Sute bat piztu da Eneritz, Muruzabal, AƱorbe eta Obanos…
Sute bat piztu da goizean Nafarroako Izarbeibar ibarrean. Zehazki, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietako lurrak ari dira erretzen. Jada bildutako zerealen lur batzuk eta pinudi bat erretzen ari dira. Ez da inor zauritu. Laurehun ardi atera dituzte Añorbeko eskorta batetik, badaezpada. Sutea oraindik kontrolatuta ez dagoen arren, Nafarroako Gobernuak baieztatu du arratsaldean egoerak hobera egin duela, eta ez dagoela inongo arriskurik garrak herrietara iristeko. Nafarroako Suhiltzaileek 11:50ean jaso dute sutearen abisua; Eunateko Andre Maria elizatik gertu piztu dela uste dute. Lau helikoptero eta karga hegazkin bat bidali dituzte bertara, bi Nafarroako Gobernuarenak eta beste biak Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarenak. Obanosko igerilekua itxi egin dute, helikopteroek bertatik ura hartu ahal izateko. Helikopteroez gain, Nafarroako Suhiltzaileak, Foruzaingoa eta Guardia Zibila lanean ari dira sua itzaltzeko. Cordovillako, Lizarrako, Tafallako eta Zangozako baso brigadak bertara joan dira. SOS Nafarroak X sare sozialean zabaldu duenez, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren suhiltzaileak ere bidali dituzte, Errioxatik (Espainia) Nafarroara. Inguruko nekazariei traktoreekin laguntzeko eskatu diete, suebakiak egiteko. Nafarroako Gobernuak, 13:25ean, Nafarroako basoen suteetarako larrialdiko Babes Zibileko Plan Bereziko bigarren egoera operatiboa martxan jarri du. SOS Nafarroak azaldu duenez, plana abian jarri dute «Obanosen, Muruzabalen eta Eneritzen dagoen sutearen inguruko datuetan oinarrituta». Gehitu dute gerta litekeela planean agertzen ez diren baliabideak behar izatea sutea itzaltzeko. 2022an sute handia izan zen eremu horretan bertan. Hustu egin zituzten Obanos, Legarda, Muruzabal, Belaskoain, Zabaltza, Bidaurreta, Etxarri, Ziritza eta Ubani herriak. Garesko Udalak tokia egokitu zuen herri horietako herritarrei aterpea emateko: Legarda eta Muruzabaletik ebakuatutako herritarrak Garesko frontoira eraman zituzten, baina gero bertatik atera zituzten, sugarrak herrira gerturatzen ari zirelako. Artaxoa eta Larrarte artean ere beste su bat piztu da arratsaldean, laborantza lurretan hori ere, eta NA-6020 eta NA-132 errepideak itxi behar izan dituzte. Presazko foru araua Nafarroako Gobernuak presazko foru arau bat onartu du arratsaldean, eta datozen bero egunetan hainbat jarduera debekatu ditu. Zehazki, urbanizagarriak ez diren lurretan ezingo da egin sua erabiltzea dakarren nekazaritza, basogintza edo bestelako jarduerarik, ezta suteak sortu ditzakeen tresnarik erabili ere. Gobernuak azaldu duenez, gaur bertan sartu da indarrean arau hori, eta gobernuak berak hori ezabatu arteko iraunaldia izango du. Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak «lasaitasun» mezu bat bidali du hedabideen aurrean; berretsi du sua ez dela zabaldu jendea bizi den eremuetara, eta gehitu du ez dagoela horretarako arriskurik. Gauez bulldozer-arekin —lurra mugitzeko makineria— lanean jarraituko dutela esan du, eguzkia sartzean ezingo baitute hegazkinekin eta helikopteroekin lanik egin. Bestalde, Foruzaingoa sua nola piztu den ikertzen ari dela azaldu du. «Muturreko» arriskua Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, sute arriskua «muturrekoa» da gaur ia Nafarroa osoan, oso handia izango da bihar, eta muturrekoa berriro etzi. Suteak sor ditzakeen edozein jarduera saihesteko gomendatu du SOS Nafarroak. Landa eremuetako suteetan nola jokatu ere azaldu du. Hasteko, 112 telefonora deitzea eta babes neurriak hartzea aholkatu dute. Neurri batzuk zehaztu dituzte: sugar handiko sute batean irtenbide bakarra azkar ebakuatzea dela azaldu dute; garrantzitsua da haizearen kontrako norabidean ihes egitea, keak ez itotzeko; ahal izatekotan, maldan behera, sua azkar igotzen baita maldan gora; eta egokiena eremu irekietara jaistea da, errepideetara, esaterako, baina baita jada erreta dauden eremuetara ere. Ke asko badago, ahoa eta sudurra arropa hezearekin estaltzea aholkatu dute. Uztailean 175 sute izan ziren Nafarroan, gobernuak emandako datuen arabera; gehienak, sute txikiak. Nabarmentzekoak dira uztailaren 11n Uxuen gertatutakoa eta uztailaren 22an Beltzuntzen izandakoa. Bi kasuetan, uzta biltzeko makinek su hartu zuten, eta hemezortzi hektarea eta 3,6 hektarea erre ziren, hurrenez hurren. Larriena, baina, uztailaren 27koa izan zen: sua fardel makina batean sortu zen, eta 32 hektarea erre zituen.