EB eta gasa: mugak hautsi, mugak jartzeko
Gasaren prezioa zehazki nola mugatuko duten da ikusi beharrekoa. Bi proposamen daude mahai gainean, prentsak aurreratutako zirriborro batek erakusten duenez. Lehen aukera da soilik Errusiatik iristen den gasari jartzea gehienezko muga. Joan den astetik itxita dago Nord Stream 1, baina irekita daudenetatik ez ezik —South Stream eta Ukrainakoak—, itsasontziz ere iristen da Errusiako gasa EBra, baita Bilboko portura ere. Bruselak nabarmendu duenez, halako neurri batek badu arrisku bat: Errusiak gasaren iturri guztiak ixtea. Kasu horretan, EBko herrialde batzuetan gas eskasia izan daiteke hilabete gutxi barru, nahiz eta ongi doan gas biltegiak betetzeko asmoa: %80 beteta zeuden abuztu amaierarako, uste baino bi hilabete lehenago.
Bigarren aukera da EB bi zatitan banatzea: «gorrietan» gehienezko muga bat izango litzateke eta ez, ordea, berdeetan. Azken horiek hornituko lituzkete gorriak, behar izatekotan.
Erreferentziazko merkatua
Mahai gainean dagoen beste aukera bat da gasaren prezioa finkatzen duten tresnak aldatzea. Europan, Herbehereetako TTF da erreferentziazko merkatua gasaren salneurriari dagokionez, batez ere epe luzeko kontratuetan. Hainbat urtez bare egon da merkatua, eta iazko uda prezio txikiarekin hasi zuen gasak: hogeiren bat euro megawatt-ordua. Baina orduan berpiztu zen kontsumoa, eta horrekin hasi zuen goranzko joera —eta harekin batera argindar prezioarena, EBko merkatu marginalistan energia iturri garestienak, gasak kasu gehienetan, finkatzen duelako beste iturriei pagatu beharrekoa ere—. Orduan kezka handia sortu zuten prezioak huskeria dira oraingoen aldean, ordea: 50 euroren langa ez zuen abendura arte hautsi. Baina Errusiak Ukraina inbaditu izanak goranzko joera izugarri bizkortu zuen, batez ere EBk erabaki zuenean bere gas hornitzaile nagusia zigortu behar zuela.
Azken asteetan 200 eurotik gorako prezioa ohiko bilakatu da, eta abuztu amaieran 346 eurora ere iritsi zen, EBk negua pasatzeko nahiko gas izango ez zuen beldurra bere gorenera iritsi zenean. EBk energia merkatuetan esku hartuko zuela iragarri izanak balio izan du goreneko prezio horiek atzean uzteko, baina astelehenean berriro egin zuten jauzi, Errusiak baieztatu zuenean ez duela Nord Stream 1 gasbidea berriro irekiko haren aurkako zigorrek iraun bitartean.
EBko arduradunek aztertuko duten aukeren artean dago TTF ofizialki gainbegiratzea, han gertatzen den espekulazioa eteteko, eta beste indize egonkorrago bat sortzea. Azken aukera bat ere badago: JKM Asiako indizea erabiltzea. GNL gas natural likidotuaren prezioa da JKMren oinarria eta hori ari da bilakatzen Europa hornitzeko garrantzitsuena. GNL hori erosteko lehia handia dago orain Europaren eta Asiaren artean, baina Europak horretan badu abantaila bat: gertuago dago hornitzaile handi batzuetatik, hala nola AEBetatik eta Nigeriatik.
Zerga bakar bat
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak azaldu du argindar eskaria txikitzeko eta kontsumitzaile hauskorrenak laguntzeko neurriak proposatuko dituztela.
Energia konpainiak lortzen ari diren aparteko irabaziak EB osoan zergapetzeko sistema bat ere aztergai egon daiteke. Astelehenean hori egitea proposatu zuten Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra ere alde azaldu da.
Hegoaldeko etxeko langileak urrian hasiko dira langabeziarako kotizatzen
Dekretua etxeko langileen eta haien alde diharduten elkarteen borrokaren beste pauso bat da. Hori bai, derrigorturik eginiko urratsa da, Europako Auzitegiaren otsaileko ebazpen batek behartu baitu. Auzitegi horren iritziko, etxeko langileek langabezia eskubiderik ez izatea genero bazterketa kasu bat zen, langileen %95 emakumeak baitira. Ebazpen horren ondoren, Espainiako Kongresuko alderdi guztiek aho batez onartu zuen Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189 lan hitzarmena, iragan ekainaren 9an —etxeko langileen baldintzak arautzen dituena—, eta forma ematen hasi zen Lan Ministerioa lan harreman berria arautuko duen dekretuari.
Dekretuaren eraginez, hiru arlotan hobetuko dira bereziki etxeko langileen baldintzak. Batetik, eta, agian agerikoena, langabezia saria jasoko dute. Bestetik, Soldatak Bermatzeko Funtsera jotzeko eskubidea aitortuko zaie, eta hark bere gain hartuko ditu kotizazioak enplegatzaileak kaudimenik ez duenean. Azkenik, kaleratze arrazoiak mugatu egingo dituzte. Orain arte desestimenduaren tresna existitzen zen, eta hartan oinarrituta enplegatzaileak arrazoirik eman gabe eten zezakeen lan kontratua. Lege berriarekin egoera oso jakin batzuetara mugatuko dute eskubide hori.
Aldi berean, informazio eskubidea aitortu zaie langileei. Alegia, agiri guztiak idatziz jaso beharko dituzte. Lan arriskuen legearen babesa ere jasoko dute etxeko langileek, baina Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak zehaztu du «modulatu» egin dutela babes hori, besteak beste lantokia etxe pribatu bat delako. Halaber, nabarmendu du arreta berezia jarriko dutela sexu jazarpenaren aurkako neurriengan.
Finantzaketari dagokionez, Lan Ministerioaren asmoa da enplegatzaileak eta langileek gehiago ordaindu behar ez izatea. Eskubide berriak lortzeko etxeko langileek kotizazio handiagoak beharko dituzte, eta gobernuak bere gain hartuko du gainkostu hori enplegatzaileei emaniko hobarien bitartez. %80 arteko hobariak eskainiko dizkiete enplegatzaileei.
ELE kritiko azaldu da
Etxeko langile elkarteek urteak egin dituzte aldaketa horien eske. Gehienek atseginez hartu dituzte, baina oraindik zer hobetua badela nabarmendu dute. Horietako bat da ELE, Bizkaiko etxeko langileen elkartea. Gizarte Segurantzari dagokionez, dio lege berriak urtebete atzeratu duela erregimen orokorrarekin parekatzeko epea —2024ko urtarrilean gauzatuko da— eta langabezia ez dela jasoko legezko epeak bete arte: «Eskubidea ukatu arren, orain beste langileak bezala kotizatzea eskatzen zaie». Lan eta osasun arloetan asko hobetu daitekeela uste du, eta, haren iritziz, ezin da erregulazio oso bat egon Atzerritarren Legea indargabetu gabe. Egun Hego Euskal Herrian kontraturik gabeko 11.000 etxeko langile inguru daudela kalkulatzen da.
Etxeko langileak urrian hasiko dira langabeziagatik kotizatzen

Etxeko langileei langabezia aitortzea onartu du Ministroen Kontseiluak. Horrela, Espainiako Gobernuak langile horien lan-eskubideak eta -duintasuna aitortzen ditu, eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen eskaera “beretzat hartzen du eta errealitate bihurtzen du”.
Nafarroako Gobernuak Siemens Gamesaren “konpromiso arduratsua” espero du

Nafarroako Gobernuak Siemens Gamesaren “konpromiso arduratsua” espero du. Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan, Siemensek Gamesaren akzioen % 100 bereganatuta.
EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du herritarren…

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du herritarren ongizate energetikoa bermatzeko. Alderdiaren ustez, “premiazkoa” da politika publikoetan “jauzi kualitatibo bat” egitea, energia baliabideak bermatzeko.
Pentsiodunek KPI «errealera» itzultzea eskatuko dute udazkenean
«Iaz %3ko igoera lapurtu ziguten, eta, aurtengo inflazio datuak ikusita, bi urtean %10eko galera pilatu dezakegu. Espainiako Gobernuan dauden alderdiek hauteskunde kanpainan hitzeman zuten pentsioak KPI errealaren arabera igoko zituztela, eta hori eskatuko diegu», iragarri du Fanok. Pentsiodunen elkarteak kritikoak izan ziren Espainiako Kongresuak pentsioen eguneraketa kalkulatzeko iaz onartu zuen sistemarekin, eta aurten berriz ere presioa egingo dute norabide horretan.
Hilabete guztien KPIaren batez besteko indizea erabili beharrean, ordainsariak KPI «errealaren» arabera eguneratzea nahi dute pentsiodunen elkarteek. Azaroko datua da hori, eta, esaterako, soldatak eguneratzeko erabiltzen da. Eta zein da aldea? Iaz hiru puntukoa izan zen. Azaroan, urte arteko KPIa %5,5ean zegoen, baina batez bestekoa, %2,5ekoa izan zen —aurreko urteko abendua ere zenbatzen da—. Aurten bi indizeen arteko aldea txikiagoa da oraingoz. Abuztuan, Espainiako KPIa %10,4koa izan zen; ordura arteko hilabeteetako batezbestekoa, berriz, %8,6koa. Azaroan jakingo da behin betiko datua.
Hain zuzen ere, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak atzo berretsi zuen «legearen arabera» eguneratuko dituela pentsioak, alegia, batez bestekoa aplikatuko duela. Pentsiodunak, halere, iritziz aldarazten saiatuko dira urriaren 15erako Madrilen eta azarorako Euskal Herrian deituko dituzten mobilizazioekin.
26an, bankuen aurrean
KPIarena da eskaera nagusia, 1.080 euroko gutxieneko pentsioarekin batera. Elkarretaratzean gogoratu dute, haien datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 153.000 pentsiodun pobrezian bizi direla, eta horietatik 72.000 «muturreko pobrezian». Alegia, 688 euro baino gutxiagoko pentsioekin. Horietatik gehienak emakumeak dira; asko, alargunak. Alde horretatik, salatu dute bankuak presio egiten ari direla plan pribatuak ugaldu daitezen. Hori arbuiatzeko, hilaren 26an banketxeetan bilduko dira.
Errusiak onartu du ez duela Nordstream irekiko zigorrek iraun…
Astea gaizki hastea espero zen, ostiral arratsean Gazpromek iragarri baitzuen Nord Stream 1 gasbidetik gasik bidali gabe jarraituko duela. Hiru egunekoa izan behar zuen mantentze lanetarako itxiera datarik gabe luzatu zuen, arrazoi teknikoak emanez. Baina, egunek aurrera egin ahala, gero eta indar handiagoa hartzen du beste azalpen batek: Nordstreamen iturria ixteak lotura handiagoa du ostiralean G7ko taldeak Errusiaren petrolioari gehieneko prezio global bat ezartzeko proposamenari erantzun nahiarekin.
EBk ez ditu oraingoan ere Gazpromek emandako arrazoi teknikoak sinistu. Gasa garraiatzeko beharrezkoa den turbinaren egileak, Alemaniako Siemensek, dio halakoak konpondu izan direla gasa garraiatu bitartean ere.
Eta Moskun ere gero eta gutxiago ezkutatzen dute gasbideekin daraman jokoaren helburua dela Mendebaldeko zigorren amaiera. Errusiako lehendakaritzako bozeramaileak, Dmitri Peskovek, ziurtatu zuen atzo Nordstream 1ek itxita jarraituko duela zigorrek iraun bitartean, haien ondorio direlako arazo teknikoak.
Baina arrazoi bakarra hori balitz, Errusiak EBrekin lotzen duten beste gasbideetatik gas gehiago eramango luke, eta ez da horrelakorik gertatzen ari. Itxita dago Jamal-Europa —Poloniak ez duelako errubloetan ordaindu nahi—, eta erdizka ari dira funtzionatzen Ukraina zeharkatzen dutenak eta Turkiatik barrena doan South Stream.
Modu batera edo bestera, Errusiako gasik gabe gelditzeak Alemanian eta Europa Ekialdean gas naturalaren errazionamendua eta atzeraldi ekonomikoa ekar ditzakeela da kezka handia. Alemaniak, gaur-gaurkoz, gas biltegiak %86 ditu beteta, baina, energia arautzailearen arabera, %95ean beterik izango balitu, Errusiako gas gehiago gabe, herrialdeak soilik bi hilabete eta erdirako gasa luke.
Nola ez, astelehenarekin merkatu asko zabaldu direnean, gasaren prezioa izan da lehena igartzen Ukrainako gerraren nazioarteko jokalekuko azken norgehiagoka. Eta kolpea handia izan da. %30 garestitu dira goizean Herbehereetako TTF gerokoak, megawatt-ordua 272 euroan salerosteraino. Arratsaldean igoera apaldu da.
Petrolioaren iturria
Gasa ez ezik, petrolioa ere garestitu da. Izan ere, azken hilabeteotan apurka ekoizpena handitzen aritu ondoren, kontrako bidea hartzea erabaki dute Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) eta haren aliatuek, Errusia buru dutela. LPEE Plus izeneko taldeak erabakitako murrizketa sinbolikoa da —100.000 upel gutxiago urrian irailean baino—, baina nahikoa izan da petrolio upelaren merkatzea geratzeko: arratsalde amaieran 95 dolarrean ari zen salerosten Brent upela, goizean baino bi dolar gehiago.
Atzeraldi hotsak eragindako erabaki bat izan da kartelarena eta haren aliatuena. Izan ere, ekainean 120 dolarrak gainditu ondoren, udak aurrera egin ahala, merkatzen aritu da upela, inflazio handiaren ondorioz atzeraldi bat etorri eta kontsumoa asko jaitsiko duelakoan. Upela gehiago merkatu aurretik, ehun dolarren bueltan mantentzeko ahaleginduko dela erakutsi nahi du horrela LPEE Plus taldeak.
Erabakiak erakusten du Joe Biden AEBetako presidentearen eragina oso mugatua dela. Izan ere, uztailean, Bidenek alde batera utzi zuen Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketagatik Saudi Arabiarekin harremanak hozteko erabakia, eta herrialde hura bisitatu zuen. Han eskatu zion Mohammed bin Salman Saudi Arabiako de facto-ko buruari —eta ustez Khaxoggiiren heriotza agindu zuenari— petrolio ekoizpena «nabarmen» handitzeko. Halakorik ez zen izan, baina bai, ordea, igoera txiki eta progresibo bat abuztuan eta irailean.
Horrenbestez, egunean, ofizialki, 43,85 milioi upel ekoitziko dituzte LPEE Plus taldeko kideek. Horri gehitu behar zaie mugarik ez duten hiru herrialdeak —Venezuela, Iran eta Libia—. Edonola ere, gauza bat da hitzezko produkzioa eta beste bat benetan gertatzen dena, herrialde batzuk ez direlako beren kuotara iristen, eta beste batzuek gainditu egiten dute.
Macronen arabera, “gutxiegi” erabiltzen dira Hego Euskal Herritik igarotzen…

Macronen arabera, “gutxiegi” erabiltzen dira Hego Euskal Herritik igarotzen diren gasbideak. Frantziako presidenteak adierazi duenez, ez da gas interkonexio berririk behar Espainiarekin, unekoak saturatzetik oso urrun baitaude.
Europako erreferentziazko TTF gas-merkatuan esku hartzea aztertzen ari da…

Europako erreferentziazko TTF gas-merkatuan esku hartzea aztertzen ari da EB. Batasuneko dokumentu batek gasa eta elektrizitatea merkatzeko premiazko esku hartzeko formula posibleak jasotzen ditu. Energia ministroen ezohiko kontseiluaren bileran eztabaidatuko dira horiek datorren ostiralean.