Eusko Jaurlaritzak 3.000 lanpostuko bi Lan Eskaintza Publiko deituko…

Eusko Jaurlaritzak 3.000 lanpostuko bi Lan Eskaintza Publiko deituko ditu aurten Administrazioan. Lehenengo deialdia 1.400 plaza ingurukoa izango da, bederatzi eskala desberdinetarako, eta bigarrena 1.700 ingurukoa.
Eusko Jaurlaritzak 2022rako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak berrikusiko ditu, Ukrainako…

Eusko Jaurlaritzak 2022rako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak berrikusiko ditu, Ukrainako gerra dela eta. Gatazka belikoak, covid-19aren kontrolak eta etorkizuneko aldaerek eta inflazio handiak zaildu egingo dute pandemiaren aurreko BPG berreskuratzea.
Euskadiko BPG % 5,6 hazi zen 2021ean, eta enplegua…

Euskadiko BPG % 5,6 hazi zen 2021ean, eta enplegua % 5,5, 49.120 enplegu garbi sortuta. Bestalde, urteko laugarren hiruhilekoa urte arteko % 4,7ko hazkundearekin itxi da, hau da, % 1,3ko hazkundea aurreko hiruhilekoaren aldean.
Euskal ekonomia zaurituko duen gerra
Enpresek galdu egingo dute truke horren zati handi bat, Errusiari jarritako enbargo gogorra dela medio. Ainhoa Ondarzabal SPRIko Nazioartekotze zuzendariak argi esan dio BERRIAri bazkide komertzialak ez direla aldatzen egun batetik bestera, «are gutxiago munduko merkatu askotan gertatuko den arazoa izanik». Argitu du Eusko Jaurlaritzak Moskuko bulegoa zabalik daukala oraindik, «eta han dauden euskal enpresa guztientzako laguntzari eutsiko zaio».
Osagaiak dira gakoa
Modu zuzenean asko galduko du euskal ekonomiak gerra honetan, baina gehiago izango da zeharka galduko duena; alegia, energiaren prezioaren etengabeko garestitzeek enpresa askoren jarduera baldintzatuko dute; are, jada baldintzatzen dute, eta irabazi tarteak estutuz doaz. Hori bakarrik ez. Ekoizpen kateak berriro eteteko arriskua gero eta handiagoa da, osagaien gabeziarengatik. «Laster hasiko gara ikusten osagairik ezaren ondorioa zenbaterainokoa izango den», dio Ondarzabalek; «gabezia hori bi norabidetan doa, enbargoarekin ez delako batere erraza Errusian saltzea, baina erostea ere prozesu oso zaila izango delako».
Dena den, goiz da zehaztasunez esateko zer-nolako krisia sor dezakeen horrek. Energiaren prezioak arazo izugarria izanda ere, Euskal Herriko enpresek hornidura bermaturik daukate. «Egia da Europako beste herrialde batzuen aldean gure mendekotasuna apalagoa dela gasari dagokionez, baina, prezioak oro har igoko direnez, benetako arazo bat daukagu», esplikatu du Nazioartekotzerako Euskal Agentziako buruak.
Gaur-gaurkoz, ordea, inbertsioa Errusian egin dutenena da larritasunik handiena. Enbargoak jokoz kanpo utzi ditu euskal enpresa batzuk han: kontratu berriak egitea ia ezinezkoa da, eta martxan zeuden asko izozturik geratu dira Errusiako banku gehienak SWIFT sistematik atera ondoren. «Oraingo argazkia da 29 ezarpen industrial ditugula han, eta horietatik hamabi ekoizpen zentroak direla; besteak banaketa zentroak dira. SPRIk Moskun duen bulegoaren bitartez, guztiekin hitz egin dugu berriki, baina ordutik egoerak okerrera egin du. Kezka handia daukate, noski, hornidura kateei dagokienez, ez baitago batere argi lehengaiak eta osagaiak iritsiko ote diren. Badakite traba ugari izango dituztela ekoizteko eta saltzeko, garraioa ere asko jaitsi delako, normala denez». Gaur-gaurkoz, ataka estuan daude Errusiako merkatura jauzi egindako euskal konpainiak.
Zer ekartzen duten euskal enpresek Errusiatik? Inportazio guztien %40 petrolioa eta gasa dira; baina ikatzak eta altzairuak ere badute garrantzia. Autogintzak, berriz, haren jardueran oinarrizkoak diren gai batzuk ekartzen ditu: paladioa eta aluminioa. Ukrainatik hona ekartzen diren produktuen artean, ekilore olioa da produktu izarra, baina baita haziak (garia, garagarra, artoa…) eta fruituak ere.
Eta zer esportatzen duten hara euskal enpresek? Bada, makina-erremintako produktuak lehen-lehenik, baina baita petrolioaren eta gasaren esparrukoak ere. Legazpiko (Gipuzkoa) Bellotak salmenten ehuneko handi bat Ukrainan, Bielorrusian eta Errusian egiten du, %40 inguru. Gerrak gogor joko du autogintzan ere. Gestampek lau fabrika dauzka Errusian, eta CIE Automotivek, beste bat. Mondragon Taldeko kooperatiba batzuek ere saldu osteko zerbitzuak dituzte, eta bulego komertzialak ere bai; baina apenas dituzten ekoizpen zentroak. Horietako bat Ulmarena da.
Errusia uzteko garaia al da?
Nazioartekotze prozesuetan buru-belarri sartu eta Errusian lan zentroak irekitako euskal enpresa batzuetan, krisi kabineteak zabaldu dituzte, eta mahai gainean dagoen galderarik zailena da mereziko ote duen Errusian jarraitzea. Merkatu handia da, baina negozioak egiteko ez da herrialde erraza. Krisia amaitzen denean zer egin, hori da galdera.
«Krisi honek duen bilakaera politikoaren arabera» egingo dira azterketak, Ondarzabalen ustez. «Argi dago potentzialtasun handia duela: ez da kasualitatea gure esportazioen 13. postuan egotea. Baina ezin da ahaztu negozioak egiteko zailtasun handiak daudela han, Errusiako egoera politikoaren berezko ezaugarriengatik. Sektore batzuek lortu dute merkatuan pauso batzuk aurrera ematea azken urteotan, autogintzak eta altzairugintzak, adibidez, baina ez da herrialde erraza. Oraingo krisia nola bukatzen den, horren arabera izango da aurrerantzean ere merkatu interesgarri bat euskal enpresentzat».
200 traktore baino gehiago atera dira Iruñean, landatar munduarentzat…

200 traktore baino gehiago atera dira Iruñean, landatar munduarentzat “errespetua” eskatzeko. Manifestazioak, gainera, lehen sektorean lan egiten duten pertsonen garrantzia azpimarratu nahi izan du, gizarteko “ezinbesteko” figura bezala.
Eusko Jaurlaritzak “banan-banan” aztertuko du gerrak kaltetutako enpresei diru-laguntzak…

Eusko Jaurlaritzak “banan-banan” aztertuko du gerrak kaltetutako enpresei diru-laguntzak ematea. Errusian Euskadiko 25 enpresa daude, 50 Txekiar Errepublikan eta beste 50 Polonian.
Bilboko Portua: “Datozen egunetan ez da gas ontzien geldialdietan…

Bilboko Portua: “Datozen egunetan ez da gas ontzien geldialdietan aldaketarik izango”. “Bilboko Portura heltzea edo bertatik abiatzea eragozteko agindurik eta protokoloan aldaketarik ez dago ontzien jatorria kontuan hartuta”, argitu du portuko agintaritzak.
Lan kontratu mugagabeen kopurua azken urteetako handiena izan da
Joera horiek sendotu egin dira azken hilabeteetan, baina urte hasiera honetan antzeman daitekeen berritasun nagusia beste bat da: otsailean sinatutako lan kontratuen %15,2 mugabeak izan dira; azkenengo hamabost urteetan izandako ehunekorik handiena da hori.
LANGABEZIA
Iazko abuztutik, hilabete guztietan jaitsi da langabeen kopurua, baina joera hori eten egin da otsailean. Orokorrean, ez da hilabete ona izaten Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat, bereziki langile gehien biltzen dituen sektorean: zerbitzuetan eta, zehazki, merkataritzan eta ostalaritzan. Eguberrietan egiten diren kontratazioak urtarril-otsailetan amaitzen dira, eta langile asko, emakumeak nagusiki, langabeziara doaz.
Hala, otsailean, urtarrilaren amaieran baino 747 langabe gehiago zenbatu ditu SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak. Sektoreen arabera, badago aldea. Lanik gabe zeudenen taldea handitu da gehien (+676), eta, jarraian, zerbitzuena (+547), aipatutako arrazoiengatik. Aldiz, industrian jaitsi egin da (-439), sektore horretan azken hilabeteetan izandako joerari buelta emanez. Osagaien gabeziak eta argindarraren kostuak gogor eragin dute industrian, eta, esaterako, automozio eta altzairugintzako hainbat lantegi oso gutxi ekoizten aritu dira. Urtea, baina, aurreikuspen onekin hasi dute, eta lanpostuen sorreran nabaritu da, otsailera arte behintzat.
Lurraldeka aztertuz gero ere alde handia dago batetik bestera: Nafarroan langabeziak gora egin du urtarriletik otsailera (+876), eta Araban ere bai (+193). Beste bietan hobeak izan dira emaitzak: Gipuzkoan behera egin du (-259), baita Bizkaian ere (-63).
Horiek hala, Hego Euskal Herrian guztira 149.508 langabe daude, eta tasa %11ren bueltan kokatu da, SEPEren datuak INEren biztanleria aktiboaren inkestakoarekin erkatuz gero. Kopuru hori Euroguneko herrialdeen batez bestekotik (%7) oso urrun dago, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako %10aren helburu edo langatik jaitsi ezinda dago oraindik ere. Dena den, azken hilabeteetako joerari erreparatuta, lan merkatua erakusten ari da COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren okerrena gainditu duela; orain, ikusteko dago Ukrainako gerrak eragin dezakeen ezegonkortasun aldiari nola erantzuten dion, eta sektore batzuetan bereziki.
AFILIAZIOAK, GORA
Otsailean langabeen kopurua apur bat igo den arren, Hego Euskal Herriko lan merkatuak enplegua sortzen jarraitzen du. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak atzo jakinarazitako datuetan antzeman daiteke hori. Duela urtebete baino 33.686 kotizatzaile gehiago daude erregistratuta, eta horietatik 3.785 aurreko hilean hasi ziren lanean. Guztira, 1.270.556 daude. 2019ko azarora egin behar da atzera hori baino kopuru handiago bat topatzeko. Gainera, 2008an abiatutako serie historikoko daturik onenetan bigarrena onena da.
Bestalde, otsailaren amaieran 5.802 langile zeuden oraindik aldi baterako erregulazioan, eta 3.393 autonomo ari ziren COVID-19aren ondorioz sortutako langabezia sari berezia jasotzen.
FINKO GEHIAGO
Urtea hasi denetik, gainera, beste joera bat nabari daiteke lan merkatuan. Lan kontratu mugagabeak ugaritzen ari dira. 13.684 izan dira otsailean; hau da, hilabete horretan egindako kontratu guztien %15,2. Urtarrilean ere %10etik gora izan ziren. 2005. urtetik izandako ehunekorik handiena da otsailekoa. Azken hamabost urteetan %7-8 izan dira batez beste hilean egindako kontratu mugagabeak.
Iazko azken hilabeteetan ere izan zen gorakada esanguratsu bat, baina, orduan, beste urte jakin batzuetan gertatu den moduan, lan ikuskaritzak abiatutako kanpainarengatik izan zen. Urte hasierakoak, berriz, lan erreformaren ondorio izan direla nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta araudi berria babestu duten CCOO eta UGT sindikatuek. Gogoratu dute legedi berriak oztopo gehiago jartzen dituela aldi baterako kontratuak egiteko.
Bestelako interpretazio bat egin dute ELAk eta LABek. Joera bat baino gehiago gertakari koiuntural bat dela azpimarratu dute, eta uste dute aurrerantzean mota horretako kontratuak ez direla azken bi hilabeteetako neurri berean ugarituko. ELAk azpimarratu du orain arte egindako gehienak aldizkako finkoak direla, eta kasu horretan hobekuntzak «hutsalak» izaten direla aldi baterako kontratuekin alderatuta.
Errusiak bere petrolioa saltzeko arazoak ditu
Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak hartzeko orduan, tentuz jokatu dute Europako Batasunak eta AEBek. Energiaren alorra zigorretatik kanpo utzi dute, Europak Errusiaren gasaren eta petrolioaren menpekotasun handia duelako: gasaren heren batetik gora eta petrolioaren laurdena lortzen du Errusiatik.
Baina Errusian hidrokarburoak erostea debekatuta ez dagoen arren —eta horretan aritzen diren banku errusiarrek SWIFT sisteman jarraitu arren—, iturri hori agortzen ari da. «Errusiako petrolioaren %70ek ez du nork erosi. Europako konpainia handiak ez dira ukitzen ari Errusiako petrolioa, eta soilik Europako findegi eta artekari gutxi batzuk daude oraindik merkatuan», azaldu du Energy Aspects enpresako analista batek. Erabaki politiko bat ez ezik —Errusiarekiko loturak haustea—, arrazoi ekonomikoak ere badaude: garraioaren kostuak izugarri handitu dira, itsasontziak eta haien kargamenduari aseguruak egiteko arazoak hedatzen ari dira, eta operazioak itxi ahal izateko segurtasun txikia dute bi aldeek. Horren ondorioz, upela Brenta baino merkeago saldu arren, ekoizle errusiarrak arazoak izaten ari dira erosleak aurkitzeko.
Errusia munduko ekoizle handienetan hirugarrena da, AEBen eta Saudi Arabiaren atzetik. Egunean gutxi gorabehera 7,5 milioi upel esportatzen ditu, eta horren %53 doa Europara, eta beste %39 Asiara.
Hileroko bilera izan zuten atzo LPEE+ taldean bildutako petrolio esportatzaile handiek, besteak beste Errusiak. Abuztuaz geroztik, pandemiaren ondorioz merkatutik kendutako produkzioa berreskuratzen ari dira, hilero 400.000 upel gehituz. Erritmo horri eustekoak dira, gehiago handitzeko presioak gorabehera.
Gasontzi bat Bilborantz
Bilbora ere iristen dira Errusiako hidrokarburoak. Petronorrek bere findegirako erabiltzen du petrolioa, eta Bahia de Bizkaiak bere ziklo konbinatuko zentrala elikatzeko, eta sarean banatzeko. Hain zuzen ere, hilaren 12an da iristekoa Errusiako Nikolay Urvantsev gasontzia, biltegietan 172.000 metro kubiko gas dituela. Ikusteko dago, ordea, lurreratuko ote den, Espainiako Gobernuak debekatu egin nahi duelako Errusiako ontzien porturatzea. Erresuma Batuak jada itxi die bidea, eta gaia aztertzen ari da EB.
Batasuna AEBen, Qatarren, Aljeriaren eta beste ekoizleen atea jotzen ari da, haietatik gas natural likidotu gehiago ekartzeko. Garestiagoa da, eta Asiako herrialdeekin ari da lehian energia iturri hori bermatzeko, eta horrek prezioak igotzea ekarriko du.
Udaberria gerturatu ahala, jaitsi egiten da gas kontsumoa Europan, berogailuak gutxiago behar izaten direlako. Hilabete beroak gas biltegiak betetzeko erabili ohi dira, eta, horregatik, kezkarik handiena ez da epe laburrekoa, epe erdikoa baizik: Europa gai izango da hurrengo negurako biltegiak betetzeko?