Esportazioak pandemia aurreko mailara itzuli dira
2021eko lehen hamaika hilabeteetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ondasunen esportazioak aurreko urtean baino 4.358 milioi euro gehiago izan ziren: 23.584 milioi guztira. Eta 2019ko aldi berean baino 7,56 milioi gehiago.
Hazkunderik handiena Bizkaian izan da: %31,5ekoa. Araban %18,8koa izan da, eta Gipuzkoan, %16,2koa. Inportazioei dagokienez, hazkundea %25,7koa izan da hiru lurraldeetan. Bizkaian, %38koa; Gipuzkoan, %28,3koa, eta Araban, %24,1ekoa. Horiek hala, 4.483,3 milioi euroko saldo positiboa izan da.
Azaroa bereziki ona izan da: joan den urteko hil beraren aldean, sektore guztietan ugaritu egin dira esportazioak: %72,7 produktu energetikoetan, eta % 24 ez-energetikoetan (esportazio guztien %95 dira horiek).
Petrolio olio finduak, ontzigintza eta siderurgia nabarmendu dira; autogintzak ere gora egin du, horniduren krisia gorabehera: 2020ko azaroan baino %52,2 gehiago esportatu du sektoreak, Gasteizko Mercedesek bultzatuta, bereziki. Udatik, produkzioa eten behar izan dute han, baina 2020ko antzeko kopuruetan amaitu dute urtea, eta azaroan %52ko hazkundea izan zuten salmentetan. Hiru lurraldeetako esportazio guztien %8,6 izan ziren azaroan.
Inportazioei dagokienez, energiena (gasa, petrolioa, olioak) eta mineralena ugaritu egin dira urte batetik bestera, industriaren beharrengatik bereziki. %25,7 hazi dira kanpo erosketak 2021ean; azaroan %45,1ekoak izan ziren, aurreko urteko hil berarekin alderatuta.
Nafarroan, behetik oraindik
Nafarroa da salbuespena. %8 handitu dira salmentak 2021ean, eta inportazioak, %23,5, Nastatek jakinarazi duenez. Hortaz, esportazioak oraindik ez dira pandemia aurreko kopuruetara itzuli: %7,7 txikiagoak dira oraindik. Bereziki, autogintzaren eraginez gertatu da hori. Volkswagenek Landabenen duen plantak nabarmen murriztu zuen produkzioa iaz. Sektore horretan, salmenten bolumena %2,3 apaldu da, eta Alemaniara esportatuena, %30,8.





