Inflazioak %7,5era egin du jauzi otsailean Hegoaldean
Otsaileko KPIan etxebizitzaren arloan izan da igoerarik handiena, batez ere argindarrarengatik eta gasarengatik. Hamabi hilabetean %51,7 handitu dira etxeko berokuntzaren, argiteriaren eta uraren prezioak. Erregai garestiak ere igoera nabarmena ekarri du garraio prezioetan, %12tik gorakoa, iazko otsailarekin alderatuta. Eta elikagaiek ere pisu handia izan dute otsaileko inflazio handian. Hamabi hilabetean, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak %5,3 garestitu dira Hego Euskal Herrian.
Datu xeheagoei begira, ikusgarriak dira olio eta koipeek hamabi hilabetetan izandako prezio igoera (%23,8) eta garraio pertsonalarena ere (%12,6), besteak beste. Elikagaietan, igoera nabarmenak izan dira: zerealetan eta haien deribatuetan aldea %9,9koa da; esnea %7,5 garestiagoa dago iazko otsailean baino; eta lekale eta barazkietan, igoera %7koa izan da. Behikiek (%6,3 ), arrautzek (%6), fruitu freskoek (%5,2) eta hegaztikiek ere (%4,9) gora egin dute.
Gerra «aitzakia» gisa
Prezioen igoerak sektore guztiei eragingo die, baina kontsumitzaileei bereziki. Hori dela-eta, ELAk nabarmendu du 2021eko KPIaren arabera eguneratu beharko liratekeela soldatak; horrekin batera, produktu energetikoen prezioak mugatzeko eskatu du. Salatu du agintari politikoak Ukrainako gerra erabiltzen ari direla inflazioa justifikatzeko «aitzakia» gisa. Sindikatua ez dago erregaien eta argindarraren zergak murriztearen alde; bidea enpresen mozkinei zergak igotzea dela berretsi du.





