Gertuko haragiaren aldeko apustua
JUAN GALLASTEGI
Gallastegi harategia (Durango)
«Gure harategian kalitatea dugu bezeroei eskaintzeko»
«Lehertu arte hormonaz betetzen dute ganadua, ahalik eta etekin handiena ateratzeko». Hala mintzo da makroetxaldeez Juan Gallastegi, Gallastegi harategiko nagusia, Durangon (Bizkaia). Izan ere, Gallastegik argi du «oso baldintza txarretan» izaten dituztela abereak makroetxaldeetan.
Azaldu du Mallabian (Bizkaia) dutela familia baserria, eta bertan hazten dutela ganadua. Gallastegi harategian saltzen duten haragiaren %90 baino gehiago beraiek hazitako abereena da, eta, haren ustez, horrek «konfiantza» eman beharko lioke erosleari erosteko garaian. Dioenez, bere harategira joaten den jendea kalitatezko produktuen bila joaten da, «eta guk kalitatea dugu bezeroei eskaintzeko».
Kezkatuta dago makroetxaldeen funtzionamenduarekin, nahiz eta horrek berak saltzen duen haragian eraginik ez izan. Baina azaldu du gizartearen erosketa hautua dela harategiak «kinka larrian» jartzen dituena: «Eroskiren moduko denda handietan saltzen duten haragi gehiena makroetxaldeetatik iritsi ohi da, eta jendeak, askotan, erosoena aukeratzen du, bertara joan eta erostea, alegia».
Gaineratu du harategi txikietan erostea «kalitatearen truke ordaintzea» dela, eta, horregatik, bertan erosteko deia egin du: «Ez dut uste alde handirik dagoenik Eroskiko prezioetatik harategietako prezioetara, baina kalitate aldetik, ordea, alde handia dago».
JAVIER MUJIKA
Mujika harategia (Ordizia)
«Jendeak oraindik ere badu harategi txikietan erost eko ohitura»
Hiltegitik etxera. Hala egiten du lan Mujika harategiak. Izan ere, Javier Mujika harakinak dioenez, hiltegitik harategirako bidea «ahalik eta motzena» izan dadin ahalegintzen dira; inongo bitartekaririk gabe: «Hiltegitik zuzenean etxera ekartzen dugu haragia, ez dago beste eskurik». Hala, konfiantza eta kalitatea bermatu dezaketela nabarmendu du.
Ordizian dago Mujika harategia, eta bertan egiten dute lan Javierrek eta haren arreba Maitek. Mujikak ziurtatu duenez, saltzen dituzten produktuak ekoizle txikiei erosi izan dizkiete beti: «Ekoizle txikietatik ekarri ohi ditugu gure produktuak, Nafarroako familia etxaldeetatik, gehienbat».
Mujikak badu makroetxaldeen berri, eta, azaldu duenez, ez da haien jardunaren aldekoa: «Ez dut makroetxalde bat bera ere ezagutzen, baina badakit nola funtzionatzen duten, eta ez dute gure ideiekin bat egiten; guk ekoizle txikiak babestu izan ditugu beti».
Gallastegik bezala, Mujikak dio makroetxaldeek ez dutela eragin zuzena bere harategian, baina larritzen du makroetxaldeen botereak: «Gure etxalde txikietan eragiten badute makroetxaldeek, zuzenean eragingo diote gure harategiari».
Gaineratu duenez, «kezkatzekoa» da haragia supermerkatuetan erostea, baina ziurtatu du oraindik ere ohitura handia dagoela harategi txikietan erosteko: «Esango nuke jendeak sinesten duela harategi txikietan eta oraindik baduela bertan erosteko ohitura hori».
JUANJO LARRAÑAGA
Larrañaga harategia (Zumaia)
«Gu ezin gara lehiatu makroetxaldeen prezio txikien aurka»
Zumaiako Larrañaga harategiko harakina da Juanjo Larrañaga, eta baieztatu du Zumaia inguruan dauden baserrietatik jasotzen dutela haragia: «Baserritarrak gertuen duen hiltegira eramaten du aberea, eta handik, hozkailua duen kamioi batean ekartzen digute guri».
Larrañagak dioenez, supermerkatuekin alderatuz kalitate eta zerbitzu hobea eskaintzen diete bezeroei bere harategian. «Gure zerbitzua gertukoagoa eta indibidualagoa da. Whatsapp bidez egiten dizkigute askotan erosketak, eta, nahi izanez gero, etxera ere eramaten diegu. Produktu bakoitza bezeroek nahi duten bezala prestatzen dugu», gehitu du.
Makroetxaldeen funtzionamenduaren eta horiek gizarteari eragiten diotenaren jakitun, haien jarduna gaitzetsi du Larrañagak: «Kalitate txikiko haragia egiten dute makroetxaldeetan, eta, gainera, ez dute ingurumena errespetatzen».
Kezkaz bizi du Larrañagak ere eroslearen erosketa hautua. Dioenez, makroetxaldeetatik datorren haragia, kalitate okerragokoa izateaz gain, merkeago saltzen dute supermerkatuetan, eta zaildu egiten die salmenta harategi txikiei. «Gu ezin gara lehiatu supermerkatuetako haragiaren prezioen aurka».




