Inflazioa % 3,5era igo da irailean, argindarraren eta erregaien…

Inflazioa % 3,5era igo da irailean, argindarraren eta erregaien garestitzea tarteko.

Deskarbonizazio prozesuko erronka handienetako bat errepide bidezko garraio astuna da. Lor al daiteke eremu horretan?
Bai. Egin behar den lehen gauza da ahalik eta ibilgailu gehien elektriko bihurtzea. Ibilgailuen karbono emisioaren herena hirietan sortzen da, eta horiek erraz elektrifika daitezke. Hirian zehar banaketak egiteko edo zaborra biltzeko kamioiak edo autobusak ere elektrikoak izan daitezke, eta gauez kargatu. Eta kamioi astunekin, antzera.
50 tonako kamioia argindarrez mugitzerik ba al dago?
Bai. Egun zentzuzko erabakia da kamioi elektrikoa erostea, ondo ibiliko da. Teknologia asko garatu da. Gero, emango diozun erabileran pentsatu behar duzu, bateriaren eta kargaren tamainaren araberakoa. Ez dago arazorik kamioi elektrikoak erosteko, kontua hura argindarrez kargatzea da. Haien eguneroko jardunean asko eragin gabe nola kargatu da erronka, eta, ahal bada, gelditu gabe.
Denbora aldagai garrantzitsua da garraioaren sektorean.
Ibilgailuak argindar sarera lotzeko erremintarik aproposena karga lasterra da egun. Megawatt indarra duten kargagailuak garatzen ari dira. Oraingoz, prototipoak dira, baina urte pare batean horrelako kargalekuak hedatuko dira. Horrelako batekin kamioia 45 minutuan edo ordubetean kargatu ahal izango da. Teknologia badago, kontua da erabiltzeko aukera dagoen. Europan kamioi gidariek 45 minutuko geldialdia egin behar dute lau ordu eta erdian behin, legeak dioene. Eten hori balia dezakete kargatzeko. Beste aukera biltegietan, saltoki handietan… kargatzea da, karga edo deskarga etenak baliatuz.
Errepide elektrifikatuak aipatu dituzu zure hitzaldian. Zientzia fikzioa dirudite.
Errepide elektrifikatua abantaila handia da eraiki badezakezu. Teknologia horrek ibilgailuak martxan dabiltzala kargatzea ahalbidetzen du. Nik gehien ikertu eta ikusi dudan aukera tranbiek dituztenen antzeko argindar ukipen lerroak dira, gainetik doazenak. Autobide osoan jartzea litzateke gakoa. Autobideak Europako errepide sare osoaren %10 dira, eta kamioia ibili ahala kargatuko litzateke. Gainetik doazen linea horietatik lortuko luke argindarra. Arazoa autobideetatik urrun dauden guneetan legoke, eta, kasu horietan, kargaleku estatikoak beharko lirateke. Sistema honekin asko txikituko lirateke kamioien bateriak, agian heren batera. Horrek kamioia arinagoa bihurtuko luke, eta merkeagoa.
Autoen bateriak oso astunak dira. Kamioien kasuan ze pisu izango lukete? Zama beste gako handi bat da garraioan.
Kamioien %65 kargaren tamainak mugatzen ditu, ez pisuak. Bolumen handiko salgai arinak garraiatzen dituzte. Beste %35ek, gai astunak garraiatzen dituzte: altzairua, mineralak… Horiek bateria astunekin garraiatzea zailagoa litzateke, baina errepideak elektrifikatuz gero bateria txikiagoak beharko lituzkete. Errepide horien beste abantaila bat: kargaleku gutxiago beharko lirateke.
Hidrogeno berdea aukera posiblea al da kamioi astunentzat?
Ez. Ikusten ari gara hidrogeno azpiegiturak ixten ari direla Europan. Kamioien kasuan arazoa da hidrogenoa erabiltzen duten kamioien prezioa elektrikoen bikoitza dela, eta haietara energia eramatea hiru aldiz garestiagoa. Hidrogenoz dabilen kamioia beti izango da elektrikoa baino askoz garestiagoa. Hidrogeno kamioia gainera elektrikoa da funtsean, motorra elektrikoa delako. Gero, hidrogeno erregai tankea dago, eta konplexuak dira: material garestiak behar dituzte, segurtasuna zaindu behar da… Oso garestiak dira.
Itxaropenik ikerketan?
Kamioi elektrikoaren osagai garestiena bateria da, baina egun munduko automozio industria osoa bateriak nola merkatu ikertzen ari da. Ziur egon gaitezke merkatuko direla. Hidrogeno tankeen edo beste erregai batzuen zeldak ikertzen ari diren konpainiak, aldiz, gutxi dira, eta ez dirudi laster aldaketa handirik dagoenik. Autogintza industria 50 aldiz handiagoa da. Ziur egon gaitezke kamioi elektrikoak hidrogeno zeldazkoak baino merkeagoak izango direla. Hidrogeno autobusen proiektuak bertan behera gelditzen ari dira mundu osoan. Oso garestiak direlako alboratu dituzte, eta gauza bera ikusiko dugu kamioiekin.
Beste aldagai bat hidrogenoa lortzeko prozesua da. Ez da eraginkorra: elektrolisia, hidrogenoa konprimatu, deskonprimatu… Argindar asko galtzen da. Hidrogenoa lortzeko prozesua argindarrarekin hasten duzu, eta prozesuaren eraginkortasuna %25ekoa da. Horrek esan nahi du energiaren hiru laurdenak alferrik galdu dituzula. Gero, energia hori ez da doakoa, haize errotak, eguzki panelak edo zentral nuklearrak eraiki behar dituzu, eta ez duzu hori guztia eraikitzen energiaren hiru laurdenak bidean galtzeko. Errepideak elektrifikatzeko erabiltzen bada, aldiz, eraginkortasuna %80koa da.
Zer iritzi duzu erregai sintetikoen inguruan?
Oso garestiak direla. Hidrogenoa eginez hasi behar duzu, gero karbonoa harrapatu, eta, orduan, energia gehiago galtzen duzu erregaia egiten. Duela gutxi logistika enpresarik handienetako batekin hitz egin nuen, hegazkinak ere badituena. Esan zidan erregai sintetiko ekologikoa kerosenoa baino sei aldiz garestiagoa dela. Hor ez dago ezer egiterik. Ez dituzte erabiliko.
2035erako Europako Batzordearen debekuak ez die eragiten ibilgailu astunei. Zure ustez, salbuespen horrek ikerketa atzeratu dezake?
Erresuma Batuan eragiten die, 26 tonatik beherakoak ekoizteko muga 2035a da, eta hortik gorakoentzako 2040a. Logistika industriak muga horiek buruan izan behar ditu. Hark egingo dio tira, eta debekuaren datari eragingo dio. Gogoratu behar dugu kamioi baten bizitza hamabi urtekoa izan ohi dela. Berehalakoan ez bada gertatzen, hamar edo hamabi urteko beste ziklo bat itxaron beharko dugu kamioi elektrikoa hedatu aurretik. Legearen, kargaleku sarearen ugaritzearen, elektrifikazioaren… araberakoa izango da zabalkundea. Oraindik lan asko dago egiteko, baina asumitu behar dugu ibilgailu elektrikoek egingo dutela aurrera.
Aurten amaituko da egungo lan ituna. Hala, auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko prozesuak fabrikaren antolamenduan eta lan baldintzetan izango dituen ondorioek erlazio zuzena dute, eta, hortaz, industria planaren eta lan hitzarmenaren negoziazioak bide beretik doaz. Jokaleku berezi honetan, aurrekoek baino are garrantzi handiagoa hartu du lan itunaren negoziazioak. Horregatik, enpresak eta sindikatuek inoiz baino lehenago ekin diote elkarrizketari.
Mahaia, osatuta
Iragan astean osatu zen mahaia. Alde batean, VWeko zuzendaritzako hamabi kide eseriko dira, eta sindikatuen aldean, beste hamabi —UGTk eta CCOOk hiruna ordezkari izango dituzte, eta ELAk, LABek eta CGTk, bina—. Dena den, otsaileko hauteskundeetan erakunde bakoitzak lortutako ordezkaritza aintzat hartuko da, noski: UGTk %42koa du; CCOOk, %26koa; ELAk, %16koa; LABek, %10ekoa; eta CGTk, %6koa.
Mahaia osatuta, atzo bildu ziren estreinakoz, eta zuzendaritzak berehala jarri zituen kartak mahai gainean. Obrak datorren urte erdialdean hasiko dira, eta 2025eko amaiera arte bederen irautea espero da. Bitarte horretan, VWeko langileek bi txanda eta erdiz egingo dute lan. Orain, egunean hiru txanda dituzte, eta egokitzapen hori astean nola antolatzen den negoziatu beharko da. Miguel Angel Grijalba Produkzio zuzendariaren arabera, ondorioz, «laurehun pertsona gutxiago» beharko dira urte eta erdiz. Gaur egun, Landabenen 4.500 langile daude 5.000 guztira, errelebo kontratua duten langileak gehituta—.
Testuinguru aldakorra izaki, VWek produkzio aurreikuspenak moldatu ditu hilabeteotan. Udaberrian ohartarazi zuen bazitekeela egungo auto produkzioa erdira murriztea 2025etik aurrera, eta 150.000 auto inguru egiteko erritmoan ekoitzi beharko zutela bolada luze batez. Atzo, berriz, leundu egin zituen kopuru horiek: 2024an 255.000 auto ekoitziko dira; 2025ean, 215.000 ibilgailu; eta 2026an, 200.000 inguru.
Datu horien atzean azalpen teknikoak daude. Alde batetik, obren hasiera atzeratu egingo da hilabete batzuez, 2024ko martxotik uda aldera. Bitarte horretan, Polo modeloko autoak egiten jarraituko dute, baina lanak hasten direnean bertan behera geratuko da —Iruñeko lantokiak ezingo du hiru ekoizpen linea aldi berean izan, eta 1984tik fabrikaren ikur izan den modelo arrakastatsua sakrifikatu du VWek—. Ordutik aurrera, Hegoafrikan egingo dituzte.
EBk arnasa eman dio
Bestetik, Europako Batasunak autoen emisioen gaineko Euro 7 bi urtez atzeratu izanak arnasa emango dio fabrikari. Araudiak ezarritako baldintzetara egokitzeak inbertsio handiegia eskatzen zuelakoan, VWek Taigo modeloa egiteari utziko dio, baina baliteke orain erabakia 2027ra arte atzeratzea.
Azkenik, 2026tik aurrera hasiko dira bi modelo elektriko egiten: Skoda markako bat eta VW ID2X. Hain zuzen ere, urte horretatik aurrera fabrikan auto elektrikoak eta errekuntzakoak egin ahalko dituzte —Taigoak 2027ra arte, eta TCross modeloak—. «Malgutasunez aldi berean auto elektrikoak eta konbustiokoak egin ahal izatea etorkizunerako berme bat da, merkatuaren gorabeherei aurre egiteko produkzio maila ziurtatzen baitu», esan du Miguel Angel Grijalba Produkzio zuzendariak.
Izan ere, ikusteko dago gobernuek eta industriak bultzatutako apustuaren neurri berean erantzuten duten erosleek. VWek espero du fabrikak bere ekoizpen ahalmen handiena izango duela obrak bukatu eta hurrengo lan ituna hasten denerako: 2027an 350.000 ibilgailu egitea espero du, eta 2028an, beste horrenbeste. Egungo enpleguari eusteko asmoa duela dio, eta lanpostu gehiago sortzeko aukera ez du baztertu.
UGTk nabarmendu du udaberrian iragarritakoak baino produkzio aurreikuspen handiagoak aurkeztu dituela VWek. Dena den, ez du ezustean harrapatu trantsizio epean lanpostu batzuk sobera izango direla esateak: «Bagenekien helduko zela, eta hari aurre egiteko proposamenak lantzen aritu gara», adierazi du Alfredo Morales langileen batzordeko buru eta UGTko ordezkariak. Sindikatuaren aburuz, bermeak behar dituzte: «Erremintak ziurtatu nahi ditugu datozen bi urteak ahalik eta hobekien iragan daitezen. Industria planaren eta inbertsioen bermeak nahi ditugu; enplegua bermatu nahi dugu; irteten direnei bermeak eman behar zaizkie; eta gure erosahalmena bermatu nahi dugu».
Mezu ezkorragoa transmititu du UPNko Javier Esparzak. «Oso kezkatuta nago. PSNk azalpenak eman beharko ditu. Txibitek esan zuen Landabeni ondo joango zitzaiola, eta ez da hala».
Parisek ireki du dantza, 2024ko aurrekontu proiektua aurkeztuta. «Aurrekontua lehen urratsa da geure finantza publikoak onbideratzeko plan anbiziotsua bete ahal izateko», aldarrikatu du Bruno Le Maire Finantza ministroak. Iragarria zuen amaitua zela 2020az geroztiko politikaren leloa —quoi qu’il en coûte (kosta ahala kosta)— eta aurrekontu proiektuak promes hori bete du, baina neurri bateraino soilik. Elikagaien eta erregaien garestitzeak nahi baino tentu handiagoz jokatzera eraman dute Frantziako Gobernua. Horrela, lanera joateko autoa behar duten soldata apaleko langileek ehun euroren txekea jaso ahal izango dute heldu den urtean ere.
2024ko aurrekontu proiektuan 16.000 milioi euro gutxiago gastatuko dira, eta horietatik 14.400 milioi energia merkatzeko neurrietatik aterako dira. Uztailean amaitu ziren gasa merkatzeko laguntzak, eta 2024an iritsiko zaio txanda argindarraren gehienezko prezioari.
Ipar Euskal Herriko eta Frantziako familia gehienek TRVE tarifa arautua daukate, eta azken bi urteetan argindar ekoizpenaren prezioaren azpitik emendatu dira: %4 ziren 2021ean, %15 2023ko otsailean, eta %10 abuztuan. Igoerak igoera, tarifaren %37 artean bere gain hartzen duela gogorarazi berri du Agnes Pannier-Runacher Trantsizio Energetikorako ministroak. Parisek apurka-apurka utziko du zati hori herritarren kontu: otsailean gutxienez beste %10 igoko da faktura, eta 2024an zehar etengo da gehienezko muga.
Argindar asko erabiltzen duten enpresei emandako laguntzak ere bukatuko dira (4.400 milioi). Langabezia sariak murriztu dituen legeak 700 milioiren aurrezkia ekarriko du, eta diruz lagundutako kontratuak eta ikasketa kontratuak gutxitzeak beste 1.000 milioi.
Gastu berriak ere izango dira: 7.000 milioi ingurumen politiketan, soldata igoera bereziak irakasleentzat, 3.300 milioi gehiago defentsarako… Gastu gehigarri horiekin, gastu publikoa 8.000 milioi euro da jaistekoa guztira.
Defizita motel jaitsiko da
Aurten kaxoitik ateratako guraizeak hurrengo urteetan indar handiagoz erabiltzeko asmoa du Parisek, horrela bete nahi baitu defizit eta zor publikoak jaisteko konpromisoa. Gobernuaren aurreikuspenak betez gero, Frantziak %4,9ko defizita izango du aurten, eta %4,4koa 2024an. Aurrekontu proiektua ikusita, «baikorregia» iruditzen zaio helburu hori Finantza Publikoen Gorte Gorenari. Edonola ere, Frantzia izango da, haren planak betetzen badira, defizitaren %3ko muga eztabaidatutik behera geratuko den EBko azken kidea, ez baitu halakorik espero 2027 arte.
Horretarako, urtean 12.000 milioi euroren aurrezkia egin behar duela dio finantza publikoen programazio legeak, zeina atzo iritsi baitzen Frantziako Asanbleara. Helburu horren zati handi bat gastu publikoa kontrolatuz lortu nahi du —urtean 0,1 puntu baizik ez litzateke handituko 2027 arte—.
Espainian ere, aldaketak
Espainian jardunean dago oraindik gobernua, eta Pedro Sanchezek hura osatzea lortuta ere, asteak beharko ditu aurrekontu proiektu bat aurkezteko. Baina jada jarri die epe muga inflazio handiari aurre egiteko hartutako neurri gehienei: abenduaren 31. Egun hori azaltzen da neurri horiek indarrean jartzeko lege dekretuetan, eta gobernuaren iturriak hasi dira iradokitzen ez dituztela luzatuko.
Halakorik bada, Sanchezen gobernuaren asmoak urriaren 15erako ikusiko dira. Izan ere, beranduenik egun horretan bidali beharko dio aurrekontu plana Europako Batzordeari.
Bertan behera gera daitezke, beraz, garraio publikoaren tarifak erdira jaisteko laguntzak, argindarra merkatzeko neurriak —BEZa %21etik %5era jaistea, argindarraren gaineko zerga berezia %0,5era apaltzea, bonu soziala handitzea…—, garraiolarientzat eta nekazarientzat jarritako gasolioaren deskontua, eta oinarrizko elikagaien BEZa jaistea. Renferen aldiriko trenak doan erabiltzeko aukera eta errenta zergaren jaitsiera bakarrik dira irautekoak, baina azken horrek ez du eraginik Hego Euskal Herrian.
Laguntzak kentzeak herritarren patrikak zigortuko ditu, eta ogasunen kutxak bete. Neurri guztiek 13.000 milioi euroren kostua izan dute aurten eta, bat-batean kenduko balira, estatuaren defizita BPGaren puntu bat txikituko lukete. 2023rako defizita %3,9an utziko duela esan dio Madrilek Bruselari, eta %3ra iritsiko dela datorren urtean.
Inflazioa, 1,5 puntu gora
Baina neurriak kentzeak beste ondorio bat ere izango luke: prezioak igo egingo dira automatikoki, eta inflazioa handitu egingo da. Zenbat? Espainiako Bankuak kalkulatu du 1,5 puntu gehituko dizkiola 2024ko batez besteko inflazioari (%4,3). Hau da, inflazioaren herenaren erantzule izango direla. Igoera handia da, eta igoera horrek kostu bat ere badu kutxa publikoentzat. Esaterako, pentsioak batez besteko inflazioaren arabera eguneratzen dira, eta 1,5 puntu horiek ia 2.500 milioi gehiago dira.
Horregatik, ez da erabat baztertu behar azkenean Sanchezen gobernuak —inbestidura aurrera ateraz gero, noski— laguntzak progresiboki kentzea, edo laguntza batzuk talde zaurgarrienentzat uztea.


Txibite lehendakariaz gain, Nafarroako Gobernuko bost kontseilari izan ziren lehen bilera horretan: Mikel Irujo (Garapen Ekonomikoa); Jose Luis Arasti (Ekonomia eta Ogasuna); Carlos Gimeno (Hezkuntza), haren ardurapean baitago lanbide heziketa; Carmen Maeztu (Gizarte Eskubideak, Gizarte Ekonomia eta Enplegua); eta Juan Cruz Cigudosa (Unibertsitateak, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala). Gobernuak orain arte zer egin duen azaldu zuen haietako bakoitzak.
Foroan parte hartu zuten CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteak, Merkataritza Ganberak, AIN Nafarroako Industria Elkarteak, Gizarte Ekonomiako Elkarteak, eta hiru sindikatuk (UGT, CCOO eta LAB). Gainera, hainbat klusterretako ordezkaritza zabala izan zen: automozioa, elikagai industria, ikus-entzunezkoak, eraikuntza, informazio teknologia, energia berriztagarriak eta osasungintza. Bakoitzak bere ikuspegia laburbildu zuen. Hurrengo bilerarako, industriaren egoerari buruzko diagnostikoa aurkezteko dute, eta proposamen landuago bat. Hilabetean behin bilduko dira.
Industriak Nafarroako barne produktu gordinaren %30 ordezkatzen du. 3.300 enpresa aritzen dira alor horretan, eta 72.000 laguni ematen diete lana. Trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala daude erronka nagusien artean.
Txibitek hori nabarmendu zuen hasierako hitzaldian: «Hurrengo urteak funtsezkoak dira erronka horiei aurre egiteko. Ondo egin behar dugu arrakasta izateko eta garapen kohesionatua lortzen laguntzeko». Gobernuak 2025era begirako lau urteko industria plana onartua du, eta hartan jasotzen dira neurri nagusiak. Hari lotuta, foroak «eremu eraikitzailea» izan nahi du, eta eragileen proposamenak bildu.
Calderonen arabera, atzoko bilkuran gobernuko ordezkariek ez zuten inongo autokritikarik egin. «Egindakoari balioa eman nahi izan diote, baina euren analisietan ez dute azpimarratu zer ez duten egin». LABen ustez, Iruñerritik harago hedatu behar da industria, lurralde osora, eta deslokalizazioari irmoago aurre egin. Halaber, eraldaketa digitalak ekar dezakeen enplegu galerari aurre egiteko, 30 orduko lan astea proposatu du sindikatuak. Calderonen irudiko, eraldaketa prozesu horretan guztian kontuan hartu behar da langileen ahotsa.
«Gainbeherarik» ez
Gobernuaren arabera, foroaren xedea «berrindustrializazioa» da, baina CCOOko Rodriguez ez dago ados hitz horrekin: «Sektore berriak bilatu behar dira, baina ez dago zertan berrindustrializatu. Gaur-gaurkoz, ez dago boladarik onenean, baina industria ez doa gain behera». Rodriguezen aburuz, eragile guztiek beharrezko ikusten dute Nafarroak ahalmena izatea nazioarteko arazoei aurrea hartzeko. Landu beharreko gaien artean aipatu ditu langileen prestakuntza eta birziklatzea.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egoera hori aldatzeko bidea urratu nahi dute, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hitzarmen propio bat landu. Atzo egin zuten lehen bilera AVEQ-Kimika sektoreko enpresa elkartearekin, Confebaskekin eta hiru lurraldeetako enpresa elkarteekin. Negoziazio mahaia irekitzea zen asmoa, baina patronalek esan zuten Espainiako hitzarmenaren klausula hori dela-eta ezinezkoa dela.
«Lege arazoa bainoago borondate arazoa dela uste dugu. Lan hitzarmenak aldeen arteko akordio pribatuak dira. Haiek ez zuten mahaia ireki nahi, eta hori zen arazoa. Baina, egia esan, ez da ezustekoa izan», azaldu du Luis Mouliaak, bilerara joan zen CCOOko kideak. Unai Martinez ELAkoak ere antzeko ondorioa atera du: «Enpresei Espainiako lan hitzarmenari eustea komeni zaie; horregatik ez dute nahi. Espainiako hitzarmena oso eskasa da».
Eskasa? Tauletako bi soldata txikienak 16.892 eta 18.031 euro gordin dira urtean. «Oso gutxigatik dago gutxieneko soldataren gainetik», zehaztu du Martinezek. Azken hitzarmena 2021ean sinatu zen hiru urterako, eta %1eko, %2ko eta %2ko soldata igoerak hitzartu zituzten hurrenez hurren. Hori bai, azkenaren ondoren KPIaren araberako eguneraketa egitea hitzartu zuten. «Baina badakigu enpresari batzuk esaten hasiak direla soldata kolpetik %10 igotzea gehiegi dela», gehitu du.
CCOO eta UGTk, berriz, 2017ko lanbide arteko akordioan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mahaiak irekitzeko konpromisoa onartu zuten, eta orduan sinaturikoaren izenean hasi dute bidea ELArekin eta LABekin. CCOO eta UGTren eragin ahalmena, dena den, harago doa. Espainiako akordioa abenduan iraungiko da, eta haren berritzearen negoziazioan traba egiten duen klausula kentzea eskatu dezakete. «Horrek lege ziurtasun handiagoa emango liguke», zehaztu du Martinezek: «Aldaketa hori gabe negoziatzen hasten bagara, baliteke talka legal bat egotea. Batetik, EAEko 2017ko lanbide arteko akordioa legoke, eta, bestetik, Espainian eragina duten akordioak lehenesten dituen Zapateroren lan erreforma».
Eragina enpresa txikietan
Sindikatuetako ordezkariek, dena den, zehaztu dute sektoreko enpresa handiek lan hitzarmen propioak dituztela, Espainiako hitzarmena hobetzen dutenak. Petronorren, Michelinen eta Bridgestoneren kasua da. «Baina beti komeni da soldataren zorua igotzea, eta soldata ez diren beste baldintza batzuk hobetzea», aldarrikatu du Mouliaak. Martinezek, halaber, gogoratu du enpresa txiki eta ertain batzuetan hitzarmen hori aplikatzen dela: «Vulcanizados Zuloagako borrokan errealitate hori ondo baino hobeto ezagutu dugu».
Eta orain zer? Sindikatuek argi dute lan hitzarmena lortzeko bidea hasi baino ez dela egin, eta hurrengo asteetan zer egin aztertzeko biltzekoak dira. ELAko ordezkariak nabarmendu du Espainiako hitzarmena berritzeko irekiko den leiho hori baliatu behar dela, baina «kostako dela» lortzea. Mobilizazioekin hastea ez dute baztertu, baina bilera hori egin nahi dute lehenbizi.

