Bilboko Aireportuak 75 urte bete ditu

Bilboko Aireportuak 75 urte bete ditu. 120 milioi bidaiari baino gehiago igaro dira 1948tik Txorierriko bailarako azpiegituratik.






1 Itxaron, itxaron… ‘Siri’ euskalduna duela? O, ez litzateke txarra hori, ezta? Azkena, Pixelari Itzulera abestia kanta jartzeko eskatzen hasi, eta zer jarriko, eta… Baina, ez, ez da hori. Kontua da TechInsight-ek tripak atera dizkiola Huawei Mate 60 Pro berriari, eta zazpi nanometroko mikrotxip bat daramala ikusi du. Kirin 9000s mikrotxipa da, Txinako SMIC Semiconductor Manufacturing International Corp konpainiak egindakoa.
2 A, txip bat. Baina hori zertan izan daiteke ustekabekoa? Orain arte, pentsatzen zen Huaweik, hots, Txinak, ez zuela modurik halakoak egiteko. Besteak beste, 2019. urtean AEBek itxi egin zielako txip aurreratuagoak ekoizteko ezinbesteko tresnak izateko bidea.
3 Eta AEBek zergatik ez diote uzten Txinari txipak egiteko tresnarik izaten? Argudio nagusia da mikrotxipek erabilera militarra izan dezaketela.
4 Harritzekoa. AEBak beti berdin; nik bai, zuk ez. Hala da. Finean, Txina behartu nahi zuten gehienez orain aurreratuenak diren txipekiko hamalau urteko atzerapena luketen txipak egitera. Adibidez, Huaweik 5Gko telefono gutxiago atera behar izan ditu, biltegietan zituen txipak zituelako soilik.
5 Txinatarrek horri izkin egitea lortu dute? Ez erabat. Mikrotxip aurreratuenetatik bost bat urteko atzerapena dutela erakusten omen du Kirin 9000s erdieroaleak.
6 To, AEBak. Bai, ez daude gozo AEBetan albistearekin. Aste honetan, Kongresuko errepublikanoek neurri gogorragoak eskatu dizkiote Bideni.
7 Tanto bat txinatarrentzat. Bai, ba. Egia da ez dagoela argi ere SMIC zazpi nanometroko zenbat prozesadore egiteko gai den. Beharbada, oso gutxi egin ditzake oraindik.
8 Harro egongo dira, hori bai. Baina ez dute aurkezpen arranditsurik egin, modu bereziagoa hautatu dute. Mate 60 Pro modu diskretuan merkaturatu zuten duela bi aste, gailuaren ezaugarri asko argitu gabe, eta, kasualitatea, Gina Raimondo AEBetako Merkataritza idazkaria Pekinera bisitan zela.
Itxura bukolikoa ematen dute Irlanda erdialdeko belardi amaigabeek, eta horietan lasai-lasai bazkatzen diren behiek. Baina horren atzean zerbait ezkutatzen da: lehen sektorea da Irlandako gas kutsagarrien isurle nagusia —%38, 2021ean—, eta iaz %1,2 jaitsi arren, isuriak %12 ugaritu dira azken hamar urteetan. Aldaketarik izan ezean, zaila izango du gobernuak 2030erako bere helburua betetzea, hau da, nekazaritzaren isuriak laurden bat gutxitzea. EBko kideen artean, Luxenburgok soilik isurtzen du gas gehiago per capita Irlandak baino.
Bi dira, Irlandan, orain arreta handia erakartzen ari diren gasak: behien puzkerrek isuritako metanoa, eta behien gorotzaren nitrogenoa. Azken horrek —eta belardietan erabiltzen diren beste ongarrienak— kutsatuak ditu uharteko ibai, laku, itsasadar eta lurrazpiko putzuen erdiak, eta neurriak hartzeko garaia iritsi dela esan dio Bruselak Dublini. Badu horretarako tresna bat, 1991ko nitratoen zuzentaraua. Haren arabera, hektareako 170 kilo nitrogeno isur daitezke belardietan. Irlandak, ordea, 250 kiloko muga du, haren abelburuak praktikoki belarrez soilik elikatzen direlako. Baina salbuespen horrek baldintza bat zuen: 2024 hasterako hobetu behar zuen uren kalitateak. Ez denez hobetu, Bruselak kito esan du: urtarriletik aurrera 220 kiloko muga izango du.
Eta nola gutxitu daitezke nitrogeno isuriak? Sistema bat da nitrogenoa hobeto xurgatzen duen belarra haztea eta isuriak gutxitzen dituzten aditiboak erabiltzea. Baina modurik bizkorrena behiak kentzea da, metano isuriak ere txikitzen dituelako. Kopuru bat ere jarri du gobernuak mahai gainean: hiru urtean 200.000 behi kendu nahi ditu.
Eremuz Euskal Herria halako lau den uharte batean, zazpi milioi gizaki eta beste hainbat behi bizi dira; Euskal Herrian, berriz, behi bat dago hamar biztanleko. Haragitako behien eta txekorren kopurua jaitsi egin da, ez direlako hain errentagarriak, baina 2015ean EBk esne kuotak kendu zituenetik, %38 ugaldu dira esnetarako behiak, eta %60 esne ekoizpena. Haiei begira ari dira orain, haien gorotzak eta mindak nitrogeno gehiago duelako haragitarako behienak baino.
Nekazarien eta abeltzainen elkarteak, noski, ez daude pozik. AEBetako multinazional handien Europako egoitzak bihurtu dira Irlandako ekonomiaren ikurra, baina nekazaritzak pisu handia du herrialdearen iruditerian, nekazariak izan direlako irlandar gehienak duela ez askora arte, eta hirietatik ateratzen denak behiak eta nekazarien traktoreak non nahi ikusiko dituelako. Baina balio sinbolikoa emateaz gain, nekazaritzak ekarpen esanguratsua egiten dio ekonomiari. 135.000 etxalde daude Irlandan, eta 170.000 langile aritzen dira lehen sektorean eta elikagaien eraldaketan. Nekazaritza produktuak dira esportazioen ia %10; esnearenak eta esnekienak 6.800 milioi euro ekarri zituen iaz. Esnegintzan 18.000 ekoizle ari dira, eta industriako langileak barne, 54.000 langile enplegatzen ditu sektoreak.
Zenbaki horiekin, eta, hauteskundeetarako urte eta erdi falta dela ikusita, Leo Varadkar lehen ministroa azken ahalegin bat egiten ari da Bruselarekin, abeltzainen esanetan, «errendizio lotsagarri bat» izango litzatekeena saihesteko.
India suspertu egin da, eta aste gutxian argi geratu da kide nabarmena dela espazioko lasterketan. Hain zuzen, lasterketa hori inoiz baino irekiago dago gaur egun, eta jada ez dagokie munduko potentzia nagusietako espazio estazioei soilik. Europako Batasuna ere batu zaie, baita hainbat enpresa pribatu ere, konpainia horiek aurrekontu zabalak baitituzte; beraz, azken urteetan nabarmen demokratizatu da espazioa esploratzeko aukera, eta zenbait proiektu txiki jarri dira abian, hala nola ikerketa zientifikoak eta nanosateliteak.
69 milioi euro baino gehixeagorekin 2013an diru gehiago erabili zen Gravity filma egiteko, Ilargian arrakastaz lur hartzea lortu berri du Indiak abuztuan. Hala, hori lortu duen laugarren herrialdea da, Sobietar Batasunaren, AEBen eta Txinaren ondoren. Gainera, Lurrera Ilargiko lurraren laginak ekarri dituzten herrialdeetan laugarrena bilakatzeko bidean ere bada.
Indiak lortutakoa nabarmen desberdina da, ordea: lehena izan da Ilargiko hego poloan lur hartzen; izan ere, Errusiak helburu berarekin egindako misio batek huts egin zuela-eta, eremu hori esploratu gabea zegoen, jakina baita ez dela toki abegikorra.
Indiak %2 baino ez du hartzen mundu osoko ekonomia espazialean, zeinak guztira 336.000 milioi euroko balioa baitu, eta, gainera, herrialdeak lehia handia du sektore pribatuan ere; esaterako, Elon Musken SpaceX enpresa liderra da satelite errentagarriak jaurtitzen suziri berrerabilgarriak baliatuta. Nolanahi ere, espazioaren sektoreak aliatu garrantzitsutzat dauka orain softwareen Indiako industria ezaguna. Gaur egun, teknologia espazialaren arloko ehun start-up baino gehiago daude herrialde horretan, eta haien erdiak 2021ean sortu ziren; hain justu, inbertsio pribatuak aurreko urtean halako hiru izan ziren 2021ean. Alde horretatik, atzerriko inbertsio zuzenak egitea sustatu nahi du Indiako Gobernuak, horretarako lege erreformak erabiliz eta gorabidean den espazio industria berri horri bultzada emateko asmoz.
Eliza katoliko baten atzean
Indiaren amets espaziala oso era xumean sortu zen. Zehazki, Santa Maria Magdalena eliza katolikoaren atzeko patioan jaio zen, Thumban, India hegoaldeko Kerala estatuko arrantzale herrixka batean, 60ko hamarkadaren hasieran. Indiako espazio programaren sortzailea, Vikram Sarabhai, elizako prelatuarekin bildu zen, Peter Bernard Pereirarekin, eta baimena eskatu zion espazio programa parrokian instalatzeko, bai eraikinean bertan, bai inguruko lurretan. Zientzialarien ustez, Santa Maria Magdalena eraikinak hartzen zuen eremua ezin egokiagoa zen suziriak jaurtitzeko estazio bat jartzeko, Lurreko ekuatore magnetikotik gertu zegoela eta.
Thumbako komunitate katolikoa herriko arrantzale familiek osatzen zuten; toki apal batean bizi zirelako eta izaera gupidatsua zuelako ziren ezagunak, eta zalantzarik egin gabe onartu zuten eskaera. Handik gutxira, 1963an, lehen suziria jaurti zuten Santa Maria Magdalenatik. Indiako espazio programaren sorlekutzat jotzen da eliza hori, han muntatu eta osatu baitziren lehen suziriak. 1985ean, Vikram Sabhai zentro espazialaren museo bilakatu zen elizaren eraikina, eta gaur egun ere bisitatu daiteke kostaldeko herri horretara joanda.
Denentzako tokia
Lehia eta lankidetza nagusi diren jokaleku horretan, oraingoz Txina eta AEBak dira lasterketako lehenak, dudarik gabe, baina, muga estrategikoak direla eta, ezin dira elkarlanean aritu kontu aeroespazialetan.
Itxura du Ilargia toki erabakigarria izango dela bi erraldoi horien arteko lehian: AEBak buru-belarri ari dira lanean Artemis misioan, berriro satelitera joateko asmoz, eta Txinak, berriz, Ilargira astronautak bidaltzen dituen bigarren herrialdea izatea lortu nahi du kosta ahala kosta, AEBek hurrengo espedizioa abiatu aurretik.
Martek ere garrantzi handia du lehia horretan. Bai Txinak eta bai AEBek (Europako Espazio Agentziarekin elkarlanean) helburu bera dute: Lur planetara Marteko lurraren laginak ekartzen dituen lehen herrialdea izatea. Mineralen bilaketari dagokionez, mundu osoko zenbait enpresa pribatuk ere diru asko inbertitu dute Ilargitik eta Martetik metalak ekarri eta merkatuan salgai jartzeko, eta hortik etekinak ateratzeko. Oraingoz, badirudi Marte ez dagoela Indiaren lehentasunen artean, baina, espazioko lasterketaren buruan direnengana hurbilduz doan heinean, baliteke planeta gorria ere sartzea haren esplorazio radarrean.
