiatu da Omorodionen burukada batekin, baina ez du arrisku gehiago sortzea lortu jokaldi horretatik haratago. Partida Gironaren eskuetan zen, eta intentsitate eta erritmoa jaitsi duten arren, 42.minutuan partida bideratzeko gola egin dute. Berriro Coutok hasitako jokaldia, Porturen oinetan bukatu du baloiak, eta Realeko jokalari ohiak eskuin zutoinean jarri du baloia jaurtiketa bikain batekin. Atsedenalditik berdegunera itzuli, eta partida kontrolatzen jarraitzeko borondatearekin hasi da berriro Girona. Alavesek, hala ere, gertu izan du 2 eta 1ekoa, Rafa Marinen burukada batekin eta Ander Guevararen jaurtiketa batekin. Baina Gasteizko taldearen une onenean, penaltia iritsi zaie etxekoei. Berriro Coutok egin du eraso jokaldia, eta Javi Lopezen penaltia eragin du. Gola, Dobykek berriro, ate erditik sartuta. Ostegunean pentsatuz Partida amaituta zegoen zentzu askotan, nahiz eta 30 minutu geratzen ziren. Alavesek, osteguneko Real Madrilen aurkako partidan pentsatuz, lau aldaketa egin ditu hamar minutu eskasean. Gironak ere hainbat aldaketa egin ditu minutu kargak egokitzeko. Azken minutuetan, Alaves ohorearen gola sartzen saiatu da, eta ez du urrun izan. Ruben Duartek urruneko misil batekin Gazzanigaren langan jo zuen, partidako azken jokaldi esanguratsua.



