Zutabeak kolokan daude
Berriki jakin denez, krisia —hirugarren urtea du jada— estatuaren etxe agentzietara ere zabaldu da: gobernuak berak babes handia emana zien orain arte agentzia horiei, kaos ekonomikotik babesteko. Etxe agentzia pribatu handienetako batzuetara ere iritsi da krisia. Egoera ezin txarragoan dagoela aitortu duen lehena Country Garden izan da, Txinako sustatzailerik handiena: milaka proiektu ditu herrialdeko ia 300 hiritan, eta, uztaileko azken egunean, «gidaritza eta babesa» eskatu zizkien Txinako Gobernuari eta erregulatzaileei.
Konpainiak, Hong Kongeko burtsara bidalitako komunikatu batean adierazi du bi arrazoirengatik izango direla galerak: «Batetik, irabazi marjina garbia txikiagoa delako etxe negozioetan, eta, bestetik, narriaduragatiko hornidurak ugaritu egin direlako, sektoreko salmentek beheranzko joera dutela eta».
Country Gardenek ez du esan zehazki noiz argitaratuko dituen lehen seihilekoko datuak, baina adierazi du abuztuko bigarren hamabostaldian plazaratuko dituela.
Aurreko astean, etxe agentzia horren akzioak %8,7 beheratu ziren, eta haren zerbitzu azpisailarenak, %18. Gainera, burtsan kotizatutako bonuek beren balio nominalaren erdia baino gutxiago dute orain, eta dolarretan daudenek —nazioarteko inbertitzaileenak izaten dira maiz—, beren balio nominalaren heren bat eta 10-15 zentimo artean.



