Bizkaiko Auzitegiak sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio ertzain bati, Getxoko (Bizkaia) polizia etxean atxilotuta eduki zuten emakume bat jotzeagatik. Poliziak 12.400 euro ordaindu beharko dizkio biktimari. 2018ko maiatzean atxilotu zuten, Getxoko supermerkatu baten aurrean, gizon bat identifikatzerakoan poliziek izaniko jarrera kritikatu ostean. Ertzainek desobedientzia delitu bat leporatu zioten emakumeari, eta delitu hori berretsi du auzitegiak. Auzitegiak astelehenean hartu zuen erabakia, eta gaur jakinarazi die bi aldeei. Zigortutako ertzainari, espetxe zigorraz gain, kargu publikorako inhabilitazioa ere ezarri diote, zigorrak iraun bitarterako. Era berean, 900 euroko isun bat ordaindu beharko du, kalte moralengatik ezarritako kalte ordainaz gain. Emakumeari, berriz, 540 euro inguruko isun bat ezarri dio, desobedientzia delitu batengatik, nahiz eta ebazpenean epaimahaiak azaldu duen atxiloketaren unean emakumeak ez zuela «ekintza erasokorrik» egin. Ebazpenaren arabera, erresistentzia eta desobedientzia delitu bat egotzita atxilotu zuten ertzainek andrazkoa, eta, polizia etxean zutela, poliziek hartu zioten diru zorroa haietako bati kentzen saiatu zen. Une hartan, zigortutako agenteak besotik heldu zuen emakumea, «gehiegikeria argiz eta inongo beharrik gabe», eta zaplazteko bat eman zion. Ondoren, emakumeak «aurpegia eta lepoa atzamarkatu» zizkion poliziari, eta hark «bi ukabilkada gogor» eman zizkion. Dena grabatu zuten polizia etxeko kamerek.
Azken-aurreko pausoa eman du EAEko Hezkuntza Legeak. Hain zuzen, urriaren 3an lege proiektuari zuzenketak jarri ostean, horiek eztabaidatzeko lantaldea osatu zuten. Bertan, onartutako zuzenketekin, testu bat ondu dute. Irizpen hori astelehenean pasatu zen lantaldetik, eta gaur eman diote onespena Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean: babestu egin dute EAJk eta PSE-EEk; aldiz, aurka egin dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk eta Voxek. Ez dute edukien berri eman, baina jakina da hizkuntza ereduak mantenduko dituztela behin betiko testuan. Azken urratsa baino ez da falta orain: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean onartzea. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, abenduaren 21ekoan izango da. Alderdi batzuek eta besteek beren iritzia plazaratzeko probestu dute amaitu berri den bilkura. EAJko ordezkari Gorka Alvarezek, esaterako, eskerrak eman dizkio bereziki PSE-EEko legebiltzarkide Maria Jesus San Joseri. Eta erantsi du: «Gaur bozkatuko dugun lege hau hobea izango da legebiltzar honetara sartu zena baino». Halaber, nabarmedu du ezin dela esan lege ez dutela eztabaidatu eta ez duela ekarpenik jaso. Ikoitz Arrese, EH Bilduko legebiltzarkidea, berriz, irmo mintzatu da EAJk eta PSE-EEk izan duten jarreraz. Nabarmendu du hezkuntza akordioan eraikitako zubiak hautsi egin dituztela, «EAJk eta PSE-EEk nahi izan dutelako». EAJri zuzenduta, esan dio irailaren 29an adostasuna zutela hizkuntza ereduen inguruan, baina handik egun gutxira, urriaren 3an —orduan erregistratu zuten EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduak aipatzen dituen zuzenketa—, aldaketak egon zirela. «Prozesu honen bukaeran, norbaitek prozesutik kanpo nahi izan gaitu». PSE-EErengana ere zuzendu da Arrese. Galdetu dio ea ados ote dauden «itunpeko [ikastetxe] guztiak mugarik gabe» ituntzearekin. Halaber, Arresek adierazi du azkenaldian ez dutela eztabaidatzeko aukerarik izan: «Urriaren 3az geroztik ez dugu harremanik izan EAJko inorekin». Eta nabarmendu du gaurkoa «albiste txarra» izanagatik ere, lanean jarraituko dutela, «euskal hezkuntza sistema» eraikitzeko. Elkarrekin Podemos-IUren izenean, Isabel Gonzalez aritu da hizlari, batez ere, legeak hezkutnza publikoan izango duen islaz. Haren irudiko, legea «galdutako aukera bat» da; izan ere, bere irudiko, «indartu» egingo du ikasleen segregazioa eta hezkuntzaren pribatizazioa, eta, gainera, eskola publikoa kaltetuko du. Eskola publikoaren protesta Harrabotsa barruan eta harrabotsa kanpoan. Legebiltzarkideak bilduta egon direnean, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak protesta egin du Eusko Legebiltzarraren atarian Euskal eskola publikoaren alde. Hezkuntza lege honi ez lelopean. Eskola publikoaren aldeko protesta, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Rikardo Arregi sarien ekitaldi nagusian sariak banatu dituzte gaur: Bideak podcastak irabazi du Kazetaritza saria eta Lore hostoak podcastak Komunikazio saria. Are, Menane Oxandabaratz kazetaria izendatu dute edizio honetako Ohorezko Mugarri. Rikardo Arregiren omenezko aitortza hauek euskararen normalizaziorako ezinbesteko jotzen dituzten bi alor saritzen dituzte urtero: euskaraz egindako kazetaritza, eta garaian garaiko beharrizanetara egokitutako komunikazio prestu eta modernoa. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak sari banaketa ekitaldia egin du gaur Andoaingo Bastero Kulturgunean. Hiru hamarkada eta erdi bete dituen edizio honetan bi podcast saritu ditu epaimahaiak: Batetik, Naiz irratiak eta Mediabaskek elkarlanean sortutako pieza: Bideak. Migrazioa eta errefuxiatuak ditu hizpide, eta Bidasoako pasabidea erreferentzia. Goizeder Taberna eta Jon Telleria igo dira oholtzara egile taldearen ordezkari. Telleriak gogoratu du hau ez dela iraganeko kontu bat, «oraintxe hiru etorkin laguntza eske ari dira Lapurdin, badakigu». Azalean bizi duten pertsonen testigantzak bildu dituzte lehen pertsonan, baita «bidean tranpak jartzen dizkieten estatuetako ordezkarien aitzakiak, merkeak gehienak». Azpimarratu du podcastak kontatzen duen istorioa Bidasoaren bi aldeetan gertatzen dela, «gure herria bezala», eta biharko greba feminista orokorrera batzeko dei egin du. Bestetik, Lore hostoak podcastak jaso du Komunikazio saria. EITB Podkastek ekoitzitako audio sorta da eta Ekain Perez du gidari. Musika eta kalaka uztartzen ditu eta, patxadaz entzun daitezke euskal musikari beterano eta gazteak musika elkarrizketa sakonetan. Dena dela, podcasta «kantu batzuk entzun eta horien inguruan solastetik haratago» doala hausnartu du Perezek, artisten inspirazio iturriak eta gogoetak ere lantzen baitituzte. Saria irabazi badu ere, balioan jarri ditu aitortzarik jaso ez duten euskarazko lanak: «Kalitatezko edukia egin behar da euskaraz, baina baita eduki kaxkarrekoa ere». Euskararen normalizaziorako eta biziraupenerako musika lotura tresna ona dela iruditu zaio, musika hizkuntza unibertsala den aldetik. Jon Maiari eman dio arrazoi, bukatzeko: «Azken finean, kantu bat gara». Sariek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jasotzen dute, eta ekitaldian hitza hartu du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Pozgarritzat jo du sari hauek begirada «erkidegotik haratago zabaltzea», eta epaimahaiari eskertu dio «paperekoari eta uhinei uko egin gabe», teknologia berrietan sortutako edukiak begiz jotzea. Menane Oxandabaratz, Ohorezko Mugarri Kazetaritza eta Komunikazio sariak ezagutaraztearekin batera, Ohorezko Mugarria aitortu zaio Menane Oxandabaratz kazetariari (Gamarte, 1962). Irulegi Irratiaren sortzaileetakoa izan zen, 1980ko hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herriko herri irratiak funtsezko tresna izan zirenean bertako euskaldunengana heltzeko, Euskal Herri osoko berriak emateko eta hedabideak hein batean euskalduntzeko. Garai horri berari egin dio erreferentzia bere eskertza hitzaldian: «Ehunka ikastola garatzen, irratiak osatzen eta gau eskolak hartzen ibili ziren ehunka euskaldun, ni horietako bat besterik ez naiz». Oraindik ere borrokan dabiltzan militanteekin partekatu nahi izan du Ohorezko Mugarria, eta azken mezu bat bota du: «Jarrai dezagun lau haizetara euskaraz berriak hedatzen». Kazetaritza boluntariotik kazetaritza profesionalera iragan zen duela zenbait urte, Herria Ipar Euskal Herriko astekariaren gidaritza hartu zuenean. Astekaria zaharberritu du, eta dozenaka kolaboratzaileren sareari eutsi dio eta hura zabaldu du. Rikardo Arregi sarietako epaimahaiaren arabera, Euskal Herrian herritarren parte hartzeari esker ekimen handiak egin daitezkeela ―edo lan boluntario eta antolaturik gabe euskararen sustapena ezinezkoa litzatekeela― frogatu du Menane Oxandabaratzek. Atarian geratu dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak orain hilabete izendatu zituen 35. edizioko zortzi finalistak, lau sail bakoitzeko. Kazetaritza sarian finalista izan dira: Kinka podcasta BERRIAren webgunean argitaratzen da bi astez behin eta Nagore Arin du gidari. Aldaketa klimatikoaren gaia jorratzen du podcastak, eta «kinka» larrian gaudenez, gutxiago kontsumitzeko ahokuak ematen ditu, hitz berriak irakasten ditu eta erreportaje sakon bat eskaintzen du, besteak beste. Zelan sentitzen zara?, Bizkaiko Hego Uribe eskualdeko Geuria aldizkariaren ale berezia, emozioen eta sentimenduen gaiari psikologiaren, medikuntzaren, kirolaren, kulturaren, heriotzaren, gazteen, adinekoen eta abarren begiradatik heldu diote. Eskualdeko pertsonekin jorratutako gaia izanik ere, gai orokor bati eutsi diote. Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera, Xabier Itzainaren kronika sorta ere finalista izan da. Dantzan.eus hedabidean argitaratu ziren eta antropologo itsasuarrak irakulea Mexikon egongo balitz bezala sentiarazten du. Lekukotasuna baliatu du bertako kultura erakusteko. Rikardo Arregi kazetaritza sarien oroigarri bana jaso dute. Komunikazio sarian ere izan dira beste hiru finalista: #10garrena podcasta 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren atzakian sortu zen. Gaur egun ezagutzen dugun bertsolaritzari espero gabeko aldagaiak sartzea proposatu zuen EITB Podkastek, hala nola, publizitatea sartuko balitz ala bertsoak gaztelaniaz balira. Muak Et webseriea, Jokin Etxeberri eta bere bideogile lagunek Tik Tokerako bideo laburrak egin dituzte ezkutuko gaiak azaleratzeko, beti ere ironiaz eta umorez. Harpa Jotzen podcasta, EITB Podkastek ekoitzi du eta Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexuaz hitz egiten dute, eta arpa-jotzera eramaten dituzten elkarrizketatuak umorez galdetzen dituzte.
Realak nahikoa izango du berdinketa bat golekin Inter Milanen zelaian, Txapeldunen Ligako bere multzoko lider amaitzeko. Txuri-urdinek 0-0 berdindu dute Salzburgoren kontra Anoetan. Baina Inter Milanek ere puntu bat baino ez du urratu Benficaren zelaian (3-3). Hala, dena azken jardunaldian erabakiko da, Giuseppe Meazzan, bi aste barru. Txuri-urdinek kontrolpean izan dute neurketa. Baina erasoan ez dute bizitasunik izan azken txanparaino, eta izan dituzten gol aukera gehienetan Salzburgoren atezainarekin egin dute topo: Schlagerrekin. Urte bukaera bitarte txuri-urdinek izango duten egutegi betea kontuan hartuta, eta multzoa lehen postuan amaitzeko partida erabakigarria hemendik bi astera Milanen izango dela kontutan hartuta, Imanol Alguacilek hainbat aldaketa egin ditu hamaikakoan. Hasieratik aritu dira Odriozola, Elustondo, Turrientes, Cho eta Zakharian. Realak izan du baloi jabetza eta jokoaren ekimena, baina partidaren lehen aukera garbia bisitarientzat izan da, Salzburgorentzat, 12. minutuan.Txuri-urdinek ez dute presioa ondo egin baloi irteeran, eta hori baliatu dute Nenek eta Raktovek jokaldi bat lotzeko. Nene Remiroren aurrean geratu da bakarrik, baloia loratu dio, baina zutoinera joan da. Realak kontrolpean izan du partida, baina ez du Txapeldunen Ligan Anoetan jokatu dituen aurreko bi partidetako distira eta abiadura izan. Ia ez du aukerarik sortu. Baloia izan bai, baina zelai erditik aurrera argitasuna falta izan zaio. Aukera argienak lehen zati horretan Turrientesek izan ditu. 34. minutuan izan da lehena. Chok buruz buruko jokaldi ona egin du, pasea atzera eman, eta Beasaingoak, zuzenean errematatu beharrean, baloia ondo jartzen saiatu da. Hala, jaurti duenerako Salzburgoko atzelari batek oina sartu du, eta baloia kanpora joan da. Are argiagoa izan da 43. minutuan izan duena, urrutitik egindako jaurtiketa batekin. Gutxigatik joan zaio kanpora baloia. Bigarren zatia bide berdinetik Lehen zatian txartel horia atera diotela kontuan hartuta, Imanolek nahiago izan du ez arriskatu, eta Elustondo kendu du atsedenaldian. Pachecok hartu du haren tokia. Bigarren zatiak bide beretik jarraitu du. Errtimoa falta izan zaio. Realak txinpartaren bat behar zuen partidaren norabidea aldatzeko, 61. minutuan iritsi da. Artean jokoan apenas sartu den Brais Mendezek erremate ona egin du area ertzetik, eta Salzburgoko atezainak, Schlagerrek, gelditu bikaina egin du. Handik hiru mintura Zakhariaren erremate bat atera du oinarekin. Zaleak suspertu egin dira bi jokaldi horiekin. Hegaletatik beste sakontasun bat lortu, eta buruz buruko jokaldien bidez min gehiago egiteko, Barrenetxea atera du aurrena Imanolek, eta gero Kubo eta Traore. Realak estutu egin du azken minutuetan, biziago jokatu du. Horri esker, bai Zubimendik bitan, baita Sadiqek ere abagune onak izan dituzte gola egiteko. Baina haiek ere atezainarekin egin dute topo. Dena den, zalantzarik gabe, luzapenean Kubok izan du gertuen gola. Falta jaurtiketa oso ona egin du japoniarrak, baina Schlagerrek gelditu ikusgarria egin du. Hura izan da partidako onena, eta partida amaitzean taldekide guztiak hura besarkatzera joan dira. Hari esker amaitu da neurri handi batean 0-0 partida.
19,8 MW-ko potentzia gordina duten hiru aerosorgailu izango lituzke parkeak. Orain, epe bat ireki da beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek lehian eskabideak aurkez ditzaten.
Garraiobide publikoetan zerbitzuaren % 30 bermatuko da egun horretan. Ospitaleetan jaiegunetako arreta eskainiko da, eta anbulatorioetan, larunbatetakoa. EITBk eguneroko ohiko informazio-zerbitzuak eskainiko ditu.
EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko die 2024ko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei, “ez diotelako erantzuten ziklo aldaketari”. Bestalde, Nerea Kortajarenak adierazi du ez duela inolako anbiziorik EH Bilduren lehendakarigai izateko.
Biologia molekularreko eta matematikako ikasketak dituzten unibertsitarioen defizita ere badago, baita Lanbide Heziketako tituludunak arlo hauetan ere: nekazaritza, gorputz- eta kirol-jarduerak, elektrizitatea eta elektronika, fabrikazio mekanikoa, osasuna eta kimika.
Mendiko zinemagintzarik onenaz gozatzeko aukera hemen da berriro BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioan, abenduaren 8tik 17ra. Gaur aurkeztu dute jaialdia, Bilboko Euskalduna jauregian, eta bertan bildu dira babesle nagusiak eta Mendi Filmeko ordezkariak: Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua; Koldo Bilbao BBK Banku Fundazioko Kultura arduraduna; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Nerea Lupardo, Euskalduna jauregiko zuzendari nagusia; Alberto Iñurrategi, Ternua Group-eko ordezkaria eta Jabier Baraiazarra BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren zuzendaria. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren babesleak eta ordezkariak, aurkezpen ekitaldian. MENDI FILM Bilboko hiru aretotan zabalduta egingo da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia: BBK aretoan, Golem zinemetan eta Euskalduna jauregian. Guztira, 30 zinema saio programatu dira 16. ediziorako. Horrez gain, hiru erakusketa egingo dira, mendiko zinemaren industriari begirako jardunaldi bat, lau masterclass, hitzaldi bat, eta mahai inguru bat. Saioetako sarrerak gaurtik aurrera (azaroak 28), eskuragarri egongo dira www.mendifilmfestival.com eta Euskalduna, Golem eta Sala BBK-ko salmenta puntuetan eta plataformeetan. Aldez aurretik erosita, saio egunetan bertan baino merkeago. 57 film, 14 euskal produkzio Aurten, 57 film ikusi ahal izango dira guztira, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten 57 ekoizpen. Horietatik 51 film sail ofizialean lehiatuko dira; beste 4 Zabalandi lehiaz kanpoko atalean proiektatuko dira: Corpórea, El fin de la eterna primavera, Konfiantza itsua eta Leizeta. Eta, azkenik, Mendi Film Bizkaia-Ternua Beka 2023 eskuratu duen film laburra ere izango da: Oinez, Leire Egaña zuzendari oñatiarrarena. Film horien guztien artean 14 euskal produkzioak dira, eta bost, euskaraz filmatuak: 212 mountains; Noizko basoa; Udalatx, ura eta atxa; Zerbait aldatu da; Leizeta eta Oinez. Nabarmentzekoa da datua. 2015eko K2 touching the sky Eliza Kubarska zuzendariaren filma ere programatu dute jaialdian. Mendiko Zinemagintzaren nazioarteko elkargoaren IAMF Sari Nagusiaren aitortza jaso du aurten Kubarskak, eta bera izango da, gainera, aurtengo epaimahaiburua. Mendiko zinemaldi izateaz gainera, alpinisten, zinemagileen, eskalatzaileen eta mendi giroko beste protagonista askoren topagune ere bada Mendi film. Aurten ere punta-puntako gonbidatuak izango dira Bilbon. IAMF Sari Nagusia irabazitako zuzendarien artean: Eliza Kubarska, Pavol Barabas, Michael Dillon, Alastair Lee eta Fulvio Mariani. Mendi Filmen aurreko edizioetan sarituak izan diren zuzendariak eta aurten partaide izango direnak: Henna Taylor (iazko Sari Nagusia), Jean-Michel Jorda, Migeltxo Molina, Jen Randall, Aner Etxebarria, Luis Arrieta, Pablo Vidal, Mikel Sarasola Ben Page. Eta hainbat eta hainbat alpinista eta abenturazale: Edurne Pasaban, Kazuya Hiraide, Madaleine Sorkin, Aniol Serrasolses, Mikel Sarasola, Maialen Chourraut, Xabier Zarranz, Nora Lopez, Eduardo Martinez de Pison, Yhabril… Edurne Pasabanentzat Wop Mendi Film saria Bi ekitaldi seinalatu egingo dira horrez batera: batetik, Edurne Pasaban alpinista eta enpresariak WOP Mendi Film 2023 saria jasoko du jaialdiko hasiera ekitaldian, abenduaren 8an, Euskalduna jauregian; bestetik, Eliza Kubarska zinema zuzendari poloniarrarri aitortza egingo zaio bera baita aurten IAMF Sari Nagusia jaso duena -Mendiko Zinemaren alde diharduen nazioarteko elkargoaren sari gorena-, eta hark zuzendutako K2 touching the sky (zuzendari onenaren saria 2015eko Mendi Filmen) programatu da Sala BBK aretoan abenduaren 12ko gaueko saioan. Hiru erakusketa Mendiko filmez gain, hiru erakusketa nagusi ere izango dira Mendi filmen programazioan, azaroan hasi eta urtarrilera bitarte: Harri, Orri, ARkatz eskalada krokisen erakusketa Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian (azaroak 24tik urtarrilaren 7ra); Cvcephoto mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituen erakusketa BBK aretoan (abenduaren 9tik 14ra) eta Yhabril. Luz, montaña, ¡acción! Yhabril outdoor argazkilari bilbotarraren tamaina handiko 20 lan onenen erakusketa Bilboko metroko geltokietan (azaroaren 15etik abenduaren 30era). Emanaldien sarrerak, bonoak eta programazio osoa, Mendi Film jaialdiaren webgunean.