Saizek onartu du denbora gutxi izateak funtsen planifikazioa baldintzatu…
Txostenean, Kontu Ganberak ahulguneak eta indarguneak identifikatu ditu gobernantza sisteman, gardentasunean, kontrolean, giza baliabideen arloan edo kudeaketa ereduan. Atzemandako okerren kasuan, hainbat gomendio eman dizkio gobernuari. Adibidez, uste du funtsen kontrolaz arduratzen den Esku Hartze Zuzendaritza Nagusia ez litzatekeela arduratu behar departamentuen jardueren koordinazioaz. Aholkatu du bi funtzio horiek bereizi egin beharko liratekeela. Gardentasun arloan, salatu du ezarri diren neurriak nahikoak ez direla, eta kontratuen inguruko informaziorik ez dagoela. Adierazi dute ere erraztu beharko liratekeela funtsen inguruko informazioa jasotzeko bideak.
Horren aurrean, Navarra Sumak eskatuta, Elma Saiz izan zen legealdiko azken batzordean. Kontseilariak gogora ekarri zuen Europako funtsen prozeduraren konplexutasuna herrialde bat Europako Batasunean sartzearekin parekatu daitekeela, eta gaineratu du kudeaketa eredua berria dela Nafarroarentzat zein Europako Batzordearentzat. Haren hitzetan, «politika publikoak aztertzeko orduan muturreko aldaketak dakartza»: araudiaz eta egindako gastuaz gain, lorpenak neurtu nahi dituzte mugarrien eta lorpenen bidez. Saizek azaldu zuen politika publikoak aztertzeko modu hori luzarorako izango dela, eta beste hainbat arlotan ere erabiliko dela.
Sainzek esan zuen aintzat hartu dituztela Kontu Ganberak azaldutako ahulguneak eta emandako gomendioak. Hala nola onartu zuen gabeziak dituela funtsen errealitatearen berri emateko sistemak. «Ez da aski esatearekin hobetu egin daitekeela. Aitortzen dut gabeziak ditugula diru laguntzak abian diren proiektuei lotutako kontratuak identifikatzeko orduan, baina gabezia horiei aurre egiteak eskatzen du aldaketa esanguratsuak egin behar direla egungo kudeaketa sisteman».
Funtsen datuei dagokienez, nabarmendu zuen Nafarroak espero duela 482,2 milioi euroko finantzaketa jasotzea. Lehen hiruhilekoko datuen arabera, 364 milioi euro jasotzea baimendu dute, eta horietatik jada abian dira 277 milioi euro. Ganberak aipatzen zuenez, emandako laguntzen artean hiru departamentutan erabilitako diru kopurua oraingoz ez da %5era iristen.
Navarra Sumako Javier Ansak salatu zuen Saiz «kudeatzaile txarra» izan dela, eta funtsen gestioa «handi» geratu zaiola. Geroa Baiko Mikel Asiainek eskatu zion «lehenbailehen» ezar ditzala ganberak emandako aholkuak. EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, Kontu Ganberak «ohartarazi» egin dio gobernuari, eta hark autokritika egin behar luke.
EAEn, 1.784 milioi euro
Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, 1.784 milioi euro banatu ditu jada Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horren erdia (895 milioi euro) Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du zuzenean, eta gainerakoa Madrilek bideratuko du. Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxasoren arabera, hasieran egindako «aurreikuspenik baikorrenak» gainditu dira.




