Putinek esan du Europa eragozpen bat izaten ari dela…
Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi duenez, Europa «eragozpen bat» izaten ari da AEB Ameriketako Estatu Batuak Ukrainan bakea eskuratzeko egiten ari diren prozesuan. Azkeneko bi asteotan, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, Ukraina eta Errusia, nor bere aldetik, AEBekin negoziatzen ari dira. Eta testuinguru horretan, Steve Witkoff Etxe Zuriaren mandatari berezia, Donald Trump AEBetako presidentearen negoziatzailea, Putinekin batzartu da gaur, Moskun. Asteburuan Miamin (AEB) Kieven ordezkaritza batekin bildu ondoren heldu da Witkoff Errusiako hiriburura —Witkoffek Errusiara egindako bosgarren bisita izan da—, eta Jared Kushner Trumpen aholkulari eta suhia izan du alboan. Iturri ofizialak aipatuz azkeneko bi asteotan hainbat hedabidek argitaratutakoaren arabera, Witkoff izan da, Dmitrievekin batera, AEBek eta Errusiak Ukrainarako ondutako 28 puntuko plana diseinatzeaz arduratu dena. Euskal Herrian 17:00ak inguru zirela iritsi da Putin bilkurara, eta AEBetako delegazioarekin batzartu aurretik hitz egin du Errusiako presidenteak komunikabideen aurrean. Behin eta berriro errepikatu du ez dabilela Europaren aurkako gerra bat hasi nahian, baina esan du Europak «gerra hasi nahi izanez gero» horretarako «prest» dagoela. AEBekin adosten ari den bake akordioari dagokionez, Europako estatuen jarrera kritikatu du Kremlineko buruak, eta esan du haien eskaerak «onartezinak» direla. Orain arte, bakea lortzeko Europako herrialdeek egindako proposamenak baztertu egin ditu Putinek, baina gaur ez dio eragozpenik jarri horiek negoziazioetan parte hartzeari. Hori bai, Europako herrialdeak «sortu den egoera berritik» abiatzen badira. 92 Kurskeko zenbat herritatik kendu dituen minak Errusiak. Errusiako Kursk eskualdeko gobernadore Alekandr Jinxteinek gaur bideo baten bidez jakinarazi duenez, eskualde hartako 92 herritatik minak kendu dituzte; «guztira, 2,7 milioi lehergai». Kontuan hartu behar da Ukrainak eskualde mugakide hori okupatu zuela iazko abuztuan, eta sei hilabetez kontrolatu zuela. Azken bi asteetan filtratu den 28 puntuko plana, Putinen hitzetan, gatazkaren irtenbiderako oinarri bat da; are, Kremlineko buruaren iritziz, abuztuaren 15ean Alaskan (AEB) Trumpekin egindako bileran adostutakoa jasotzen du gutxi gorabehera. Bertan jasota dago, besteak beste, lurralde batasunari dagokionez Kievek kontzesioak egin behar izatea; horren arabera, Ukrainak bere lurraldearen %20 inguru galduko luke —Errusiak egun okupatua duena—. Horixe da negoziazioetako auzirik «zailena», Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik behin baino gehiagotan adierazi duenez. Putin eta Witkoff bilduta zeuden bitartean, AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok hitz egin du Washingtonen. Adierazi du Trump dela Ukrainako gerra amaitu dezakeen «munduko lider bakarra», eta Etxe Zuria atzerri politikan egiten ari den «ahalegina» goretsi du. Zelenski, Irlandan Zelenski, berriz, Dublinen izan da. Lehen bidaia ofiziala egin du Irlandara, Ukrainako gerraren testuinguruan, eta adierazi du «inoiz baino aukera gehiago» dagoela Ukrainako gerra amaitzeko. Baina esan du oraindik zenbait gauza «konpondu» behar direla plan bat dagoen arren. Ukrainako presidentearen arabera, AEBekin negoziatu ondoren, jatorrizko 28 puntuko plana hogei puntura laburbildu dute orain. Hori dela eta, Zelenskik nabarmendu du Ukrainak «itxaron» egingo duela Errusiaren eta AEBen arteko bileran «zer erabakitzen duten» jakin arte, eta «horren araberakoa» izango dela haren erreakzioa. Hala ere, aurrez hainbatetan esandakoa errepikatu du, Ukrainaren jarrera argi utziz: «Ezin da Ukrainaren inguruko ezer erabaki Ukrainarik gabe». Ukrainako lurraldeen inguruko eztabaidak zeintzuk diren ere mahaigaineratu du, eta puntu garrantzitsuenak zeintzuk diren ere adierazi du. Besteak beste, Errusiaren beste inbasio bat eragotzi nahi du Zelenskik, eta «urtebetean Errusia Ukraina berriro inbaditzen saiatuko ez den bermea» eskatu du. Micheal Martin Irlandako Errepublikako lehen ministroak ere kazetarien aurrean hitz egin du, eta esan du Putini ez zaiola inoiz «arrakasta izaten» utzi behar Ukrainako gerrari dagokionez. «Zure borroka gure borroka da», esan dio Zelenskiri.