Bi eguneko greba Trapagarango Amazonen
Gaur egun, Bizkaiko garraio hitzarmena aplikatzen da Trapagaranen; LAB sindikatuaren arabera, «lan ezaugarrietara inola ere egokitzen ez den ituna». Haien lanaren errealitatera egokituko den hitzarmen bat nahi dute, soldatetan, txandetan, lanaldietan eta lan mailetan.
Era berean, azpikontratetan zentrorako banaketa lanak egiten dituzten langileen subrogazioa ere eskatu dute. Banaketako langile horiei Espainiako mezularitza hitzarmena aplikatzen zaie, eta horrek «ez ditu jasotzen Euskadiko errealitate sozialarekin bat datozen baldintzak». ELA sindikatuak ere bat egin du Amazonen deitutako greba eta mobilizazioekin.
Azaroaren 28an egin zuten greba egun bat Trapagarango biltegian, cyber monday egunez. LABen kalkuluen arabera, 20.000 bat fardel geratu ziren banatu gabe.



