CAFen hidrogenozko trenak arrakastaz gainditu ditu lehen probak Zaragoza-Canfranc…

Egitasmoak 14 milioiko aurrekontua dauka eta hainbat enpresak osatutako partzuergo bat ari da garatzen. CAF da horietako bat.
Gasteizko Michelingo grebak % 93ko jarraipena izan du sindikatuen…

Gasteizko eta Lasarte-Oriako Michelin lantegiko grebak ekainaren 5, 7, 10 eta 12an. CGT, ESK, ELA eta LAB sindikatuek deitutako lehen lanuztea da, KPIaren araberako soldata igoera eskatzeko. Astelehen honetan hainbat mobilizazio egingo dituzte, eta hurrengoak ekainaren 7an, 10ean eta 12an.
Ertzaintzaren sindikatuek ohartarazi dute “nazkatuta” daudela Segurtasun Sailaren “harrokeriarekin”

ErNE, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuek hitz horiekin erantzun diote lehendakariak iragan igandean esandakoari. Hain zuzen ere, Urkulluk adierazi zuen Ertzaintzak ezin diola gizarteari begirunea galdu.
Euskadin lan-astea 32 ordura murriztea aztertzeko lantaldea eratu dute

Euskadin lan-astea 32 ordura murriztea aztertzeko lantaldea eratu dute. Egindako lehen bileraren ondoren, urtean zehar programa zehaztuko dute, 2024an proiektu pilotu bat esploratu ahal izateko.
Propinak, AEBetako esklabo ohiei ez ordaintzeko
Leku batzuetan kortesiazko keinua dena derrigor ordaindu beharreko tasa da AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Legeak horretara behartzen ez duen arren, bezeroek %15 eta %20 arteko propinak utzi ohi dituzte, batez ere, ostalaritzan. Halere, propinak ez ziren han sortu, Ingalaterran baizik, Erdi Aroaren azken kondarretan.
Ekintzak berak latinezko propinare (edaten eman) aditza du jatorria. Eta aditz hori, berriz, grezierazko propinein hitzetik dator, zeinak edan baino lehen esan nahi duen. XVI. mendearen inguruan hasi ziren goi klasekoak beste etxeetako zerbitzariei eta morroiei txanponak ematen, haien egonaldian zehar jasotako arreta eta tratua saritzeko. Diru horri propina deitu eta berehala hedatu zen munduko beste bazterretara.
Ikusi gehiago: Propinak: zergatik, nola eta norentzat
XIX. mendearen bukaeran iritsi ziren AEBetara. Garai hartan iritsi zen, halaber, esklabotzaren amaiera. 1870. urtetik aurrera hasi ziren esklabo ohiak lanean -AEBetako lan merkatuan, alegia-, baina lanpostu batzuetan baino ezin zezaketen lan egin; morroiak, zerbitzariak, bizarginak eta trenbideko zamariak ziren ia denak, eta propinak baliatu zituzten haien lana ordaintzeko, ostalaritzan lan egiten zutenei ordaintzeko, batez ere.
Horiek hala, langile mugimenduak lan baldintzak hobetzeko urratsak ematen zituen bitartean, denboran izoztuta nola, hala gelditu ziren jatetxeetako eta tabernetako zerbitzarien soldatak. Izan ere, esklabo ohiak eta emakumeak ziren ostalaritzan lan egiten zuten gehienak -ikerketa baten arabera, gaur egun ere emakumeak dira AEBetako zerbitzari guztien ia bi heren-.
Lanbideen arteko soldaten desoreka hori are nabarmenagoa egin zen 1968an. Garai hartan jarri baitzuten lehenbizikoz indarrean gutxieneko soldata, baina itunetik kanpo utzi zituzten ostalaritzako langileak.
Oraindik propinen menpe
Egun, beste sektore gehienetan ezarritakoa baino lau aldiz txikiagoa da AEBetako ostalaritzako langileen gutxieneko soldata. Gutxienez orduko 2,12 dolar irabazten dute; gainontzeko lanbide ia guztietakoek, berriz, 8,50 dolar -eta 9,50 dolarrera igoko dute uztailean-. Gutxieneko soldata horiek AEBetako Gobernu Federalak ezarri zituen, baina estatu bakoitzak eskumena du horiek horrela mantentzeko edo igotzeko.
Hain justu, bigarren aukeraren alde egin dute zazpi estatuk azken hilabeteotan: Alaskak, Kaliforniak, Minnesotak, Montanak, Nevadak, Oregonek eta Washingtonek. Halere, badago aldea estatu batetik bestera. Alabaman orduko 7,25 dolarretik gora irabazten dute jatetxeetako zerbitzariek, Kalifornian, berriz, horren bikoitza: 15 dolarretik gora.
Propinak: zergatik, nola eta norentzat
Urtebetetze bazkariko azken kondarrak. Ebakia edan, eta kontua eskatu. Ez da zenbaki txikia ordaindu beharrekoa, baina zerbitzaria fin aritu da. Bi, bost, hamar? Gutxiegi izango da, ala gehiegi? Zenbateko propina eman, horixe izaten da galdera askotan, eta ez da erraza asmatzen.
Ostalaritzan -eta beste zenbait lanbidetan- ohikoa da bezeroek langilearen jarduna saritzea. Halere, sari guztiak ez dira berdinak. «Propina asko uzten duen jendea dago, baina baita oso gutxi edo ezer uzten ez duena ere», dio Suharri (Hernani) jatetxeko nagusi Alberto Rodriguezek. Salbuespenak salbuespen, bezeroaren jatorriaren araberakoak dira propinak: «Atzerriko bezeroek hemengoek baino propina handiagoak uzten dituzte. Euskal Herrian bizi denak, batez beste, 50 zentimo uzten baditu, atzerritik datorrenak 4 euro inguru utziko ditu».
Ikusi gehiago: Propinak, AEBetako esklabo ohiei ez ordaintzeko
Suharriko langileek sukaldeko txokoan dagoen poto batean gordetzen dituzte txanpon eta billete estra guztiak. Eta, ondoren, beren artean banatzen dituzte. Baina gero eta txanpon gutxiago banatu behar dituzte, bezeroek gero eta propina txikiagoak -edo bat ere ez- ematen dituztela azpimarratu baitu Rodriguezek. Motiboen artean, hauexek: ia produktu guztien garestitzea eta krisia.
Baina bada aintzat hartu beharreko hirugarren eragile bat: ordainketa elektronikoak. «Jendeak ez du eskua poltsikoan sartzen. Asko hazi da txartelaren erabilera. Ez dago kanbiorik, eta kanbiorik ez dagoenez, ez dago propinarik», adierazi du jatetxeko nagusiak.
Propinak, digitalean
Besteak beste, COVID-19aren pandemiak eman zion bultzada ordainketa elektronikoari. Koronabirusaren kutsatzeak ahalik eta gehien murrizteko, gastu txikienak ere elektronikoki ordaintzeko eskatzen hasi ziren saltoki eta jatetxe askotan. Hiru urte ondoren, gora egiten jarraitzen dute ordainketa elektronikoek, eta gero eta gutxiago dira diru zorroa txanponekin beteta dutenak.
Kutsatzeak soilik ez, irudi du txartelaren eta mugikorraren bidezko ordainketek propinak ere murriztu dituztela. Horri irtenbidea aurkitu nahian, txartelarekin ordaintzen duten bezeroei propina datafonoan txertatzeko aukera ematen diete zenbait jatetxek. Hiru aukera izan ohi ditu bezeroak: propinarik ez ematea, makinan iradokitako kopurua onartzea -kontuaren %5 eta %10 arteko propina izan ohi da-, edo norberak nahi duena ematea. Zenbait ikerketaren arabera, propina zuzenean fakturan sartu, eta bezeroak hori onartu edo ez erabaki behar duenean, litekeena da botoi berdeari ematea.
Jatetxean horrelakorik erabiliko lukeen galdetuta, zera dio Suharriko nagusiak: «Ez. Ez dugu aukera hori ematen, eta ez dugu aukera hori emango. Diru hori fakturan sartu beharko litzateke, BEZa gehitu, banakatu… Propina utzi nahi duenak, utziko du, eta ez duenak utzi nahi, ez du utziko».
Soldata eskasak estaltzeko
Harekin bat dator EKA Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko prentsa arduradun Ander Cornejo: «Argi izan behar dugu jatetxeak eskainitako arretagatik edo emandako zerbitzuagatik bolondreski egiten den dohaintza dela propina». Halere, uste du zilegi dela langileek propina eskatzea; betiere, bezeroa horretara behartzen ez badute.
Elkartean ere badute propinak emateko azken joeraren berri -datafonoan txertatzearena, alegia-. Halere, kontsumitzailea ez litzateke propina ematera behartuta sentitu behar: «Nolabait, langilea bezeroari propina emateko aukera eskaintzen ari zaio, ez behartzen». Dena den, eskura emanda edo txartelarekin ordainduta, EKAko kideen arabera, propinak ezin du, inolaz ere, soldata duin bat eskuratzeko osagarria izan. «Ostalaritzako jabeen ardura da soldata duinak bermatzea», propinak gorabehera. Diru estra hori langile bakoitzaren nominan txertatzea zaila litzatekeen arren -gehienetan emandako propinak ez doazelako inoren izenera, orokorrean jasotako zerbitzuaren trukean baizik-, langileen soldataren parte izan behar dutela iritzi dio EKAko prentsa arduradunak. Izan ere, «propinak ogasunean berdin-berdin ordaindu behar dira zerga modura», nahiz eta Gizarte Segurantzan kotizatu ez.
Nagusiak parte har dezake propinen gaineko erabakietan, baina ez du horien gainean agintzen. Bezeroek bolondreski ematen duten diru gehigarria izanik, establezimenduko jabeak ezin ditu debekatu. Horixe ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 2021eko epai batean, eta zehaztu zuen langile guztien artean banatu behar direla.
Ez da beti ongietorria
Nolako tokia, halako ohiturak; baita propinekin ere. Euskal Herriko tabernetan eta jatetxeetan norberak erabaki dezake zenbateko propina utziko duen -edo utziko duen-. Oro har, borondatezkoa da Europako herrialde gehienetan ere. Ipar Amerikan, berriz, bai AEB Ameriketako Estatu Batuetan, bai Kanadan, ia derrigor eman behar zaio zerbitzariari kontuan eskatzen dena baino diru pixka bat gehiago, hots; kontuaren %15 eta %20 artekoa izan ohi da propina toki horietan.
Beste leku batzuetan, ordea, bezeroak hobe du eskua poltsikoan gordetzea. Propina ematea edukazio txarreko keinutzat jo ohi dute Asia hego-ekialdeko zenbait herrialdetan. Esaterako, Txinan debekatuta egon da hainbat hamarkadatan zehar, eroskeriatzat zutelako. Halere, turismoa areagotu den lurraldeetan, egun ohikoa bilakatu da jatetxeetan propina ematea. Egoera bertsua da Japonian. Han propinak inoiz debekatu ez badituzte ere, edukazio txarreko keinutzat jotzen dituzte.
Kasinoetako langileak ere, propinen menpe
Ohikoen ostalaritzan diren arren, beste lanbide batzuetan ere indar handia dute propinek. Horien artean daude, adibidez, kasinoetako langileak. Bilboko Gran Casinon egiten du lan Carmen Valderasek, eta azaldu du propinek osatzen dutela beren soldataren zati handi bat. «Egunero erregistratzen dugu bezeroek ematen diguten diru gehigarria. Poto batean gordetzen dugu, eta hilabete amaieran guztion artean banatu, eta nominan sartzen digute diru hori».
Halere, azaldu du bezeroek gero eta propina txikiagoak ematen dituztela, eta horrek zuzenean eragiten diela beren soldatei, propinaren araberakoak baitira. «Duela zenbait urte propinek osatzen zuten gure soldaten %35 eta %40 artean. Orain, kopuru hori ez da %10era iritsiko». Horrenbestez, adierazi du oso aldakorrak direla beren soldatak, eta, horregatik, propinak ematera bultzatzen dituela bezeroak. «Askok [bezeroek] badakite propinak guretzat garrantzitsuak direla, baina gutxik jakingo dute zenbateraino diren garrantzitsuak».
Egoera ekonomiko eskasa, batetik, eta lanbideak berezkoak dituen baldintzak -gaueko lanaldiak, jaiegunetan lan egin beharra, etab.-, bestetik, kasinoko langileek mobilizazioei ekin zieten martxoaren amaieran. Besteak beste, enpresari eskatu diote soldata KPIaren arabera igotzeko eta kontziliazioa hobetzeko neurriak hartzeko.
Bilbao Kirolak erakundeko kirol instalazioez arduratzen diren lorezainek greba…

Bilbao Kirolak erakundeko kirol instalazioez arduratzen diren lorezainek greba mugagabea hasiko dute. Lan-baldintzak hobetzea eta hitzarmena berritzea eskatzen dute. LAB sindikatuak ohartarazi duenez, Bilboko Udalaren mende dauden udako igerilekuen irekiera-data atzeratu daiteke greba honen eraginez
Auto partekatuak abian dira
Urte bat eta erdiren buruko sortu dute Ipar Euskal Herriko auto partekatuen kooperatiba: Aupa. Uztailean ibiltzen hasiko dira partekatzeko lehen sei autoak. Auto partekatuak proposatzen dituen Frantziako Citiz sarean sartu da Aupa. Kooperatibako partzuerretan ditu, besteak beste: Enargia, Bizi, COL Etxebizitzaren Langile Batzordea, Sokoa eta Herkide. Baita partaide diren hiriak ere: Baiona, Angelu eta Biarritz -hastapenean-, eta Euskal Elkargoa, Mugikortasunen sindikatuaren bidez.
SCIC, Interes kolektiboko sozietate kooperatiboa hautatu du Aupak. Zuzendari kargua hartu du Emeline Robillardek, eta dio molde egokia zela partaide pribatu eta publikoak hastetik xedean izateko: «Zinezko kooperazioa izan zedin zerbitzua abiatzeko, izan erabiltzaileekin, izan tokiko eragile eta kolektibitateekin».
BABeko hirigunean abiatu dute zerbitzua kausitzeko baldintza guziak alde ezarri nahi dituztelako. Jendea auto partekatuen baliatzerat akuilatzeko hiru faktore aipatu ditu Robillardek: biztanle dentsitatea, garraio moldeen arteko loturak eta aparkatzeko zailtasunak. Zerbitzua badabilela eta diruz sendoago direla ikustean, Lapurdi itsas hegi guzira hedatzeko asmoa du Aupak. «Hemendik bi urtera, Hendaiarainoko itsasbazter guziko beharrak estali nahi genituzke. Eta, ontsalaz, lau urteren buruko barnealdeko biziguneak».
Robillardek erran du goizago has daitezkeela aipatu eremu horietarik galdea heldu balitz. Bost urteren buruko, hogei autotara heldu nahi lukete. Galde horren egileak herritar taldeak izan daitezke, herriko etxeak, baita higiezinen sustatzaileak ere. «Partaide dugun COLekin solasean ari gara -baita HSA erakundearekin ere-, BABen edo Hego Landetan dituzten programa batzuetan auto partekatu lekuen sartzeko».
Autoen gutitzea xede
Elkargoko Mugikortasunen sindikatuak egitasmoaren abiatzea diruz laguntzea bidean da. Garraio moldea bultzatzeko, alde batetik, eta sindikatua bera erabiltzaile izateko, bestaldetik. Halaber, partaide diren hiru hirientzat. Erakundeetako agenteek eta hautetsiek erabiltzen ahalko dituzte auto partekatuak. Angeluko Herriko Etxeak hitzeman die auto bat baliatuko dutela, «herriko etxean duten auto saldoa ttipitzeko, eta kudeaketa osoki gure gain izanen delako».
Erakundeez gain, norbanakoak badira Aupako kapitalean eta autoen erabiltzaile izanen direnak. Hirurehun bat pertsonak segitzen dute kooperatibaren abiatzea.
Citiz Frantziako sareak dioenez, behar da gutieneko erabiltzaile kopuru bat partekatu autoa errentagarria izan dadin: 25 erabiltzaile autoka. «Asmoa da irauten duen zerbitzu bat izan dadin, zinez erabiliak diren autoekin. Ez gara ariko auto ezartzen, komunikatzen eta diru altxatzen, gero ez erabiliak izateko», erran du Robillardek.
Helburua baita bideetan diren autoak gutitzea. «Gure xedea da norbanakoen autoak ttipitzea eta jendea garraio eztietara iragatea: bizikletaz, oinez eta garraio publikoz ibiltzea». Orain arteko esperimentazioen emaitzak hor dira. Diotenez, auto partekatuekin hasten direnetan, hamarretarik zazpik etxeko auto bat bederen kentzen dute; komunzki, familia bateko bi autoetarik bat.
Hiriko aparkalekuetan eragina baduela dio Robillardek: «Auto partekatu bakoitz, hiru aparkaleku inguru libratzen dira hiri batean, eta bost eta zortzi auto artean desagertzen». Gehiago dena, eragina omen du beste garraio motentzat. «Autoko giltzarik ez dugularik gehiago sakelan, gure mugimenduak gehiago gogoetatzen ditugu, eta autoa gutiago erabiltzen».
Profil bat nagusi
Harpidetzak balio du autoa hilabetean zortzi orenez erabiltzen bada. «Erabilpen aldi bat kario dela pentsa daiteke, baina ez duzu autoaren erabilpena baizik pagatzen. Etxeko autoa, gelditua delarik ere pagatzen duzu, denboraren %95 geldirik dagoelarik».
Citiz sarearen hamar bat urteko esperientziatik jakina da zer jende mota den zerbitzu horren erabiltzaile nagusia. Robillardek laburbildu duenez, hiritarra eta diru ahalak dituena: «40 urte inguruko gizona, lanean, kalifikatua eta erosahalmen onarekin». Dioenez, Aupak nahi luke noizbait jende xeheagoa ere hunki «prezio sozialagoak edo helgarriagoak» proposatuz. Mugikortasunen sindikatuarekin, Txik Txak garraio sareko harpidetuei auto partekatuaren aukera ere proposatzea izan daiteke abiapuntua.
Aupa kooperatibako zuzendariak eman erabilpen adibide bat da ondokoa: Lapurdi eta Bordele (Okzitania) artean lanean ari den bat, trena hartuko duena Bordelera joateko, eta harat eta, Citiz sareko auto bat baliatuko duena. Citiz sareak Frantzian dituen guneetako autoak erabiltzen ahalko ditu Aupan sartzen denak. Frantziari buruz itzulikatua bada ere, Robillardek dio ez dutela baztertzen Euskal Herri mailan aritzea egun batez. «Mugaz gaindikoari jada pentsatzen dugu. Adibidez, autoko erregaia pagatzeko kartarentzat baieztatu dugu mugaz bi aldeetako gasolindegietan baliatzen ahalko dela». Badakite Bilbon badela mota bereko zerbitzu emaile bat, eta Robillardek ez du baztertzen, egun batez, zerbait gertakari antolatzea elkarrekin.
75.000 euroko kapitala du helburu Aupak, eta erdiestekotan da. Kooperatibako partzuer saria 200 eurotan jarri du.
Aurkezpen bilkura bat antolatu du bihar, Baionako Biltxoko elkartearen egoitzan, 10:00etan.
«Elikagai batzuen esportazioa mugatu behar da»
Zer egin dezake pertsona batek ur kontsumoa murrizteko?
Nekazaritzak eta bereziki animalia jatorriko produktuek dute aztarna hidrikorik handiena. Dieta begetarianoak %40 murrizten du hori. Baina uraren ikuspuntutik eraginkorra izateko, gertuko produktuekin eta ur eskaera handirik ez duten barazkiekin-eta egin behar da. Elikaduran ez ezik, arropetan ere ur asko galtzen da; kotoi produkzioan, adibidez. Hala, arropa luzaroago erabiltzea edo berrerabiltzea irtenbide ona izan daiteke. Eta energietan ere ur asko kontsumitzen da.
Posible al da aztarna hidrikorik ez izatea industrian?
Industriak erabat zirkularrak diren negozio ereduetara pasatu daitezke urari dagokionez. Teknologikoki bideragarria da. Hala ere, ura merkea, doakoa eta gutxietsia denez, zirkulartasunaren aldeko argudioa eta apustua ahula izaten da.
Nekazaritzaren helburua zein izan beharko litzateke?
Ur berdearen [euri urak] erabilera maximizatzea, ez baitu bestelako giza erabilerarik, eta ur urdinarena [biltegiratutakoa] minimizatzea. Zirkulartasuna ere oso garrantzitsua da. Adibidez, erabilitako ur batzuk nekazaritzan berrerabil daitezke, aurretik araztu ondoren.
Eta abeltzaintzan zer?
Haragi kontsumoa ez ezik, abeltzaintza eredua ere funtsezkoa da. Haragiaren aztarna hidriko handiena pentsuen ekoizpenetik dator. Abeltzaintza estentsiboan, abereek pentsu gutxiago jaten dute, eta ura belardietatik jasotzen dute askatik edan beharrean.
Zer egin dezakete gobernuek?
Gauza asko. Barne kontsumoan ekoizpen eraginkorrak arautzea eta sustatzea, nekazaritzan ur kontsumoa murrizteko teknologiak bultzatuz eta diru laguntzak emanez, edo eraginkortasunaren araberako ur erabilerarako baimenak emanez, adibidez.
Ur arazoak dituzten herrialde batzuek ur asko behar duten produktuak ekoizten dituzte. Jasangarria al da?
Gai delikatua da, herrialde batzuetan esportatutako produktuek lanpostu asko sortzen dituztelako eta diru sarrera handia direlako. Baina hori esanda ere, nazioarteko merkataritza fluxu horietako asko berrikusi behar dira. Nire ustez, ur asko kontsumitzen duten produktuen esportazioa mugatu behar da.
Baina egingarria ikusten duzu?
Gobernuek aukera dute merkataritza akordioak egiteko eta merkataritza bazkideak aukeratzeko, eta, adibidez, muga zergak jartzeko, beste lehengai batzuekin egiten dute moduan. Baina uraren ikuspegia ez da merkataritza erabakietan txertatzen, eta hala izan beharko luke. Ez da jasangarria Alemanian errazago ekoiztu ahal den fruitu edo barazki bat ur arazoak dituen beste herrialde batetik esportatzea.
Uraren gaia nazioarteko agendan dagoela uste duzu?
Ez behar beste, baina kezka badago. Martxoan, Nazio Batuen Erakundeak urari buruzko konferentzia bat antolatu zuen, berrogei urtean eginiko lehena, eta milaka lagun elkartu ziren han. Seinale argia izan zen.