David Morin sindikalista historikoa hil da, Bizkaiko CC.OO.ren sortzaileetako…

Este domingo ha fallecido a los 95 años David Morín Salgado, histórico sindicalista nacido en Getxo que consagró su vida al movimiento obrero.

Sektorea ataka estuan dela iritzi diote: ez soilik txofer gabezia gaur egun jada badagoelako, baizik eta langileen zahartzeak, lan baldintzen kaskartzeak eta belaunaldien arteko erreleborik ezak etorkizuna are ilunago egiten dutelako. «Ez dakit erakundeak, politikariak eta enpresetako arduradunak konturatzen diren zer datorkien gainera. Egoera kezkagarria da», ohartarazi du Sanchezek.
Brexit-ak azaleratu zuen sektorearen alarma oihua, 2021eko udazkenean, eta hornidura faltan ziren zerbitzuguneek nahiz supermerkatuek jarri zioten egoerari argazkia. Baina kamioilariak Europa osoan behar dira, nahiz eta pandemiaz geroztik erdizka ari diren ekonomiek atzeratu baino ez duten egin Erresuma Batuko irudi haiek beste herrialde batzuetara ere hedatzea. Izan ere, gidarien falta are agerikoagoa litzateke kontinenteko ekonomiak hazkunde betean egongo balira, adituen esanetan.
Soldatak eta baldintzak
Sanchezek 25 urte baino gehiago daramatza kamioilari gisa lanean, eta azaldu du azken hamarkadan nabarmen okertu direla lan baldintzak. Haren irudikoz, soldata da egungo oztopo handiena. «Lan honek dituen berezko ezaugarriak kontuan hartuta, gidariari ez zaio behar bezala ordaintzen. Soldata ez da erakargarria, eta inork ez du nahi baldintza horietan lan egin». Salatu du, halaber, soldatak ez baina kostuak asko handitu zaizkiela, eta marjinak «gero eta estuagoak» direla. «Ezin diozu kamioilari bati 1.600 edo 2.000 euro ordaindu. Gidari batek beste langile batek ez dituen kostuak ditu egunerokoan: bidesariak, gasolina, janaria… Edo handitzen dira bidaien ordainsariak eta soldatak, edo lanbide honenak egin du».
Soldataz gain, dena den, badira hobetu beharreko beste baldintza batzuk ere: ordutegiak, itxarote denborak, atseden guneak… Finean, sektorea erakargarriago egiteko oinarriak ezarri behar dira, Sanchezen esanetan. Eta horretan, erakundeek ere badute zeresana, haren hitzetan.
Beste oztopoetako bat estereotipoak dira. Lanbide ia erabat maskulinizatua izan baita kamioilariena; gizonezkoak dira eta izan dira txofer gehien-gehienak historikoki. Bilboko portuan aritzen diren 700 kamioilarietatik soilik bi dira andrazkoak, esaterako, Sanchezek azaldu duenez. «Emakumeek ere lasai asko egin dezakete lan hau. Ez du ahalegin fisikorik eskatzen; edonork egin dezake. Bizkaibuseko autobusak gidatzen dituzten gisan gidatu dezakete kamioi bat ere. Baina, hala ere, zaila da andrazko gidariak topatzea».
Uste du lanbidearen ezagutza falta handia dela, eta ez dela «benetako errealitatea» ezagutarazteko lanik egiten. «Guk orain gidatu baino ez dugu egiten. Ez dugu kamioia kargatzen edo deskargatzen, ez beste ezer egiten. Trajea jantzita etor gaitezke lanera!». Hain zuzen, Euskal Herrian aritzen diren kamioilari gehienak eguneko bidaiak egiten dituzte.
Gidabaimenaren trabak
Hala adierazi zuen Sonia Garcia Asetrabi Bizkaiko garraio patronaleko presidenteak ere iragan abenduan ere, sektoreko elkarteekin batera egindako agerraldi batean. Gazteei zuzendu zitzaien, eta «probatzeko» eta «beldurrik ez izateko» esan zien, sektorea «zabala» delako, eta lanak ere «oso desberdinak» izan daitezkeelako. «Agian gu ari gara sektoreari buruz gaizki hitz egiten», gogoetatu zuen. Kamioilarien lana «gehiago baloratu» eta gazteei sarbidea erraztu behar zaiela ere azpimarratu zuen orduan.
Izan ere, sektoreak behin eta birritan salatu du gidabaimena ateratzeak duen gehiegizko kostua. Hain justu, Lanbideren bitartez jasotako laguntza bati esker ari da Jon Gorospe kamioientzako gidabaimena ateratzen. 25 urte ditu, eta ez dauka goi mailako ikasketarik. «Irtenbide bat izan zitekeela pentsatu nuen; enplegua lortzeko beste bide bat».
Aitortu du Lanbideren laguntza ezinbestekoa zaiola gidabaimena ateratzeko, azterketen tasak baino ez dituelako ordaindu berak; hau da, 200 bat euro guztira —gainontzean, batez besteko kostua 2.000 eurotik gorakoa izan daiteke—. Hala eta guztiz ere, azpimarratu du prozesua uste baino nekezagoa dela, azterketez gain —lau dira guztira— beste ziurtagiri bat ere lortu behar delako.
Aurrez, ostalaritzan, sorosle moduan, eta biltegi batean ere aritu izan da lanean, eta garbitzaile gisa dihardu azkenaldian, kontratuka. «Iruditzen zait lan horietan edo antzekoetan aritzeko osagarria izan daitekeela, gutxi direlako kamioiak gidatu ditzaketenak. Helburu horrekin ari naiz gidabaimena ateratzen». Ibilbide luzeagoko lanik onartuko lukeen galdetuta, ordea, ez du hain argi erantzuna: «Ez dut inoiz neure burua kamioilari gisa irudikatu. Baldintzak gogorrak izan daitezke kasu horietan. Baina, nork daki, ez nuke baztertuko».
Gazteen Euskal Behatokiaren ikerketa baten arabera, 2019an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 eta 29 urte arteko gazteen %78,2 espero baino kategoria txikiagoko lan bat onartzeko prest zeuden, eta %78,8k onartuko lukete duten prestakuntza mailari dagokion ordainsaria baino txikiagoa jasotzea. Bi adierazle horiek handitu egin dira 2019tik 2021era; lehena, %78,2tik %85,6ra, eta bigarrena, %78,8tik %84,2ra. Hau da, lanik ez duten gazteek lan baldintzen inguruko pretentsioak jaitsi dituzte, eta lan merkatuan sartzea lehenesten dute gero eta gehiago.
Zenbaterainokoa da, baina, langile falta? 143.020 langabe daude egun Hego Euskal Herrian, eta bete gabe dauden lanpostuak, berriz, ez dira 10.000ra iristen.
Datu horien kontrakoak dira ugazaba batzuen kexuak eta hainbat telebista programaren eztabaida eta titular alarmistak. Oihana Lopetegi LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko idazkariak ez du ukatzen lanbide batzuetan eskulan falta dagoenik, baina uste du horren atzean dauden lan baldintzei erreparatu behar zaiela: «Eskulan falta badago, ikusi beharko da zer eskaintzen den, eta ea eskaintza horrek modua ematen duen bizitza duin bat izateko eta bizi proiektu bat garatu ahal izateko». Xabier Zabala ELAko Azterketa Bulegoko kideak patronalak eta enpresariak jo ditu gazteei egozten zaien horren erruduntzat, eta esan du haien kexak ez direla errealitatean ikusten: «Gazteei bota nahi izan zaie errua, eta, egiatan, errua haiena da. Lan baldintza txarrak eta soldata txikiak eskaintzen zaizkie».
Zedarriak enpresariei lotutako euskal plataformak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresariak kritikatu ditu azken txostenean, gazteei eskainitako kontratuengatik. Haien ustez, behin-behineko eta jardunaldi murriztuko kontratu gehiegi sinatzen dira, eta ez dituzte betetzen «oinarrizko beharrizanak». Horri aurre egiteko, gazteen kontratazioan kuotak ezartzea proposatu dute.
Iñaki Urrestik, baina, esan du eraikuntzaren sektorean lan baldintzak onak direla. Hilabete hasieran hitz egin zuen BERRIAk Ascobi-Bieba eraikuntzaren Bizkaiko patronalaren idazkari nagusiarekin, eta horren inguruan mintzatu zen: «Baldintza ekonomikoak beste sektoreekin alderatuta, ez dute zerikusirik: hobeak dira. Industrian baino hobeak, eta, zerbitzuen sektorekoen aldean, ezta gerturatu ere». Bestalde, eraikuntza lanen inguruko aurreiritziak eta «hesi mentalak» daudela uste du: «Irudi klasikoak kalte egiten digu: beste ezertarako balio ez duena, obrara. Eraikuntza azken aukeratzat hartzen da, baina egun teknologia asko dago sektorean».
Joan den udan, Espainiako ostalarien patronalak adierazi zuen iazko udan 100.000 lanpostu gehigarrien erdiak soilik bete zirela. Horren inguruan, Lopetegik dio ostalaritzan ikusten dutena lan baldintzek urraketa dela: «Sektore horren errealitatea da hitzarmena ez dela errespetatzen, egiten diren lan ordu guztiak ez direla ordaintzen eta desregularizazio handia dagoela». Antzera pentsatzen du Zabalak: eskulan faltaren zurrumurrua gehien udaren hasieran entzun zela iritzi dio, ostalaritzako enpresariek bultzatuta. Sektore horretan langileen eskubideen urraketa asko daudela uste du, eta arazoaren muina hor kokatu du.
Gazteen egoera datuetan
Azken urteetan behera egin du gazteen erosahalmenak, nabarmen. Izan ere, datu absolutuetan, soldatek behera egin dute 2010etik hona. Eusko Jaurlaritzak egindako Gazteen Emantzipazioa Laguntzeko 2030eko Estrategiaren arabera, 16 eta 29 urte artekoen batez besteko soldata 1.424 eurokoa zen 2010ean, eta 1.297 eurokoa, berriz, 2020an. Hala, azken hamarkadan, gazteen batez besteko soldatak 127 euro egin du behera hilabetean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina prezioak %10 handitu dira ordutik. Beste datu deigarri bat plazaratu zuen estrategiak: 2010 eta 2020 artean, gazteen %35,2k bakarrik irabazten zuten 600 euro baino gehiago hilabetean.
Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Hego Euskal Herrian, 25 eta 34 urte arteko gazteek urteko batez besteko soldata baino 2.820 euro gutxiago irabazten zuten 2008an, eta 5.925 euro gutxiago, berriz, 2020an.
Lopetegiren arabera, gazteen prekaritatea gero eta handiagoa da, eta kroniko bihurtzen ari da: «Gazteen espektatibak eta bizi proiektuak aldatzen ari dira, heldu ahala baldintzak ez baitira hobetzen. Lehen, gaztetasuna iragankorra zen, eta lan baldintzak hobetzen ziren denborarekin, baina hori ere aldatzen ari da». Topikoei tiraka, uste du egoera hori ez datorrela bat gazteen prestakuntzarekin: «Egungo gazteak inoiz baino prestatuago daude, baina horrek ez du bermatzen lanpostu duin bat izatea bizi proiektu bat garatu ahal izateko».
Langabeen kopurua eta bete gabeko lanpostuak, bi aldagai horiek gurutzatuta sortu zuen William Henry Beveridge ekonomialariak Beveridgeren kurba izenekoa. Horren arabera, langabezia tasa txikia denean eta hutsik dauden lanpostuena handia, ekonomia ondo edo hedatzeko fasean dagoen seinale da. Halakoxea izan beharko luke orain. Langabe kopurua inoizko txikienetariko bat da Hego Euskal Herrian, eta bete gabeko lanpostuena, berriz, handienetako bat. Ziurgabetasunak ziurgabetasun, oro har aurreikuspen ekonomikoak onak badira, zergatik enpresarien kezkak?
«Beste garai batzuetan gertatu dira horrelakoak, baina orain erabat ezberdina da», azaldu du Carlos Peredak, Confebask Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronaleko enplegu arduradunak. Gogoratu du 1960ko hamarkadan eskulan falta izugarria izan zela Hego Euskal Herrian, industrian bereziki, eta gabezia hori hein handi batean kanpoko langileekin bete zela. Orduko industriak, baina, zerikusirik ez du egungoarekin, Peredak azpimarratu duenez: eskulan ez-kualifikatua behar zen; orain, aldiz, «oso espezializatua». «Hiru enpresatik bik esaten digute arazoak dituztela bilatzen dituzten soslaiak beteko dituzten langileak topatzeko».
Horri beste aldagai bat gaineratu dio: demografia. Hazkundea egon zen 1960ko hamarkadan, baby boom-aren belaunaldiarekin. Oraingo aurreikuspenak, ordea, oso bestelakoak dira. Belaunaldi horren parte handi batek erretiroa hartuko du hamarkada honetan, Hego Euskal Herrian dauden lau langiletik batek, eta lanpostu horiek ordezkatzeko eta sortuko diren berriak betetzeko nahikoa gazterik ez da egongo.
«Ezbairik gabe, arazo demografikoa izango da datozen urteetan hemengo lan merkatua gehien tenkatuko duten arazoetako bat, digitalizazioarekin eta trantsizio energetikoarekin batera», nabarmendu du Javier Ramosek, Lanbideko enplegu arduradunak. Dena den, egungo egoerari buruz ez du Confebaskeko eledunak bezala pentsatzen. «Ez da egia momentu honetan langile defizita dagoela. Zerbait puntuala izan daiteke, sektore jakin batzuetan, garai jakin batzuetan… Baina oraindik 100.000 langabe baino gehiago ditugu».
Eta lan baldintzak?
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enplegu zerbitzu publikoko arduradunak azaldu duenez, lan merkatuan beti izaten dira hutsik dauden lanpostuak, «baita krisi garaietan ere», baina azpimarratu du kopuruak ez direla kezkatzeko modukoak. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, Hego Euskal Herrian 9.434 lanpostu daude bete gabe, lanpostu guztien %0,75, Europako batezbestekoa (%3) baino gutxiago.
Patronalak emandako argudioarekin ere ez dago guztiz ados. Confebaskek dio haiek egindako inkestetan enpresek hautagaien kualifikazio falta argudiatzen dutela, hori dela «arazo nagusia, lehenengoa», eta soldatak hamargarren postuan azaltzen direla. «Oro har, langileek ez dute esaten eskaintzen dizkieten soldatek ez dituztela euren nahiak asetzen», azaldu du Peredak. Ramosentzat, berriz, egun gertatzen ari denak lotura estuagoa dauka lan baldintzekin, espezializazioarekin baino. «Pandemiaren aurretik ez zegoen tentsio hori. Bi urtean horrenbeste aldatu dira enpresek bilatzen dituzten soslaiak? Ez dut uste. Zer aldatu da? Datuak argiak dira: 2022an soldaten debaluazioa handi bat egon da, ez dira inflazioa adina igo, eta badago jendea ez duena baldintza jakin batzuetan lan egin nahi. Hori da oraingo errealitatea».
Lanbideko ikertzailearen ustez, baldintzen okertzeagatik «tentsio handia» sortu da lan hitzarmenen negoziazioetan, eta areagotu egingo da datozen hilabeteetan. «Negoziazioa da enpresa edo sektore batzuek oraintxe duten tresnarik eraginkorrena langile defizita konpontzeko. Hein batean, ulergarria da enpresak zuhurrak izatea, krisi energetikoak ekoizpen kostuak asko handitu dituelako. Ziurgabetasun handiko negoziazio prozesuak bizi ditugu, baina enpresek gaitasun ekonomikoa eta bitartekoak —langileak— dituzte oraintxe egoera hori konpontzeko. Beste kontu bat izango da bost urte barru: litekeena da orduko tentsio demografikoek askoz ere gehiago zailtzea egoera, eta orduan bai, orduan arazo estruktural bihurtzea langile falta».
Herrialdeen artean lehian
Iritzi horrekin bat dator Juan Ganboa, Deustuko Unibertsitateko Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kidea. «Egiturazko arazo bihurtuko da biztanleriaren zahartzea larriagotuz joan ahala, eta talentuari eusteko edo erakartzeko lehia globala handituz joan ahala».
Ikertzailearen arabera, lanari buruzko ikuspegia aldatzen ari da, bereziki gazteen artean, baina ez bakarrik. «Hori gero eta argiago ikusten da egiten ditugun ikerketetan. Familia da bizitzaren alderdirik garrantzitsuena, lanaren aurretik. Bestalde, adin tarte guztiek lehentasuna ematen diote soldata ona izateari, baina baita ordutegi egokia eta kontziliazioarekin eta bizi kalitatearekin loturiko beste elementu batzuk izateari ere».
Ganboaren ustez, langileak erakartzeko edo langileei eusteko ezinbestekoa izango da «baldintza erakargarriak» eskaintzea, eta azpimarratu du alor horretan sektore batzuetan badutela zer hobetu —ostalaritzan, garraioan eta merkataritzan, besteak beste—, eta bereziki enpresa edo negozio txiki eta ertainetan. «Enpresarien elkarteak agerian uzten ari dira lanpostuak betetzeko zailtasunak dituztela, hautagairik ez dagoelako eta inguruko lurraldeetara edo atzerrira alde egiten dutelako. Herrialdeen artean lehia global bat dago langileak eta talentua erakartzeko, eta egoera honetan hemengo enpresek badute ardura, bereziki lan baldintzen alorrean».
Confebaskeko arduradunak ez du hori ukatzen, baina azpimarratu du «Espainia mailan» Hego Euskal Herrian daudela soldata onenak, eta kanpora joaten diren langileak ez direla asko. «Gainera, bitik bat bizpahiru urteren buruan itzultzen da, eta kopuru hori ez dago gaizki. Egia da kanpoan soldata hobeak dituztela, baina prezioak ere handiagoak dira. Normalean, esperientzia bila joaten dira, baina gero itzuli nahi izaten dute».
Edonola ere, aitortu du euskal enpresek badituztela etxeko lanak, eta horretan ari direla azpimarratu du. «Soldatez gain, beste alor batzuk aztertu behar ditugu: kontziliazio neurriak, malgutasuna, karrera planak… Halako ideiak lantzen ari gara, guk diogun enpresa kultura berria sendotzeko. Soldatekin ezin badugu lehiatu, beste alor batzuetan egin beharko dugu. Horrez gain, Euskadi lanerako herrialde gisa erakargarriago bihurtu behar dugu atzerrian, langileak etor daitezen. Beste herrialde batzuetan ari dira, eta ezin gara atzean geratu».
Lanbideko arduraduna neurri batean bat dator horrekin, baina ñabardura batzuk egin ditu. Langileak kanpotik ekarri baino lehen, daudenak alde egitea eragotzi behar da, haren ustez. «Talentua nahi badute, enpresek baldintza onak eskaini beharko dituzte. Baina nahi dutena beste zerbait bada, agian sektore batzuek onartu beharko dute soldata horiek eskainita ezin izango direla lehiatu».
Lana utzi, hobea aurkitzeko
Dimisio handia. Izen hori du 2020ko udatik herrialde batzuetako eta bereziki AEBetako lan merkatuetan gertatzen ari den fenomenoak. Milaka langilek lanpostua utzi dute baldintzekin ados ez zeudelako. Lanbideko arduradunaren ustez, Euskal Herrian gertatzen ari denak ez dauka zerikusirik horrekin. «AEBetako langabezia tasa %3,5 da. Datu horren arabera, lan eskaintzaren eta eskariaren arteko orekan langileek negoziatzeko indar handiagoa daukatela sentitzen dute. Hori ez da gertatzen hemen; langabezia tasa handia da oraindik, %10 ingurukoa. Hala ere, gutxitzen ari da, eta baliteke urte batzuen buruan beste herrialde batzuetako egoerara gerturatzea».
Confebaskeko kidearen ustez ere ezin da dimisio handi bati buruz hitz egin. «Hemen ez dago beste herrialde batzuetan dagoen langile mugikortasuna. Ez gaude ohituta lan bat beste batekin aldatzera edo bizilekuz aldatzera». Kontzeptu horren ordez, beste bat proposatu du: «erretiro handia». Datuak argiak dira: egun lanean dauden lau langiletik batek erretiroa hartuko du hamarkada honetan, eta sortuko diren hamar lanpostutatik lau ordezkapenekoak izango dira.
Erakundeen arabera, enpleguak hazten jarraituko du hamarkada honetan. Confebaskek espero du aurten 10.000 lanpostu sortzea, eta 2030era arte joera horri eutsiko zaiola diote Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoek egindako prospekzioek: hamarkadaren amaieran, gaur egun baino 115.000 lanpostu gehiago egongo direla kalkulatu dute (+%9,4). Dena den, aurreikuspenak zuhurtzia handiz hartu behar direla ohartarazi dute.
Nolanahi dela ere, Lanbideko arduradunak uste du testuinguru «erakargarri» bat sortuko dela lan merkatura sartuko diren belaunaldientzat. «Lanpostu aukera gehiago eta hautagai gutxiago egoteak lan baldintza hobetzera behartuko ditu enpresak». Horrek, halere, «zenbait tentsio» eragin ditzakeela ohartarazi du, lan merkatuan eta beste sistema batzuetan: osasungintzan, hezkuntzan eta pentsioetan, besteak beste. Azken ideia hori nabarmendu du Confebaskeko kideak ere. «Arazo demografiko bat dugu. Lanpostu asko gal daitezke, eta horrek kalitatean eragina izan dezake pentsioen sisteman, barne produktu gordinean, zerga bilketan eta, ondorioz, zerbitzu publikoetan».
«Benetako» beharrak
Eta zein sektoretan dago langile defizitik handiena, eta zeinetan egongo da? Patronaleko kideak azaldu du lanbide guztietan daudela gabeziak, eta bereziki prestakuntza zehatza eskatzen dutenetan, «industriako alor teknikoetan nagusiki, eta informatikaren lotura duten lanpostuetan gehienbat». Lanbideko arduradunarentzat, «oso zehaztugabeak» dira azalpen horiek, baina baita INEren estatistikak ere. «Enpresek langile falta dutela diote, eta estatistikek hori jasotzen dute. Baina ez da zehazten zein lanpostutan dituzten hutsuneak, zer soslai behar dituzten, lanpostu horietarako zenbat langile behar dituzten… Datu horiek findu eta objektibatu behar dira». Helburu horrekin, Lanbidek lantalde bat sortu du, eta aldian-aldian enpresarien elkarteekin eta klusterrekin bilduko da behar horiek ikuskatzeko. Orkestran ere ari dira lan horretan.
Dena den, Ramosek uste du gaur egun patronalak aipatzen dituen soslaiak dituzten adina pertsona badaudela langabezian; hala ere, ez du ukatzen aurrera begira arazoak sor daitezkeela, ikasketa eta esperientzia jakin batzuk eskatzen dituzten lanetarako bereziki. «Egia da enpresetan gaitasun berrien beharra bizkortzen ari dela, eta hezkuntza sistemak ez duela nahikoa gaitasun abiada horretan egokitzeko».
Ganboaren iritzian, «urrats handiak» egin dira hezkuntzan, eta nabarmendu du Hego Euskal Herriko biztanleria aktiboaren kualifikazioa Europako eskualdeen artean handienetako bat dela; hala ere, STEM trebetasunetan —zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematiketan— gabeziak daudela azpimarratu du. «Alor horretan bokazioak piztu behar dira, eta bereziki emakumeen artean». Horrez gain, beste arazo bat dago, Orkestrako ikerlariaren arabera. «Enpresa askok nahi izaten dute langileek hainbat trebetasun izatea, eta pertsona bakarrarekin edo gutxi batzuekin behar horiek bete nahi dituzte, baina hori lortzea zaila izaten da, batez ere osagai digital garrantzitsua duten soslaietan».
Denek diagnostiko bera egin ez arren, argi dute aurrera begira trantsizio digitalarekin eta energetikoarekin loturiko lanetan sortuko dela aukera gehien, eta azpimarratu dute alor horietan ahalegin berezia egin beharko dela langileak trebatzeko, bai hezkuntzan eta bai enpresetan, etengabeko formakuntzaren bidez.
Lanpostu gehiago eta langile gutxiago. «Negu demografiko bat» datorrela diote, eta ordurako prestatu beharra dagoela.



Frantziako Gobernuak egin gogo duen erretreta sistemaren erreformarekin, jendearen lan urteak luzatu nahi dituzte. 64 urterainoko epea aipatu du, baina ikasketen eta lan ibilbidearen arabera 67-68 urte arterainokoa izan daiteke. Erreforma horren kontrako mobilizazioak abiatu diren honetan, lan batzuek eta lan testuinguru batzuek gorputzetan eta zain-buruetan eragina izanen dutela azaldu dute Jeremi Larrondo osteopatak eta Elorri Ameztoi psikiatrak.
Larrondo Larresoron da osteopata. Gorputz eta izate kaltetuak ikusten ditu. “Arlo fisikoa eta mentala lotuak dira”, erran du. Lanbide batean baino gehiagotan ikusten ditu jende higatuak. Ofizio bat aipatu du etsenplu gisa: erizain laguntzaileak. Ohartua da erretreta aitzineko azken urteetan diren erizain laguntzaileek nekezia bat baino gehiago bizi dituztela. “Pisuak mugitzen dituzte egun osoan, eta, makinekin ongi hornituak badira ere, zaila da azkenean”. Lan fisiko horrek kalte egiten die gorputzean.

Dioenez, ordutegiarena da beste zailtasun bat: “Hiru edo lau egunez lan egiten dute. Gazte direlarik biziki prezatzen dute, indarra baitute; baina, adin batean, hamar-hamabi oreneko egun horiek biziki zailak zaizkie fisikoki eta mentalki”. Paziente bat gogoratu du Larrondok: 55 urtera heltzen ari da eta depresioan erori da, ezindurik; sei hilabeteko geldialdiaren ondotik, lanera itzuli da. “Holako pazienteak urtean bizpahiru aldiz ikusten ditut, hilabete bat baduelarik blokeatuak direla, eta lana utzi behar dute. Bi hilabetez gelditu, eta berriz hasten dira, kiskun-kaskun, eta [erretreta aitzineko] azken urteak hola pasatzen dituzte”. Horrek dituen ondorioekin: “Morala hunkia da; erdi burn-out, gorputza gaizki dute, eta akituak arribatzen dira erretretara”.
Zaurgarrien kalte
Ameztoi larrialdi psikiatrikoetako zerbitzu arduraduna da Baionako ospitalean. Gaizki izateak ez dira lanbide bati edo besteari lotuak, haren ustez, baizik eta bat-bederaren zaurgarritasunari. “Ofizioaren arabera baino gehiago, pertsonaren arabera da, bakoitzaren zaurgarritasunaren arabera. Lanbide bakoitzak badu bere presioa, eta ikusi behar da bakoitzak nola ihardukitzen diogun presio horri”, erran du. Ameztoik dio zaurgarritasun horri ez bazaio kasurik egiten gauzak zaildu daitezkeela urteak joan arau. “Zaurgarriak direnei jada aski zaila zaie presioari erantzutea, eta aitzina joan arau geroz eta zailago izanen zaie lanean ongi izatea”.
Zaurgarriak diren jendeetan, lanak baino gehiago lan baldintzek eragin ditzakete zain edo buru gaixotasunak. “Eman dezagun, administrazio lan batean ari den pertsona bat: hierarkian gainean duenak anitz lan ematen badio, orenak gehitzen, edo ordezkatua ez den beste baten lana eginarazten, ‘bai, bai!’ erraten du beti, eta azkenean, antsia arazoak garatzen ditu, edo depresioa”, adierazi du Ameztoik.
Erran du halakoak edozein lanetan gerta daitezkeela, pertsona halakoa bada. Bere kontu ari denari ere gerta dakioke. “Bere buruari karga handia ematen ahal dio gauzen egiteko; lana hartzen eta hartzen, eta, momentu baten buruan, ezin du gehiago”. Ameztoik gehitu du halakoei maiz ezinezkoa zaiela lanaren uztea, “zeren eta anitzetan pentsatzen da lanik gabe ez garela nehor”. Azkenean, batzuk lanean eritzen dira. “Gure lana da erakustea batzuetan behar dela moztu, berriz hasteko”, segitu du Ameztoik; “ohartaraztea ondorioak larriagoak izaten ahal direla lana gelditzea baino”.
Ez du kentzen lan batzuek gorputzak andeatzen dituztela. Larrondo osteopatak eraikuntzako ofizialeen artean ikusten ditu gorputz kaltetuak. Bizkarreko minak, tendoietakoak, lepo eta besoetakoak: “Batzuk zinez gaizki dira: lunbalgiak, tendinitisak, lepo-besoetako neuralgiak. Jende batzuek, erretretarat heldu, eta ez dakit zenbat ebakuntza egiten dituzte ondotik: bi espaldak, lepoko protesiak ezarri behar…”.
Kamioi gidari edo garraiolariak ere aipatu ditu. “Kamioietatik igan-jautsi-igan-jautsi dabiltza, gauza pisuak tiratzen, kargatzen; ordu anitz jarririk kamioian. Akiturik bukatzen dute”. Horiek ordutegi dorpea ere badutela gehitu du: “Batzuk goizeko lauretan edo bostetan hasten dira lanean astegunetan. Baina, gero, asteburuetan, familiarekin, usaiako beste ordutegia dute; berantago. Zailtasunak sortzen ditu”.
Ordutegi gorabeherak erizainek ere bizi dituzte. Zahar etxeetako artatzaile frankok gauez egiten dute lan, eta Larrondok erran du luzerat eragina duela gorputzean: “Paziente bat badut hola, erabaki duena eguneko zerbitzura
iragatea, ez baitzuen gehiago lo egiten”. Horra arte iraun zuen gau guziz lan eginez: “Hamar urtez egiten duzu lo egin gabe, usatzen zara; lan horietara joaten diren jendeek maiz ez dute lo anitzik behar. Baina adin batean, espiral batean sartzen zara, morala jausten eta jausten zaizu”. Gaizkitu arte.
Lan mundua birpentsatu
Ameztoi psikiatrak uste du bakoitzak bere buruaren mugak ezagutzera heldu behar lukeela; are gehiago gaur egungo gizarte ereduan. “Bizi dugun gizartean, gizarte presioa beti hor da, eta denek bizi dugu. Jakin behar dugu non ditugun gure mugak”. Oro har, lanbideetan behar bezalako jarraipenik ez izateak ez du laguntzen, Ameztoiren ustez, eta elkar zaintzeko modua ematen duen sistema bat sanoago litzateke jendeak ez ditzan bere mugak gainditu. “Errazago litzateke beste norbaitek erratea: ‘Orain behar zenuke pausa bat egin edo beste zerbaitetara joan'”.

Ameztoik bere ofizioan berean ikusten du hori. Ahal murrizteekin lan eta ardura karga handiak uzten dira artatzaile bakoitzaren gain. “Anitz ematen dugu -eta plazerekin egiten dugu-, baina noiz arte?”. Larrondok baditu halako artatzaileak bere pazienteetan, eta dio langile eskasiaren ondorioak pairatzen dituztela: “Jende guti dira, eta beti galdetzen diete egun gehiagotan lan egitea. Estresa bada, eta pagatzen dute: buruan, bizkarrean -lunbalgiak, ziatikak-“. Lana gelditzera behartuak izateraino: “Gorputzak ez du gehiago segitzen ahal”.
Horregatik, osteopatari iduritzen zaio adin batean eta halako egoeretan bortitza dela erretreta berantago hartu behar dela entzutea: “Emazte horiei erratea oraino bizpahiru urte gehiago lan egin beharko dutela…”. Urrunago doa Ameztoi. Batzuek erretretara joateko adin bat finkatua zuten buruan, eta erreformaz erreforma, erraten zaielarik luzatu beharko dutela, ezin bizia zaie. “Bost urte lehenago erraten bazaizu ‘ez, beste bizpahiru urtez lan egin beharko duzu oraino!’, eraiki zenuen guzia lurrera erortzen zaizu. Batzuentzat, ez da posible egun bat gehiago ere lan egitea”.
Larrondok uste du errotik berriz ikustekoa dela lan mundua, eta adinaren arabera aldatzeko ahalak eman behar liratekeela. “Lana jendeari eta adinari egokitu behar zaio; beharrez, ttipitu”. Ameztoik ere behar bera ikusi du: “Berregituratze oso bat balitzateke egiteko jendea luzerat ongi senti dadin lanean. Hori eskas da denetan”.
Lan batzuetan, muga fisikoak begi bistakoak dira, Larrondoren erranetan: “Arroila batean zarelarik, egunero euripean edo, berdin, erretzeko eguzkiaren pean, 35 urtera helduta jadanik badu aspaldi aski duzula. Usu, biziki gazterik hasi dira lan horietan. Gorputzek bildu dute”. Uste du zubiak egin behar direla beste lanbide batzuetarat errazkiago joateko, formakuntzak bermatuz.
Bere burua artatu
Larrondok eraikuntzako langile batzuk ikusi ditu, minez, kasik berantegi jiten kabinetera: “Besoa ezin gehiago altxatu, lau hilabete horietan xinaurriak sentitzen besoan. Batzuek badu urteak sentitzen dituztela eta besoak lokartzen zaizkiela gauaz”. Horretan ere heziketa bat bada egiteko, osteopatak dioenez, jendeak bere burua arta dezan: “Adin batera heltzean piesago bilakatzen baita, bestela”.
Larrondok uste du, gainera, zentzuz kontrakoa dela osasun sistemarentzat berarentzat. Jendeari lan aroa luzatzea eta erretretara gogo-gorputzak higaturik heltzea ez da ondoriorik gabekoa, hark dioenez: “60 urtetan gorputza xehaturik heltzeak zenbat ebakuntza, kinesiterapia saio, arta berezi… galdegiten dituen!”.
Ameztoik ere uste du bere arloan lortu behar dela jendeak onartzea gaizki izate mental bat izan dezakeela bizian eta ez dela larria, artatzen dela. Tabu bat bada oraino, haren ustez: “Jendearendako, ez da problema bat zangoa haustea, adibidez; artatuko dute. Erraten bazaie eritasun mental bat badutela, biziki zailago da”. Funtsean, osasun asurantzako etxeek berek ez dituzte ordaintzen ospitaleratze gastuak psikiatrian direlarik. “Zaila da gizarteari ulertaraztea edozein eritasun bezala dela, biziki ongi artatzen dela; baina, behar da artatu, ez baita bakarrik joanen”.
Belaunaldi berriekin doi bat aldatu dela ikusten du, baina helduagoetan nekeago da: “Adina joan arau, zailago da laguntza galdegitea”.
Logroñon (Errioxa, Espainia) egin ditu adierazpenak Onofrek, eurodiputatu sozialisten topaketa batean. Arabako Mahastiak proiektuak oposizio handia izan du Errioxan. Haren aurka oso modu mingotsean mintzatu dira ardogintza sektoreko eragileak eta alderdi politikoetako ordezkariak. Abertzaleen «proiektu politikotzat» daukate, eta ukatu egin dituzte sor-marka berriaren bultzatzaileek emandako arrazoiak, hala nola Arabako Errioxako ekoizle txikien produkzioari gaur egun ez duen balioa emango diola.
Europako Batzordearen oniritzirik gabe, nolabaiteko linboan daude Arabako Mahastiak: behin-behinean, badute Espainiako Erresumaren barruan aritzeko baimena, baina ez hortik kanpo. Eusko Jaurlaritzak urrian eman zien baimena, eta bultzatzaileak kontseilu arautzailea sortzeko prozesuan daude.
