Lau urte eta zazpi hilabete arteko espetxe zigorrak eskatu…
Tubacexeko lan gatazkan auzipetuek, horien senide eta lagunek, Tubacex enpresako langile batzordearen eta Erresistentzia Kutxaren babesarekin jakinarazi dutenez, ekainaren 15ean eta irailean epaituko dituzte enpresa horretako lan gatazkagatik auzipetu dituzten langile gehienak. Lehen epaiketan, ostegunean Gasteizen, Tubacexeko langile bat epaituko dute, eta 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute harentzat 2021eko otsailaren 23an lantegi atarian izandako protesta batengatik. Langile batzordeak gogoratu du egun horretan ertzainen jarrera «orokorrean oso bortitza» izan bazen ere, arratsaldean areagotu egin zela «nahiz eta mobilizazioaren istiluak amaituta zeuden», eta orduan atxilotu zutela langie hori. Gainera, Ertzaintzak betirako lesioa eragin ziola besoan gaineratu du.
Iraileko epaiketan Aiaraldeko beste enpresa batzuetako langileak epaituko dituzte, eta horietako bakoitzarentzat lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak. Beste bi langile ere epaiketa zain daude, eta langile batzordeak salatu du espetxe zigor guztiak batuta hogei urte baino gehiagoko zigorra eskatu dutela langileentzat. Langile batzordeak azpimarratu du Tubacexeko langile direnen eta ez direnen arteko bereizteko egin duela fiskaltzak, baina leporatzen zaizkien gertaerak antzekoak direla. «Horien helburua da saltzea protestetan gertatutako istiluak grebarekin zerikusirik ez zuten herritarrek eragin zituztela, baina borroka honetan egondako presentzia arrotza bakarra poliziarena izan da, tentsio une guztien arduraduna».
Tubacexeko langileen grebarekin elkartasuna adierazi zutenen kontrako «muntaia poliziala» ere salatu du langile batzordeak gaur eguerdian egin duen agerraldian. Epaiketen helburua jendea beldurtzea dela nabarmendu dute han bildutakoek, eta gaineratu dute lan gatazketan langileek herritarren babesa ez jasotzea dutela helburu. Tubacexeko langilek auzipetu guztien alde mobilizatuko direla iragarri dute, eta ostegun honetan hasiko dira: 09:30ean bilkura bat egingo dute Gasteizeko auzitegiaren atarian. Udan gainerako auzipetuan aldeko mobilizazioak iragarriko dituzte.




