Bi zauritu, horietako bat oso larri, Tubos Reunidosen izandako…

Bi zauritu, horietako bat oso larri, Tubos Reunidosen izandako istripu batean


Diozu zure ibilbidean ez duzula emakumerik ikusi obra lanetan. Horrenbesterako al da egoera?
Bai, errealitatea hori da. Eraikuntzetan eta berrikuntzetan, obran bertan, ez dago emakumerik. Ez daude, ez dira sektore horretara iritsi. Badaude obretan lan egiten duten emakume kualifikatuak, arkitektoak eta aparejadoreak esaterako. Lanen proiektuetan eta zuzendaritzan daude gehienbat, laneko segurtasun eta osasun arloan asko. Koordinazioan ere gero eta gehiago daude, baina peoirik apenas dagoen.
Obra lanetan %1 direla diozu.
Eraikuntzako talde guztiak kontuan hartuta %8 dira, oso portzentaje txikia, baina obra lanetan batez beste %1 baino ez dira. Hala ere, azpikategoria batzuetan, zurgintzan, soldatze eta hormigoi lanetan, adibidez, Espainia osoan ez du emakume bakar batek ere jarduten. Emakume gehien dabiltzan azpikategoriak elektrizitatea eta margoketa dira, baina %1,5era iristen dira soilik.
Zure ustez, zergatik daude hain emakume gutxi?
Ikerketan azaldu dudan bezala, hainbat kontugatik da egoera horrelakoa. Oraindik ere uste da eraikuntzan peoi gisa lan egiteko indar fisiko handia eduki behar de, eta, horrekin lotuta, beste uste bat da emakumeok ezin dugula indar hori lortu. Aurreiritzi horiek eragiten dute emakumeak gerturatu ere ez egitea eraikuntzaren mundura. Ez dute aukera gisa buruan.
Ikerketa hau egiteko ideia izan nuenean, gertutik jakin nahi nuen emakumeak zergatik ez diren lan esparru horretara hurbiltzen, baina zaila izan zen, zehaztu gabeko eremu bat baita. Horregatik, eraikuntzan lan egiten duten emakume gutxi horietako lau elkarrizketatzea lortu nuen, haien bizipenen eta zailtasunen berri jakiteko.
Asko aldatu al da eraikuntza lana?
Nahiz eta azkenaldian bilakaera bat egon den genero rolen inguruan, eraikuntza lanen pertzepzioan badirudi gizarte iruditerian izoztu egin dela nolakoa den eraikuntza lana. Gizartearen usteak ez du zerikusirik errealitatearekin: teknologiaren aurrerapenengatik eta tresna espezifikoen erabilerarengatik, gaur egun ez da hain garrantzitsua indarraren erabilera. Zikintasuna, zarata… Asko aldatu da dena, makineria batez ere, eta asko erraztu du peoien lana.
Eraikuntzako langile batean pentsatzen badugu, denoi etortzen zaigun irudi bat, gizon indartsu eta zakarrarena. Beste lanbide batzuen inguruko ustean bilakaera egon da, nekazaritzan adibidez; eraikuntzan, ordea, ez.
Uste duzu beldurra ere badagoela?
Horrek ere aurreiritziekin du zerikusia, emakumeak beldurtiagoak garela oso errotuta baitago gizartean. Gainera, obran lan egiteko, ez duzu ausarta izan behar, zuhurra baizik, eta segurtasun araudia betetzea da garrantzitsuena. Hori eginez gero, arriskuak izugarri murrizten dira.
Ni, adibidez, aldamiora igotzen naiz askotan, eta ezagutzen ditudan emakumeek esaten didate: «ni ez nintzateke igoko». Egia da ez dela bulegoko lan baten modukoa, baina ez ditu eskatzen emakumeok emakume izate hutsagatik lortu ezin ditugun ezaugarriak. Eta kontu handia izan behar dugula esanez hezten bagaituzte emakumeok txikitatik, gizonek orokorrean ez dituzten oztopoak izango ditugu aurreantzean ere.
Lana sexuaren arabera banatzen dela, hori dago atzean?
Lanaren antolaketa baino gehiago, bizitzaren antolaketa ere bada. Etxeko gizona lanera ateratzen zen, eta emakumea etxean geratzen zen etxeko lanak eta zaintzakoak egiten; aspalditik dator hori. Gainera, gizonaren lanari balio handiagoa eman zaio emakumearenari baino. Zaintza lanei balioa kendu zaie, eta horretarako ezaugarri bereziak ditugula egotzi izan digute emakumeoi.
Sabai baten beharra giza espeziearen hasieratik egon da, eta eraikuntza lanak ordutik datoz. Garai horretan indar handiagoa behar zen, eta, besteak beste, horregatik ez dute emakumeek hainbeste parte hartu lan horietan. Ordutik, emakumeoi ez digute lan horietan aritzen utzi, eta egun ez gaituzte bultzatzen horretan jarduteko.
Desoreka hori al da emakumeen eta gizonen errentaren arteko egungo ezberdintasuna?
Lan feminizatuak beti egon dira gutxietsita, eta eraikuntzan guztiz kontrakoa gertatzen da, oso maskulinizatuta baitago, eta askoz hobeto ordainduta dago. Etxeko langileek gutxieneko soldata irabazten dute, urtean 13.500 euro inguru 2021ean, eta eraikuntzako oinarrizko peoi batek urtean 23.000 euro, Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmen Kolektiboaren arabera. Etxeko langileek baino ia %70 gehiago irabazten dute eraikuntzako langileek; gainera, kontuan hartuta kualifikatu gabeko lanak direla biak. Astakeria bat da, bai soldaten arteko arrakala, baita eraikuntza lanetan emakumeak %1 izatea ere.
Gainera, enpresaburuek diote langileak falta direla.
Hala da, merkatu aukera bat da eraikuntza. Lanean etengabe entzuten dut ez dagoela eskulanik. Eraikuntzak emakumeak behar ditu obran lanean, eta biztanleen erdien indarra ari da alferrik galtzen. Beharrezkoa da egoera hau argitara ateratzea. Bertan sartuta dauden alde guztien indarrak batu beharko lituzke arazo horrek, egoera aldatzeko. Hala ere, badirudi inor ez dagoela kezkatuta gai honekin. Egoera are kezkagarriagoa da, datuek erakusten baitute ez dagoela inolako bilakaera positiboren zantzurik.
Argi dago merkatuak ez duela bere kabuz aldaketarik egingo, ez dago hori pentsatzeko arrastorik. Gainera, salbuespenak salbuespen, ez dago emakumeak eraikuntzan sartzea bultzatzeko saiakerarik.
Zeintzuk dira salbuespenak?
Ikerketa egiteko jaso ditudan testigantzetan ikusi dut eraikuntzarekin zerikusia duten formakuntza zikloetara iristen diren emakume urriei atzera eginarazten dietela irakasleek ere. Zurginak, adibidez, kontatu zidan praktikak egiteko orduan tailer batera bidali beharrean egur biltegietara bideratzen saiatzen zirela. Peoiak ere antzeko zerbait kontatu zidan, irakaskuntza zentroek ez dietela behar duten laguntza ematen; are gehiago, galgatu egiten zituztela. Horrez gain, diote izugarri kostatu zitzaiela praktikak egiteko enpresa bat aurkitzea.
Hori dela eta, Eraikuntzako Lan Fundazioak Europako proiektu bat du, eta emakumeak sektorera gerturatzen saiatzen dira ikasleengan eta irakasleengan eraginez; esan bezala, askotan irakasleek berek jartzen baitizkiete oztopoak.



2020 amaieran, hurrengo belaunaldirako estrategia aurkeztu zuenean VW taldeak, ibilgailu elektrikoen eta autonomoen aldeko apustu irmoa egin zuen. Hiru bateria fabrika eraikitzea aurreikusi zuen hasieratik: lehenengoa, Alemanian; bigarrena, Suedian; eta, azkena, Espainian. Hirugarren hautu hori baldintzatua izan zen, Europako funtsen araberakoa, baina halaxe sartu zituen apustu horren barruan Iruñeko eta Martorellgo Seaten lantokia. Ezin da hiruki hori ahaztu Iruñeko inbertsio historikoa aztertzekoan. Izan ere, Saguntuko fabrika erraldoia egiteak 3.000 milioi euro eskatuko ditu, eta Martorellgoak, beste 3.000 milioi.
Hain zuzen ere, Bartzelonako fabrikak irakaspen latza utzi du. Auto elektriko bakoitza ekoizteko ordu bat gutxiago behar denez, fabrikak kalkulatua du 1.500 lanpostu sobera daudela. Nafarroan ez da halakorik espero, azken urteetan motorrak ez direlako bertan egiten, eta, ondorioz, espero da egungo konbustio autoak egiteko behar den denboraren antzekoa izango dela; alegia, teorian, antzeko lanpostu kopurua beharko da.
Dena den, hori dena ikusteko dago. Orain, zuzendaritzaren eta hautatu berri den langileen batzordearen artean industria proiektuari buruzko xehetasunak negoziatuko dituzte, eta orduan ikusiko da zeintzuk diren VW taldearen asmoak. Erabakitzeko autonomia aldarrikatu nahi du Landabenek: ahalik eta auto gehien ekoitzi, enpleguei eta fabrikatik kanpoko hornidura parkeari eusteko. Kezka dago, iaz ikusi baitzen VW taldeak produkzioaren zati bat Bartzelonara eramatearekin joka dezakeela, hango enplegu galera konpentsatzeko. Susmatzen da, halaber, auto elektrikoari buruzko negoziazio politikoetan PSOEk aldagai hori mahai gainean jarri duela.
Gainera, hiru urte inguru beharko dira fabrika auto elektrikora egokitzeko, eta UGTko Alfredo Moralesek ohartarazi du «basamortuko zeharkaldi luzea» izango dela trantsizio epe hori. Ohiko produkzioa murriztu egingo da, eta horrek ondorioak izango ditu lan arloan. 2026ra onik iristeak ez du derrigorrez esan nahi hortik aurrerako bidea erraza izango denik. Garrantzitsua da Landaben etorkizuneko apustu horretan egotea, baina ikusteko dago baita ere merkatuak nola erantzuten dion apustu horri. Azpiegitura elektrikoak nabarmen azkartu beharko dira, bederen Europa hegoalde honetan, erosleek auto elektrikoak eros ditzaten. Europa iparraldean (Herbehereak, Alemania edo Eskandinavia) egoera bestelakoa da, eta, hain zuzen ere, Iruñeak VW eta Skoda markako auto elektrikoak ekoiztea bada etorkizun ziurgabe horretarako segurtasuneko koltxoi bat —Seaten aldean—.
Azkenik, beste seinale on bat da auto elektrikoetarako bateriak Landabenen muntatzeko pabiloi bat eraikiko dela. Hau da, bateriak ez dira osorik Saguntotik iritsiko. Funtzio hori hartzeak lanpostu batzuk sortuko ditu, baina, gainera, autonomia bat ziurtatzen dio Iruñeari, aurrerago hidrogenoaren aldeko hautu batera egokitu behar izanez gero.
Zuen ikerketaren arabera, 2016an 745.000 lagun hil ziren astean 55 ordutik gora lan egitearen ondorioz. Datu harrigarria da hori.
Hori da, urte hartan 745.000 lagun hil ziren iktus baten edo bihotzeko gaixotasun iskemikoaren ondorioz. Horiek guztiek astean 55 ordutik gora egin zuten lan. Hala ere, 745.000 heriotza tragiko horiek icebergaren punta baino ez dira. Lanaldi luzeek beste gaixotasun edo osasun arazo batzuk ere eragin ditzakete, baita lan istripuak izateko aukerak areagotu ere. Esaterako, 2016an 23 milioi lagunek desgaitasunen bat edo osasun arazoren bat garatu zuten lanordu asko egiteagatik. Gure ikerketaren arabera, hamar langiletik batek lanaldi luzeak ditu. Izugarri handia da kopuru hori.
Iktusez eta arazo kardiobaskularrez gain, zer bestelako osasun arazo eragin ditzakete lanaldi luzeek?
Lan jardunaldi luzeek estres psikologikoa eta fisikoa eragiten dute, eta estres horrek zuzeneko eta zeharkako ondorioak ditu. Batetik, estresa handia denean, garuneko zelulei eta arteriei kalte egiten dieten hormonak sortzen ditu gorputzak. Horrek zuzenean eragin dezake iktus bat edo istripu kardiobaskular bat.
Bestalde, lanaldi luzeek joera arriskutsuak eta kaltegarriak sustatu ditzakete. Adibidez, alkohol eta bestelako droga gehiago kontsumitu ohi dituzte lanordu asko egiten dituzten langileek, estres handiari aurre egiteko. Halaber, estres handiak ekar dezake elikadura gutxiago zaintzea, eta, noski, lanean ordu asko ematen baditugu, denbora gutxiago dugu kirola egiteko.
Azken urteotan telelana ohiko bilakatu da. Etxetik lan egiteak ba al du lanaldi luzeagoak egiteko arriskua?
Bai, zalantzarik gabe. Gure ikerketak ez du arlo hori ikertu, baina badaude zenbait ikerketa horren inguruan, eta, horien arabera, langileek ordu gehiago egiten dituzte lan etxetik ari direnean. AEB Amerikako Estatu Batuetako Ikerketa Ekonomikoaren Bulego Nazionalak egindako ikerketa baten arabera, COVID-19aren pandemian jendea etxetik lan egiten hasi zenean, %10 egin zuten gora langileen asteko lanorduek. Hau da, pandemiaren aurretik astean 50 ordu lan egiten zituen norbaitek 60 ordutik gora egiten zituen konfinamenduan.
Zenbat ordu egin beharko genituzke lan?
Astean 55 ordutik gora lan egiteak lotura hertsia du iktusekin eta arazo kardiobaskularrekin. Gainera, hainbeste ordu lan egitean, produktibitatea jaitsi egiten da. Beraz, osasungarriena astean gehienez 45 ordu lan egitea izango litzateke, eta, hobeki, 35 eta 40 ordu artean.
Lanordu luzeek osasun arazo berak eragiten dizkiete emakumeei eta gizonei?
Galdera interesgarria da hori. Gure ikerketan ez genituen datuak sexuaren arabera aztertu. Beraz, ondorioztatu genuen osasun arrisku berei egin behar dietela aurre lanordu asko egiten dituzten gizonek eta emakumeek. Are, litekeena da astean 55 ordutik gora lan egiten dutenen artean, gizonak gehiago izatea, oro har, gizonezko langile gehiago daudelako. Dena den, emaitza horiek badute muga handi bat. Izan ere, ikerketan ordaindutako lanak bakarrik hartu genituen kontuan. Ezin izan genituen ordaindu gabeko lanen datuak eskuratu, eta, horietan, emakumeak dira gehiengoa. Esaterako, etxeko lanak egiten dituzten emakumeak.
Lanaldi luzeak ohikoagoak dira sektore batzuetan besteetan baino?
Gure ikerketan mundu osoko 50 urtetik gorako langileak hartu genituen kontuan. Ez genituen datuak sektoreka aztertu, ez dakigu sektoreren bat bereziki arriskuan dagoen. Baina aintzat hartuta hamar langiletik batek lanaldi luzeen ondorioak jasaten dituela, ez da lan sektorearen araberako arazo bat, lanaldi luzeak mundu osoaren arazo bat dira.
Eta ba al dago alderik eremu geografikoaren arabera?
Munduko zenbait tokitan bereziki ohikoak dira lanaldi luzeak; Pazifiko mendebaldean eta Asia hego-ekialdean, adibidez. Gainera, eremu horietan daude populazio handiko bi herrialde: Txina eta India. Langile horietako asko pobreak izan ohi dira, eta lanaldi luzeak egin behar dituzte hilaren amaierara iristeko.