Erreserba Federalak 0,25 puntu igo ditu interes tasak, bankuen…

Erreserba Federalak 0,25 puntu igo ditu interes tasak, bankuen krisiari entzungor eginda

Fernandez de Barrenaren arabera, iaz apaldu egin zen kontsumitzaileek supermerkatuekin duten fideltasuna: «Prezioen igoera handi horren ondorioz, kontsumitzaileen portaera aldatzen ari da. Fideltasun txikiagoa dute, eta gehiagotan joaten dira supermerkatuetara, aldi bakoitzean erosketa saskia gutxiago beteta».
«Kontsumitzaileen erosketa saskia merkatzeko» 23 milioi euro inbertitu zituzten iaz deskontu kupoietan eta antzeko promozioetan, eta 2023an %20 gehiago inbertitzea aurreikusten dute. Frantziako supermerkatu kateek hilabete hasieran iragarri zuten produktu merkeagoen sorta bat eskainiko zutela, eta, halako neurriak hartuko dituzten ala ez galdetzean, Fernandez de Barrenak adierazi zuen prezioak merkatzeko aldaketak «balore katearen puntu guztietan» egin behar direla, administrazioaren laguntzaz: «Salmenta prezioak ezin dira askorik merkatu balio katea ahuldu gabe. Kontuz ibili behar da hartzen diren neurriekin; guk promozioan inbertitzen jarraituko dugu».
Frantziako zazpi petrolio findegietako langileak greban dira, eta, CGT sindikatuaren arabera, astelehenaz geroztik ez da gasoliorik eta ezantzarik (gasolina) atera handik. Zazpiak daude geldituta edo gelditzeko bidean. Findegietatik erregaia ez ateratzeak eragin du tentsioa banaketa katearen erdiko katebegira igarotzera: biltegietara.
Horietan ere langile asko greban daude, eta beste batzuk blokeatuak dituzte grebalariek. Horrek lehen hornidura arazoak eragin zituen asteburuan, batez ere Proventzan eta Bretainian. Loira Atlantikoan, esaterako, zerbitzuguneen %37k zuten astelehenean erregai eskasia, eta %30,6 ziren haren iparraldera dagoen Ille-et-Vilaine departamenduan. Hornidura handitzeko asmotan, Barne Ministerioak Polizia bidali zuen astelehen gauean Dongesko erregai biltegia desblokeatzera, Sant-Nazer ondoan (Bretainia).
Hexagonoaren beste muturrean, Rodanoaren Ahoak (Okzitania) departamenduan, Trantsizio Energetikorako Ministerioak lan egitera behartu ditu Fos-sur-Mer herriko biltegiko txanda bakoitzeko hiru langile. Sindikatuak mobilizazio hori eragozten eta erregaiz betetako kamioiak gerarazten saiatu ziren atzo, baina aurrez aurre egin zuten talka CRS poliziekin, eta zaurituak izan ziren haien arteko borroketan.
Marseillatik gertu dago biltegi hori, eta Proventza-Alpeak-Kosta Urdina ez ezik, Okzitania eskualdeko ekialdea eta Lyon ingurua ere hornitzen ditu, azken hori oliobide baten bitartez. Inguru horretan ere eskasia zabaltzen ari da: Rodanoaren Ahoak departamenduan gasolindegien erdietan erregai bat falta zen, eta hirutik batean ez zegoen ezer.
Iparraldean, arazo gutxi
Eskasia ez da oraingoz Ipar Euskal Herrira iritsi. Datu ofizialen arabera, Pirinio Atlantikoak departamendu osoan ehun gasolindegitik batek soilik zituen arazoak astelehen arratsaldean. Autobideetan jarri du arreta prefetak: blokeatzea eragotzi nahian, Lapurdiko ordainlekuetan geratzea debekatu du.



Europako Banku Zentralak, AEBetako Erreserba Federalak, eta Ingalaterrako, Japoniako eta Suitzako bankuek oharrak kaleratu zituzten atzo goizean. Guztiek gauza bera esaten zuten: elkarri dirua uzteko bideak arinduko dituzte. Salbuespenezko akordioa da, eta astelehenean jarriko dute indarrean. Erabakiari neurria hartzeko: 2008an adostu zuten azkenekoz antzeko babes bat, krisiaren garairik gordinenean.
Credit Suissek hondoa jo izanak argi gorriak piztu zituen, eta erreakzionatzeko premia ikusi zuten. Christine Lagarde EBZko presidenteak jarri zizkion hitzak lasaitasun mezu sinboliko horri: «EBZ ondo hornituta dago finantza sistemari likidezia ziurtatzeko eta diru politikaren transmisioa bermatzeko». Alegia, behar bada dirurik ez dela faltako. Nabarmendu zuen merkatuak etengabe aztertzen ari direla, eta «behar bezala» erantzuteko prest daudela: «Euroguneko bankuek kapital ahalmen handia dute».
Lagarde arratsaldean mintzatu zen, baina banku zentralen akordioa goizean izan zen, eta Europako hainbat bankuren akzioen prezioak egun osoan zer bilakaera izan zuen ikustea baino ez dago ondorioztatzeko neurriak eragina izan zuela. Suitzako krisiak kutsatuta, jaitsiera handiak izan zituzten gehienek goizean, eta, ordu batzuk geroago, positiboan amaitu zuten.
UBS Suitzako banku eroslearen akzioen balioa, esaterako, %13 apaldu zen goizean goiz Zuricheko burtsan. Arratsalderako, aldiz, ostiralean baino %1,2 gehiago balio zuten. Deutsche Bank eta Commerzbank Alemaniako bankuek ere bestondo handia izan zuten: %10eko eta %8 jaitsierak, hurrenez hurren. Arratsalderako, baina, bien akzioak ostiraleko prezio bertsuan ziren. Italiako eta Frantziako bankuek antzeko bilakaera izan zuten. BNP Paribasek, esaterako, %6,4ko galera izan zuen goizean, eta %1,5eko igoerarekin amaitu zuen. Datuak, dena den, tentuz hartu behar dira, iragan astea beltza izan baitzen bankuentzat.
Erreskate pribatua
Credit Suissek berak ere gora egin zuen egunak aurrera egin ahala, baina harentzat ez zegoen hondamendia eragotziko zuen neurririk. Goizean, akzioen balioa %64 apaldu zen ostiralekoarekin konparatuz; amaieran, %57 inguru. Iragan ostiralean 1,86 euro balio zuten akzioak 0,76 euroan erosi zituen herenegun UBSk. Atzo goizean, berriz, 0,67 euro balio zuten, eta, arratsaldean, 0,81 euro.
Credit Suissek hondoa jo zuen iragan ostiralean, eta Suitzako Gobernuak asteburu osoan jo eta su lan egin zuen herrialdeko bankurik handienetan bigarrena desager ez zedin. Azkenean, UBSrekin akordio bat lortu zuen, hark eros zezan. 8.000 milioi euro balio zuen Credit Suissek, eta UBSk 3.300 milioi euroan erosi du. Horren truke, gobernuak 9.000 milioi euro emango dizkio aktiborik arriskutsuenekin izan dezakeen galerari aurre egiteko, eta Suitzako Bankuak 100.000 milioi euroko likidezia lerro bat hitzeman dio. UBSko buruek jada iragarri dute kaleratzeak egingo dituztela Credit Suissen. Xurgatutako bankuak 50.000 langile ditu.
Frantziako Gobernuak zentsura mozioak gainditzeak esan nahi du onartuta geratu dela Ipar Euskal Herrian eta Frantzian erretretaren adina 62 urtetik 64ra atzeratzen duen legegaia. Ez da, ordea, automatikoki indarrean jarriko, horretarako Emmanuel Macron presidentearen sinadura behar baita. Ez sinatzeko eskatu ditu oposizioak, herritar gehienak aurka daudelakoan.
Onartua izan arren inoiz indarrean jarri ez den lege baten aurrekari bat badago: CPE kontratuarena. 2006ko apirilaren 2an agertu zen agerkari ofizialean, baina Jacques Chirac orduko presidenteak egun gutxira erabaki zuen zakarrontzira botatzea, haren aurkako protestak apaltzen ez zirela ikusita.
Kontseilu Konstituzionalak ere erabaki dezake behin-behinean erreforma geraraztea. Oposizioko alderdiek harengana joko dutela iragarri dute, prozedura arazoengatik. Izan ere, gobernuak, eztabaida laburtu nahian, Gizarte Segurantzaren finantzaketa legearen zuzenketa gisa planteatu zuen, eta ez lege proiektu arrunt baten gisa.
Bada beste bide bat erretretaren adin ofiziala 62 urtetik 64ra atzeratzen duen erreforma gerarazteko: erreferenduma. Ez da espero halakorik egitea Emmanuel Macron presidenteak, ia ziurra baita alde handiz galduko duela. Baina Nupes ezkerreko koalizioak ekinaldi partekatuko erreferendum bat bultzatu nahi du. Hori egin ahal izateko, 185 parlamentariren eta 4,7 milioi hautesleren sinadura beharko luke. Luze jo dezakeen bide bat da, baina dagoeneko abian da. 250 diputatu eta senatarik erreferenduma abiarazteko baimena eskatu zioten atzo arratsaldean Kontseilu Konstituzionalari berari. Ez da ziurra baimena ematea, araudiak esaten baitu lege batek gutxienez urtebetez egon behar duela indarrean hari buruzko erreferendum bat egin nahi bada.
Borneren kargua, kolokan
Mozioak garaitu dituen arren, egoera ahulean geratu da gobernua. Erretretaren erreformaren moduko aldaketa handi eta eztabaidatu bat parlamentuaren bozketarik gabe onartu izanak sutan jarri ditu kalean erreforma salatu dutenak, baina, gainera, are gehiago bakartu ditu politikoki Macron eta haren ingurukoak.
Bereziki ahula da Borneren posizioa. Hala ere, lehen ministroak iragarri du ez duela gobernua geraraziko, eta jarraitu egingo duela lege proiektuak aurkezten eta parlamentura eramaten. Karguan jarraituko balu ere, ikusteko dago zer aukera duten proiektu horiek aurrera egiteko. Gehiengo osorako ia 40 diputatu behar ditu, eta argi geratu da nekez fio daitekeela boto horiek eman diezazkiokeen LR alderdiarekin.
Haien buruzagitzarekin negoziatu eta adostu zuen erretretaren erreforma, baina talde parlamentarioaren erdiaren sustengua baizik ziurtatzerik ez zuenez, bozketa egiteko arriskurik ez hartzea erabaki zuen Macronek. Mozioak LRko hemeretzi diputatuen babesa jaso izanak erakusten du eskuineko diputatu asko ez daudela buruzagitzaren aginduak jasotzeko prest, eta gobernua botatzea dutela lehentasun.
Bozketaren ondoren, Marine Le Pen RNko buruzagiak Borneren dimisioa galdegin zuen. Bide horretatik jo zuen Mathilde Panot LFI Frantzia Intsumisoko talde parlamentarioko buruak ere: «Gobernua jada hilda dago frantziarren begietara. Ez du inolako legitimitaterik».
Krisi politikotik ateratzen saiatzeko modu bat izan daiteke Macronek Borne botatzea, baina analista askok nabarmendu dute ezer gutxi konponduko lukeela egoera, presidentearen beraren jarrera delako adostasunerako oztopoa. Macron atzo iluntzean bildu zen Bornerekin, eta gaur goizean jasoko ditu bere aldeko hiru alderdiak. Hurrengo egunotan hitz egitea espero da.